Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Vitoria-Gasteiz udalerrian Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatzen du.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 107
  • Hurrenkera-zk.: 3155
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/04/27
  • Argitaratze-data: 2021/06/02

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko urtarrilaren 7an, Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri zuen Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurka babesteko proiektua Vitoria-Gasteizen eta horri dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, interesdunek egokitzat jotako alegazioak aurkeztu zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2021eko urtarrilaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (13. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, Uraren Euskal Agentziak jakinarazi zuen zenbait alegazio jaso zirela; horien emaitza espedientean jasota dago.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak, 2021eko urtarrilaren 21ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago.

2021eko apirilaren 19an, Uraren Euskal Agentziak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean osatu zuen Vitoria-Gasteiz udalerrian Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zuen:

Vitoria-Gasteiz udalerrian Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurka babesteko proiektua, 2020ko abendukoa.

Vitoria-Gasteiz udalerrian Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2020ko abendukoa.

Jendaurrean erakutsi ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentazioa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Vitoria-Gasteiz udalerrian Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurka babesteko proiektua arau horren I.B) eranskinaren 2.1. epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Sailburuordetza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Uraren Euskal Agentziak Vitoria-Gasteiz udalerrian sustatzen duen Batan eta Zapardiel ibaien uholdeen aurka babesteko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpen hau egitea.

Zapardiel eta Batan ibaiak, Vitoria-Gasteizko hirigunetik pasatzean, bideratuta daude eta udal-saneamenduko sarearen parte den kolektore batean biltzen dira. Kolektore horretan euri-urak nahiz hondakin-urak jasotzen dira, eta gero, tratatu egiten dira Crispijanako hondakin-uren araztegian (HUA). Uholdeko emari gorenek HUAren tratamendu-gaitasuna gainditzen dute, eta, beraz, soberako ura zuzenean hustu egiten da, araztu gabe, Zadorraren ibilgura, HUAren bypassaren bidez edo Zadorraren intertzeptatzailearen gainezkabideen bidez.

Horren ondorioz, Zadorra ibaiaren gainazaleko ur-masak presio handiak izaten ditu isuri puntualengatik, uholdeak izatean.

Proiektuaren helburua bikoitza da: Batan eta Zapardiel ibaiekin lotutako uholde-arriskua murriztea eta Crispijanako HUAra iristen den ur-bolumena murriztea. Horretarako, Batan eta Zapardiel ibaietan ura biltzeko lanak egitea aurreikusten da; uraldien laminaziorako putzu batera bideratuko dira, eta, halaber, putzu horretan bildutako emaria Ali ibaira bideratuko da.

Proiektuaren ekintza nagusiak, beraz, hauek dira:

Uren laminaziorako putzu bat eraikitzea.

Putzua Batan ibaiaren eskuineko ertzaren eta Zapardiel ibaiaren ezkerreko ertzaren artean kokatuko da, bi ibilguek bat egin baino lehenago, eta legarra erauzteko eremu zahar bat hartuko du. Eremu hori, jarduera amaitutakoan, obrako soberakinekin bete zen partzialki (batez ere fabrika-obren eta egituren eraisketetako hondakinekin).

Putzua legar-eremu zaharrean dauden materialak induskatuz egokituko da, eta material solteen dike bat eraikiko da, putzua ixteko. Dikeak 921,60 m-ko perimetroa izango du gailurrean eta 5 m zabaleko plataforma bat; horren erdiko 3 m mantentze-lanetako bide baterako izango dira. Gailurraren gainerakoak, ezpondak bezala, 23-30 cm lodiko landare-lurreko geruza bateko akabera izango du. Dike hori proiektuan jasotako putzua eta eroanbideak induskatzetik ateratako materialekin egingo da.

Putzuak gainezkabide bat izango du gainazalean, 549,00 m-ko kotan, baita hargune-kutxatila bat ere hondoan. Azken horretatik, bi hodi aterako dira: hondoko isurbideari dagokion hustubidea eta Batan-Ali eroanbidea. Diseinatutako putzuak 130.551 m3-ko metatze-gaitasuna izango du, eta 63.110 m2-ko okupazio-azalera.

Putzua urtearen gehienean hutsik egongo da, Batan eta Zapardiel ibaietatik ibiliko diren urteroko emarien erregimena dela eta. Honela diseinatu da:

Eremu bat, putzu hil deitua, aintzira edo hezegune txiki gisa funtzionatuko duena putzuaren zati baxuenean, hondoko isurbidearen hargune-kutxatilarekin.

Erdigunean aintzira txiki bat edo ur baxuak eta ur garaiak biltzetik datozen urak hartzeko sakonunea.

Egungo landaredia mantentzeko eremu zabal bat; gainera, zuhaitz- eta zuhaixka-landaketa berriak hartuko ditu, ibai-parke gisa.

Batan eta Zapardiel ibaietako ura biltzea.

Putzua Batan eta Zapardiel ibaietatik elikatuko da, bi hargune mota baliatuz: beheragoko urak biltzea eta goragoko urak garaiak biltzea, proiektuaren izenarekin bat. Beheragoko urak Batan ibaian zein Zapardiel ibaian bilduko dira, eta presa txiki bana izango dituzte. Ura 500 mm-ko diametroa duten bi hoditan barrena bideratuko da putzura.

Batan ibaian beste hargune gehigarri bat egingo da, goragoko urena; horretarako, alboko gainezkabide bat eraikiko da, ibilguaren eskuineko ertzean. Putzuaren dikea zeharkatuko du eta kanal irekiko zati txiki batean isuriko da, hormigoi armatuzko zola eta gabioiekin egindako alboko ezpondak izango ditu.

Hargune horiekin lotutako baldintzatzailea bi ibaietan emari ekologikoei eustea da.

Batan-Ali eroanbidea.

430 m luze izango da guztira, eta laminazio-putzuko urak Ali ibaira bideratuko ditu. Trazaduraren zati bat (995 m) nekazaritza-lurretatik eta berdeguneetatik igaroko da, eta gainerakoa (1.435 m) Vitoria-Gasteizko hirigunetik, erabat urbanizatutako eremutik. Hodiak 700 mm-ko diametroa izango du.

Behin betiko okupazioaren azalera, proiektatutako lanak osorik aintzat hartuta, 8,14 ha da. Kalkulatutako behin-behineko okupazioa 4,47 ha da, instalazio osagarrien eremuak eta lanak amaitu ondoren berreskuratu egingo diren pilaketa-eremuak aintzat hartuta.

Proiektua C 99 programan jasotako neurrietako bat da: Euskal Autonomia Erkidegoko hiriguneak eta puntu kritikoak babesteko jarduketak, Ebroko Plan Hidrologikoaren neurrien programakoak. Programa hori, hain zuzen, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuak onartu zuen, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceuta, Melilla, Segura eta Júcarreko eta Kantauri Ekialde, Miño-Sil, Duero, Tajo, Guadianako mugape hidrografikoetako espainiar alderdiko eta Ebroko plan hidrologikoen berrikuspena onartzekoak.

Bigarrena. Baldintza lotesle hauek jartzea proiektua gauzatzeko, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko orokorrak, 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera:

  1. Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

    Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

    Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Uraren Euskal Agentziak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoa kontuan hartuta.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

    Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian egiten diren aldaketak proiektuan jaso beharko dira.

  3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

    Proiektuaren eremua Vitoria-Gasteiz hiriaren hegoaldean dago, eta eremuaren ezaugarri nagusia landa-elementuak dira; hiriaren ertzeko ingurunean daude, eta, gehienbat, laborantza intentsiborako erabiltzen dira (zereala, patata eta erremolatxa).

    Proiektuaren eraginpean zuzenean dagoen esparrua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako gune babestua edo natura interesekoa ere. Batan eta Zapardiel ibaiak 5 km-ra dagoen Zadorra ibaiaren ibaiadarrak dira, zehazki Zadorra KBEkoak («Zadorra ibaia/Río zadorra» ES2110010).

    Ingurunearen baldintzatzaile nagusiak hauek dira:

    Batan ibaiaren ertzean haltzadiak eta lizardiak daude (Batasunaren intereseko lehentasunezko habitatak).

    Batan ibaia interes bereziko eremua da uhalde-enararentzat. Espezie horrek onartutako kudeaketa-plana dauka (22/2000 Foru Dekretua, martxoaren 7ko Diputatuen Kontseiluarena, «Uhalde Enara» Riparia riparia hegaztia Kudeatzeko Plana onesten duena).

    Eremua katalogatuta dago Arabako lurralde historikoko Lotura Ekologiko eta Paisajistikoaren Estrategian, lotune gisa garrantzitsua delako. Vitoria-Gasteiz inguruan dauden ibaien ertzak eta zuhaiztiak ekialdetik mendebaldera lotzen dituen korridore batean dago kokatuta, eta Arabako Foru Aldundiak lotura ekologikoen sarea gainean egindako proposamenean aipatzen den Vitoria-Gasteizko eraztun berde deritzonaren eragin-eremuan sartzen da.

    Uholdeen laminazio-putzua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen EAEko inbentarioan dagoen lurzati batean dago (01059-01346 zabortegia).

    Batan-Ali hodiaren trazadura eremu arkeologiko batetik hurbil igarotzen da, Mendizabala herrixkatik hurbil, hain zuzen.

    Lurzatia dagoen eremua akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun handikoa da, baita interes hidrogeologikokoa ere.

    Proiektua gauzatzeak eragindako inpaktu nagusiak obra-fasearekin lotutakoak dira: lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzoruen indusketa, makinen funtzionamenduak eragindako zaratak eta harrotutako hautsak eta uretara istripuzko isuriak egiteko arriskuak.

    Proiektuaren funtzionamendu-fasean, eraginak positiboak izango dira; izan ere, Batan eta Zapardiel ibaiek gainezka egiteko arriskua gutxitzeaz gainera, Zadorra ibaira araztu gabeko hondakin-urak isurtzea saihestuko da. Proiektuaren beste ondorio positibo bat da legar-eremu zaharra lehengoratu egingo dela ingurumen aldetik.

    Proiektuak faunaren ibai-kontektibitateari eragin diezaioke, Batan eta Zapardiel ibaietan presa txikiak egoteagatik. Kalkulatu da inpaktu horrek intentsitate txikia izango duela, eremua bi ibilguak lurperatzen diren lekutik hurbil dagoelako, eta, beraz, ia-ia ez dagoelako iktiofaunarik bi ibaien amaierako zati horietan.

    Proiektuak Batan eta Zapardiel ibaien emari zirkulatzaile ekologikoak mantentzea hartzen du abiapuntuko baldintzatzat; horrenbestez, ez da aurreikusten ondorio esanguratsurik izango denik aurreikusitako ur-harguneen ondorioz.

    Bestalde, aipatu behar da Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2021eko urtarrilaren 13ko Ebazpenaren bidez, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntual baten Ingurumen Adierazpen Estrategikoa formulatu zela. Aldaketaren xedea izan zen Lasarte inguruko legar-hobien lurzoru urbanizaezinean azpiegitura hidraulikoen sistema orokor bat zehaztea eta mugatzea, uholdeak ekidite aldera eta telekomunikazio-azpiegituren erabilera xehatuaren zehaztugabetasuna zuzentzeko. Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa horretan hartutako soluzioa da ebazpen honen xede den proiektuan hartu dena.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketak, halaber, ebazpen horretatik eratorritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen ditu. Neurri horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

    Lurra aztertzea, ibai-ingurunean eta obraren inguruan bizi daitezkeen espezieak detektatzeko, obren garapenaren ondorioak pairatu ditzaketenak eta, mugikortasun txikia izateagatik, beste eremu batera aldatzeko aukerarik ez dutenak.

    Obrak hasi aurretik, aditu batek ukitutako ibilguen ezpondak eta ibaiertzak aztertzea, aztertutako eremuan kartografiatu diren espezie babestuen (uhalde-enara) balizko biao-lekuak edo babeslekuak aurkitzeko.

    Obrak martxoaren 7ko 22/2000 Foru Dekretuaren arabera gauzatuko dira. Dekretu hori Diputatuen Kontseiluarena da, Uhalde-enara (Riparia riparia) Hegaztiaren Kudeaketa Plana onartzekoa, arriskupean dagoen eta babes-neurri bereziak behar dituen espeziea den aldetik.

    Instalazio osagarriak, edukiontziak eta makineria jarriko diren lurzorua iragazgaiztea.

    Garbigune bat jartzea sortutako hondakinak behar bezala kudeatzeko.

    Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; betelanetan, landareztatze-lanetan eta jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere kontrolatu beharko dira.

    Intereseko landaredia babesteko neurriak. Lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira, lanak egiteko nahitaez moztu beharrekoak ez diren zuhaitz eta zuhaitz unada autoktonoak.

    Aurretiko azterketa arkeologikoa egitea Mendizabala herrixkaren Balizko Arkeologia Gunean (BAG) eta Mendizabala herrixka Balizko Arkeologia Gunearen (BAG) inguruko lur-mugimenduetan eta kontrol arkeologikoa egitea.

    Paisaia babesteko eta lehengoratzeko neurriak. Proiektuaren 11. eranskinean landaredia berritzeko proiektu bat sartu da, landare-estalkia berreskuratzeko eta obrek kaltetutako lurrak paisaian integratzeko. Eremuetan erabili behar diren espezieak eta proportzioak deskribatu dira, eta baldintzen agiria eta dagokion aurrekontua gehitu dira.

  4. Babes- eta zuzenketa-neurriak.

    Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

    Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agiri guztietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

    Ondoko atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

    1. Ondare naturala babesteko neurriak.

    1.1. Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

    Adierazi den eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.9 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

    1.2. Landaredia naturala ebakitzea saihestuko da, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez duten eremuetan. Horretarako, lanak hasi baino lehen, proiektuaren eremuan dauden zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak zehatz mugatuko eta zedarrituko dira. Egoera onean dauden espezie interesgarrien aleak dituzten lekuetan, eta batez ere haltzadiak eta lizardiak daudenetan (Batasunaren intereseko habitatak), kontu handiz ibili beharko da, ale interesgarrienei ez eragiteko.

    Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.9 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarriak eta kokapen zehatza ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.10 puntuan aipatutako lan-programan jaso beharko dira.

    1.3. Proiektuaren eragin-eremua uhalde-enara izeneko hegaztiaren kudeaketa-planaren aplikazio-eremuaren barruan dago, Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 7ko 22/2000 Foru Dekretuarekin bat eginik. Dekretu horrek «Uhalde enara (Riparia riparia)» hegaztiaren kudeaketa-plana onartzen du, espezie mehatxatua delako eta berariazko babes-neurriak behar dituelako.

    Uhalde-enaren banakoei eragin diezaiekeen edozein ekintza egin aurretik, lege eta dekretu hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: Natura-ondare eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko natura kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua; Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoa arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua. Hala badagokio, hartuko da kontuan, baita ere, foru-organo eskudunak ezarritako uhalde-enara kudeatzeko planaren ardura duen administrazioa den aldetik.

    2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    2.1. Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien botako da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz. Ebazpen honetako bigarren apartatuaren D.10 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

    2.2. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako dekantazio-putzuaren sistemaren mantentze- eta garbitze-lanak egin beharko dira aldizka, funtzionamendua optimoa izan dadin eta, horrela, uraren kalitatearen inguruko araudia bermatuta egon dadin. Beraz, tratamendu-sistemaren errendimendua optimoa izateko xedez, pilatutako lohiak atera egin beharko dira maiztasun jakin baten arabera.

    2.3. Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko istripuzko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, eta abar.

    2.4. Proiektuaren eremuan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko abenduaren 21eko Aginduan jasotako kokapen bat identifikatu da. Agindu horren bidez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratu zen. Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan adierazita daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen da.

    Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

    Ildo horretan, Uraren Euskal Agentziak emandako informazioarekin bat etorriz, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat duten edo izan zuten lurzoruen inbentarioan dauden proiektuaren esparruko lurzoru guztiak ikertzen ari dira, dagokien lurzoruaren kalitatearen deklarazioa eskuratzeko. Lanak lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerei egokituko zaiela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

    2.5. Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

    3. Atmosfera kutsatzea prebenitzeko neurriak.

    3.1. Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako edo ibilgailuak pasatzean material partikulak aireratu daitezkeen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

    3.2. Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

    Ebazpen honen D.10 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

    3.3. Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.

    4. Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

    4.1. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    4.2. Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    4.3. Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

    5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    5.1. Proiektua gauzatzean eta funtzionamenduan jartzean sortutako hondakinak, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

    Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasunen hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

    Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

    Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    5.2. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

    5.3. Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

    Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

    5.4. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten lurzoruetako hondakinak dagokion lurzoruaren kalitatearen azterketan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira.

    5.5. Kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da.

    5.6. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

    5.7. Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.

    6. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

    6.1. Proiektuaren eremutik gertu dago «Mendizabala herrixka» balizko arkeologia-gunea; hortaz, obrak hasi aurretik, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, baita inguruan egiten diren lur-mugimenduen jarraipen arkeologiko bat ere.

    6.2. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

    7. Paisaia lehengoratzeko neurri zuzentzaileak.

    7.1. Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraikiz egingo dira lehengoratze-lanak. Gainera, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:

    Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotu.

    Lanek erasandako gune guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-proiektuan agertzen ez zirenak baina obra-fasearen amaieran ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.

    7.2. Lehengoratze-lan horiek iraun bitartean, landare aloktono inbaditzaileak hala nola Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta beste batzuk zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea ekidingo da.

    Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

    7.3. Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

    8. Obra garbitzea eta amaitzea.

    Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.5 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

    9. Ingurumenari buruzko aholkularitza.

    Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek (baldintza-agiriak gai horiei buruz adierazitako eginkizunei buruzkoak), aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

    10. Lan-programaren diseinua.

    Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan aipatzen diren alderdiei buruz, gutxienez.

    Proposamen horiek lanen betearazpen-programan erantsiko dira, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

    Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, sarbide-bideak, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.

    Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz mugatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrean behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak.

    Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako dekantazio-putzuaren kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-gaitasuna.

  5. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena zaintzeko programa egiterakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

    Programa hori obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

    1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

    2. Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

    Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuaren eraginpeko eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta mailari.

    3. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, hartutako laginen xehetasunak emanda. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

  6. Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

  7. Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Dokumentazio hori Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko du organo substantiboak.

    1. Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.5 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

    2. Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

    Hirugarrena. Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

    Laugarrena. Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

    Bosgarrena. Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

    Seigarrena. Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 27a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik