Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urriaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Plentziako udalerriko (Bizkaia) A.D.3 zuzkidura-jarduketaren xehetasun-azterketaren gainean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 224
  • Hurrenkera-zk.: 4803
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/10/23
  • Argitaratze-data: 2020/11/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko irailaren 23an, Plentziako Udalak eskabide bat osatu zuen Plentziako udalerriko A.D.3 zuzkidura-jarduketaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin bat etorriz. Xehetasun-azterketaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Plentziako udalerriko A.D.3 zuzkidura-jarduketaren xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Plentziako udalerriko A.D.3 zuzkidura-jarduketaren xehetasun-azterketari buruz, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    D.3 zuzkidura-eremuak 1.575,91 m2-ko azalera du eta 7. egikaritze-unitatearen eta Andra Mari kaleko 1 zenbakian Plentziako Herrigune Historikoa Eraberritzeko, Babesteko eta Zaintzeko Plan berezia garatuz eginiko baterako jarduketatik dator. Plan hori ekainaren 2an onetsi zen alkatetzaren 179/2011 dekretuaren bidez. Haren zehaztapenak dagozkion fitxetan zehaztuta daude (191. 198. arteko fitxak, eta 202. eta 203. fitxak).

    Gaur egun, udalerriko arau subsidiarioen aldaketa zehatza izapidetzen ari da. Aldaketa horrek sei zuzkidura-eremuri eragiten die, eta horien artean dago A.D.3 eremua. Eta bertan jasota dago bi etxebizitza blokeak Plentziako herrigune historikoaren altuerara egokitu beharko direla.

    D.3 zuzkiduraren jarduketa-unitatearen K etxadian lehendik zegoen eraikina ordezteak eragin du xehetasun-azterketa, eta Antolin Deuna Plazatxoa 2ko K-01 eraikinak eta Plazatxoa z.g.ko K-05 eraikinak hartzen zituzten lurzatiak hartzen ditu barnean, Gaminiz, Barrenkale eta Kristo Enparantza kaleen arteko elkargunean. K-05 eta K-01 eraikinak eraitsita daude gaur egun, eta KI-01 eraikina eraistearen ondoriozko mehelina fatxada da orain.

    Xehetasun-azterketaren helburua da Plentziako Herrigune Historikoa Eraberritzeko, Babesteko eta Zaintzeko Plan Bereziko A.D.3 zuzkiduraren jarduketa-unitatearen lerrokadurak, sestra-lerroak eta bolumenak zehaztea, etxebizitza libreko bi eraikin egiteko, maila handiagoko plangintzaren zehaztasunei eutsita eta eremuan dauden lursailen aprobetxamendua aldatu gabe.

    Bi (2) eraikuntza-bolumen aurreikusita daude, sestra azpian lotuta, 23 etxebizitza, 23 trasteleku eta 44 garaje-plazarekin. Eraikin horiek herrigune historikoaren motako profila izango dute (BS + 2 + teilatupea). Antolin Deuna Plazatxora ematen duen blokea 2 bolumenetan bereizi da kaleko maldara egokitzeko. Eraikinetako bat Kristo Enparantza kalean egongo da, eta bestea, berriz, Barrenkale kaleko aldameneko eraikinarekin lerrokatuta dago, 3 metroko mugekiko tarteari eutsita betiere.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Xehetasun-azterketak ez du aldatuko lurzoruaren erabilera, etxebizitzetarako izango baita. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plentziako (Bizkaia) herrigune historikoa babestuta dago maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretuaren bitartez, zeinaren bidez Kultur Ondasunaren kalifikazioa ematen baitzaio, monumentu-multzoaren kategoriarekin, eta haren babes-erregimena ezartzen da, babes-erregimen hori garatzen duen hirigintza-plangintzak zein haren gainean etorkizunean egin beharreko berrikuspenek bete beharrekoa. Xehetasun-azterketak indarrean den hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak garatuko ditu. Horrenbestez, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste ezein plan edo programatan. Onetsitakoan, dagozkien obren oinarrizko proiektuaren, egikaritze-proiektuaren eta hirigintza-lizentziaren bitartez garatuko da.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruneko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Xehetasun-azterketaren eremu osoa Plentziako (Bizkaia) Herrigune Historikoaren hiri-bilbe finkatuaren barruan dago, zeinak monumentu-multzoko kalifikazioa baitu, nabarmen aldatutako ingurune batean, eta jabari antropogenikoko hiri-paisaiarekin. Planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak eraikitzeko obrei lotuta daude eta ez dute garrantzi handirik.

        Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Xehetasun Azterketan proposatutako jarduketek, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagotzea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman xehetasun-azterketak planteatutako jarduketen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, kultura-ondareari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak. Zehazki, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei eta zaratari buruz indarrean den araudian xedatutakoa bete beharko dute, eta kultura-ondareari buruzko araudian xedatutakoa bereziki:

        Ondoriozko hirigintza-jarduketa bateragarria izan behar da Plentziako Herrigune Historikoaren kultura-balioak babestearekin, zeina babestuta baitago maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretuaren bitartez. Dekretu horrek kultura-ondareko kalifikazioa ematen dio Plentziako (Bizkaia) herrigune historikoari, monumentu-multzoaren kategoriarekin, eta hura babesteko erregimena ezartzen du. Herrigune historikoaren ingurumen-izaera zaindu behar da, eta jarduketa oro ingurunean integraturik eta harekin harmonizaturik egon behar da. Batik bat, eraikin berriek lehendik daudenekiko eta ingurune babestukoekiko eduki beharreko ingurumen-profilari, altuerari eta lerrokadurei dagokienez; hain zuzen ere, azken horiek babestuta daude, eta, ondorioz, atzeraemanguneak ez daude baimenduta.

      5. Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta zaratari buruzko legeak.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Jarduketa-eremua Plentziako herrigune historikoan dago. Antolin Deuna Plazatxoa 2ko K-01 eta Plazatxoa z.g.ko K-05 eraikinek hartzen zituzten lurzatietan dago, Gaminiz, Barrenkale eta Kristo Enparantza kaleen elkargunean.

      Xehetasun-azterketan ez da ingurumen-alderdi nabarmenik zehaztu, inguruan Plentziako itsasadarra dagoela izan ezik, baina horrek ez dakar uholde-arriskurik.

      Xehetasun-azterketak ez dakar lurzoru ez-artifizialdu berririk okupatzea; hiri-lurzoru finkatuan egiten da, eta lehendik zeuden hiri-garapenei eragiten die. Proiektatutako jarduketen eta eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, a priori, ingurumen-baldintzatzaile nagusia ondare-balioa duten elementuak egotea da. Eragin nagusiak obren fasean gertatuko dira, eta honako hauek izango dira, besteak beste: lur-mugimenduak eta hondakinak sortzea, ibilgailuen eta makinen joan-etorrien ondorioz, eta eraitsi, hondeatu eta eraikitzeko eragiketen ondorioz, partikulak sortzea eta zarata egitea, bai eta baliabideak kontsumitzea eta herritarrei eragozpenak eragitea ere.

      Ondorioz, Azterketak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Plentziako udalerriko A.D.3 zuzkidura-jarduketaren xehetasun-azterketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta xehetasun-azterketan bertan adierazitakoaren arabera.

      Kultura-ondarea babestearen ikuspegitik, maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Dekretu horrek kultura-ondareko kalifikazioa ematen dio Plentziako (Bizkaia) herrigune historikoari, monumentu-multzoaren kategoriarekin, eta hura babesteko erregimena ezartzen du.

      Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obrak egin bitartean kutsadura-zantzuak atzemanez gero, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 22. artikulua betez, horren berri eman behar zaie Plentziako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Plentziako udalerriko A.D.3 zuzkidura-jarduketaren xehetasun-azterketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Plentziako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Plentziako udalerriko A.D.3 zuzkidura-jarduketaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 23a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik