Arautegia

Inprimatu

72/2020 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; honen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eraikuntza-proiektu honen enkargua emateko erabakia argitaratzen da: Donostia hiriko 17. linean, bus elektriko adimenduneko sistema ezartzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 3461
  • Xedapen-zk.: 72
  • Xedapen-data: 2020/08/25
  • Argitaratze-data: 2020/09/01

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

2020ko abuztuaren 25eko bilkuran, Gobernu Kontseiluak erabaki bat onartu zuen, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eraikuntza-proiektu honen enkargua emateko: Donostia hiriko 17. linean, bus elektriko adimenduneko sistema bat ezartzea. Erabaki horri behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

Bestalde, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen guztiak betetzea garraio-azpiegituretako lanak landu, zuzendu, ikuskatu eta exekutatzearekin lotutako arloan, hala xedatzen baita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.b) artikuluan.

2017ko ekainaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gobernu-kontseiluan onartu zuen «Euskadiko Garapen Jasangarriko Gida Plana, 2030». Hura aplikatzean, kontuan hartu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onartutako gainerako plan estrategikoak, tartean, «Euskadiko Energia Estrategia, 2030», epe luzean EAEko eredu sozioekonomikoa energia-kontsumo txikiagoko eredu berri batera aldatu nahi duena ezarian, eta «Euskadiko Klima-aldaketa Estrategia, 2050», BEGen (berotegi-efektuko gasen) emisioak murriztea duena xede, eta, besteak beste, emisiorik gabeko garraiora bideratuta dagoena.

2018ko otsailaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Donostiako Udalak lankidetza-protokolo orokor bat izenpetu zuten, smart mobility-aren, mugikortasun efizientearen eta integratuaren arloko hainbat jarduketa egiteko Donostian.

Aldeak elkarlanean arituko dira ingurumen-jasangarritasunean eta berrikuntza teknologikoan ekarpen handia egiten duten jarduketetan, zirkulazioan eta garraioan, esaterako, bus elektriko adimendunaren sistemarekin.

Aldeek izenpetu duten protokolo orokorrak bus elektriko adimenduna du hizpide. Garapena behar duten alderdiak azaltzen ditu, horiei izaera mugatzailea eman gabe:

  1. Busen 17. linean bus % 100 elektrikoak erabiltzen hastea.

  2. 18 metroko bus % 100 elektrikoak erabiltzen hastea.

  3. Geltokietan eta kotxetegietan elektrizitate-kargarako azpiegiturak jartzea.

  4. Geltokietan tiketak saltzeko eta balioztatzeko sistemak jartzea.

  5. Seinaleztapen-/komunikazio-sistema adimenduna jartzea.

  6. Kotxetegietan gidatze autonomoa ezartzeko aukerak aztertzea.

    Protokolo Orokorraren laugarren klausularen arabera, jarduketak garatzean jarraitu beharreko urratsak zehazte aldera, erakundearteko batzorde bat eratu zen. Batzorde horrek garatu beharreko lanen egutegia zehaztu zuen, eta, maila tekniko eta ekonomikoan, jorratzeko aurreikusitako jardueren garapena definitu zen, eta erabaki zen jarduketa horiek autobusaren 17. linean egitea, hasieran aurreikusitako 28. linearen ordez.

    Protokolo orokorraren arabera, jarduera bakoitzean, edo jarduera sorta bakoitzean, hura garatzeko baldintzak zehaztu eta erabaki ondoren, eta dagokion plangintza eginda, hitzarmen bat izenpetuko dute, hauek zehaztuta: lankidetza-betekizun teknikoak, finantza-betekizunak eta jarduketatik eratorritako eskubideen titulartasuna.

    2020ko uztailaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Donostiako Udalak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten, Donostia hirian bus elektriko adimenduna ezartzera bideratutako proiektua idatzi eta gauzatzeko.

    Horren guztiaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Donostiako Udalak uste dute komenigarria dela baldintzak zehaztea BEA-Bus Elektriko Adimendunaren sistema Donostiako 17. linean ezartzeari begira lankidetzan aritzeko.

    Hitzarmenaren bigarren klausulan, A apartatuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion konpromisoak xedatzen dira, tartean, Donostia hiriko 17. linean bus elektriko adimendunaren sistema ezartzera bideratutako eraikuntza-proiektua egitea, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren gomendio bidez egingo dena.

    Jarduera hori honako artikulu hauetan xedatutako eskumen-banaketaren esparruan dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.2 artikuluari dagokionez, 10.32 artikuluan, eta autonomia-erkidego Osorako Erakundeen eta Bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean; halaber, lege hori Euskadiko Garraio Agintaritzaren abenduaren 15eko 5/2003 Legean xedatutakoak osatzen du eta, trenbide-garraio arloari dagokionez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean xedatutakoak.

    Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, erakundearen helburuetan sartzen da, halaber, «Jaurlaritzak agintzen dion eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, edozein dela ere kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada».

    Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, 2020ko abuztuaren 25ean eginiko bileran proposamena aztertu ondoren, honako hau erabakitzen du:

    ERABAKIA

    «Lehenengoa. Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari enkargua ematea eraikuntza-proiektu hau idazteko: Donostia hiriko 17. linean bus elektriko adimenduneko sistema bat ezartzea.

    Bigarrena. Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak aipatutako erabakiaren eranskinean daude jasota.

    Hirugarrena. Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».

    ERABAKIAREN ERANSKINA

    1. Gomendioaren helburua.

      Gomendio honen helburua da aipatu eraikuntza-proiektua (Donostia hiriko 17. linean bus elektriko adimenduna ezartzea) arautuko duten baldintza teknikoak finkatzea.

    2. Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.

      Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:

      Administrazioa:

      Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

      Enkarguaren zuzendaria:

      Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.

      Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):

      Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.

      ETSren ordezkaria:

      Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioaren aurrean. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.

    3. Lanen garapen orokorra.

      ETSk, hilean behin, gutxienez, ordura arte egindako lan guztien berri emango dio idatziz, enkarguaren zuzendariari, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.

      ETSk, agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, haren ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.

      Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen ETSren bulegoetan.

    4. ETSk egingo dituen lanak.

      ETS arduratuko da Donostia hiriko 17. linean bus elektriko adimendunaren sistema ezartzera bideratutako eraikuntza-proiektua idazteaz, eta proiektuan sartuko ditu, izaera mugatzailerik gabe, eskari-azterketak, kostu-etekinaren azterketak, geltokietan eta kotxetegietan elektrizitate-kargalekuak jartzeko azpiegituraren zehaztapena, tiketak saldu eta baliozkotzeko sistema jartzea geltokietan, seinaleztapen- eta komunikazio-sistema, kotxetegietan gidatze autonomoa ezartzeko aukeren azterketa, etab.

      Behar diren txosten guztiak idazten lagunduko dio ETSk sailari, baita bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatu ere.

      Alde horretatik, ETSren egitekoa izango da proiektua zehaztea, behar diren adituen baldintzak identifikatzea, eta gaiaren analisia kalitatezkoa izango dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresak edo profesionalek duen ikertzea, betiere aholkularitza-lan horiek koordinatuta eta gainbegiratuta, proiektuaren koherentzia orokorrari eusteko.

    5. Lanen finantzaketa.

      Gomendio honetan deskribatutako lanen gehieneko aurrekontu zenbatetsia hau da: milioi bat (1.000.000) eurotan, BEZa barne.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aurrekontuaren % 65 finantzatzen du. Donostiako Udalak, gainerako % 35a.

      Urteen arabera, honako hau da aurrekontuaren banaketa zenbatetsia:

      (Ikus .PDF)

      Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Ordainketak ETSk Administrazioan faktura aurkeztu ostean egingo dira.

    6. Exekuzio-epea.

      Lanak 2021ean amaituko direla kalkulatzen da.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik