Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko abuztuaren 10ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Urdulizko Udaleko Idazkaritzako lanpostuaren sailkapena eta zeinaren bidez sailkatzen baitira Udaleko Kontuhartzailetzako eta Diruzaintzako lanpostuak, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat erreserbatuak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 3490
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/08/10
  • Argitaratze-data: 2020/09/03

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Toki Administraziorako Zuzendaritzaren 1988ko apirilaren 12ko Erabakiaren bidez, idazkaritza lanpostua bi udalen artean mantentzeko Barrikako eta Urdulizko udalerrien arteko elkartea desegitea onartu zen, eta desegitearen ondorioz eratorri ziren idazkaritzak hirugarren mailan sailkatu ziren.

Urdulizko Udalaren Osoko Bilkurak, 2019ko azaroaren 11n egindako bilkuran, besteak beste, erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, erakunde eskuduna den aldetik, eskatzea, alde batetik, idazkaritzako lanpostuaren sailkapena aldatzeko, (gaur egun hirugarren mailako sailkatuta; idazkaritza kontu-hartzailetza azpieskala), bigarren mailakoa izan zedin (idazkaritza azpieskala, sarrerako kategoria); eta, bestetik, bigarren mailako Kontuhartzailetza lanpostua sortzea (kontuhartzailetza-diruzaintza azpieskala, sarrerako kategoria), eta Diruzaintza lanpostua sortzea (kontuhartzailetza-diruzaintza azpieskala), Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat erreserbatuak.

Udalak idazkaritzako lanpostuaren sailkapena aldatzeko ematen duen arrazoia Urdulizko udalerrian udal-zerbitzuetan, aurrekontuetan eta abarretan izan den hazkundean datza; izan ere, zerbitzu tekniko kualifikatuak hobetzeko beharra zehazten dute, espedienteak eta dokumentuak arinago izapidetu ahal izateko; zehazki, txosten juridikoan eta eskaerarekin batera doan memorian, Udalak adierazten du bere aurrekontua, azken urteotan, indarrean dagoen araudiak aurreikusten duen 3.000.000 euroko muga gainditzen duela (2019an, diru-sarreren aurrekontu bateratua 9.084.150,32 eurokoa izan zen, eta gastuena, 9.080.549,38 euro).

Horri dagokionez, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen 128/2018 Errege Dekretuaren 8.1 artikuluaren arabera, Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako idazkaritza lanpostuen sailkapena Autonomia Erkidegoei dagokie. Aipatutako artikuluaren b) atalari jarraituz, 5.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako eta 5.001 biztanle baino gutxiagoko baina 3.000.000 euro baino aurrekontu handiagoa duten udalerrietako idazkaritzako lanpostuak bigarren mailako idazkaritzak dira.

Orobat, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, idazkaritza bigarren mailakoa duten toki-erakundeetan Kontu-hartzailetza izeneko lanpostua egongo da. Era berean, aipatutako Errege Dekretuaren 13. artikuluak kontu-hartzailetza lanpostuen sailkapena Autonomia Erkidegoei esleitzen dio eta artikuluaren 2. apartatuak adierazten du bigarren mailako idazkaritza duten toki-erakundeko kontu-hartzailetza lanpostuek bigarren mailako izaera dutela eta Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalakoak diren sarrerako kategoria, funtzionarioentzat gordeak daudela (128/2018 Errege Dekretuaren 17. eta 25.2 artikuluak).

Era berean, 128/2018 Errege Dekretuaren 14. artikulua aintzat hartuz, bigarren mailako gisa sailkatutako Toki-Korporazioetan, Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon beharko da, Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalako Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatua.

Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Udalaren eskaeraren inguruan. 2020ko ekainaren 2an, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak Urdulizko Udaleko Idazkaritzako lanpostua berriz sailkatzeko eta gaur egungo hirugarren mailatik bigarrenera aldatzeko eskabideari buruzko aldeko txostena helarazi du.

Bestalde, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluaren arabera bete beharreko entzunaldiaren izapidea eginik, Urdulizko Udalean idazkaritza- eta kontuhartzailetza-lanak egiten ari den pertsonak ez du alegaziorik aurkeztu instrukzio-fase honetan.

Ondorioz, espedientean jasotako dokumentazioa eta Zuzendaritza honek duena aztertuta, eta Urdulizko Udalaren aurrekontua ikusita, Urdulizko Udaleko Idazkaritza (idazkaritza azpieskalakoak diren funtzionarioentzat erreserbatua, sarrerako kategoria) bigarren mailako gisa sailkatzen da, eta, ondorioz, baita Urdulizko Udalak bere lanpostu zerrendan gehitu behar dituen Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza lanpostuak ere (Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalan dauden funtzionarioentzat erreserbatuak, sarrerako kategoria).

Horregatik guztiagatik, Udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92.bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 8., 13. eta 14. artikuluekin bat etorriaz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz

Lehenengoa. Urdulizko Udaleko Idazkaritza lanpostua bigarren mailako gisa sailkatzea. Lanpostu hori idazkaritza azpieskalakoak diren sarrerako kategoria Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeko da.

Bigarrena. Urdulizko Udaleko Kontuhartzailetza lanpostua bigarren mailako gisa sailkatzea. Lanpostu hori kontuhartzailetza-diruzaintza azpieskalakoak diren sarrerako kategoria Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeko da.

Hirugarrena. Diruzaintza lanpostua kontuhartzailetza-diruzaintza azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako gisa sailkatzea.

Laugarrena. Lanpostu horiek betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Bosgarrena. Urdulizko Udalak bere lanpostu zerrenda ebazpen honetan xedatutakora aldatu beharko du lanpostuak bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe eskubidez onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 10a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN ITZIAR LICEAGA ROMERO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik