Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko abuztuaren 24koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena; honen bidez desegin egiten dira idazkariaren lanpostua batera ordaintzeko Segura, Mutiloa eta Zeraingo udalerriek eratutako elkartzea eta Añana eta Zalduondoko udalerriek eratutakoa, helburu horretarako Mutiloa, Zalduondo eta Zerain udalerrien elkartzea eratzen da, eta emaitzako lanpostuak sailkatzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 3491
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/08/24
  • Argitaratze-data: 2020/09/03

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Gobernazio Ministerioko Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 1965eko otsailaren 10eko ebazpen baten bidez erabaki zen Segura, Mutiloa eta Zeraingo udalerriak elkartzea, denen artean idazkari bat ordaintzeko (1965eko otsailaren 24ko BOE, 47. zk.). Irailaren 18ko 1174/1987 Errege Dekretua (Estatuko gaikuntza duten toki administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena) indarrean jarri ondoren elkartze horrek iraun egin zuen, Administrazio Publikoen Ministerioko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko ebazpenean ezartzen den bezala (ebazpen honen bidez behin betiko bihurtu zen Estatuko gaikuntza duten toki administrazioko funtzionarioentzako gordetako lanpostuen sailkapena; 1988ko martxoaren 22ko BOE, 70. zk.).

Halaber, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2015eko azaroaren 10eko ebazpen baten bidez Zalduondo eta Añanako udalerrien elkartzea eratu zen, bien artean ordaintzeko Estatuko gaikuntza duten funtzionarioentzako gordetako idazkariaren lanpostua (2015eko azaroaren 18ko BOE, 220. zk.).

Elkartze horri dagokionez, Zalduondoko Udalak, 2020ko otsailaren 20an egindako osoko bilkura berezian, aho batez erabaki zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako Zuzendaritzari eskatzea desegin dezala elkartzea. Erabakia Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza horretara bidali zen 2020ko otsailaren 21ean.

Beste alde batetik, 2020ko uztailaren 9an Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan honako agiri hauek jaso dira: a) Segurako Udalak 2019ko urriaren 15eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren ziurtagiria; erabaki zen eratutako elkartzea desegiteko prozedura hastea, eta eskaeraren alde azaltzen zen Udalak arduraldi osoko idazkari/kontu-hartzailea behar duela; b) Zeraingo Udalak 2020ko urtarrilaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren ziurtagiria; erabaki zen aipatutako elkartzea desegiteko prozedura hastea; c) Mutiloako Udalak 2020ko otsailaren 19ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren ziurtagiria; erabaki zen aipatutako elkartzea desegiteko prozedura hastea.

Azkenik, Zalduondo, Mutiloa eta Zeraingo udalerriek, udalen osoko bilkurek 2020ko ekainaren 15ean, 2020ko ekainaren 5ean eta 2020ko maiatzaren 11n, hurrenez hurren, hartutako erabakien bidez onartu zuten hiru toki erakundeak bilduko dituen elkartzea eratzeko prozedura hastea, hiruren artean ordaintzeko idazkariaren lanpostua. Elkartze horren estatutuak osoko bilkuretan onartu ziren: Zalduondoko Udalak 2020ko ekainaren 15ean, Zeraingo Udalak 2020ko uztailaren 8an, eta Mutiloako Udalak 2020ko uztailaren 9an.

Hori dela eta, aipatu behar da zenbait toki erakunde elkartzea idazkariaren lanpostua denen artean ordaintzeko aplikatzen den printzipio orokorraren salbuespena dela; printzipio hori Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluan ezartzen da; hona zer dioen: toki erakunde guztietan egon behar da idazkariaren egitekoak (fede publikoa eta arauzko lege-aholkularitza) esleituta dauzkan lanpostu bat. Nolanahi ere, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak, Estatuko gaikuntza duten toki administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duenak, 9. artikuluan ezartzen du zerbitzu edo baliabide urriko toki erakundeek elkartze batean bilduta ordaindu ahal izango dutela idazkariaren lanpostua.

Horrenbestez, argi dago eratutako elkartzeak desegiteko izapideak eta elkartze berria eratzeko izapideak aldi berean egin daitezkeela, trantsizio-aldia, inork nahi ez duena, ez gertatzeko; gainera, hori administrazio publikoen jardunaren eraginkortasunaren printzipioaren kontrakoa izango litzateke.

Beraz, prozeduraren izapideak martxoaren 128/2018 Errege Dekretuak 9. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz egin dira, kontuan hartuz apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, 10. artikuluan arautzen duena (hau da, zuzendaritza honek eskumena daukala prozedura honen instrukzioa egiteko eta ebazpena emateko), bai eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 54. artikuluan eta hurrengoetan ezartzen duena ere.

Horrela, Añanako Udalak eta Zalduondoko Udalak eratutako elkartzea dela eta, Zalduondoko Udalak, 2020ko otsailaren 20ko osoko bilkura berezian, aho batez erabaki zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako Zuzendaritzari eskatzea elkartzea desegiteko. Erabakia Eusko Jaurlaritza zuzendaritza horretara bidali zen 2020ko otsailaren 21ean.

Ezezaguna zenez Añanako Udalak ezer erabaki zuenez hizpide dugun gaiari buruz, erabakiaren kopia bidali zitzaion, bere iritzia adieraz zezan. Nolanahi ere, azaldu zitzaion ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2000ko uztailaren 24ko epai baten arabera, nahitaez eman behar zela ebazpena hizpide dugun gaiari buruz. Toki erakunde horrek ez zuen inolako eragozpenik aurkeztu Zalduondoko Udalaren erabakiaren kontra, eta ondorioz espedientea ebazteko eskumena daukan organoak aurrera egin zuen eskatutako izapideekin.

Prozeduraren instrukzioaren fasean Arabako Foru Aldundiak adierazi du elkartze hau desegitearen alde dagoela (91/2020 Foru Agindua, ekainaren 23koa). Beste alde batetik, Añanako Udalari entzunaldi-izapidea eman zitzaion, aginduta dagoen bezala, eta Arabako Foru Aldundiaren txostena bidali zitzaion, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 82. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, baina fase honetan ez du alegaziorik aurkeztu.

Aipatu behar da martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duela elkartze horiek nahibadakoak eta borondatezkoa direla (zerbitzu edo baliabide urriko toki erakundeek elkartze batean bilduta ordaindu ahal izango dute idazkariaren lanpostua), eta Autonomia Erkidegoaren esku dagoen interes publikoaren kontrola, aurrean aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2000ko uztailaren 24ko epaian ezartzen den bezala, ez dela mugatzen Estatuko gaikuntza duten funtzionarioentzako gordetako lanpostua sortu beharra badagoenez finkatzera, arau orokorra udalerri bakoitzean horrelako lanpostu bat egotea baita, gutxienez, eta toki erakundeak elkartzea salbuespena; aitzitik, aztertu behar da bi udalerrien baliabide ekonomikoak edo ematen dituzten zerbitzuak arau orokorraren aplikaziotik salbu geratzeko behar bezain urriak diren ala ez. Bada, Zalduondoko Udalaren borondatea aintzat hartuta, hau da, elkartze berria eratu nahi duela, eta jakinik Añanako Udalak ez diola uko egin elkartzea desegiteari, elkartzea desegiteko baimena ematen da.

Bigarrenik, eta Segura, Mutiloa eta Zeraingo udalen elkartzea desegitea eta Mutiloa, Zalduondo eta Zeraingo udalen arteko elkartzea eratzea direla eta, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 9. artikuluan arautzen den prozedura aplikatu da. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu zaie egin dezatela txostena, artikulu horren 3 a) artikuluan agintzen den bezala. Hala ere, ezarritako epealdian ez batak ez besteak ez dute bidali eskatutako txostena, eta beraz, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 80.4 artikuluan xedatzen duena oinarritzat hartuta, jarduketek aurrera egin dezakete.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak 82. artikuluan arautzen duen entzunaldiaren izapideaz denaz bezainbatean, bertan behera utzi da, prozeduran dauden gertaera, alegazio eta froga bakarrak interesdunek aurkeztutakoak baitira (gaur egun ez dago funtzionariorik izendatuta Segura, Mutiloa eta Zerain biltzen dituen elkartzeko idazkariaren egitekoetan aritzeko, eta Zalduondo eta Añanaren elkartzeko idazkariaren egitekoetarako ere ez).

Horregatik, eta aurrean azaldutako arrazoi berengatik, Segura, Mutiloa, Zerain eta Zalduondoko udalek aurkeztutako eskaerak onartzen dira.

Azkenik, kontuan edukita udalerri horietako biztanleriak eta udalek kudeatzen dituzten aurrekontuak, Mutiloa, Zalduondo eta Zeraingo udalerrien elkartzeko idazkaria eta Segura eta Añanako udalerrien elkartzeko idazkaria hirugarren mailakoak dira, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak 8. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Azaldutakoa dela bide, eta bat etorriz martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 8. eta 9. artikuluekin, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluarekin, honako hau

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 24a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN ITZIAR LICEAGA ROMERO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik