Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko azaroaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako Tuvisaren Gasteizko kotxetegia eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 8
  • Hurrenkera-zk.: 114
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/11/19
  • Argitaratze-data: 2021/01/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko azaroaren 11n, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako Tuvisaren kotxetegia, Gasteizen, eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, eta lantzen baita ingurumen-inpaktuaren azterketako irismen-dokumentua.

2020ko martxoaren 12an, Vitoria-Gasteizko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako Tuvisaren kotxetegia, Gasteizen, eraikitzeko proiektuari zegokionez eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari zegokionez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri dagokion iragarkia Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko martxoaren 27an.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Vitoria-Gasteizko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.

Aldi berean, aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Vitoria-Gasteizko Udalak, 2020ko maiatzaren 20an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, funtsezko organoak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eragindako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2020ko urriaren 21ean, Vitoria-Gasteizko Udalak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Tuvisaren kotxetegia, Gasteizen, eraikitzeko proiektua zela kausa.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

Tuvisaren kotxetegia, tailerrak eta administrazio-eraikin berria Gasteizen eraikitzeko proiektua.

Gasteizen Tuvisaren kotxetegia, tailerrak eta administrazio-eraikin berria eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa eta dokumentazio osagarria.

Jendaurreko informazioaren izapideko emaitzei buruzko dokumentuak.

Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Lege horren II. eranskinean jasotako proiektu publikoek zein pribatuek ezinbestekoa izango dute ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta ingurumen organoak, III. eranskineko irizpideekin bat eginez, ingurumen inpaktuaren txostenean hala erabakiz gero.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Vitoria-Gasteizko Udalak, organo substantibo gisa, Tuvisaren kotxetegia, Gasteizen, eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen baititu; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Tuvisaren kotxetegia, Gasteizen, eraikitzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea, aldeko balorazioarekin.

Proiektuaren xedea da Udalaren hiri-autobusen kotxetegi berria eraikitzea Gasteizen. Egun, kotxetegiaren lurzatiak azalera oso mugatua dauka egungo ibilgailu flotari zerbitzu egokia emateko, eta ez du etorkizunean zabaltzeko aukerarik. Beharrizan horri erantzuteko, eta etorkizunean autobus elektriko adimenduna (AEA) ezarri ahal izateko, ezinbestekoa da kotxetegi berria eraikitzeko proiektua definitzea; bertan ezarriko da AEAen karga motelerako sistema, Tuvisaren, Gasteizko hiri-garraioen udal-enpresaren, linea guztiak ustiatzeko behar diren autobus guztiak barne hartuko dituena.

Kotxetegi berriaren proiektu berria Gasteizko hirigunearen iparraldeko muturrean dago kokatua, Forondako Atea eta Juan Crisostomo Arriaga kaleek eta Zadorra hiribideak mugatutako lurzati batean, Lakua-Arriaga auzoan. Hiriko gune eraikiaren ertza da eremu hori; mugakide ditu, alde batetik, etxebizitza bilbe eraikia eta, bestetik (iparraldetik), Zadorra hiribidea eta, harago, Eraztun Berdea eta Zadorra ibaia. Udal-jabetzako lurzati horrek 52.806 m2-ko azalera dauka eta sistema orokor (oinarrizko azpiegitura) gisa sailkatuta dago, Udalerrian indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera. Egun, udal-haztegia dago bertan.

Aurreikusten da eraikitzea bulego eta aldageletarako bi solairuko administrazio-eraikin bat; autobusen mantentze-lanetarako tailer-multzo bat eta biltegi-gune bat; markesina handi batek estaliko dituen 3 moduluz osatutako kotxetegia; eta ibilgailuak garbitzeko eta erregaiz hornitzeko pabiloi bat, gasolio- eta olio-deposituen eremu batekin batera.

Laburbilduz, honako esku-hartze hauek aurreikusten dira proiektuan:

Aurretiazko lanak:

Dauden instalazioak kentzea (iturgintza, ureztatzea, berokuntza, elektrizitatea, gasolioa, galdara, etab.).

Egungo udal-haztegiaren eraikinak eraistea.

Lur-mugimenduak: Kalkulatzen da beharrezko indusketa-bolumena 61.000 m3-koa izatea, gutxi gorabehera; kopuru horretatik 30.000 m3 lurzatian bertan berrerabili ahalko lirateke. Gainerakoan, zenbait kokaleku proposatu dira, baina ez da azken helmuga zehaztu.

Egiturak: Kotxetegiaren egitura, tailerrak, biltegiak, administrazio-eraikina eta aldagelak.

Zimendatzeak.

Urbanizatzea, aglomeratu asfaltikoaren akaberarekin. Lurzatia berdinduko da eraikinen ezarpen-eremua 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako uholde-eremutik kanpo geratu arte, eta +508/508,5 metroko altuerako kotara iritsiko da. Lurzatiaren gainerako azalerak pixkanaka behera egingo du Zadorra hiribidearen inguruko kotarantz, ezarritako uholde-arriskuko parametroei kalterik egin gabe.

Saneamendua. Hiru sare bereizi ezarriko dira:

Estalkiko euri-uren sarea: urak bildu eta lurperatutako depositu batera eramango dira, eta han hipokloritoarekin tratatu eta ponpatu egingo dira, instalazioetan aprobetxatzeko.

Bideetako euri-uren sarea (ur hidrokarburatuak): hidrokarburoak bereizteko kutxatila batetik igaroko dira udal-sarera isuri aurretik.

Ur beltzen sarea: udal-sarera isuriko dira.

Ur-sareak eta Iturgintza.

Suteen aurka babesteko instalazioak.

Instalazio elektrikoa: Erdi-tentsioko sarea eta behe-tentsioko instalazioa.

Instalazio fotovoltaikoa: Kotxetegiko markesinen estalkietan instalazio fotovoltaikoa ezartzea aurreikusi da, etorkizunean hirugarren batek egitekoa. Sortutako potentzia elektrikoa 1200 kW-koa izango dela aurreikusten da.

Klimatizazioko, aireztapeneko eta ur bero sanitarioko instalazioak. Instalazio guztiko hotza eta beroa geotermia bidez sortuko da; bi bero-ponpa izango dira, eta horietako bat ur beroa sortzeko bakarrik izango da.

Bulegoak eta aldagelak, biltegiak.

Tailerrak eta garbiketa-gunea. Aire konprimatuko instalazioa.

Ur bero sanitarioaren ekoizpena.

Instalazio osagarriak. Instalazio osagarrien artean, honakoak aurreikusten dira:

Pintura-kabina: konponketa puntualak egiteko. Aireztapen-sistema bat edukiko du eta, estalkira irten aurretik, iragazteko sistema bat izango du, bai eta laginak hartzeko sistema bat ere.

Gasolio hornidura, AdBlue, izotz-kontrakoa eta olioa. Konposatu horientzat guztientzat aireko deposituak jarriko dira lurzatiko gune espezifiko batean, deposituen gune izenekoan. Gune horrek metatze-kubeta bat izango du, eta haren gutxieneko edukiera izango da uztailaren 7ko 706/2017 Dekretuan araututakoa (MI-IP-04 «Ibilgailuak hornitzeko instalazioak» instrukzio tekniko osagarria onartzen duena). Era berean, hornidura-guneko zoladura iragazgaitza eta hidrokarburoekiko erresistentea izango da, eta % 1eko gutxieneko malda izango du hidrokarburoen bilketa bermatzeko. Era berean, zoladuraren junturak zigilatuko dira hidrokarburoek aldatu ezin dituzten material iragazgaitzez eta erresistenteez.

Autobusen karga-elektrikoko sistema. Kotxetegian poliki kargatzeko, bateria-kargagailuak instalatuko dira.

Garbiketa automatikoko sistema, ura birziklatzeko eta garbiketa-uren % 75 aprobetxatzeko sistema bat duena.

Xurgatze-sistema: Tailer-gunearen barnean huts altuko sistema bat instalatzea aurreikusten da, ibilgailuen zein karrozeria-guneko soldatze-, leuntze- eta lixatze-lanen keak xurgatzeko. Sortutako gasen erauzketa eta iragazketa barne.

Instalazioen perimetroa hesituta egongo da, Juan Crisostomo Arriaga kaletik administrazio-eraikinerako sartzeko bidean izan ezik.

Proiektuak labur-labur jasotzen ditu jarduera etetekotan egin beharreko jarduketak. Hor sartuko litzateke instalazioak desmuntatu eta eraistea, bai eta baimendutako kudeatzaile batek hondakinak kudeatzea ere. Deposituak eta hodiak aireko instalazioak izango dira; horrela, errazago desmuntatu eta azkarrago kudeatu ahal izango dira, eta jarduketa-eremuan ez da kalterik eragingo ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen lurzorua deskontaminatzea jarduera amaitzen denean.

Bigarrena. Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

  1. Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

    Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

    Lanen gainerako izapideek dirauten bitartean proiektuan aldaketa puntualak egiteko premia sortzen bada, eta aldaketa horiek ez badira aurreko lerrokadan aipatutakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

  3. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

    Zadorra ibaia ES2110010 KBEren babes-eremu periferikoan dago kokatua proiektuko lurzatiaren zati bat. Hala ere, adierazi behar da KBE horren eta proiektuko lurzatiaren artean Zadorra hiribidea dagoela, erabilera oso intentsiboko bide-ardatza, lau errei eta bi zirkulazio-noranzko dituena. Noranzko bakoitzari dagozkion bideen artean zuhaizti erdibitzailea dago, proiektuaren lurzatiaren, Eraztun Berdearen eta Zadorra ibaiaren arteko pantaila bisual gisakoa dena.

    Jarduketa-esparrua, halaber, arriskuan dauden fauna-espezieen (bisoi europarra, igaraba paleartikoa eta uhalde-enara) Interes Bereziko Eremuetan sartuta dago.

    Alderdi horiei dagokienez, espedientean jasota dago Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostena, Zadorra Kontserbazio Bereziko Eremua kudeatzen duen organoa baita, eta, haren ustez, proiektua gauzatzeak ingurumen-inpaktu bateragarria dakarkio bai kontserbazio bereziko eremuari bai kontserbazioaren xede diren funtsezko elementuei. Aitzitik, ustiatzeari dagokionez, aintzat hartzen du inguruari kalte egiteko aukera. Zadorra hiribidean ibilgailuen gaueko zirkulazioa handitzeak arrisku zehaztugabea ekar dezake igaraba eta bisoi europarra kontserbatzeko, izan ere, noizean behin, KBEren babes-eremu periferikoko ertzetatik eta bide-gurutzeetatik igaro daitezke. Arrisku hori, batez ere, ibaiaren eremu horretan igarabak duen populazio-egoeraren arabera aztertu beharko litzateke. Ondorioz, Natura Ondarearen Zerbitzu horrek aldeko txostena eman du, Zadorra KBEn eta Ihuda ibaia KBEn igaraba-populazioen fauna-azterlan bat kontratatzearen baldintzapean (espezieko banakoen presentzia/gabezia jakiteko zundaketetan eta karakterizazio genetiko indibidualizatuan eta tarteen okupazioan oinarritua), eta erakunde sustatzaileak ondoren neurri gehigarriak aplikatzearen baldintzapean, azterlanean lortutako emaitzak kontuan hartuta. Ildo horretan, «Igarabaren indibidualizazio genetikoa, Arabako Zadorra eta Ihuda ibaietako kontserbazio bereziko eremuetan bildutako lagin ez-inbaditzaileekin» izeneko fauna-azterlanari ekin dio Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailak. 2020ko urriaren 28ko azterlanaren aurretiazko emaitzak, analizatutako lehen laginei dagokienez, Tuvisaren kotxetegiaren proiektuko ingurumen-dokumentazioan sartu dira. Emaitza horiek azterlanaren xede diren ibaietako igaraba-aleak eta horien okupazio-eremuak identifikatzeari buruzkoak dira. Azterlanak gainerako laginak analizatzen jarraituko du, ale horiek ibiltzen diren eremuak zehaztasun handiagoz determinatzeko.

    Ingurumen-arriskuei dagokienez, aipatzekoa da proiektuaren eraginpeko lurzatian dagoen akuiferoak kutsadura-arrisku handia duela, nahiz eta pitzaduragatik iragazkortasun baxua izan. Azpimarratu beharra dago, halaber, proiektua barne hartzen duen inguruak uholde-arrisku adierazgarria duela; izan ere, lurzatiaren zatirik handiena 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren uholde-orbanaren barnean dago, uholde-arrisku adierazgarria duen 08-Zadorra-Ihuda izeneko eremuari lotuta (UAHE), indarrean dagoen Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde-arriskua Kudeatzeko Planaren arabera. Arrisku hori minimizatuta geratuko litzateke proiektuak hartutako neurria hartu ondoren, hau da, urbanizazioaren kota igotzea, 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren uholde-orbanetik kanpo geratuko den gutxieneko kota bateraino, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ingurunearen uholde-arriskua larriagotu gabe. Ildo horretan, Ebroko Demarkazio Hidrografikoko komisarioaren 2020ko martxoaren 9ko Ebazpenaren bidez, Vitoria-Gasteizko Udalari baimena eman zaio, jabari publiko hidraulikoa eta korronte-erregimena babeste aldera, kotxetegia, tailerrak eta administrazio-eraikin berria eraikitzeko, Gasteizko 55 poligonoko 1058 zenbakidun lurzatian.

    Zaratari dagokionez, jardueraren inpaktu akustikoari buruzko azterlanak ondorioztatu du, egungo agertokiari dagokionez, inpaktu akustikoa 1 dB azpitik dagoela, eta ez diela eragiten kotxetegitik gertu dauden etxebizitzei, ez eta haren sarrera- eta irteera-bideetatik gertu daudenei ere. Natura 2000 Sarearen gaineko inpaktu akustikoari dagokionez, gaur egun ez dira betetzen kalitate akustikoaren helburuak instalazioetatik gertuen dagoen Zadorra hiribideko zatiaren zati batean, Zadorra hiribideak trafiko handia baitu. Arratsaldeetako etorkizuneko agertokiak 1 dB baino gutxiagoan gainditzen ditu egungo agertokiko balioak; hala ere, gaueko aldian, igoera handiagoa da. Ildo horretan, eragin akustikoaren azterlanarekin bat, agertokirik okerrenean, hau da, gaualdian, 06:00etatik 07:00etara bitartean, Tuvisaren instalazioetatik autobusak ateratzean, dagoen trafikoaren % 4 inguru da zirkulazio hori. Hori dela eta, ondorioztatu denez, arrazoizkoa dirudi, arazoa konpontzeko, bide-sareak egiten duen zaratatik babesteko neurriak hartzea.

  4. Babes- eta zuzenketa-neurriak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

    Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

    Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

    1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

    1.1. Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egin beharko dira. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik, sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

    Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta lehengoratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du ebazpen honetako D.11 puntuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzak.

    1.2. Obren eraginpeko eremuetan espezie exotiko inbaditzaileak agertzen badira, baita berme-aldian ere (obra amaitu ondorengo 2 urteetan), Arabako Foru Aldundiari jakinarazteko protokolo bat jasoko da, kasuan-kasuan egokienak diren ekintzak ezar daitezen.

    1.3. Proiektatutako jarduketek Zadorra ibaia ES2110010 KBE Kontserbazio Bereziko Eremuko babes-eremu periferikoari eragiten diote. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak, Natura 2000 Sareko gune hori kudeatzeko eskumena duen organoak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedientearen esparruan egindako txostenak adierazten duenez, kotxetegiaren funtzionamendu-fasean gaueko trafikoa handitzea aztertu beharreko arriskua izan liteke igaraba kontserbatze aldera, betiere, funtsean, igarabaren populazio-egoera kontuan hartuta. Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saila egiten ari den fauna-azterlanaren behin betiko emaitzak kontuan izanda, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak neurri babesle edo zuzentzaileak eta jarraipen-neurri gehigarriak ezarri ahal izango ditu.

    2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

    2.1. Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

    2.2. Lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta gauzatuko dira, hala nola dekantagailuak, sedimentuen tranpak eta iragazkiak. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisikokimikoen araberakoak direla bermatzeko.

    2.3. Obrek irauten duten bitartean, obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (Instalazio Lagungarrien Eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

    2.4. Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

    2.5. Hormigoizko upelen ikuzketa, betiere horretarako egokitutako eremuetan egingo da. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.7. apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

    2.6. Eremuren bat egokitu behar bada bertan makineria uzteko, materialak bolada batez biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezin izango dira inola ere ibilguen inguruko lursailetan kokatu.

    2.7. Funtzionamendu-faseari dagokionez, kotxetegian egiten diren jarduera guztiak beharrezko segurtasun-baldintzetan egin beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko. Horri dagokionez, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan agertzen diren prebentzio- eta diseinu-neurri guztiak gauzatuko dira, bai erregaia biltegiratzeko eremuari dagokionez (gasolioa, AdBlue, izotz-kontrakoa eta olioa biltegiratzeko segurtasun-kubeten antolamendua eta neurriak), bai autobusei erregaia hornitzeko eremuari dagokionez (drainatze-sare bereizgarriak; hondakin-ur hidrokarburatuak arazteko gunea; ur hidrokarburatuen sareko hodiak; hidrokarburoekiko erresistenteak diren hustubideak; eta hornikuntza guneko zoladura iragazgaitza eta hidrokarburoekiko erresistentea).

    2.8. Tailerrak eraikitzeko proiektuak jardueran jatorria duten urak tratatzeko gailuen xehetasunak jasoko ditu. Gailu horiek proiektatzeko, kontuan hartuko dira efluenteen ezaugarriak eta efluenteak isurtzeko eskakizunak.

    2.9. Hondakin-uren isurketa guztiak udal-saneamenduko sarera egin beharko dira. Jarduerak dagokion isurketa-baimena izan beharko du, eta etxekoak ez diren hondakin-uren isurketei buruzko Gasteizko udal-ordenantzako saneamenduaren eta isurketen inguruko erregelamenduan ezarritako isurketa-baldintzak bete beharko ditu.

    3. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    3.1. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak hartu dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

    4. Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

    4.1. Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obren eraginpeko ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta gainazalak ureztatzeko.

    4.2. Obra-gunearen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta. Ebazpen honetako D.12 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

    4.3. Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

    4.4. Isuri atmosferikoen tratamendua jardueraren funtzionamendu-fasean.

  1. Tailerretan eta kotxetegian «Atmosfera Kutsa dezaketen Jardueren Katalogoa» eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen bada. CAPCA-2010 - Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuari dagokionez, kasu bakoitzean aplikatu beharreko prozedurak eta betebeharrak gauzatu beharko dira.

  2. Aurrekoari kalterik egin gabe, prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienetik bideratu beharko da kanpora, aurretiaz, hala behar bada, isuri horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

    Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

    Hodien sistemak isuriak kuantifikatzeko eta kontrolatzeko tresnak instalatzeko aukera eman beharko du.

  3. Autobusetako elementuak pintatzeko lanak konfinamendu-egoeran egingo dira, gasak xurgatuz eta kanpora atereaz, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorrita. Jarduera jakin batzuetan disolbatzaileen erabilerak eragindako konposatu organiko hegazkorren emisioak mugatzeko baldintzei buruzko urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatu beharko da, hala badagokio.

    5. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    5.1. Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa, eraispen, zamalan eta garraio-lanetan, erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, obran erabilitako ekipamenduen zaraten eta bibrazioen murrizketan eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean.

    5.2. Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakora.

    Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko Gasteizko Zaraten eta bibrazioen aurkako Udal Ordenantzan eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan adierazitako mugak, betiere dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

    5.3. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan eta obra-faserako inpaktu akustikoaren azterketan agertzen diren prebentzio-, zuzenketa- eta kontrol-neurri guztiak hartuko dira (Xcentric Ripper motako arrokan hondeaketa-sistemak erabiltzea, energia-metaketaren ondoriozko inpaktu-teknologiarekin; zulo-mota bakoitzaren hasieran zarata-maila sistematikoki neurtzea, zarata-araudira egokitzen dela egiaztatzeko; pantailak akustiko mugikorrak jartzea, obra-unitateak gauzatzean zarata gutxitzen dela bermatzeko, baldin eta halakorik behar bada eta, gutxienez, 13-15 dB-ko zarata-murrizketa bermatzen badute).

    5.4. Jardueraren funtzionamendu-faseari dagokionez eta proiektuaren inguruko etxebizitzetan kalitate akustikoaren helburuak betetzeari dagokionez, eta kontuan hartuta Zadorra ibaia KBEtik gertu dagoela, proiektuari dagozkion prebentzio- eta diseinu-neurriak hartuko dira, bai eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan agertzen diren neurri zuzentzaileak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 urriaren 16ko Dekretuan eta Gasteizko Zaraten eta bibrazioen aurkako Udal Ordenantzan xedatutako kalitate-helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

    Nolanahi ere, kotxetegia ustiatzean, benetako zarataren neurketak egingo dira, behar diren neurri gehigarriak hartzeko, azkenean beharrezkoak badira (babes-pantailak eta isolamendu akustikoa lurzatiaren itxituraren perimetroan eta abar).

    6. Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.

    Proiektuaren esparruko lurzatiaren zatirik handiena 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren uholde-orbanaren barnean dago, uholde-arrisku adierazgarria duen 08-Zadorra-Ihuda izeneko eremuari lotuta (UAHE), Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde-arriskua Kudeatzeko Planaren arabera.

    Aplika daitezkeen prozeduren esparruko organo eskudunak egoera horretan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri hauek ere hartu beharko dira:

    6.1. Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoarekin bat etorri beharko du proiektuak. Zehazki, aplikatzekoa da Lurralde Plan Sektorialaren E.2.2 eta E.2.5 apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikuluan xedatutakoa.

    6.2. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatu beharko da proiektua. Ildo horretan, urbanizazio osoaren lurzatiaren lur-berdinketak 508,00 metroko gutxieneko kota izan beharko du, hartan 500 urteko laminaren eragina saihesteko. Era berean, eraikin nagusiak kota horretatik gora jarriko dira (508,40 m), eta 40 cm-ko segurtasun-tartea emango da ohiz kanpoko ur-goraldiak gertatzen diren kasuetarako.

    6.3. Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uraldietan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

    7. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    7.1. Baldintza orokorrak.

    Jardueraren ondorioz nahiz obren ondorioz sortutako hondakinak, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira eta, behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehaztu ahal izateko.

    Hondakinak kudeatzeko hierarkia printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

    Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik. Kogenerazioa-berrerabiltzea lehenetsiko da balioztatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

    Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

    Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    7.2. Obren fasean sortutako hondakinen kudeaketa.

  1. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Aipatu Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen eta materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

    Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

    Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

  2. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  3. Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

  4. Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balioztapen-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

  5. Hondakin arriskutsu mota batzuk isuri eta nahastuz gero, haien arriskugarritasuna handitzen da edo haien kudeaketa zaildu; hori dela-eta, halakoak biltzeko sistemek independenteak izan behar dute. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko Legea (maiatzaren 14ko 20/1986 Legea) betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

  6. Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako biltegietan egingo da, horrela, biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatu ez dadin.

  7. Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

  8. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

  9. Era berean, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

  10. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

    7.3. Hondakinak kudeatzea jardueraren funtzionamendu-fasean.

  1. Hondakinen azken helmuga zabortegi baimendu batean ezabatzea denean, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan adierazitakoaren arabera egingo da karakterizazioa.

  2. Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibiatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

  3. Hondakinak desagertu edo galduko balira edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Vitoria-Gasteizeko Udalean.

    7.3.1. Hondakin ez-arriskutsuak.

  1. Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez D.7.1 puntuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizaziora bideratu beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

  2. Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

  3. Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

  4. Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Erregistratu eta artxibategian gorde beharko dira tratamendu-kontratuak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

  5. Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua hara eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

  6. Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

  7. Erregistro bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak, bilketaren maiztasuna eta garraiobidea.

    7.3.2. Hondakin arriskutsuak.

  1. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistema bereiziak erabiliko dira, haien tipologia dela-eta isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

  2. Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

  3. Gainerako hondakin arriskutsuak ezingo dira 6 hilabetez baino gehiagoz biltegiratu.

  4. Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela; agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

  5. Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokie, horretarako egin beharreko jakinarazpena eginda dagoela, araudian zehaztutako aurretiazko denboran, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Artxibategian erregistratu eta gorde beharko dira onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

  6. Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

  7. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da Tuvisaren instalazioetan sortutako olio erabilia.

  8. Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak entrega hori egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

  9. Erregistro bat egingo da, eta han adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

    8. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritzari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

    9. Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.

    9.1. Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetuta geratu badira. Ingurunea lehengoratzeko lanek honako hauek hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik lehengoratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

    9.2. Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

    9.3. Lehengoratze edafikoko lanak egiten diren bitartean, landare aloktono inbaditzaileak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Hori horrela, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

    9.4. Obra amaitu ondoko bi urteetan, lehengoratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

    10. Obraren garbiketa eta akabera.

    Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira. Horren ondoriozko hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.7 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

    11. Ingurumen-aholkularitza.

    Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-pleguak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

    12. Lan-programaren diseinua.

    Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez. Proposamen horiek lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta obra-zuzendariak berariaz onartuko ditu aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

    Kontratistaren instalazio-eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

    Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak.

    Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua; Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

  1. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

    Programa hori obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

    1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketa puntualik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

    2. Obraren okupazio-mugen kontrola.

    Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

    3. Zarataren kontrola.

    Proiektuaren eraginpeko eremuan kutsadura akustikoa kontrolatuko da, bai obra-fasean, bai funtzionamendu-fasean, ebazpen honen D.5 apartatuan adierazitakoaren arabera.

    Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du aipatutako gaiei buruz.

    4. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

    Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du. Bertan, ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan finkatutakoak jasoko dira, bai obren faseari dagozkionak, bai instalazioen funtzionamendu-faseari dagozkionak.

    Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak xehetasun-kartografian non dauden kokatuta; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

    5. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak.

    Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira.

    Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian gordeko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

    6. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena zaintzeko programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Bidalketa obrak bukatutakoan eta lehengoratzearen bermealdiaren bukaeran egingo da. Proiektuaren pleguaren arabera, bermealdiak landatu ondorengo bi udaberriak hartuko ditu barnean.

    Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

    Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 19a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik