Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko HAPOaren 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren barruko 10. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 3243
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/04/26
  • Argitaratze-data: 2021/06/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko abenduaren 16an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskaera bat aurkeztu zuen ingurumen-organoan, Vitoria-Gasteizko HAPOaren 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren barruko 10. aldaketa puntualaren (aurrerantzean, Plan Partzialaren Aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko otsailaren 3an, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, izapidea hasi zela jakinarazi zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Vitoria-Gasteizko HAPOaren 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren barruko 10. aldaketa puntuala. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, Plan Partzialaren Aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza bete behar dituen Planaren Aldaketak ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko HAPOaren 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren barruko 10. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren Aldaketaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Aldaketaren esparrua Vitoria-Gasteizko Zabalganako 1. sektoreko («Borinbizkarra») M-24, M-25, M-26 eta M-43 lurzatiak dira, zeinak bizitegi-lurzoru gisa sailkatutako 8.640 m2-ko azalera barne hartzen baitu. Indarrean dagoen hirigintza-araudiari jarraituz, lurzatiak gaur egun «egoera urbanizatu baten gaineko lurzoru hutsak» dira (bideak, zerbitzuak, sareak, etab.).

    1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren Aldaketaren xedea honako hau da: 26. artikuluaren (Bizitegi-erabilera erabilera nagusi duten zona eraikigarriei buruzko ordenantzak) d) letra zuzentzea, M-24, M-25, M-26 eta M-43 lurzatiei dagokienez, lurzatien % 100ean sotoa okupatu ahal izateko, lurzatien altueran BS+4+Atikoaren ordez BS+5 jartzea (M-43 lurzatiaren kasuan izan ezik, BS+5+A izaten jarraituko baitu) eta sestra gaineko sakonera eraikigarria gehienez 15 metrora handitzea.

      Plan Partzialaren azken dokumentuko xedapenei dagokienez, honako alderdi hauei buruzko eraikitze-ordenantzak bakarrik aldatuko dira:

      Gehieneko sakonera eraikigarria 13 m-tik 15 m-ra handituko da M-24, M-25 eta M-26 lurzatietan eta 13,5 m-tik 15 m-ra M-43an, beheko solairuan eta pisuen solairuetan. Hala, Plan Partzialean definitutako fatxada-lerrokatzeei eutsiko zaie, bai eta onartutako hegalei ere.

      Lau lurzatietan, sotoko 1. solairuaren okupazioa % 100era handituko da, aprobetxamendu arrazional hobea izateko.

      1. 24, M-25 eta M-26 lurzatietan, onartutako gehieneko solairu kopurua aldatu egingo da: gaur egungo BS+4+Atikoa profiletik BS+5era pasatuko da. Nolanahi ere, aldaketa horrek ordenantzan definituta dagoen fatxadako gehieneko altuera betetzen du. M-43 lurzatian BS+5+Atikoa profil berari eutsiko zaio.

        Indarrean dagoen Plan Partzialak ez du zehazki atikoko solairua arautzen; aldiz, alderdi horretan, HAPOaren OR-4 ordenantzan (1. maila) zehaztutakora jotzen du, zeinetan adierazten baita fatxada nagusian (bideen aldean dagoena) gutxienez 3 m atzeraeman behar dela. M-24, M-25 eta M-26 lurzatien kasu zehatzean, araudi horren emaitza honako hau da: atikoen terrazak iparralderantz orientatuta egotea, horretarako orientazio okerrenean, alegia. Horregatik, Planaren Aldaketan planteatzen da solairu bakar bat ere ez definitzea zehazki atiko gisa, solairu horretan diseinatzeko askatasuna emateko, terrazak libreki planteatu daitezen, etxebizitzen eguzkialdiari eta aireztapenari dagokienez orientazio onena kontuan hartuta.

      1. 43 lurzatian ez da solairu kopurua aldatuko, aldaketak iparraldean kokatutako eraikinaren eguzkialdia kaltetu lezakeelako.

        Plan Partzialean finkatutako gainerako hirigintza-parametroak ez dira aldatuko; Aldaketa honetan, Plan Partzialean proposatutako bloke linealei eusten zaie, bai eta haien nahitaezko lerrokatzeei ere.

  2. Proposatutako Planaren Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planaren Aldaketak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, dagozkion hirigintza- eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko den Plan Partzialaren Aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planaren Aldaketak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Plan Partzialaren Aldaketak ez du aldatzen lurzoruaren erabilera (bizitegi-erabilera); M-24, M-25, M-26 eta M-43 lurzatietan sakonera eraikigarriari, eraikinen altuerari eta sotoko solairuaren okupazioari buruzko parametroak bakarrik aldatzen ditu. Urbanizazio perimetral definituko hiri-lurzoruen gaineko orubeak dira, beraz, beste plan edo programa batzuetan ingurumenaren ikuspegitik esanguratsua den eraginik ez dutela izango ondorioztatzen da.

      3. Planaren Aldaketaren egokitasuna ingurumen-arloko irizpideak barne hartzeko, garapen jasangarria sustatzeko, bereziki: Plana egokia da, garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, hirigintza perimetrala definituta duen hiri-bilbean integratutako orubeetan eragiten duelako. Eraikinen eraikuntzak nabarmen lagunduko du energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzen.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, lurpeko uren babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta ondoriook nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren Aldaketaren xede den esparrua Vitoria-Gasteizko Borinbizkarra auzoko M-24, M-25, M-26 eta M-43 lurzatiak dira, zeinak urbanizazio perimetral definituko (bideak, zerbitzuak, sareak, etab.) orubeak baitira.

      Esparrua Kuartango-Agurain lurpeko ur masaren (ES091MSBT013) gainean kokatzen da eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia du.

      Ez da beste ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsurik hauteman: Planaren Aldaketaren xede den eremua Vitoria-Gasteizko hiri-bilbean dagoen lurzoru bat da oso-osorik, eta ez dago natura-interesa duen elementurik. Handik gertu ez dago ur-ibilgurik ere eta, beraz, ez dago uholde-arriskurik. Gainera, ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituen edo izan dituen lurzoru inbentariaturik.

      Egun nahiz etorkizunean, hau da, hemendik 20 urtera, eta aztertutako hiru aldietan, jardun-eremuaren zarata-mailak txikiagoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak baino.

      Proiektatutako jarduketak eta Planaren eragin-esparruaren ezaugarriak direla medio, inpaktu posible esanguratsuenak, a priori, bizitegi-eraikin berrien urbanizazio- eta eraikuntza-obren fasean sortuko dira. Obra horiek honako ondorio hauek ekar ditzakete: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, etab. Hori guztia, esparru garbiki urbanoan.

      Planaren Aldaketak indarrean dagoen Plan Partzialaren proposamenari dagokionez proposatutako aldaketek izan ditzaketen balizko eraginak soilik kontuan hartuta, ez du izango, a priori, ingurumen-inpaktu hautemangarririk indarrean dagoen Plan Partzialean jasotakoetatik aparte.

      Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planaren Aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko HAPOaren 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren barruko 10. aldaketa puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planaren Aldaketan bertan jasotakoaren arabera.

      Lurzorua eta lurpeko urak babestera bideratutako neurriak.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Zehazki, lurzoruak eta lurpeko urak babesteko, prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak eremu iragazgaiztuetan kokatzea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

      Bestalde, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planaren Aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, etab. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jardueren garapenak eraginik izan ez dezan lurzoruan eta lurpeko uretan, ez eta inguruneko ibilguetan ere.

      Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako zehaztapenetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

      Kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, presiozko ura, erratz-makinak edo, hala badagokio, dekantazio-putzura konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

      Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

      Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko HAPOaren 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren barruko 10. aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Vitoria-Gasteizko HAPOaren 1. sektoreko Plan Partzialaren barruko 10. aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 26a.

      Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik