Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita honako proiektu honetarako: Lemoako (Bizkaia) Lemoatxa mendiko lehengo harrobia indusketetako lur naturalekin betetzea eta haren ingurumen-integrazioa egitea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 35
  • Hurrenkera-zk.: 891
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/01/25
  • Argitaratze-data: 2021/02/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko azaroaren 3an, Lemoako Udalak eskaera osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, hain zuzen ere Lemoako (Bizkaia) Lemoatxa mendiko lehengo harrobia indusketetako lur naturalekin betetzeko eta haren ingurumen-integrazioa egiteko proiektuari buruz. Modu horretan, hasiera eman nahi zaio aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorrita; izan ere, proiektua adierazitako prozeduraren mende dago, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2020ko abenduaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta izapideari hasiera emango zitzaiola jakinarazi zion Lemoako Udalari. Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago adierazita.

Jasotako txostenak aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak nahikoa judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldean («Beste proiektu batzuk») dago jasota, c) epigrafean: ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lurreko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak eta hektarea bat baino gehiagoko azalera dutenak. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio proiektu honi. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen zehazteko, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza organo eskuduna da horretarako, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Honako hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Lemoako (Bizkaia) Lemoatxa mendiko lehengo harrobia indusketetako lur naturalekin betetzeko eta haren ingurumen-integrazioa egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea, zehaztapen hauen arabera:

  1. Proiektuaren xedea da arrokaz eta lur naturalez osatutako betegarria egitea, gaur egun abandonatuta dagoen Lemoatxako harrobiaren plazan sortutako hutsunea aprobetxatuta. Betegarria osatuko duten materialak lan hori sustatzen duen enpresaren obretako indusketen soberakinetatik eskuratuko dira, edo beste enpresa batzuenetatik, betiere aldez aurretik enpresa horiekin hala egitea onartzen bada. Betegarri horretarako erabiliko diren materialak EHZ 170504 kodean zehaztutakoak izango dira soilik (170503 kodean zehaztutakoak ez diren lurra eta harriak). Ez da bestelako materialik onartuko.

  2. Ebazpen honen xedea da ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ematea Lemoako (Bizkaia) Lemoatxa mendiko lehengo harrobia indusketetako lur naturalekin betetzeko eta haren ingurumen-integrazioa egiteko proiektuari. Ebazpenean, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

    1. Proiektuaren ezaugarriak:

      Hauek izango dira betelanaren ezaugarri orokorrak:

      Bete beharreko zuloaren gaur egungo oinarria eliptikoa da; oinplanoan 350 metro luze eta 125 metro zabal da; eta, batez beste, 93,5 metroko kotan dago. Egungo azalera erregularizatuko da eta hondoko drainak instalatuko dira. Ondoren, materialak isuriko dira, 50 cm-ko lodierako geruzetan.

      Harrobiaren iparraldeko hormatik 20 metro ingurura, trinkotutako lurren segurtasun-kabailoi bat egingo da. Kabailoi horrek bi metroko altueran gaindituko du lan-eremua, eta betelanak aurrera egin ahala handituko da. Horrela, harrobiaren aurrealdetik eror daitezkeen harriak atxiki nahi dira, ez daitezen jirabiran erori eta ez diezaieten kalterik eragin pertsonei eta ekipoei.

      Betelanaren bolumena, guztira, 474.255,25 m3-koa izango da. Lanak egiteko 10 urteko epea aurreikusten da, eta egunean 30 kamioi sartuko dira, batez beste (7 m3, kamioi bakoitzeko). Kamioien sarrera-erritmoa aldakorra izango da: gutxienez 10 kamioi izango dira eguneko, baina, aktibitate handieneko aldietan, eguneko 100 kamioi ere izan daitezke.

      Betelana hiru fasetan egingo da, 94, 99 eta 104ko kotetan.

      Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez dago aurreikusita erabilera zehatzik sortuko den azken azalerarako, baina aldez aurretik akordio bat egin da Lemoako Udalarekin, azken azalera horren zati bat hari lagatzeko. Ondorioz, hasierako planteamenduaren arabera, goiko plataformaren zatirik handienean hidroereintza egingo da, azaleraren behin betiko erabilera zein izango den definitu arte. Perimetroko kanalen barnealdean eta segurtasun-kabailoiaren gainean harizti/baso mistoko landaredi-serieetako zuhaitz-espezieak landatuko dira.

      Instalazioak.

      Instalazioak elementu hauek izango ditu:

      Drainatzeak: mota honetako drainatzeak ezarriko dira: hondokoak, arrain-hezur itxurako azalekoak, eta draina bertikal bat harrobiaren iparraldean.

      Lurrazaleko drainatzea kontrol-kutxatila batera bideratuko da, elkarren artean konektatutako areken bidez; puntu horretatik, bildutako urak lurpeko hodi baten bidez jaitsiko dira, betelanaren sarreran egongo den dekantazio-putzu batera.

      Hondoko draina kontrol-putzu batean hustuko da, eta putzu hori handituz joango da betelanek aurrera egin ahala.

      Kontrol-kutxatilatik igaro ondoren, bildutako ur guztiak dekantazio-putzura joango dira, eta, ondoren, udal-sareko euri-uren kutxatilara.

      Gurpilak garbitzeko instalazioa, dekantazio-putzuari konektatua.

      Drainatze-sarean jasotako urak eta gurpilak garbitzeko eremukoak dekantatzeko putzua.

      Itxitura, eta sarrera kontrolatzeko etxola.

      Barneko bidea.

      Sarbideak.

      Lehendik dagoen pista batetik sartu beharko da betelanera. Kamioiak harrobiaren plazara sartzeko erabiltzen zen pista hori. Mantendu egingo dira sarrerako gurpil-garbitokia eta itxitura.

    2. Proiektuaren kokapena.

      Betelanaren kokalekua Lemoako San Inazio auzoan dago, herrigunetik 200 bat metrora, iparralderantz.

      Betelanaren kokalekua erauzketa-jarduerak eragindako eremu batean dago; zehazki, kareharria ustiatzeko erabiltzen zen harrobiaren plazan, Lemoatxa mendian. Litologikoki, kareharri urgoniar masiboak nabarmentzen dira eremu horretan, baliabide hori ustiatzen baitzuen harrobiak. Kareharri horiek banku metriko eta dekametrikoen artean daude geruzatuta, eta iragazkortasun ertaina dute fisurazio bidez. Akuiferoak kutsadurarekiko duen kalteberatasuna ertaintzat jotzen da. Harrobia bera interes geologikoko (zientifiko-didaktikoa) puntu eta ibilbidetzat hartzen da, eta eskualdeko interesekotzat.

      Lursail hau ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan.

      Inguru biotikoaren ikuspuntutik, eremu degradatua da, eta ez du landaredi interesgarririk. Leku horretan, landaredi erruderala nagusitzen da, eta, inguruan, Pinus radiata motako pinudiak, artadiak, urkiak, otadiak, irasailak, txilardiak, albiztiak eta sega-belardiak daude, bai eta beste komunitate antropiko batzuk ere.

      Hala ere, kokapenak eta haren inguruak habitat egokia osatzen dute hegazti harkaiztarrentzat, espezie batzuek habia egiten baitute ustiategi izandakoaren hormetan eta harrobiaren plazan bertan. Espezie horietako batzuk Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan daude sartuta, hala nola erroia (Corvux corax), interes berezikotzat jotzen dena, edo hontz handia (Bubo), arrarotzat jotzen dena. Aipagarriak dira, halaber, urubia (Strix aluco), belatz gorria (Falco tinnunculus) edo hontz zuria (Tyto alba), hirurak Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa Espezieen Zerrendan sartuak.

      Eragin-eremua ez dago EAEko inolako gune babestutan, ez eta inbentarioan sartutako natura-intereseko inolako tokitan ere. Era berean, ez dator bat EAEko Igarobide Ekologikoen Sarearen Azterlanean zehaztutako egitura-elementuekin, ez eta azaleko ur-ibilguekin edo hezeguneekin ere. Kokalekutik 470 metro ingurura, hegoaldean, Ibaizabal ibaia igarotzen da.

      Paisaiari dagokionez, betelana Arraibi izeneko ikus-arroan dago kokatuta. Eremu antropogenikoan kokatutako meatze-paisaia da, oso ohikoa. Paisaiaren aldetik duen balioa oso baxua da.

      Giza habitataren kalitateari dagokionez, Lemoako herrigunea aztergai dugun kokalekutik 200 metro ingurura dago, eta gertuen dagoen baserria, berriz, betelana egingo den tokitik 125 metro ingurura. Kamioiek harrobira egingo dituzten joan-etorriei dagokienez, sarbidetik hurbilen dauden bizitoki-eraikinak 50 metrora daude.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman uholde-arriskurik, lurzoru kutsaturik edo akuiferoak kutsatzeko arrisku handirik. Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, harrobiaren aurrealdea egonkorra da lur-jausiei dagokienez, baina, egindako azterlan geoteknikoen arabera, «komeni da haren egoeraren jarraipena egitea, sor litezkeen falken egonkortasunagatik edo irrist egin lezaketen harrien edo blokeengatik, horretarako neurri egokiak hartuta proiektua egiten den bitartean».

      Ezpondaren oinean harkaitzak metatzen dira, hain zuzen ere haustura handieneko eremuetan; batez ere, harrobiaren aurrealdeko ekialdean eta mendebaldean. Segurtasun-neurri gisa, lurren segurtasun-kabailoi bat eraikitzea proposatzen da, betelanek aurrera egin ahala handituko dena.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak betelana egiteko fasean gertatuko dira (aldez aurreko prestaketa-lanak, betelana egitea, materialak garraiatzea...), eta, batez ere, kamioiek kokalekuraino egingo dituzten joan-etorriengatik izango dira, eta, kokalekuan bertan, makina astunen joan-etorriengatik, hondoko drainak eta kanal perimetralak eraikitzeagatik, urak biltzeagatik, dekantazio-putzua eraikitzeagatik eta betegarria osatzeko lanengatik.

      Jarduera horiek ondorioak izango dituzte giza habitataren kalitatean eta sosegu publikoan, sortutako hautsagatik, zaratagatik eta bibrazioengatik, bai kokalekuan bertan makinak joan-etorrian ibiliko direlako, bai materialak kokalekuraino garraiatu behar direlako.

      Sustatzaileak bidalitako dokumentazioaren artean, azterketa akustikoa dago, eta, bertan, baloratu egiten da proiektuaren ekintzetatik (betegarrirako materialak garraiatzea barne) eratorritako eragin akustikoa. Azterlan horren emaitzen arabera, eta eguneko lanaldia 07:00etatik 19:00etara artekoa izango dela aurreikusita (hori izango baita jardueraren funtzionamendu-ordutegia), emisio handieneko lanaldietan sortuko den eguneko zarata-maila (Ld) txikiagoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako Kalitate Akustikoko Helburuetan ezarritakoa baino.

      Aipagarriak izan daitezke, halaber, gainazaleko eta lurpeko uren kalitatearen inguruko inpaktuak; izan ere, isurketak egin eta solido esekiak arrastatu daitezke, eta horiek gainazaleko ur-ibilguetara irits daitezke edo azpiko akuiferoan infiltratu. Gainera, proiektua gauzatzen den bitartean, mehatxatutako fauna-espezieek eragin nabarmenak jasan ditzakete; bereziki, jarduerak eragozpenak sor diezazkielako proiektuaren inguruan habia egiten duten hegaztiei.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, ondoren adieraziko diren babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzen dira, proiektuak ez dezan ondorio kaltegarri nabarmenik izan ingurumenean, eta ingurumen-ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin Lemoako Lemoatxa mendiko lehengo harrobia indusketetako lur naturalekin betetzeko eta haren ingurumen-integrazioa egiteko proiektuan, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira proiektuan.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera beteko dira, hurrengo apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan finkatutakoak.

      Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen pleguetan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

      Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

      Betegarrian erabiliko diren materialen jatorria.

      Otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda desagerraraztea arautzen duena) eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena) arabera, betegarri gisa onartuko diren material bakarrak lurzoru naturaleko indusketetan jasotako lurrak eta harkaitzak izango dira, hau da, EHZ 170504 kodean zehaztutakoak: 170503 kodean zehaztutakoak ez diren lurrak eta harriak. Ez da onartuko adierazitakoetatik aparteko beste materialik.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketarako baimenari dagokionez:

      Betegarria osatuko duten materialen gordailuarekin lotutako jarduerak egitean, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak beteko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

      Betelanetatik ibaian behera egin nahi den dekantazio-putzua, lurrazaleko eta lurpeko uretara solidorik ez botatzeko, erabilgarri egon beharko da proiektuaren fase guztietan. Sistemak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko, metatutako jalkinak behar den maiztasunez garbitu beharko dira.

      Drainatze-sare naturaletik bereiziko dira obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia.

      Mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko lanak horretarako egokituko den gunean egingo dira, lurrean olioak edo erregaiak isurtzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin.

      Ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera, eta uraren kalitateari kalterik ez zaiola eragingo bermatu beharko da. Horretarako, bideetatik, sarbide-pistetatik eta garbiketarako ureztatzeetatik datozen isurketak, bai eta gurpil-garbitokiek eta dekantazio-sistemak gainezka egiteagatik sor daitezkeen isurketak ere, modu egokian tratatu beharko dira, eta debekatuta egongo da zuzenean isurtzea.

      Ezin izango da lurrazaleko edo lurpeko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Betelanari dagozkion jarduerak, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten operazio osagarri guztiak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremu txikienaren barruan egingo dira. Alde horretatik, ezin izango da sastrakarik kendu betelanaren gunetik eta haren azpiegitura osagarritik (bideak, drainatzeko elementuak eta abar) kanpo dauden eremuetan. Nolanahi ere, bermatuko da ez zaiela kalterik eragingo sarrerako bidearen inguruan dauden zuhaitz-formazio naturalei (artadia). Proiektuaren esparrutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen zirkulazioa.

      Ustekabean afekzioren bat gertatuz gero adierazitako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokienak hartuko dira.

      Faunari ahalik eta kalte gutxien eragiteko asmoz eta animaliak modu askean mugi daitezen, betelanaren eremurako aurreikusitako itxitura perimetralak igarotzeko moduko gune bat izan beharko du beheko aldean, lursailaren sestratik 15-20 cm-ko altueraraino.

      Era berean, ahalik eta ornodun txiki gutxien hil daitezen itota edo konfinatuta instalazioan aurreikusitako drainatze-elementuetan, saihestu egingo da elementu horien diseinua tranpa bihurtzea faunarentzat, eta, ahal den neurrian, kanal trapezoidaleko profilak edo uve formakoak aukeratuko dira, eta ez laukizuzenak. Gainera, iheserako elementuak aurreikusiko dira, drainatze-elementuetan harrapatuta geratzen diren animaliak handik irten ahal izan daitezen (arrapalak, iheserako zuloak eta abar).

      Paisaia babesteko eta eragindako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Betelaneko paisaia integratzeko lanak eragindako eremu guztietan egingo dira.

      Betelanak egiten diren bitartean, landare-lurra metatu eta bereizita zabalduko da, eragindako eremuak eta sortuko den azalera behar den moduan lehengoratuko direla bermatzeko eta ingurua landarez hornitzeko.

      Proiektuak eragindako azaleren paisaia-integraziorako lanetan, artadi kantauriarretan egon ohi diren zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, betiere espezie aloktonoak erabiltzea saihestuz eta, bereziki, jokaera inbaditzailea izan dezaketenak albo batera utziz.

      Betelana amaitzean, ahal dela, lursailak lehengoratzeko eta erabiltzeko egingo diren jarduerak bateragarriak izango dira habitat natural berriak sortzeko jarduerekin (habitat horiek kontserbazio-interesekoak izango dira autonomia-erkidegoaren mailan, eta/edo basa-faunarentzako interesekoak).

      Neurri zorrotzak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen. Horretarako, proiektuaren eremuan dauden espezie inbaditzaileak kontrolatzeko eta desagerrarazteko protokolo bat gehituko zaio proiektuari. Protokolo horrek, gainera, landare-gainazala lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatzeko jarduerak ere jasoko ditu, ez dadin erabili espezie horiekin kutsatuta egon daitekeen lurrik.

      Obra kontratatzeko baldintzen pleguak eta aurrekontuek jaso egin beharko dituzte dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak, proposatutako jarduerak behar bezala beteko direla bermatzeko. Aurrekontuak kontu-sail jakin bat izango du, hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko mantentze-lanetarako.

      Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

      Ahalik eta hauts gutxien sortu beharko da betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzean, bai lursailean uzten direnean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:

      Ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da betelanera sartzeko bidean, sustatzaileak aurkeztutako azterketa akustikoaren ondorioekin bat etorrita.

      Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

      Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

      Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatu ere egingo dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

      Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak arituko dira ureztatzen, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak erabiliko dira.

      Materialak kanpoaldean pilatu behar izanez gero, haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

      Ez da hondakinik edo bestelako materialik erreko.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.

      Sorburuan zarata murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta uzteko lanetan, bai eta honako hauetan ere: erabilitako makinen mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, makinen mugimenduak eragindako zarataren murrizketan, lanetan erabilitako ekipoen soinu-emisioen kontrolean eta abar. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako emisio-foku berriei aplikatu beharreko gehieneko balioak errespetatu beharko dira.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiliko diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak (aire zabalean erabiliko diren makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarriek xedatutakora. Hala, makinak behar bezala mantendu beharko dira, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, ekoizpenari zein ingurumen-arloari dagokienez egoera ezin hobean funtzionatzen dutela bermatzeko.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Instalazioan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, hala badagokio, karakterizatu egin beharko dira, duten izaera eta helburu egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzeari dagokionez, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu beharko dira, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen bada hondakinak balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Azpiegitura zaharkituak desegitean sortzen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko orduan, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa beteko da.

      Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira baterien hondakinak, makinen mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

      Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, arriskutsuak ez diren hondakinak eta hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen eremutik bereizita. Batez ere, ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.

      Sortzen den olio erabilia kudeatzeko orduan, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera jokatuko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, pertzen barnean edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barnean.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lanak egiten ari diren bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Jarduera etetea.

      Instalazioaren bizitza erabilgarria amaitzean, kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Jarduera eten ostean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatuta.

      Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea Lemoako (Bizkaia) Lemoatxa mendiko lehengo harrobia indusketetako lur naturalekin betetzeko eta haren ingurumen-integrazioa egiteko proiektuari.

      Laugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Lemoako Udalari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua ez bada baimentzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 25a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik