Arautegia

Inprimatu

74/2020 EBAZPENA, irailaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin eta Mugarik Gabeko Medikuak elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Perun Euskadiko ordezkaritza mediko bat sortzen laguntzeko, COVID-19aren larrialdiari erantzuteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 179
  • Hurrenkera-zk.: 3585
  • Xedapen-zk.: 74
  • Xedapen-data: 2020/09/03
  • Argitaratze-data: 2020/09/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Sailak; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 22a.

BILDURIK:

Alde batetik, Miren Nekane Murga Eizagaechevarria andrea, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren izenean eta hura ordezkatuz, haren Administrazio Kontseiluko presidentea den aldetik.

Bestetik, Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren ordezkari gisa.

Eta beste aldetik, Marta Cañas andrea, Mugarik gabeko Medikuak - Espainia gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari nagusia. Erakunde hori Barne Ministerioko Elkarteen Erregistro Orokorrean 68340 zenbakiarekin inskribatuta dago eta Kataluniako Elkarteen Erregistro Probintzialeko 1. sekzioan 8626 zenbakiarekin; 1993ko abuztuaren 27an onura publikokotzat deklaratua izan zen; helbidea Zamora kaleko 54an dauka (Bartzelona 08005).

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak osasunaren arloko eskumen-eremua mugatzen du. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio osasun-plangintza eta -antolamenduaren arloan:

Osasun Saila alderdietako bat denez, hitzarmena Osasun Sailburuordetzak sinatu beharko du, eta haren esku-hartzea Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 5.2.g) artikuluan justifikatuko da.

Hala ere, hitzarmena sailburuak sinatu ahal izango du goragoko kargu bat ordeztuta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikuluan ezarritako baldintzak betez.

Era berean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 22. artikuluan xedatutakoari dagokionez, Osasuneko sailburuak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren ordezkari gisa ere jarduten du, erakunde horren Administrazio Kontseiluko lehendakaria baita.

Bigarrena. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari atxikitako erakunde publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetza-politikaren plangintza prestatzea du helburu, baita politika hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzea ere, pobreziaren aurka borrokatzeko eta herrialde txirotuetan giza garapen iraunkorra sustatzeko.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 4.h) artikuluak Lehendakaritzari ematen dizkio garapen-lankidetzarekin lotutako funtzioak.

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak 3.2 artikuluan ezartzen duenez, "Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde hura sortzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean ezarritakoaren arabera. Erakunde horri dagokio garapenerako lankidetzaren arloa».

Hirugarrena. Mugarik gabeko Medikuak - Espainia (aurrerantzean, "MGM-E") nazioarteko erakunde mediko-humanitarioa da, irabazi-asmorik gabea, eta bere Gutunaren (1. eranskina) eta Nazioarteko Zuzenbidearen arabera (Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa barne) dihardu, etika medikoko nazioarteko estandarrak errespetatuz. MGF-E erakundeak laguntza medikoa eta humanitarioa soilik ematen die behar duten herriei, diskriminaziorik egin gabe arrazagatik, erlijioagatik, filosofiagatik edo politikagatik, eta independentea da edozein botere politiko, erlijioso, militar edo ekonomikorekiko.

Laugarrena. 2020ko urtarrilean, Coronaviridae (SARS-CoV-2) familiako birus mota berri bat identifikatu zuten agerraldi baten eragile gisa. Agerraldi hori Nazioarteko Garrantzizko Osasun Publikoko Larrialdi deklaratu zuen Nazioarteko Osasun Erregelamenduko Larrialdi Batzordeak. Orain arte, dozenaka mila kasu jakinarazi dira, lotutako hilkortasun nabarmena dutenak.

Martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi zuen COVID-19aren agerraldia pandemia bat dela, eta horrek esan nahi du egoera hori osasun-larrialdi globaltzat hartzen dela. Harrezkero, birusa zabaldu egin da eta mundu osoko ehunka mila pertsona infektatu dira, eta horrek eragina izan du herrialde askotako egitura sozioekonomikoetan.

Martxoaren 11n, OMEk pandemiaren adierazpena egin zuen egunean, Perun estatu-mailako osasun-larrialdia ezarri zuten, prebentzio-neurri zorrotzak ezarri zituzten maila guztietan, eta ikasturteak eten zituzten maila guztietan. Martxoaren 16an, berrogeialdi zorrotza ezarri zen herrialde osoan, mugak itxi ziren, ez bakarrik herrialdearen mugak, baita barnealderako konexio guztiak ere, eta etxeratze-agindua deklaratu zuten ordu desberdinetan hiri guztietan. Harrezkero, berrogeialdia bost aldiz luzatu da, azkena ekainaren 30era arte. Uztailaren 1etik aurrera, berrogeialdi orokorra murriztu egiten da, 7 departamentutan eta 14 urtetik beherakoengan eta 65 urtetik gorakoengan fokalizatuz.

Neurri horiek ezin izan dute pandemiaren hedapena geldiarazi. Bestalde, biztanle pobreenek eta kalteberenek baliabide faltagatik hautsi dute konfinamendua, eta, beraz, kasuak gehiago ugaritu dira. Horren ondorioz, ospitale nagusiak kolapsatu egin dira hiri handienetan, hala nola Liman edo Callaon. Harrezkero, kasuak azkar ugaltzen ari dira. Ekaineko bigarren astean, baliabide ekonomikorik ezak konfinamendua masiboki urratzera bultzatu zituen herritarrak, lana edo janaria bilatu nahi zutelako.

2020ko ekainaren 29an, Peruk COVID-19aren 282.365 kasu jakinarazi ditu, kasu baieztatuak. Horrek bihurtzen du Peru munduko seigarren herrialde, jakinarazitako kasu kopurua kontuan harturik. 9.504 hildako jakinarazi dira, eta horiek dira baieztatutako pazienteen heriotzak soilik. Kanpo geratzen dira COVID-19ak jota ustez hil diren pazienteen heriotzak, asko baitira.

Bosgarrena. MGM-E erakundeak ebaluazio azkarra egin du herrialdean, morbilitate eta hilkortasun handieneko ospitaleak detektatzeko, non erantzun nazional ahula baita eta esku-hartze batek hilkortasuna gutxitzen eta sufrimendua arintzen lagundu baitezake.

Ebaluazioa Osasun Ministerioarekin eta haren osasun-sarearekin koordinatuta egin da, maila guztietan, bai eta biztanleria zibileko erakundeekin ere. Horretarako, komunitate eta ospitale-egitura batzuk bisitatu dira Loreto, San Martin eta Ucayali departamenduetako ospitale nagusietan, eta egiaztatu da ebaluatutako departamentuetan oso biztanleria kaltebera, pobrea eta baztertua dagoela, maila sozial, ekonomiko eta geografikoan.

Seigarrena. Osasun-larrialdi honetan, 2020ko uztailaren 1ean, Peruko Gobernuko Osasun Ministerioak formalki eskatu dio Eusko Jaurlaritzari osasun-langileak Perura bidaltzeko, pandemian zehar bildutako osasun-ezagutza eta -esperientzia partekatu ahal izan ditzaten. Zehazki, larrialdietarako 1. mailako mediku-taldeak eta COVID-19ari aurre egiteko 3. mailako talde espezializatu bat eskatzen ditu, Perun eskaera handia duten eremuetan aritzeko.

Laguntza MGM-E erakundeak koordinaturik emango da, eta funtsean hau izango da: komunitateetan eta osasun-zentroetan kasuak detektatzen eta orientatzen laguntzea, eta ospitaleetako ZIUak eta COVID-19ra dedikatutako unitateak indartzea herrialdeko zenbait eremutan.

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea

Hitzarmen honen xedea da osasun-arloan eskumena duen Sailaren, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta MGM-Eren arteko lankidetza-esparrua ezartzea eta definitzea, Perun ariko den Euskadiko ordezkaritza mediko bat sortzen laguntzeko, COVID-19aren larrialdiari erantzuteko asmoz.

Bigarrena. Proiektuaren deskribapena.

Proiektuaren helburu orokorra COVID-19 birusak eragindako gehiegizko hilkortasuna eta morbilitatea murrizten laguntzea da, Osasun Ministerioak lehenetsitako Peruko zenbait eremutan.

Helburu zehatzak:

Paziente kritikoen arreta indartzea, bereziki ZIUn, identifikatutako ospitaleetan.

Esku hartzeko eremuetan transmisio komunitarioa geldiarazten laguntzea.

Hona hemen proposatutako neurriak:

Ospitaleko jarduera: giza baliabideak indartzea COVID-19ak jotako pazienteen kudeaketan espezializatutako osasun-langileekin, ZIUko eta ospitalizazioko zerbitzuak indartzea medikuntza- eta babes-materialekin, eta COVID-19ari eskainitako ospitale-unitateen kudeaketan laguntzea.

Jarduera komunitarioa: osasunaren prebentzioa eta sustapena maila komunitarioan.

Esku hartzeko arloa honako hau da:

San Martin Departamentua, zehazki, Tarapoto eta Moyobamba ospitaleak. Testuinguruak hala eskatzen badu eta logistikoki posible bada, Loreto Departamentura eta Ucayali Departamentura ere heda liteke (San Martin Departamentuaren mugakideak dira).

Gauzatze-data:

Uztailaren 9an hasiko da gauzatzen, esku-hartzeak 6-16 aste inguru iraungo du, eta langileak txandaka ariko dira.

Hirugarrena. Lana eta zereginen banaketa.

Aldeek konpromisoa hartzen dute ahalegin guztiak egingo dituztela proiektua gauzatzeko.

Elkar aldizka informatzea eta kontsultatzea hitzartu dute, eta konpromisoa hartu dute MGMren eta larrialdiko mediku-taldeen arteko komunikazioan laguntzeko, proiektuak lagundutako instalazio medikoetan.

Alderdi bakoitzak honela lagunduko du proiektua garatzen:

  1. Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldetik.

    1. Askotariko ekipamendu sanitarioa, besteak beste: arnasgailuak, aireztapen mekaniko ez-inbaditzaileko ekipoak, fluxu handiko ekipoak, eta abar, bai eta norbera babesteko ekipamenduak eta sendagaiak ere.

    2. Osakidetzako 16 osasun-profesional. Ohiz besteko egoera da, eta Osakidetzako langileek baimen berezi bat izango dute Peruko pandemia-egoeran laguntzeko. Bolada horretan, Osakidetzako ordainsariak jasoko dituzte.

    3. Osasun Saileko bi langile. Osasun Sailaren baimenaren eta interesdunek berek eskatuta joango dira, eta bolada horretan Sailaren ordainsariak jasoko dituzte.

  2. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren aldetik:

    Sendagaiak ordaindu eta beste material batzuekin batera garraiatuko ditu, bai eta Euskadiko talde sanitarioaren misioaren gastuak ere (garraioa, mantenua, ostatua, per diem delakoa eta ezustekoak), baldintza hauetan:

    (Ikus .PDF)

    Zenbateko horiek egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturekin batera ordainduko dira.

  3. MGM-Eren aldetik:

    1. Perun COVID-19 misioa koordinatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, eta esku-hartzearen helburua da Covid19 birusak eragindako hilkortasuna eta morbilitatea murrizten laguntzea MSMk eta MINSAk identifikatutako eremuetan, bai eta misioaren hedapena geldiarazten laguntzea ere.

    2. Esku-hartzearen bidez eta jarduera komunitarioak, primarioak eta ospitaletakoak baliatuta, honako hauek lortu nahi dira: 1) Transmisio komunitarioa geldiarazten laguntzea; 2) Covid19 kasuak hobeto artatzen laguntzea, osasun mentala barne delarik eta osasun-langileen kutsadura-arriskua minimizatuz; 3) identifikatutako ospitaleetako paziente kritikoei ematen zaien arreta indartzea; 4) patologia ohikoenei ematen zaien arreta babestea. MSM elkartea arduratuko da atal honetako 1., 2. eta 4. puntuetan deskribatutako jarduerez, eta Osakidetzako taldea, berriz, 3. puntuaz. Horretarako, MSMek koordinazio-talde bat izendatu du, Osasun Saileko eta Osakidetzako ospitale-taldea gidatuko duena.

    3. Interakzioa eta akordioak koordinatzeaz arduratuko da, esan nahi baita honako hauek sinatutako akordioak: Osasun Ministerioa, Barne Ministerioa eta Peruko Gobernuko beste erakunde batzuak, gurekin jardungo duten tokiko edo eskualdeko ospitale-egiturak eta/edo osasun-egiturak, bai eta gizarte zibileko erakundeak ere, hala nola GKEak, sindikatuak edo indigenen kontseiluak.

    4. Osasun Saileko eta Osakidetzako langileei jakinaraziko dizkie segurtasun-protokoloak eta MSM-Eren beste prozedura operatibo batzuk (garraioa, hornidurak, erosketak, komunikazioak, informazioaren teknologia, ostatua, elikadura, laneko arriskuak, esku-hartze sanitarioko protokoloak, ura, higienea eta saneamendua, ekipoen eta prozeduren kudeaketa eta politika medikoak), eta betetzen direla zainduko du.

    5. Osasun Saileko eta Osakidetzako langileei informazioa emango die Peruko Osasun Ministerioak COVID-19 epidemiari emandako erantzunean adierazitako protokolo medikoei buruz, eta protokolo horiek egokitzen eta ezartzen lagunduko die, ospitale-ekipoaren irizpideen arabera eta Osasun Ministerioak, OPSek eta MSMek adierazitako parametroen barruan.

    6. Bermatuko du Osasun Saileko eta Osakidetzako osasun-langileen lan-baldintzek betetzen dituztela aplikagarri diren lege- eta kontratu-xedapenak, bai eta langile horiek itzuli eta ebakuatuko direla ere, beharrezkoa izanez gero.

    7. Egindako jarduerak eta gastuak justifikatzeko txosten bat egingo du, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin adostutako moduan kontuak ematen lagunduko du.

  4. Aldeek funtsezko printzipio hauek errespetatzeko konpromisoa hartzen dute:

    Osasun-arreta eta -laguntza guztien eskura daude, diskriminaziorik gabe, bat etorriz nazioarteko zuzenbidearen xedapen aplikagarrietan eta nazioarteko etika medikoan ageri diren misio medikoarekin lotutako printzipio eta arauekin.

    Pazienteek doakoak dituzte mediku-arreta eta alderdiek egindako ekarpenak.

    Aldeek bakar-bakarrik biltzen dituzte pazienteei arreta eta jarraipen medikoa emateko beharrezkoak diren datu pertsonalak eta medikoak, eta datu horien konfidentzialtasun medikoa zorrotz errespetatzeko konpromisoa hartzen dute.

    Aldeek konpromisoa hartzen dute errespetatu eta bermatuko dituztela beren mendeko eta/edo erantzukizuneko edozein pertsonak MSMek baliozkotutako protokolo medikoak eta higiene-protokoloak eta protokolo nazionalak.

    Laugarrena. Jarraipena

    Aldeen arteko jarraipen-batzorde bat eratuko da, hitzarmenaren gauzapenaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta honako eginkizun hauek izango ditu berariaz esleituta:

    Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla-eta sortzen diren arazoak ebaztea.

    Hitzarmen honetan jasotako jarduera nola gauzatu den ebaluatzea.

    Hitzarmen honetan ezarritako konpromisoak hobeto garatu eta betetzeko proposamenak egingo ditu, parte hartzen duten alderdiek koordinazio egokia izan dezaten.

    Jarraipen-batzordea alde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta hitzarmen honen helburuak betetzeko behar bestetan bildu ahal izango da; ohiko bilerak birtualak izan ahal izango dira.

    Bosgarrena. Justifikazioa

    MSM-Ek justifikazio-txosten bat aurkeztuko du, jarduerak gauzatzeko aldia amaitu eta sei hilabetera. Txosten hori memoria narratibo batez eta finantza-memoria batez osatuta egongo da (horren eredua Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak emango du),

    Seigarrena. Jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak.

    Hitzarmen honetan parte hartzen duten erakundeek jakintzen, ekipoen, sistemen, saiakuntzen, programen, araudien, zehaztapenen, ikerketa-proben, gauzatze-prozesuen eta beste edozein know-how-ren jabe eta titular izaten jarraituko dute, baldin eta hitzarmen honetan deskribatutako jarduera egin baino lehenagokoak badira jabetzan eta titulartasunean.

    Hitzarmen honetan parte hartzen duten erakundeek elkarri emango dizkiote hitzarmenaren xede den jarduera garatzeko beharrezkoa den ezagutza eskuratzeko eskubideak. Sarrera librea eta doakoa izango da.

    Zazpigarrena. Indarraldia.

    Akordio hau 2020ko uztailaren 22an jarriko da indarrean, eta, hasiera batean, lau hilabeteko iraupena izango du. Esku-hartzearen beharrak direla-eta, lau hilabete horiek luzatu ahal izango dira. Gerora, beste urte batez luzatu ahal izango da, alderdiek idatziz hala erabakitzen badute, eta aurrekontu-baliabideen barruan.

    Hala ere, edozein aldek eten ahal izango du akordio honen esparruko lankidetza, baldin eta hogeita hamar (30) egun natural lehenago beste aldeari idatziz hala jakinarazten badio, eta jakinarazpen hori egin aurretik hartutako edozein konpromiso bete beharko du.

    Zortzigarrena. Ebazpena.

    Legean aipatzen diren kausa orokorrez gain, hauek izango dira akordio hau suntsiarazteko kausak:

    1. Aldeek hala erabakitzea.

    2. Bigarren klausulan deskribatutako jarduera amaitzea.

    3. Oro har, aldeetako batek bere kontratu-betebeharrak ez betetzea.

    4. Aldeekin zerikusirik ez duen eta hartutako betebeharrak betetzea eragozten duen edozein arrazoi justifikaturengatik.

      Aldeetako bat ere ez da izango hemen jasotako betebeharrak ez betetzearen edo betearaztean atzeratzearen erantzule, baldin eta arrazoizko kontrol batetik haratago doazen inguruabarrek eragiten badute, edo betearazi ezinezko bihurtzen badute.

      Bederatzigarrena. Gatazkak konpontzea

      Aldeek konpromisoa hartzen dute hitzarmen honen interpretazioa, betetzea, azkentzea, suntsiaraztea eta ondorioak direla-eta sor daitezkeen gatazkak elkarrekin adostuta konpontzeko, hitzarmen honen bosgarren klausulan aipatutako Jarraipen Batzordean.

      Dekretu honek 2020ko uztailaren 22tik aurrera izango ditu ondorioak.

      Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren izenean.

      Osasuneko sailburua eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko presidentea,

      MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

      Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean.

      Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria,

      PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

      Mugarik Gabeko Medikuak - Espainiaren izenean.

      Mugarik Gabeko Medikuak - Espainia elkarteko zuzendari nagusia,

      MARTA CAÑAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik