Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Arrasateko (Gipuzkoa) Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren barruko lehenengo aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 3284
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/03
  • Argitaratze-data: 2021/06/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko martxoaren 16an, Arrasateko Udalak Arrasateko Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren barruko lehenengo aldaketari buruzko (aurrerantzean, Planaren Aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko martxoaren 24an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren barruko lehenengo aldaketa. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, Planaren Aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Planaren Aldaketa garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Arrasateko Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren barruko lehenengo Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren Aldaketa indarrean dagoen Arrasateko Gesalibar auzoko herrigunetik ipar-ekialdera dago Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren bidez antolatutako esparruaren hegoaldean kokatutako 576 m2-ko azalerako lurzati bati dagokio. Arrasateko Udaleko osoko bilkurak 2019ko apirilaren 2an onartu zuen behin betiko aipatutako Plan Berezia (GAO, 92. zk., 2019ko maiatzaren 17a). Plan Berezi horren ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin zen eta 2018ko urriaren 22ko ebazpen baten bidez ingurumen-txosten estrategikoa eman zen (EHAAn argitaratua, 224. zenbakia, 2018ko azaroaren 21a).

    Planaren Aldaketaren helburua honako hau da: Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoari ibilgailu-sarbide berri bat ematea hegoaldean, instalazioen segurtasun- eta funtzionamendu-baldintzak egokiak izan daitezen, Zabolain sagardotegian ahalik eta eragin txikiena izanda.

    Indarrean dagoen Plan Bereziak lurzatira iparraldetik sartzea aurreikusten du, Zabolain sagardotegira iristeko bidearen bitartez. Baina, eraikuntza-proiektuetan aurrera egin ahala ikusi denez, sagardotegitiko sarbidea oso estua eta aldapatsua da, beraz, zentroak funtzionatzeko kamioiak sartzea zailduko luke eta zirkulazioarekin bateragarritasun arazoak eragingo lituzke, sagardotegiko sarrera dela eta.

    Beste alde batetik, exekuzio-proiektuak 2020ko ekainaren 3ko obra-lizentzia du esparruaren barne-antolaketa aldatzen du, Plan Berezian finkatutako parametroen barruan, eta hegoaldetik sarbide bat izatea ezinbestekoa egiten du.

    Gaur egun, obrak aurreratuta daude: lurzatia lautzeko lur-mugimenduak egin dira eta eraikinaren egitura eta estaldura eraiki dira. Gaur egungo bideak obra-fasean kamioi astunak igarotzea jasango ez zuela ikusita, esparruko hegoaldetik sarbide bat gaitu da, baina obra-lizentziaren arabera, obren fasean bakarrik erabili ahal izango da.

    Ildo horretan, Planaren Aldaketak esparruaren hegoaldean sarbide berri bat egitea planteatzen du, 42,24 metroko luzerakoa eta 5 metroko zabalerakoa, zeinaren lur-berdinketa azalera osoa 213 m2-koa izango bailitzateke. Planaren Aldaketak mugatutako esparrua 576 m2-koa da; horren barruan, lur-berdinketak eragindako azaleraren alde bakoitzean 3 m utziko dira aurreikusitako ezpondak jartzeko horiek landareztatu egingo dira. Planaren Aldaketak mugatutako esparruak zaldi zentroa ezartzeko Plan Bereziak antolatutako guztira 9.568 m2-ko azalera bat izatea eragingo du; horrek esan nahi du hasierako Plan Berezian antolatutako esparrua baino % 6,5 handiagoa izango dela. Planaren Aldaketak hiru alternatiba aztertzen ditu proposatutako bide berria antolatzeko, baina aurretik adierazitako 1. alternatiba aukeratzen du, azalera txikienekoa.

    Aldatutako plana dagokion eraikuntza-proiektuaren eta hirigintza-obra osagarrien bidez gauzatuko da.

  2. Proposatutako Planaren Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planaren Aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren Aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuak barne: Planaren Aldaketa zaldi-zentroaren sarbidea egiteko erabiliko den «Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa: trantsizioko landa-paisaia» kategoriako lurzoru urbanizaezineko 576 m2-ko lurzati batean egingo da. Zortasun publikoko jabari pribatutzat joko da. Aldatutako plana dagokion Eraikuntza Proiektuaren bidez gauzatuko da, hirigintza-obra osagarrien proiektua barne hartuta. Ukitutako jariatzea ez da Jabari Publiko Hidraulikotzat jotzen eta horren arroa 1 km2-koa baino txikiagoa da, beraz, ez dago EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren barruan. Planaren Aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Planaren Aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko; izan ere, esparruan mugikortasuna izatea sustatzen du, Zabolain sagardotegiaren gaur egungo sarreran auto-ilarak eta istripu posibleak saihestuz.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman planaren aldaketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta ondoriook nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren Aldaketaren xede den esparrua «Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa: trantsizioko landa-paisaia» kategoriako lurzoru urbanizaezineko 576 m2-ko eremu bat da. Indarrean dagoen Arrasate udalerriko Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren bidez antolatutako esparruaren hegoaldean kokatuta dago.

      Ingurumen-baldintzatzaile nagusia Zabolaingo jariatzea da, zeinak mendebalde-ekialde norabidean zeharkatzen duen esparrua haren iparraldetik, baita horrekin lotutako erriberako landaredia ere. Ur-ibilgu ez-iraunkorra da eta 1 km2 baino gutxiagoko arroa du. Esparruko landaredia horren zati handi batean dagoen larre-eremua da, hala nola Zabolain errekako erriberako landaredia, sahats, hurritz eta urki zuhaitz-zuhaixka lerro batez osatua.

      Zabolain errekako intereseko landarediarekin, gainazaleko urekin eta hidrogeomorfologiarekin lotuta sortu daitezkeen ingurumen-eraginei dagokienez, garrantzi txikikotzat jotzen dira eta Planaren Aldaketak bertako zuhaitz-masei eragitea saihesteko eta euria egiten duenean sortzen den jario laminarra ez eragozteko neurriak barne hartzen ditu.

      Era berean, Schreibers saguzarraren (Miniopterus schreibersii) intereseko habitatean eragin adierazgarririk ez dela sortuko irizten da eta Izarraitz-Aizkorri-Aratz lotura-igarobidearen, R9-Urkiola igarobidearen funtzionaltasunari ez zaiola eragingo.

      Ez da aurkitu bestelako baldintzatzaile aipagarririk: Planaren Aldaketak xede duen eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Halaber, ez da interes geologikoko gunerik identifikatu, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere. Ez dago jasota lurzorua potentzialki kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoru inbentariatuen presentziarik, ezta 500, 100 edo 10 urteko errepikatze-denboran uholdeengatik urpetu daitekeen lursailena ere. Lurzatia kalteberatasun ertaineko eremuan dago, akuiferoaren kutsadurari dagokionez.

      Jarduera-esparruak ez du kalitate akustikoko helbururik, ez delako eremu urbanizatua, ezta hirigintza-garapen berri bat ere. Hala ere, jarduera berria denez, erreferentziako araudian finkatutako zaraten immisio-balioak bete beharko ditu.

      Exekuzio-obrak egiten direnean, ondorioak honako hauek izango dira: hondakinak sortuko dira, baliabideen kontsumoa handituko da eta zarata eta kutsadura eragingo dituzte.

      Ustiapen-fasean, sarbide berria egiteak esparruko mugikortasuna hobetuko du, Zabolain sagardotegira ere sarbidea ematen duen gaur egungo bidea libre utziko baita. Hala, istripuak eta atmosfera-kalitateari kalte egingo lioketen auto-ilarak saihestuko dira.

      Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planaren Aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren barruko lehenengo aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

      Ingurune hidrikoa babestea: jarduera-esparrua zuinkatu egingo da, beraz, Zabolain errekan eragin mugatua izango du. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko.

      Intereseko landarediaren babesa: bertako zuhaitz-masak errespetatu egingo dira eta kontserbatu beharreko aleak edo kimatze selektiboak behar dituztenak identifikatuko dira. Ez dira landareak moztuko eta belar-sastrakak garbituko zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

      Obrek erasandako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Sortutako ezpondak bertako zuhaitz eta zuhaixken bidez landareztatuko dira, Zabolain errekaren erriberako haltzadi kantauriarraren gunearen ezaugarri bereziak lehenetsiz. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; besteak beste, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Bestalde, eraikuntza-proiektuetan eta urbanizazio-obra osagarrietan aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta ura, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planaren Aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira:

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren botatze- eta mozketa-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Zabolainen erriberako bertako landarediari eragitea saihestuko da.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

      Arrasateko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015) 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.).

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrak egunez egingo dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Arrasateko Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren barruko lehenengo Aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Zabalgaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren barruko lehenengo aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 3a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik