Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 18koa, HABEko zuzendariarena, ebazpen honen huts-zuzenketa egiten duena: Ebazpena, 2020ko abenduaren 2koa, HABEko zuzendariarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) zedarritutako B1, B2, C1 eta C2 euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko, 2021. urterako HOBE-HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 42
  • Hurrenkera-zk.: 1150
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/02/18
  • Argitaratze-data: 2021/02/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.c) artikuluak ezartzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak maila bereko xedapen baten bitartez zuzenduko dira, baldin eta nabarmenak ez badira eta horiek zuzentzearen ondorioz dokumentuaren edukia edo esanahia benetan edo itxuraz aldatzen bada.

Hutsegiteak aurkitu dira HABEko zuzendariaren 2020ko abenduaren 2ko Ebazpenean (2020ko abenduaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. k.), eta zuzenketari ekin zaio. Zehazki, I. eranskineko 3. oinarriaren a) atalean zehaztutako gutxieneko adinari buruzko xedapena zuzendu da, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarrituriko komunikazio-gaitasuneko mailak egiaztatzeko prozesuetan parte hartzeko, hain zuzen ere, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduak, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dituena, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituenak,12.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, I. eranskineko 5. oinarriaren 4. atalari bere irispena argitzen duen idazkera ematen zaio.

2020/5310 (24/3) orrialdean, I. eranskineko 3. oinarriaren a) atalean, honako hau esaten du:

Gutxienez 17 urte izatea edo 2021ean betetzea.

Baina hau esan behar du:

Gutxienez 16 urte beteta izatea izena eman nahi den azterketaldiko matrikula egiteko epearen barruan.

2020/5310 (24/4) orrialdean, I. eranskineko 5. oinarriaren 4. atalean, honako hau esaten du:

Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako azterketa-data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira, eta adierazitako egunean azterketariari proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan. Azterketariak proba-egunaren biharamunetik kontatzen hasita hiru egun baliodun izango ditu azterketa-egunean aurkeztu ezin izanaren agiria HABEn aurkezteko. Agiri horretan azaldutako karia dagokion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko du, ezinbestez. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko eguna aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez.

Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, HABEren egutegiaren araberako antolaketan mintzamen-probetan azterketariari jarritako egun- zein ordu-aldaketa jakinak eska daitezke, jarritako epe eta jarraibideen baitan.

Baina hau esan behar du:

Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako azterketa-data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira, eta adierazitako egunean azterketariari proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan.

Azterketariak proba-egunaren biharamunetik aurrera hiru egun baliodun izango ditu azterketa-egunean aurkeztu ezin izanaren agiria HABEn aurkezteko.

Agiri horretan azaldutako karia dagokion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko du, ezinbestez. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba hori ez ohiko moduan egiteko aukera eskainiko dio azterketariari, egutegian horretarako zehaztutako egunean. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez. HABEren egiaztatzegintzaren egutegian ezein trebetasuneko proba jakin bat egiteko bigarren aukera izateko aurreikusitako datak amaiera emango dio ez ohiko aukera honi.

Horretaz gain, lege-xedapenez babestutako egoeretan, HABEren egutegian jasotako epeetan parte hartzerik izan ez badu azterketariak, egindako matrikula-ordainketa, eta, bere kasuan, azterketaldian jadanik lortutako emaitzak hurrengo azterketaldirako gordeko zaizkio azterketariari, baita deialdi honetako bigarren azterketalditik hurrengo urteko lehen azterketaldirakoak ere.

Hiru eguneko epea igaro ondoren aurkeztutako eskabideen izenpetzaile diren azterketariak ez-aurkeztutzat emango dira azterketaldi horretan.

Mintzamen-probetan azterketariari jarritako egun- zein ordu-aldaketari dagokionez, aldaketa jakinak eska ditzake azterketariak, eta HABEk baimendu, jarritako epe eta jarraibideen baitan.

Donostia, 2021eko otsailaren 18a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.