Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko abenduaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Grupo Campezo enpresak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) duen hondakinak balorizatzeko instalazioari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 95
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/12/03
  • Argitaratze-data: 2021/01/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Gobernua eta herri administrazioa; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko irailaren 28an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Grupo Campezo enpresak egindako eskaera bat osatu zen, honekin lotuta: Grupo Campezo enpresaren hondakinak balorizatzeko instalazioa, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia). Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hasteko, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2019ko otsailaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikuluan xedatutakoa aplikatuta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. multzoaren b) apartatuan dago jasota: Hondakinak ezabatzeko edo balorizatzeko diren eta I. eranskinean sartu ez diren instalazioak baldin eta ez bada egiten industrialderen bateko naberen baten barruan, edo edozein ahalmenetakoak baldin eta industrialdeetatik kanpo edo kanpoaldean egiten bada. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloko indarreko legeria aplikatuta, Grupo Campezo enpresak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) duen hondakinak balorizatzeko instalazioaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio; haren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenean eragin esanguratsurik duen, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Grupo Campezo enpresak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) duen hondakinak balorizatzeko instalaziorako, zehaztapen hauen arabera:

  1. Proiektuaren helburua bide-zoruen eta zoladura asfaltikoen fresatzetik sortutako hondakinak jasotzea eta birziklatzea da, aglomeratu asfaltiko berria egiteko lehengai gisa erabiliz; aglomeratu hori Pavimentos de Vizcaya SA enpresak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) El Campillo industrialdean duen instalazioan egingo da.

  2. Ebazpen honen xedea Grupo Campezo taldeak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) duen hondakinak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea da eta, horretan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektu honen xedea aglomeratu asfaltikoa egiteko egungo instalazioa egokitzea da, horretan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak ere birziklatu ahal izan daitezen. Bide-zoru eta zoladuretako aglomeratu asfaltikoaren fresatzetik datozen hondakinak bakarrik jasoko dira, hala nola bide edo errepide bat egitean sortutakoak. Helburua hondakin horiek lehengai gisa erabiltzea da, gehienez ere % 10eko proportzioan, instalazioan egingo den aglomeratu asfaltiko berri batean.

      Gaur egun instalazioan egiten den jarduera ez da nabarmen aldatuko aglomeratu asfaltikoa egiteko prozesuan; hain zuzen ere, erabiltzen diren agregakin naturalen zati bat ordeztuko da soilik, da bide-zoru eta zoladuren fresatzetik sortutako hondakinekin.

      Kudeatu beharreko hondakinak bide-zoru eta zoladura asfaltikoetako fresatzetik eratorritakoak dira eta haien HEZ kodea honako hau da: 17 03 02 Nahaste bituminosoak, 17 03 01 kodean zehazten direnen desberdinak.

      Instalazioan honako prozesu hauek gauzatuko dira, hondakinak jaso eta birziklatzeari dagokionez:

      Bide-zoru eta zoladuretako fresatzeak jasotzea.

      Fresatzeak biltzea, birziklatu arte.

      Fresatzea birziklatzea, aglomeratu asfaltiko berri bat egiteko lehengaien zati gisa erabiliz. Honako jarduketa hauek gauzatuko dira:

      Agregakin hotzen biltegiratze eta elikadura.

      Erregailu bidez lehortzea.

      Materiala bibrazio bidez bahetzea.

      Zementua, fillerra eta agregakina nahastea.

      Jada prestatutako asfaltoa irtetea.

      Aglomeratu asfaltiko berria kamioietan kargatzea, xede-obretara eramateko.

      Jardueraren ezaugarri nagusien artean honako hauek daude:

      Jarduera Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo industrialdean gauzatzen da. Hormigoizko zolata eta 10.897,5 m2-ko azalera izango ditu, eta zolata horretan ez da arrail edo pitzaturik hauteman. BI-2757 errepidetik sartzen da instalaziora.

      Jarduera kanpoaldean gauzatzen da, hondakinak erabili arte pilatzea izan ezik; 4 aldeetako 3 itxita dituen eraikin batean gordeko dira, substantziak nahasten ez direla bermatuta.

      Honako hau da kudeaketa-ahalmena:

      Aglomeratu asfaltiko berriaren 215.000 tona ekoizten dira urtean batez beste (210 tona egunean).

      Hondakinen 21.500 tona birziklatuko dira urtean (21 tona egunean, batez beste, eta 100 tona egunean, ekoizpen maximoan).

      Prozesuak gauzatzeko beharrezkoak diren makinak eta instalazioak 2 kontzeptutan multzokatzen dira:

      Sailkatzeko, biltzeko, kargatzeko eta garraiatzeko makineria.

      Asfaltoa birziklatu eta egiteko instalazioak: tobera, lehorgailua, bahea, nahasgailua, irteera-uhatea eta zinta garraiatzailea.

    2. Esparruaren ingurumen-ezaugarriak.

      Jarduerak eragindako esparruak 1 ha-ko azalera du Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) El Campillo industrialdean. Esparrua erabat industriala da, erabat antropizatua, eta, horretan, ingurumenaren ikuspegitik, ez da ezaugarri esanguratsurik hautematen.

      Instalaziotik herrigune hurbilenera (Gallarta auzoa) 900 metro daude gutxi gorabehera, baina etxebizitza isolatu batzuk daude instalazioaren inguruan.

      Bestalde, lurzoruak kutsa ditzaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Inbentarioan, 48002-00087 kodearekin, dagoen kokapen batean daude instalazioak, kokaleku horretan aurrez izandako jardueraren ondorioz, eta Lurzoruaren egoeraren aurretiazko txosten bat du.

    3. Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.

      Hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa zabaltzean izan daitezkeen ingurumen-inpaktuak jarduerak irauten duen bitartean sortuko dira eta, funtsean, honako hauek izango dira kausak: atmosferarako emisioak areagotzea; hondakinak maneiatzean eta ibilgailuen zirkulazioan sortutako zarata; euri-ur zikinen, aspertsoreetako uren eta istripuzko isurien ondorioz lurzoru, ibilgu eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua; eta sute-arriskua.

      Sustatzaileak aurkezten duen dokumentazioan zenbait neurri planteatzen dira lehendik aipatutako inpaktuei aurrea hartzeko, hala nola: zolataren eta makineriaren mantentze-lanak; olio eta gantzen bereizgailua, substantzien biltegiratze-kontrola, balorizatu beharreko hondakinak hezetzea; hondakinak biltegiratuko diren azalerak iragazgaiztea.

      Edonola ere, aipatu behar da hondakinak balorizatzeko jarduerak badakartzala zenbait alderdi positibo, hala nola materialak berrerabiltzea eta, ondorioz, lehengai naturalen erabilera murriztea, ez bakarrik asfalto-ekoizpenean erabilitako materialei dagokienez, baita birziklatu nahi diren agregakinak deuseztatzeko eremu txikiagoa beharko delako ere.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Grupo Campezo enpresak Abanto-Zierbenan (Bizkaia) duen hondakinak balorizatzeko instalazioan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Airea babesteko neurriak.

      Atmosfera kutsa dezakeen jarduera bat gauzatzeko baimenean ezarritakoa alde batera utzi gabe (haren azken aldaketa Ingurumen Administrazioaren zuzendariak baimendu zuen 2016ko abenduaren 22an), jarduera garatzeko, arreta berezia jarriko da hondakinak balorizatzeko lanetan ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Honako neurri hauek hartuko dira kontuan horretarako:

      Materialen zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira horiek; hala bada, honako neurri hauek hartuko dituzte, besteak beste: materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxitzea; materiala hartu ondoren, koilara edo atzaparrak guztiz ixtea; zamalanak minimizatzea; koilara behar den denboraz uztea toberetan, deskarga egin ondoren; kamioiak kargatzean pala kamioiaren ohean ahalik eta gehien sartzen saiatzea; eta abar.

      Materialak biltegiratzea: bilketak haizearengandik babestuen dauden tokietan jarriko dira, hauts-itxurako materialak arrastatzea saihesteko; halaber, bilketen altuera kontrolatuko da, lurzatia inguratzen duen hesiaren altuerarekiko; eta ur-aspertsioko / -lainoztatzeko / -langarreztatzeko sistemak erabiliko dira sakabanatze-maila handiagoa duten material-bilketen azalerak hezetzeko, urik batere jasotzen ez duten aldi luzeetan. Aire zabaleko biltegien kasuan, murru bat jarriko da materiala biltegiratzeko eremuaren inguruan, haizearengandik babesteko. Behar izanez gero, haize-babes artifizial edo naturalak erabiliko dira, haizearen abiadura eta turbulentzia murrizteko; babes hori haizearen norabidearekiko zut jarriko da, biltegiratutako materiala babesteko.

      Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

      Makineriak ez du orduko 20 km/h-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.

      Kanpoko uhal garraiatzaileak erabiliz gero, karenatu egingo dira, haizearen eraginez partikulak ez zabaltzeko, bibrazioak ekiditeko eta abar.

      Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.

      Zamalanak, biltegiratzeak eta abar egiten diren bideak eta eremuak aldian behin garbituko dira. Garbitzeko, erraztatu aurretik, eremua hezetu edo busti egin beharko da, metodo horiek lehorrean garbitzea baino eraginkorragoak direlako.

      Instalazioetan aldian behingo berrikuspenak, planifikazioak, ikuskapenak eta mantentze-jarduerak egingo dira (gutxienez, hilean behin), lehen deskribatutako prebentzio-neurrien betetze-maila egiaztatze aldera.

      Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

      Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, agintaritza eskudunak egoki iritzitako prozesuen emisioak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

      Usainek eragindako eragozpenen ondorioz kexarik badago, instalazioaren titularrak instalazioko usain-emisioak zehaztu beharko ditu. Ikerketa olfatometriko hori egiteko, urrats hauek jarraitu beharko dira:

      Iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien usain-emisioak karakterizatu beharko dira.

      Usain-iturri bakoitzean, usainaren kontzentrazioa, usain-emisioaren abiadura eta usainaren emaria zehaztu beharko dira.

      Laginketa, usainaren kontzentrazioa, hedatzeko abiadura eta usain jarioaren zehaztapena arau honen arabera egingo da: UNE-EN 13725:2004 «Airearen kalitatea. Usainaren kontzentrazioa olfatometria dinamikoaren bitartez zehaztea».

      Usain-iturri bakoitzean hiru lagin hartuko dira gutxienez.

      UNE-EN 13725:2004 arauaren araberako ziurtagiria duten erakundeek zehaztuko dituzte instalazioko usain-emisioak.

      Instalazioko emisioei lotuta dauden usainen inpaktua ebaluatzeko xedearekin, aurrez aipatutako ikerketa olfatometrikoa osatzeko usainen hedapenaren modelizazioa ere egin beharko da. Modelizazio hori egiteko eta horren emaitzak eta ondorioak aurkezteko orduan, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratu duen «Dispertsio-ereduak egiteko jardunbide egokien Gidan» ezarritakoari jarraitu beharko zaio. Kontrolen emaitzak eta usainen modelizazioa oinarri hartuta, ingurumen-dokumentuko baldintzak aldatu ahalko dira.

      Usain-emisioak zehazteko ikerketa olfatometrikoa eta usain-dispertsioaren modelizazioa ingurumen-organo eskudunari bidali behar zaizkio, usain-emisioak minimizatzeko zuzenketa-neurriak jasotzen dituen ekintza-plan batekin batera.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

      Jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki material birziklatuak biltegiratzean, eta horien zamalanetan zein garraioan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan ere, eta zaratak eta bibrazioak jatorrian murriztean. Betiere, emisio-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012) 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

      Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (azaroaren 17ko 37/2003 Zaratari buruzko Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarriek ezarritakora.

      Sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, zorrotz errespetatu beharko dira enpresaren jarduteko lizentzian ezarritako funtzionamendu-aldiak.

      Urak eta lurzorua babesteko neurriak:

      Agregakin birziklatuen kudeaketarekin lotuta egiten diren jarduera guztiak egitean beharrezko diren segurtasun-baldintzak beteko dira lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

      Agregakin birziklatuak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zoladura baldintza ezin hobeetan egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua dakarten eremurik gabe.

      Instalaziotik datozen ur «zikinak» bildu egingo dira eta arazteko gailuak egongo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko kalkulu hidraulikoekin bat, eta isurien derrigorrezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat.

      Arazketa-sistema mantentzeko lanak egingo dira, ondo funtzionatuko duela bermatzeko behar den maiztasunarekin. Lan horien artean daude lohiak kendu eta ondoren kudeatzaile baimendu bati ematea; lohiak arriskutsutzat jotzen badira, gehienez ere 6 hilabetean behin egin beharko da eta, arriskutsuak ez badira, 2 urtean behin.

      Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

      Kudeatu beharreko hondakin ez-arriskutsu berriak horietara bideratutako kokapenean soilik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zolata baldintza optimoetan mantenduko da.

      Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegiak eta makineria biltegiratu eta gordetzeko eremuak estalita egon beharko dute, toki iragazgaitu eta estankoetan, istripuzko isurietatik babestuta, behar adina edukierarekin eta indarreko araudiaren arabera moldatuta. Berariaz debekatzen da mantentze-lanak horretarako bideratutako tokiaz bestelako toki batean egitea.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak:

      Jardueran sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.

      Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea (arriskutsuak izan ala ez), haien artean nahiz beste hondakin edo efluente batzuekin. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jasotzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak edukiko dira erabilgarri, nahasketak saihesteko eta kudeatzaile baimenduaren esku uzteko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.

      Gainera, hondakin hauek bereizita biltegiratzeko edukiontziak egongo dira, gutxienez: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta errefusa.

      Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen, eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien / prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte bilketa-sistemek, eta hondakin arriskutsuak dituzten ontziek itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, hondakinok isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

      Jarduera uztea:

      Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri.

      Hirugarrena. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumen Jarraipeneko Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Ingurumen Zaintzako Planak kontuan hartu beharko ditu neurtu beharreko kutsatzaileak, emisioen muga-balioak eta atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako baimenean ezarritako ingurumen-zaintzako planean zehazten den aldizkakotasuna (azken aldaketaren data 2016ko abenduaren 22a izan zen). Honako balio hauek dira, zehazki:

      Emisioen Muga Balioak (EMB) eta Atmosferaren Zaintza Plana:

      (Ikus .PDF)

      (1) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko (dekretu haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dira).

      (2) 36 hilean behin neurketak egiteaz gainera, foku horretan neurketa-sistema jarraitu bat instalatu behar denez, neurketak ere modu jarraituan egingo dira.

      Laugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Grupo Campezo enpresak Abanto-Zierbenan (Bizkaia) duen hondakinak balorizatzeko instalazioaren proiektuari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 3a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik