Arautegia

Inprimatu

15/2021 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsarien 2021. urteko gehikuntzak onartzen dituen Erabakia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 68
  • Hurrenkera-zk.: 2000
  • Xedapen-zk.: 15
  • Xedapen-data: 2021/03/25
  • Argitaratze-data: 2021/04/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Funtzio publikoa

Testu legala

2021eko martxoaren 16ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen ordainsarien 2021. urteko gehikuntzak onartzea. Horiek horrela, erabakiak behar duen publikotasuna izan dezan, honako hau

2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 30eko 11/2020 Legeak, 18. artikuluan, sektore publikoko langileen gastuen arloko jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa ezartzen ditu.

Artikulu horren bigarren apartatuaren arabera, sektore publikoko langileen 2021eko ordainsariek ezin izango dute ehuneko 0,9tik gorako gehikuntza orokorra izan, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, erkatutako bi aldiak homogeneotasunez hartuta, bai langileen kopuruari dagokionez, bai antzinatasunari dagokionez.

Ehuneko hori bera aplikatuko zaie sektore publikoko goi-kargudunei, bestelako zuzendaritza-kideei eta langile lan-kontratudunei.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 19. artikuluan ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsariak.

Legearen 19.1 artikuluak aurreikusten du ezen, sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak eragotzi gabe, 2021. urtean, lan-kontratudunak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko ordainsariek gehienez % 0,9ko gehikuntza orokorra izan dezaketela, 2020ko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean. Ordainsari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez. Bestalde, 19. artikuluaren 13. eta 14. apartatuetan, gehikuntza bera ezartzen da lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinduen lansarientzat, bai eta behin-behineko langileen eta zuzendaritza-kideen lansarientzat ere.

Legearen 19.5 artikuluak xedatzen duenez, lan-araubidekoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak izango dira aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak, administrazio publikoetako oinarrizko lansarien araubidea erregulatzen duten arauei jarraituz.

Halaber, otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 19. artikuluko 7. apartatuak xedatzen du lansari osagarriek % 0,9ko gehikuntza izan ahalko dutela, hargatik eragotzi gabe programa bakoitzari atxikitako langile kopuruaren aldaketaren ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz egin daitezkeen aldaketak.

Lan-araubideko langileei dagokienez, Legearen 19.9 artikuluak ezartzen du ezen, 2021ean, haien soldata-masa % 0,9 igo ahal izango dela, 2020ko ekitaldian ezarritakoaren aldean.

Azkenik, otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 20. artikuluan erregulatzen dira Ertzaintzako langileen ordainsariak; artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluak zehaztuko du kategoria-maila bakoitzari dagokion destino-osagarriaren urteko zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuko 115.1.a) artikuluan araututakoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean, zeina 2021eko otsailaren 8an egin baitzen, iragarri zen 2021eko ordainsariak % 0,9 igotzea proposatu zela Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorren Legea izapidetzeko plangintzari buruzko puntuan.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio urtero ezartzea zer arau eta jarraibide bete behar diren aplika daitezen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta gainerako langileen lansari-baldintzak.

Hori guztia dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak hau erabakitzen du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Baimena ematea ezen, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, % 0,9 igotzeko, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko ordainsari osoak, lan-kontratudun ez direnenak, eta gehikuntza bera aplikatzea lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen, berdinduen, behin-behineko langileen eta zuzendaritza-kideen ordainsariei ere.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario eta estatutupeko langileek oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte:

  1. 2021eko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan, honako kopuru hauek jasoko dira soldata eta hirurteko gisa, kontuan izanik zenbatekoak hamabi hilekori dagozkiela:

    (Ikus .PDF)

  2. 2021eko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsari bakoitzean, honako kopuru hauek jasoko dira soldata eta hirurteko kontzeptu gisa:

    (Ikus .PDF)

    Hirugarrena. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 79.1.a artikuluarekin bat etorriz, 2021ean, honako hau izango da lanpostu-maila bakoitzari dagokion destino-osagarria, kontuan izanik zenbatekoak hamabi hilekori dagozkiela:

    (Ikus .PDF)

    Laugarrena. 2021ean, honako hau izango da Ertzaintzako kategoria-maila bakoitzari dagokion destino-osagarria, kontuan izanik zenbatekoak hamabi hilekori dagozkiela:

    (Ikus .PDF)

    Bosgarrena. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriak ere % 0,9 igoko dira, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, hargatik eragotzi gabe programa bakoitzari atxikitako langile kopuruaren aldaketaren ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz egin daitezkeen aldaketak.

    Seigarrena. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, honako hauek izango dira lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinduen ordainsariak:

    (Ikus .PDF)

    Zazpigarrena. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, behin-behineko langileen ordainsariak % 0,9 igoko dira, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, hargatik eragotzi gabe antzinatasunagatik dagokiena.

    Zortzigarrena. Justizia Administrazioko langileen ordainsariei haientzat ezarrita dagoen araudi espezifikoa aplikatuko zaie.

    Bederatzigarrena. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, % 0,9 igoko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoko lan-kontratudunen ordainsariak, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.

    Hamargarrena. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako enteetako lan-araubideko langileen soldata-masa ezin izango da igo % 0,9 baino gehiago, 2020ko abenduaren 31n indarrean zegoenaren aldean.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2021eko soldata-masak gehienez ere izan dezakeen muga; negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko da nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.

    Hamaikagarrena. Hala osagarri pertsonalak eta iragankorrak nola zerbitzuengatik ematen diren kalte-ordainak araudi espezifikoen arabera arautuko dira, eta, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, haien kopuru indibidualak ezingo dira igo % 0,9 baino gehiago; betiere, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.

    Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatutakotik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikatu behar den araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-gehikuntza orokorraren bidez eguneratzea.

    Hamabigarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik