Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo «Ermita» 7.2.05 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 97
  • Hurrenkera-zk.: 2860
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/04/20
  • Argitaratze-data: 2021/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko abenduaren 29an, Irungo Udalak eskaera egin zion ingurumen-organoari, Irungo «Ermita» 7.2.05 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko (aurrerantzean, Planaren aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urtarrilaren 18an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.

Irungo «Ermita» 7.2.05 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan dago ezarrita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Planaren aldaketa garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Irungo «Ermita» 7.2.05 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, ondoren adierazitako eran:

  1. Planaren aldaketaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren aldaketaren eremua Irungo Meaka auzoan dago, zehazki, Ermita kalean, eta kale horretako 18., 20. eta 22. finkak hartzen ditu barnean. Finka horiek 2.250 m2-ko azalera osatzen dute. Eremuan, gaur egun, aurri-egoeran dauden bi higiezin daude.

    Eremua 2015eko urtarrilean onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) hirigintza-eraikigarritasuna handitzeak eragindako hiri-lurzoru finkatugabetzat kalifikatuta dago eta bere kalifikazio globala bizitegi-eremuarena da.

    2013ko maiatzean onartutako Hiri Antolamenduko Plan Bereziak familia bakarreko etxebizitza atxikidun bizitegi-eremuaren kalifikazio xehatua eman zion. Hala, 1999ko HAPOn aurreikusitako kalifikazioa (lurzatiko bizitegi kolektiboa) aldatu zen, eta 16 etxebizitza sartu ziren.

    Planaren aldaketaren xedea da, batetik, HAPOn 7.2.05 «Ermita» eremurako ezarritako antolamendu xehatua zehazteko araubidea betetzea. HAPOk oinarrizko antolamendu-baldintzak jasotzen ditu (dagoeneko 1999ko HAPOn finkatuak), eta antolamendu-irizpide hauek zehazten ditu:

    Ermita kalearen trazadura erregularizatzea, Santa Elena kaletik eremuaren hegoaldeko mendi-hegaleraino dagoen begi-lerroa bere horretan uzteko.

    Inguruan dagoen garaje-plazen defizitaren arazoa konpondu eta garaje-plaza gehigarriak izateko, sestra azpiko gehieneko eraikigarritasun-ehunekoa handitzea aurreikusten da, inguruko baldintza topografiko bereziak kontuan hartuta.

    Bestetik, Planaren aldaketaren xedea da kalifikazio xehatua aldatzea, eta, berriz ere, lurzatiko bizitegi kolektibodun eremu bihurtzea, hau da, 1999ko HAPOn zuen kalifikazioa berreskuratzea. Horrela, 16 etxebizitzatik izatetik 21 izatera igaroko da, bizitegitarako lurzati eraikigarri bakarra ezartzen du (1.884,91 m2) eta lerrokadurak, sestrak eta arau-profilak erregulatzen ditu. Gainera, espazio libreen zuzkidura-lurzorua gorantz birkalifikatzen du, espaloia zabaldu egiten baitu.

    Planak proposatzen duen eraikigarritasuna 1.800 m2 (t)-koa da sestra gainean eta 2.340 m2 (t)-koa sestra azpian. Zortasun aeronautikoen ondorioz, itsas mailaren gaineko gehieneko altuera 49,00 metroko kota da, eta kota hori ezin du ezein elementuk gainditu.

    Eraikin bakar bat antolatu da, 21 etxebizitza eta 33 garaje-plaza hartuko dituena, eremuko topografiara egokituta. Eremuko topografiak 8 metroko kota-aldea du, eta punturik altuena (+12,5 m) haren hegoaldeko mugan dago. Eraikuntza-profila hau da: sotoa, beheko solairua, erdisotoa eta goiko hiru solairu. Konfigurazio horri esker, sestra azpiko gehieneko eraikigarritasuna garatu ahal izango da, garaje, trasteleku eta etxebizitza-erabileraren beste instalazio osagarri batzuetarako. Sotoko eta erdisotoko solairuetarako sarbide bakarra dago, eraikinaren albo batean, Ermita kaleko ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzeko. Horrela, Ermita kaleko espaloiak leku gehiago izango du.

    Antolamenduz kanpokotzat jotzen dira Ermita kaleko 18. eta 22. zenbakietan dauden bi eraikinak, bai eta horiei erantsitako txabolak ere. Eraikin horiek eraikin berria egin aurretik eraitsiko dira.

    Eremu horretako euri, ur beltz, edateko ur, telekomunikazio eta elektrizitatearen azpiegiturak zaharkituta daudenez, berritu egin behar dira Ermita kaletik. Gaur egun, Ermita kaleko biltodi batek biltzen ditu eremuko jariatze-urak. Biltodi hori bigarren mailako sarekoa da, eta iparraldean elkartzen da Atalerrekako hondakin-uren araztegira (Hondarribia) doan tarteko hodian.

  2. Planaren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planaren aldaketak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planaren aldaketak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren aldaketak ez du aldatzen lurzoruaren erabilera (bizitegi-erabilera); kalifikazio xehatua bakarrik aldatzen du, familia bakarreko etxebizitza atxikidun bizitegi-eremutik lurzatiko bizitegi kolektibodun eremua izatera igarotzen baita. Hala, etxebizitza kopurua gehitu egingo da, 16 etxebizitza izatetik 21 etxebizitzara. Eraisteko eta eraikitzeko proiektuen eta urbanizazioa osatzeko obrako proiektuen arabera garatuko da Planaren aldaketa, beraz, ez da espero eragin aipagarririk izatea beste ezein plan edo programatan.

      3. Planaren aldaketa egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Planaren aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Ez da artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatuko, lehendik dauden hiri-garapenetan eragiten duelako eta kalifikazio xehatua aldatuta etxebizitza kopurua handitzeko aukera ematen duelako. Gainera, eraikin berriaren eraikuntzak energia-aurrezkia eta -efizientzia lortzeko jardunbideen erabilera sustatuko du.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo adierazgarririk sortuko, baldin eta eraginpeko eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren aldaketaren xede den eremua honako hauek okupatutako hiri-lurzorua da: egun erabiltzen ez diren bi bizitegi-eraikinek, baratzeek, landaredi erruderalak edo nitrofiloak eta albo-ale batzuek. Ez dago kaltetu daitekeen naturagune babesturik, ezta natura-interes handiko eremurik ere.

      Eremua Dunboa ubidetik gertu dago. Ubide horretatik, Olaberri erreka Bidasoaren itsasadarrera isurtzen da, eta ez du eraginik izango ez itsas-lehorreko jabari publikoan, ez haren babes-zortasuneko eremuan.

      Katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondareari dagokionez, nabarmentzekoa da Ermita kaletik igarotzen dela Donejakue Bidea (monumentu-multzoa). Gainera, eremuaren ipar-mendebaldean, Errotaberriko Errotaren balizko arkeologia-gunea dago (gaur egun etxebizitza), eta haren babes-eremua eraikinak eta hari atxikitako instalazioek (D) eta Santa Elena iturriak hartzen dute (Donejakue Bidea Monumentu Multzoak bere barnean du azken ondasun hori).

      Era berean, HAPOren eremuaren fitxaren arabera, eremuaren zati bat «Oiassoko arkeologia eremuari» dagokion «Padura Mugaketa» eremuan sartuta dago. Eremu hori HAPOren ondare arkeologikoaren katalogoan zehaztuta dago. Eremu horretarako, HAPOren araudiak jarduera-protokolo bat ezartzen du. Protokoloaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari jakinarazi behar zaizkio lur-mugimenduak eragingo dituzten obra-lizentzien eskaerak, eta Kultura Departamentuak egoki iritziz gero, obren jarraipen arkeologikorako plana ezarriko du, sustatzailearekin ados jarrita.

      Testuinguru horretan, inpakturik esanguratsuenak, a priori, urbanizazio-obren eta etxebizitza-eraikin berriaren eraikuntza-obren fasearekin lotutakoak izango dira. Hauek izango dira: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea eraikuntzak eraisteko lanetatik sortzen direnak barne, soberakinak sortzea, uren kalitatea txikiagotzea lurrak mugitzean, istripuzko isurketak gertatzeko arriskua, ondare arkeologikoari eragiteko arriskua eta emisio atmosferiko eta akustikoen ondorioz biztanleriari eragozpenak sortzeko arriskua.

      Arriskuei dagokienez, kontuan hartu behar da eremua bat datorrela EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzati batekin (20045-00123).

      Aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, etorkizuneko egoeran (20 urtera), aztertutako eguneko hiru aldietan, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak etorkizuneko bizitegi-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira, bai 2 metroko altueran dauden egonlekuetan, bai eraikinaren fatxadetan. Hala ere, aztertu ditugun eguneko hiru aldietan, Ermita kaletik gertuen dagoen zonan ez dira kalitate akustikoaren helburuak betetzen; egonleku-erabilerarik ez du, eta kalearen eta eraikineko beheko solairuaren arteko kota-aldea gainditzen du. Horregatik guztiagatik, azterlanaren arabera, ez da behar ingurumen-zarataren fokuek kanpoko eremuan sortutako eragin akustikoa murrizteko neurririk.

      Garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ustiapen-fasean, etxebizitza berrien ondorioz, mugikortasuna handitzeak, baliabideen kontsumoak eta hondakinen eta emisioen sorkuntzak izango dituzten eraginak munta gutxikoak izatea espero da.

      Nolanahi ere, indarrean dagoen Plan Bereziaren proposamenari dagokionez, Planaren aldaketak proposatutako aldaketek izan ditzaketen balizko eraginak soilik kontuan hartuta, ez du izango, a priori, ingurumen-inpaktu hautemangarririk.

      Ondorioz, ingurumen-txosten estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planaren aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo «Ermita» 7.2.05 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planaren aldaketan txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

      Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

      Donejakue Bidea, galtzada edo bide historiko moduan materialki agertzen ez bada ere, Ermita kaletik ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doa, eta Plan Bereziaren eremuarekin muga egiten du. Beraz, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan ezarritako babes-araubideari lotutako neurriak ezarri behar dira. Dekretu horren bidez, Donejakue Bidea Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzen da (EHAA, 19. zk. 2012-01-27). Zehazki, neurri egokiak ezarri beharko dira obra-fasean, bidean zehar pertsonen joan-etorria une oro bermatzeko.

      Gainera, Oiasso antzinako hiri erromatarretik eta Santa Elena ermitatik gertu dagoenez, eremuaren inguruan erromatarren garaiko edo Goi Erdi Aroko aztarna arkeologikorik dagoen jakiteko, aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari jakinarazi beharko zaio zer obra-proiektu egin behar den, hark erabaki dezan esku-hartze arkeologiko bat egin behar den, eta, hala badagokio, baimena eman dezan egokitzat jotzen duen arkeologia-arloko esku-hartze bat egiteko. Hori guztia Irungo HAPOren babes-araubidearekin bat etorriz.

      Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

      Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku batekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23.1 artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

      Lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

      Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenaren arabera, lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendu xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko da; edo, salbuespenez, urbanizatzeko jarduketa-programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko urbanizazio-proiektuari hasierako onarpena eman aurretik.

      Ustiategiko zaratari buruzko neurriak:

      Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikineko gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

      Bestalde, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko.

      Uren kalitatea gutxitzea: kontrolak ezarri beharko dira eta, jariatze-uren kalitatea aldatzen dela eta ingurune hartzailean kalteak eragiten direla antzemanez gero, egokitzat jotzen diren neurri zuzentzaileak ezarriko dira. Gainera, kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Paisaia-integrazioa: urbanizazio-obra osagarriak direla eta landaketak egin behar badira, bertako espezieak sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.

      Eraikingintzako jasangarritasuna: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo «Ermita» 7.2.05 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Irungo 7.2.05 «Ermita» eremurako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 20a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik