Arautegia

Inprimatu

95/2020 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki hau argitaratzea: batetik, Zierbenako (Bizkaia) Bilboko kanpoko portuko Terminales Portuarias SL enpresaren kanpoko larrialdietarako plan berezia onartzea, eta bestetik, Santurtziko, Zierbenako eta Bilboko portu autonomoko (Bizkaia) industrialdearen kanpoko larrialdietarako plana aldatu eta eguneratzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 5244
  • Xedapen-zk.: 95
  • Xedapen-data: 2020/11/23
  • Argitaratze-data: 2020/12/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Industria; Herrizaingoa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2020ko azaroaren 10eko batzarrean, erabaki zuen onartzea, batetik, Zierbenako (Bizkaia) Bilboko kanpoko portuko Terminales Portuarias SL enpresaren kanpoko larrialdietarako plan berezia, eta, bestetik, Santurtziko, Zierbenako eta Bilboko portu autonomoko (Bizkaia) industrialdearen kanpoko larrialdietarako plana aldatu eta eguneratzea. Eta behar bezalako publikotasuna izan dezan, hau

Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (aurrerantzean, LKL) testu bategina onartzen duen 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere eskumenen esparruan. Lege beraren 11. artikuluak dioenez, Segurtasun Saila da Babes Zibileko politikaren organo arduraduna, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorretara egokituko du bere jarduna.

Erabaki-proposamen honen xedea da Gobernu Kontseiluari helaraztea, kontseiluak onar dezan, goiburuan aipatzen den Kanpoko Larrialdi Plana (aurrerantzean, KLP), bai eta Santurtziko, Zierbenako eta Bilboko Portu Autonomoko industrialdeko Kanpoko Larrialdi Plana aldatzea eta eguneratzea ere, izan ere, azken plan honen parte dira eremu horretan diharduten eta nahitaez izaera horretarako plan bat izan behar duten enpresen Kanpoko Larrialdi Plan Bereziak.

Kanpoko larrialdi-plana babes zibileko plan berezia da, eta instalazio horietan gerta litezkeen istripu-hipotesi jakin batzuen aurrean kanpoko erantzuna artikulatzea du helburu, baldin eta istripu-hipotesi horiek enpresatik kanpo eragina izan badezakete. Ildo horretan, enpresak bere barneko larrialdi-planean aurreikusitako neurriak osatzen dituzte kanpoko plan bereziek.

Plan horien nahitaezkotasuna eta erregulazioa jarraian azaltzen diren arauak jasotzen dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 2012/18/EB Zuzentaraua, substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larrien berezko arriskuak kontrolatzeari buruzkoa. Estatuko araudian: 17/2015 Legea, uztailaren 9koa, Babes Zibileko Sistema Nazionalarena; Istripu-arriskua kontrolatzeko eta planifikatzeko babes zibileko Oinarrizko Gidalerroa, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean (1196/2003 Errege Dekretua, irailaren 19koa), eta 840/2015 Errege Dekretua, irailaren 21ekoa, istripu larrietan substantziak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituena. Autonomia-erkidegoko araudian: 1/2017 Legegintzako Dekretua, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena; Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana; 277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, larrialdi-egoerei aurre egiteko jarduera, zentro edo establezimendu jakin batzuei eska dakizkiekeen autobabes-betebeharrak arautzen dituena, eta 34/2001 Dekretua, otsailaren 20koa, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriei buruzko eskumenak banatzekoa.

Araudi horretan aurreikusten da babes zibileko larrialdi bat eragin dezaketen jardueren katalogo ofizial bat, eta, besteak beste, ezartzen da jarduera horiek egiten dituzten enpresek barneko larrialdi-plan bat izan behar dutela, bai eta, hala badagokio, agintariek onartutako kanpoko larrialdi-plan bat ere, istripu larrien ondorioak prebenitzeko eta, hala badagokio, arintzeko. Kanpoko larrialdi planetan aurreikusiko dira babes-neurri egokienak, behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak, eta baita esku hartu behar duten agintari, organo eta zerbitzuen koordinazio-eskema ere, aldez aurretik balizko arriskuak aztertu, sailkatu eta ebaluatu ondoren, betiere.

Araudi honen aplikazio-eremuan zerrendatzen diren produktuak biltegiratzen edo jarduerak egiten dituzten industrialek organo eskudunei (gure kasuan, Eusko Jaurlaritzan industria-administrazioaren arloan eskumena dutenei) nahitaez eman behar diete ekoizpen-prozesuei, segurtasuneko eta istripuen prebentzioko politikei eta barneko larrialdi-planari buruzko informazioa. Industria-arloko agintari eskudunek aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa ebaluatzen dute, eta babes zibileko organo eskudunei ematen diete. Organo horiek kanpoko larrialdi-plana egin behar dute, industrialen laguntzarekin.

Kanpoko larrialdi-plana egiteko prozedurak erreferentziazko araudian xedatutakoa bete du: Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena eman du 2019ko abenduaren 18ko ohiko bilkuran, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalaren aldeko txostena jaso da 2020ko urriaren 2an, eta jendaurreko informazioaren izapidea egin da, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren 2020ko otsailaren 6ko Ebazpenaren bidez (otsailaren 18ko EHAA, 33. zk.).

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordearen eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, gaia eztabaidatu ondoren, honako hau ebatzi du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Onartzea Bizkaian, Bilboko kanpoko portuan, Zierbenan dagoen Terminales Portuarias, SL enpresari dagokion Kanpoko Larrialdietarako Plan Berezia, bai eta Santurtzi, Zierbena eta Bilboko Portu Autonomoko Industrialdeko Kanpoko Larrialdietarako Planaren aldaketa eta eguneratzea ere.

Bigarrena. Jaurlaritzaren Idazkaritzak eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.