Arautegia

Inprimatu

20/2021 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua argitaratzea, Udaltzaingoak HSBLOren esparruan konfiskatutako drogen eta beste substantzia batzuen analisiari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 81
  • Hurrenkera-zk.: 2398
  • Xedapen-zk.: 20
  • Xedapen-data: 2021/04/09
  • Argitaratze-data: 2021/04/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2021eko martxoaren 30ean egindako bilkuran, aipatutako hitzarmenaren eredua izenpetzea baimentzen duen Erabakia onartu du, eta, behar den publikotasuna emateko, honako hau

................................(e)n, 20......(e)ko.....................ren.................(e)(a)n.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jesús María Zubiaga Nieva jauna, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa (aurrerantzean, EAE).

Bestetik, .............................. jauna/andrea.................ko Udaleko alkatea, Udalaren ordezkari gisa.

Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri eta, horretarako,

HAU ADIERAZTEN DUTE:

  1. Bi administrazio jarduleek jakin dakite drogak bide publikoan kontsumitzea gizarte-arazo bat dela eta horri aurre egiteko fenomeno horren kontra borrokatzeko eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolamendu-formulak behar direla. Ildo horretatik, bi administrazioek dituzte eskumenak droga toxikoak, estupefazienteak eta substantzia psikotropikoak legez kanpo edukitzearekin eta bide publikoan kontsumitzearekin lotutako arau-hauste administratiboak jazartzeari dagokionez; hain zuzen ere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan aurreikusitakoak (aurrerantzean, HSBLO).

  2. Era berean, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar ditu, polizia-kidego guztien baliabide operatiboak optimizatzeko.

  3. Udal sinatzailearen Udaltzaingoak ez du estupefazienteak aztertzeko egin behar diren polizia zientifikoko eta peritutzako lanak egiteko baliabide teknikorik, eta Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Burutzak horretarako azpiegiturak dituenez, bi aldeek uste dute egokia dela Udaltzaingoak HSBLOa betez bere lana egiterakoan atzeman ditzakeen legez kanpoko substantziak aztertzeko azpiegiturok erabiltzea.

  4. Segurtasun Sailaren eta EAEko udalen arteko lankidetza, goian aipatutako polizia zientifikoko eta peritutzako lanei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2013ko azaroaren 26an baimendutako ereduaren araberako hitzarmena sinatuz garatu da orain arte, eta beharrezkoa da eredu hori indarrean dagoen araudira egokitzea, lankidetzarekin jarraitzeko.

    Horregatik guztiagatik, bi alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira

    ESTIPULAZIOAK

    Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

    Hitzarmen honen xedea da HSBLOa betez udal sinatzaileak atzemandako droga toxikoak, estupefazienteak eta substantzia psikotropikoak atzeman, aztertu, gorde eta suntsitzeari lotuta administrazio parte-hartzaileei atxikitako polizia-kidegoek jarraitu behar dituzten jarraibide uniformeak ezartzea.

    Zehazki, hitzarmen honen bidez, arau zehatz batzuk finkatuko dira, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Burutzak Udaltzaingoak atzeman dituen eta HSBLOa urratu delako zehapen-prozedura administratibo bat irekitzea ekarri duten legez kanpoko substantziak aztertzeko eta, ondoren, suntsitzeko.

    Bigarrena. Jarduteko jarraibideak.

    1. Udaltzaingoak atzemandako legez kanpoko substantzia tratatzea.

      Hitzarmen hau sinatu duen udaleko Udaltzaingoak, bere lurralde-jurisdikzioaren esparruan, ustez legez kanpokoa den substantzia bat atzematen duenean, droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak legez kanpo edukitzearekin eta bide publikoan kontsumitzearekin lotutako arau-hauste administratibo bat egin delako, plastikozko poltsa garden ixtekodun batean sartuko du aipatu substantzia.

      Ebidentzia horiek guztiak banan-banan kudeatu eta izapidetuko dira.

      Ezaba ezin den tintadun errotulagailu batekin, substantzia atzeman duten agenteen zenbakiak idatziko ditu, bai eta substantziaren pisua eta erreferentzia-zenbakia ere.

      Etiketa itsaskor baten bidez, poltsa zigilatuko du irekita dagoen aldearen erdian; hala, etiketaren alde estuenen ertz bakoitza itxituraren alde bakoitzera pegatuta geldituko da. Ondoren, polizia-kidegoaren buruak zigilatu eta sinatu egingo du bi aldeetan; hala, zigilu ofizialaren eta sinaduraren zati bat poltsan egongo da eta, aldi berean, etiketaren gainean. Azkenik, etiketa grapatuko du.

      Jarraian, substantzia biltzen duen poltsa zigilatua gutun-azal batean sartuko du. Sartu ondoren, hegala itxiko du eta, aldi berean, zinta itsaskor baten bidez, hegaleko ertzak eta gutun-azala lotuko ditu. Ostean, polizia-kidegoko buruak zigilatu eta sinatu egingo du zinta itsaskorraren eta gutun-azalaren gainean. Gutun-azalaren aurrealdean, substantzia atzeman duen Udaltzaingo-kidegoaren izena idatziko du, bai eta hau ere: «Estupefazienteen igorpena».

      Substantzia Udaltzaingoaren bulegoetan gordeta geldituko da, udaltzaingo horren mugapeko ertzain-etxeak ardura hartu arte.

    2. Atzemandako substantzia entregatzea eta jasotzea.

      Hitzarmen hau sinatu duen udaleko Udaltzaingo-kidegoak udaltzaingo horren mugapeko ertzain-etxean entregatuko du substantzia.

      Landare psikotropikoak (esaterako, marihuana) atzemanez gero, entregatu aurretik lehortu egin behar dira, eta egoera horretan gehienez ere 500 gramo jaso ahal izango dira.

      Atzemandako substantzia zaintzeko katea bete dela jasota gera dadin, emate-akta bat bete beharko da. Hitzarmen honen Eranskineko eredua erabil daiteke horretarako.

      Nolanahi ere, behar bezala identifikatu behar dira atzemandako substantzia entregatuko duten udaltzaina eta substantzia jasoko duen ertzain-etxeko agentea; horretarako, agiri profesionaleko zenbakia idatzi beharko da.

      Aipatu dokumentuaren bi ale sinatuko dira, eta polizia-kidego parte-hartzaileetako bakoitzak ale bana hartuko du. Horrek, bada, substantziaren entregaren frogagiritzat balio du Udaltzaingoarentzat.

      Ertzain-etxeko agenteek, zehaztutako barne-bidea erabiliz, Ertzaintzako Polizia Zientifikoari igorriko diote substantzia, azter dezan eta, ondoren, peritu-txostena egin dezan.

    3. Analisiaren emaitza jakinaraztea eta droga suntsitzea.

      Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Burutzak dagokion peritu-txostena egingo du, eta Udaltzaingoari helaraziko dio mugapeko ertzain-etxearen bitartez, entregatu eta gehienez ere bost hilabetera.

      Peritu-txostenak honako hauek jasoko ditu: substantziaren deskribapena, horren kopuru garbia eta txostenarekin lotutako datu administratiboak, hau da, analisia eskatu duen udaltzaingoa eta substantzia-atzemateari lotutako polizia-eginbideen erreferentzia.

      Udal sinatzaileak espediente bakoitzaren ebazpen irmoa jakinaraziko dio Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Burutzari, ziurtasuna izan dezan, gainerako estupefazientea suntsitzeko.

      Suntsitu ondoren, akta egingo da, eta horren kopia bat polizia-kidegoaren buruzagitzari helaraziko zaio, jakinaren gainean egon dadin.

      Hirugarrena. Aldeen betebeharrak.

      Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Burutzak Udaltzaingoak atzeman dituen eta HSBLOa urratu delako zehapen-prozedura administratibo bat irekitzea ekarri duten legez kanpoko substantziak aztertuko ditu eta, ondoren, suntsitu.

      Udal sinatzailearen kontura izango da droga toxikoak edo legez kanpoko beste substantzia batzuk berresteko Segurtasun Sailaren laborategietan egindako probaren kostu ekonomikoa, jarduera horiek eragindako langile-kostuak izan ezik, Segurtasun Sailak bere gain hartu beharko baititu.

      Laugarrena. Jarraipen Batzordea.

      Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde Tekniko bat eratuko da. Bi kidek osatuko dute; bata Segurtasun Sailaren ordezkaria, eta, bestea, Udalarena. Segurtasun Saileko ordezkaria izango da batzordeko presidentea.

      Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.

      Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, eta aldeetako batek horrela eskatzen duenean, eta adostasunez hartu beharko dituzte erabakiak.

      Bosgarrena. Hitzarmena aldatzea.

      Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi aldeek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa gehituko dizkiote dokumentu honi.

      Seigarrena. Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

      Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.

      Laugarren estipulazioan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari emandako zereginak alde batera utzi gabe, hitzarmen hau garatu eta gauzatu bitartean, sor daitezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira.

      Zazpigarrena. Indarraldia eta amaiera.

      Honako hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, sinatzen den egunetik bertatik kontatzen hasita. Epe hori amaitu aurretik, sinatzaileek edozein unetan hitzartu ahalko dute epea luzatzea edo azkentzea. Luzapena aho batez erabaki behar dute eta gehienez ere beste lau urterako izango da. Dena den, sinatzaileek hitzarmena azkentzea erabaki ahal izango dute aho batez.

      Luzapen-akordioan, halaber, droga toxikoak edo legez kanpoko beste substantzia batzuk berresteko probaren kostu ekonomikoaren eguneratzea jasoko da.

      Lankidetza-hitzarmen hau irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat datozela adierazteko, aldeek bina kopia sinatu dituzte, testuaren idazpuruan aipatutako tokian eta egunean, eta ezarritako estipulazioekin bat.

      (Ikus .PDF)

      HITZARMENAREN ERANSKINA

      EMATE-AKTA

      .............................KO UDALTZAINGOA

      Substantzia 20........(e)ko ........................ren............(e)(a)n atzeman da.

      Atzeman duten agenteen zenbakiak:.......................................................................

      Sinatu eta zigilatu duen buruzagitzaren zenbakia:...................................................

      Zaintza-tokia, bidali arte:..........................................................................................

      Garraiatu eta entregatu duten agenteen zenbakia:..................................................

      Sin.:.........................ko buruzagitza

      ERTZAINTZA

      Jaso duen unitatea:...........................................................................................

      Jaso duen agentearen zenbakia:......................................................................

      Jasotze-data:................................................. Ordua:........................................

      Zaintza-tokia:.....................................................................................................

      Sin.: ...................ko ertzain-etxeko instruktore-burua

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik