Arautegia

Inprimatu

13/2021 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioarekin egindako lankidetza-hitzarmena argitaratzea. Hitzarmen horren bidez, lankidetza-arlo bat ezartzen da Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako jarduerak garatzeko, eta baterako finantzaketa horretarako prozedura antolatzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 58
  • Hurrenkera-zk.: 1681
  • Xedapen-zk.: 13
  • Xedapen-data: 2021/03/04
  • Argitaratze-data: 2021/03/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

Alde batetik, María Isabel Celaá Dieguez andrea, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa, urtarrilaren 12ko 8/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 61. artikuluaren k letran eta 48.2 artikuluan xedatutakoaren arabera jardunez.

Eta bestetik, Jokin Bildarratz Sorron jauna, Hezkuntza sailburua, lehendakariak irailaren 7an hezkuntza sailburua izendatzeko eman zuen 25/2020 Dekretuaren bidez kargu horretarako izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, eta apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak esleitzen dizkion eskumenak gauzatuz.

Hitzarmen hau sinatzeko gaitasun osoa aitortzen diote elkarri.

AZALTZEN DUTE:

  1. Europako Batzordearen Europa 2020 izeneko komunikazioak Europar Batasunaren estrategia definitzen du hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzaile baten alde. Hezkuntza da, besteak beste, estrategia horren helburuetako bat, eta honako hauek hartzen ditu ardatz: eskola uztea eta goi-mailako ikasketen emaitzak.

  2. 1303/2013 (EB) Erregelamenduak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17koak Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezartzen dituenak, 4. artikuluan xedatzen duenez, Europako Funtsek laguntza bat emango dute nazioko, eskualdeko eta tokiko esku-hartzeen osagarri, Europa 2020 Estrategia betetzeko helburuarekin.

    Erregelamendu horren 9. artikuluak Funtsek babestuko dituzten helburu tematikoak zehazten ditu, besteak beste 10. zenbakia duen helburu tematikoa: «Hezkuntzan, prestakuntzan eta lanbide-heziketan inbertitzea, gaitasunak eskuratzeko eta etengabeko ikaskuntzarako».

    Helburu hori lortzeko, Europako Gizarte Funtsak hainbat ekimen finantzatuko ditu Europar Batasun osoan hezkuntza eta prestakuntza hobetzeko, bai eta gazteek prestakuntza-zikloa osatu eta lan-merkatuan lehiakorragoak izateko trebetasunak lor ditzaten bermatzeko ere. Alde horretatik, lehentasun nagusia izango da eskola behar baino lehen uzten dutenen tasa murriztea, baita lanbide-heziketak eta goi-mailako irakaskuntzak eskaintzen dituzten aukerak hobetzea ere.

  3. 1304/2013 (EB) Erregelamenduak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Gizarte Funtsari buruzko 2013ko abenduaren 17koak, hainbat helburu ezartzen ditu, besteak beste, guztiontzako hezkuntza eta prestakuntza maila handia ahalbidetzea; eta 3. artikuluan inbertsio-lehentasunak ezartzen ditu honako helburu tematiko honekin loturik: «Hezkuntzan, prestakuntzan eta lanbide-heziketan inbertitzea, gaitasunak eskuratzeko eta etengabeko ikaskuntzarako».

  4. Erregelamendu horren esparru horretan, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak, Hezkuntza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Eskualde anitzeko Programa Operatiboaren 3. ardatzean programatuta dauden eta EGIFarenak diren laguntzak kudeatzen ditu (3. ardatza: «Hezkuntza eta prestakuntza arloko inbertsioa»).

    Herrialde bakoitzak Europako Batzordearekin sinatzen duen Elkartze Akordioan zehaztu dira 2014-2020 aldirako funtsen inbertsio-estrategia eta -lehentasunak. Urte anitzeko aldi horretarako 11 helburu tematiko ezarri dira Europako Erkidegoko erregelamenduetan, besteak beste, honako 10. helburu hau: «Hezkuntzan, gaitasunen garapenean eta etengabeko ikaskuntzan inbertitzea».

    Helburu hori lortzeko, Europako Gizarte Funtsak hainbat ekimen finantzatuko ditu Europar Batasun osoan hezkuntza eta prestakuntza hobetzeko, bai eta gazteek prestakuntza-zikloa osatu eta lan-merkatuan lehiakorragoak izateko trebetasunak lor ditzaten bermatzeko ere. Alde horretatik, lehentasun nagusia izango da eskola behar baino lehen uzten dutenen tasa murriztea, baita lanbide-heziketak eta goi-mailako irakaskuntzak eskaintzen dituzten aukerak hobetzea ere.

    Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak hezkuntzaren arloko hainbat inbertsio-lehentasun programatu ditu Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Programa Operatiboaren barruan, 10. helburu tematikoa eta helburu hori garatzeko helburu espezifikoak betetzeko xedez.

    Inbertsio-lehentasunak hiru dira:

    Eskola-uzte goiztiarra murriztea eta prebenitzea, eta berdintasuna sustatzea kalitate oneko haur, lehen eta bigarren hezkuntzan sartzeko, hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuan berriz ere integratzea ahalbidetzen duten ikaskuntza-ibilbide formalak, ez-formalak eta informalak barne.

    Honako hauek hobetzea: adin-talde guztiek egitura formaleko, ez-formaleko eta informaleko etengabeko ikaskuntzan sarbide-berdintasuna izateko aukera; eta langileen ezagutzak, lanbide-gaitasunak eta trebetasunak. Era berean, ikaskuntza-ibilbide malguak sustatu nahi dira, lanbide-orientazioaren eta eskuratutako gaitasunak baliozkotzearen bidez.

    Hezkuntza- eta prestakuntza-sistemak lan-merkatura hobeto egokitzea, hezkuntzatik enplegurako trantsizioa erraztuz, eta irakaskuntzako eta lanbide-heziketako sistemak eta horien kalitatea indartuz, gaitasunen arloko beharrei aurrea hartzeko mekanismoen bidez; ikasketa-programak egokitzea, eta lan-ingurune batean ikaskuntza-sistemak sortzea eta garatzea, prestakuntza dualeko sistemak eta praktiketarako programak barne.

  1. helburu tematikoan («Hezkuntzan, prestakuntzan eta lanbide-heziketan inbertitzea, gaitasunak eskuratzeko eta etengabeko ikaskuntzarako») aurreikusitako hiru inbertsio-lehentasunetako bakoitza helburu espezifiko baten edo batzuen bidez garatuko da, eta helburu espezifiko horiek lortzeko zenbait jarduera egingo dira, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketarako metodologia eta prozedurekin bat etorriz.

  1. Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Programa Operatiboaren 10. helburu tematikoaren barruan («Hezkuntzan, prestakuntzan eta lanbide-heziketan inbertitzea, gaitasunak eskuratzeko eta etengabeko ikaskuntzarako»), Europako Gizarte Funtsak zortzi jarduera zehatz kofinantzatzen ditu, eta jarduera horien arduraduna Hezkuntza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritza Nagusia da, Europako Gizarte Funtsaren Kudeaketa Agintaritzaren bitarteko erakundea den aldetik. Jarduera horiek hezkuntza-arloko inbertsio-lehentasun bakoitzerako programatutako Helburu Espezifikoak lortzea dute helburu.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoari unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-arloko eskumenak dagozkio; eskumen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan jasotzen dira. Eskumen horien finantzaketa Ekonomia Itunaren sistemaren arabera egingo da, lehen aipatu den Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluarekin eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 157.2 artikuluarekin bat eginez.

  3. Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioei dagokie egin beharreko gastuak Europako erkidegoko agintarien aurrean justifikatzeko prozedurari buruzko konpromisoak adostea, eta era berean, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoaren esku jarriko dute, aplikatu beharreko erkidegoko araudian aurreikusitako epeen arabera.

    Horregatik guztiagatik, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hitzarmen hau garatu ahal izateko, hitzarmen honen postulatuen araberako berariazko gehigarriak erantsi ahalko dira. Hauek dira hitzarmenaren klausulak:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

    Hitzarmen honen xedea da Europako Gizarte Funtsak eman duen kofinantzaketa antolatzea eranskinean jasotzen diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeari dagokionez, eta eranskinean adierazitako zenbatekoak oinarri. Jarduera horiek guztiak Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Programa Operatiboko 10. helburu tematikoan jaso dira (10. Helburua: «Hezkuntzan, prestakuntzan eta lanbide-heziketan inbertitzea, gaitasunak eskuratzeko eta etengabeko ikaskuntzarako»).

    Bigarrena. Lankidetzaren irismena.

    Jarduera bakoitzeko lankidetzaren hedadura eta irismena berariazko akordioen bidez zehaztuko da, hitzarmen honen zazpigarren klausulako bigarren puntuan aurreikusitakoaren arabera, eta EGIFaren kofinantzaketarako metodologia eta prozedurekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Finantzaketa.

    Euskal Autonomia Erkidegoa, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa antolatzeari dagokionez, eranskinean jasotako jarduerak ezartzeko aurreikusi diren gastuez arduratuko da, dagokion kofinantzaketa-ehunekoan, eta lehen aipatutako 2014-2020 Eskualde anitzeko Programa indarrean dagoen bitartean (kofinantzaketa horren edukia Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Eskualde anitzeko Programaren « Hezkuntza eta prestakuntza arloko inbertsioa » izeneko 3. ardatzean ezarrita dago).

    Laugarrena. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren konpromisoak.

    Ministerioak, bere langileen bitartez, lankidetza-hitzarmen honekin zerikusia duten eta bi alderdien artean garatzen diren jarduerak gauzatzen eta antolatzen lagunduko du.

    Bosgarrena. Autonomia Erkidegoaren konpromisoak.

  1. Autonomia Erkidegoak hitzarmen honen xede diren jarduerak Hezkuntza Sailaren bidez gauzatzeko konpromisoa hartzen du, baita jarduera horiek Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren Bitarteko Erakundearen aurrean justifikatzeko ere, hala ezartzen baitu Egitura Funtsei eta, bereziki, EGIFari aplikatu beharreko estatuko eta erkidegoko araudiak, baita araudi hori aplikatzearen ondorioz Europako Batzordeak, EGIFaren Espainiako Kudeaketa Agintaritzak eta, hala badagokio, Bitarteko Erakundeak berak eman dezaketen erabakiek ere.

  2. Autonomia-erkidegoak laguntzaren baldintzak ezartzen dituen dokumentuaren arabera, eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 125.3.c artikuluak ezartzen duenaren arabera, EGIFaren gastu-aitorpenak egiteko behar den informazio guztia helaraziko dio Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioaren Bitarteko Erakundeari. Era berean, honako hauen gaineko informazioa ere helaraziko dio: gastuen kudeaketa- eta kontrol-sistemak (hala badagokio); kostu sinplifikatuak erabiltzeko egin duen proposamena; kofinantzatutako jarduerak gauzatu izana eta jarduera horien kontu-ikuskapenerako aztarna; egindako gastu hautagarriak; publizitatearen eta aukera-berdintasunaren arloko jarduketak; eta kudeaketaren urteko eta amaierako txostenak, eta Egitura Funtsei eta, bereziki, EGIFari aplikatu beharreko erkidegoko araudiak eskatzen dituen ebaluazio-txostenak egiteko beharrezkoa den informazio oro, araudi hori aplikatzearen ondorioz Europako Batzordeak, Kudeaketa Agintaritzak eta, hala badagokio, Bitarteko Erakundeak ezartzen dituzten jarraibideen arabera.

    Informazioaren transmisioa eta kontserbazioa errazteko, kofinantzatutako jarduerei dagozkien datuak erregistratzeko eta datu horien biltegiratze informatizatua egiteko Bitarteko Erakundeak eta Kudeaketa Agintaritzak ezarritako sistema telematikoak erabiliko dira.

  3. Autonomia Erkidegoak, Ministerioaren Bitarteko Erakundeari aurkezten dizkion aitorpenetan, EGIFerako hautagarritzat hartzen diren gastuak soilik sartzeko betebeharra onartzen du, beti ere gastu horiek benetan egin baditu, eta egin diren eta egiazta daitezkeen jarduerei badagozkie; gainera, gastu horien aitorpena egiteko dokumentu-euskarri nahikoa eta kontu-ikuskapenerako aztarna egoki bat izango du, Europar Batasuneko Egitura Funtsei aplikatu beharreko errekerimenduen arabera.

  4. Autonomia-erkidegoak Ministerioaren Bitarteko Erakundeari aitortutako jarduerak eta gastuak Europar Batasuneko Egitura Funtsei aplikatzekoak diren arauetan aurreikusitako egiaztapen administratiboen eta tokian bertan egindako egiaztapenen mende egongo dira, hori baita jarduera eta gastu horiek gastuen aitorpen batean sartzeko baldintza; horrez gain, jarduera eta gastu horiek gai horretan eskumena duten nazioko eta Europar Batasuneko kontrol-organoen jardueren mende egongo dira.

  5. Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, hitzarmenaren xede diren jarduerek ezingo dute jaso EGIFeko laguntzarik, 2014/2020 aldirako Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntzako Eskualde anitzeko Programa Operatiboaz bestelako Programa Operatibo baten kargura bada.

    Seigarrena. Gastuen justifikazioa eta EGIFaren ekarpenaren ordainketa.

  1. Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Bitarteko Erakundeari hitzarmen honen xede diren eta kofinantzatutako jarduerak egiteari dagozkion gastuak justifikatzeko eta aitortzeko betebeharra, Europako araudian aurreikusitako epeen barruan.

  2. Ministerioaren Bitarteko Erakundeak gastuak aitortzen dituenean eta Europar Batasunak bidalitako funtsak jasotzen direnean, Ministerioak dagokion transferentzia aginduko du autonomia-erkidegoaren alde.

    Zazpigarrena. Jarraipena eta ebaluazioa.

  1. Hitzarmen honetan itundutakoaren jarraipena Hezkuntza Konferentziako Batzorde Orokorraren baitan horretarako sortutako Batzorde Tekniko batek egingo du, Batzorde Orokor horrek 2000ko azaroaren 13an onartu zuen Araudian ezarritakoaren arabera.

    Batzorde hori arduratuko da hitzarmen honen xede diren jarduerak ezartzeko finantzaketari buruzko alderdi guztien tratamendua egiteaz, bai eta EGIFek kofinantzatzen dituen jarduera horiekin zerikusia duten alderdien tratamendua egiteaz ere; era berean, lankidetza-hitzarmen hau interpretatzeari eta gauzatzeari buruzko eztabaidak konpontzeaz ere arduratuko da, hamargarren klausularekin bat eginez.

  2. Ministerioak edo autonomia-erkidegoak eskatuta, aldebiko bilerak egin ahal izango dira gai espezifikoak aztertzeko.

  3. Bitarteko Erakundeak hala eskatuz gero, autonomia-erkidegoak, ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoan, hitzarmen hau aurreko urtean gauzatu izanari buruzko txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten horrek Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren Bitarteko Erakundeak zehazten duen edukia jasoko du, besteak beste finantza-betearazpenari eta ikasturtearen garapenari dagokienez; helburua da urtero Europako Batzordeari bidali behar zaion Programa Operatiboaren betearazpenari buruzko informazioa helaraztea.

    Zortzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia, iraupena eta suntsiarazpena.

    Hitzarmen honek hamabigarren klausulan ezarritakoaren arabera izango ditu ondorioak, eta hitzarmenaren indarraldia alderdien betebeharrak erabat betetzen direnean amaituko da, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 136.1 artikuluan ezarritako n+3 arauarekin bat etorriz. Arau horrek zera esan nahi du, programa operatibo bakoitzaren urteko finantza-esleipena, gehienez ere, dagokion urtean eta hurrengo hiru urteetan gauzatu eta justifikatu behar dela. Bestela, epe barruan gauzatu gabeko laguntzaren zenbatekoa automatikoki galduko da.

    Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h artikuluari jarraikiz, hitzarmenaren indarraldia ezingo da lau urtetik gorakoa izan. Hala ere, lau urteko epe hori nahikoa izango ez balitz alderdiek betebehar guztiak betetzeko, hitzarmenaren sinatzaileek, aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan adostu ahalko dute, aho batez, hitzarmena gehienez ere beste lau urte osagarriz luzatzea, edo hitzarmena azkentzea.

    Hitzarmena azkentzeko arrazoi izango dira honako hauek:

    1. Hitzarmenaren indarraldia amaitzea eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

    2. Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

    3. Hitzarmena sinatu duen alderdiren batek hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluko c) apartatuan xedatutakoaren arabera.

    4. Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

      Bederatzigarrena. Jardueren publizitatea.

      Alderdi sinatzaileek aplikatu beharreko araudia betetzeko konpromisoa hartzen dute, hitzarmenaren xede diren jarduerak kofinantzatzen dituzten Egitura Funtsen publizitateari dagokionez.

      Hamargarrena. Hitzarmena aldatzea.

      Hitzarmen hau aldatu ahalko da, betiere hitzarmenaren xedea hobeto beteko dela bermatzeko bada eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa kudeatzeko beste hainbat baldintza txertatu beharko balira. Horretarako, alderdi sinatzaileen artean adostutako idatzi bat erantsi beharko da.

      Hamaikagarrena. Araubide juridikoa eta desadostasunen ebazpena.

      Hitzarmen honek izaera administratiboa du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan, eta Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikuluan jasotzen direnei jarraikiz.

      Hitzarmen honen interpretazioari eta betearazpenari buruzko eztabaidak bi alderdiak ados jarrita konponduko dira, hitzarmen honen seigarren klausulan aurreikusitako aldebiko bileretan. Akordiorik lortuko ez balitz, sor daitezkeen eztabaidak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitako moduan ebatzi beharko dira.

      Hamabigarrena. Eraginkortasuna eta publizitatea.

      Hitzarmen honek ondorioak izango ditu Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

      Ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute.

      Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ministroa,

      ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

      Hezkuntzako sailburua,

      JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Hitzarmen honen esparruan gauzatuko eta justifikatuko diren jardueren finantza-bolumenaren gutxi gorabeherako zenbatekoak.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik