Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 24koa, HABEko zuzendariarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren araberako euskara-mailen egiaztapena HOBE sistemaren bidez antolatzeko egokiaraziz, 2019ko azaroaren 18ko HABEko zuzendariaren Ebazpena aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 152
  • Hurrenkera-zk.: 3148
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/24
  • Argitaratze-data: 2020/08/04

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Goiburuan aipatutako ebazpenaren bidez, HABEko zuzendariak ebatzi zuen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren araberako mailen egiaztapena, 2020 urtean bi deialdi irekiren bidez egitea.

Hizkuntzen ikas-irakaskuntzan eta egiaztatzegintzan, gizarteko beste esparru batzuetan bezalaxe, informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTen) erabilera nabarmen areagotzen ari dela ikusita, egiaztatzegintza-prozesuak errazteko eta berauek gaur egungo testuinguru digitalera gerturatzeko asmoa du HABEk, eta 2019an esperientzia pilotua egin ondoren, asmo hori egikaritzeko abian jarri du HOBE izeneko egiaztatzegintza-sistema, HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuak deklaratutako alarma-egoeraren ondorioz lehen deialdi irekian jazotako gorabeherak tarteko, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-krisia kudeatzeko, eta hurrengo hilabeteetako ziurgabetasun-egoeraren aurrean, zuzendaritza nagusi honek egoki deritzo HOBE sistema antolatzeari, euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko baliabide digital edo elektronikoak erabili ahal izateko eta horrela, lantzen hasita zegoen lan-ildoari bultzada ematearekin batera, uneko osasun-egoeraren testuinguruan irtenbide egokia eskaini ahal izateko.

Horiek horrela, HOBE sistema orokortzeko behar den azpiegitura egun garapen-fasean egonik, eta segurtasun- eta prebentzio-neurriak zaintze arren, ezinbestekoa da sistema horren bidez egiaztatze-probak egin ditzaketen pertsonen kopurua zehaztea, sistemaren beraren erabilera egokia ziurtatu ahal izateko. Horren harira, HABEk azkenaldian antolatu dituen HEOCaren araberako deialdietako mailaz mailako matrikulatuen kopuruei erreparatuta, bideragarria da sistema horren bidezko egiaztatzegintza C1 eta C2 mailetan aplikatzea.

Horrenbestez,

Lehenengoa. Honako atal hauetan aldatzea HABEko zuzendariaren 2019ko azaroaren 18ko Ebazpena, 2020. urterako deialdi irekiak egiten dituena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) zedarritutako B1, B2, C1 eta C2 euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko:

  1. Lehen atala honela idatzita geratuko da:

    Lehenengoa. HEOCean zedarritutako B1, B2, C1, eta C2 euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko 2020ko deialdi irekiak egitea, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.

  2. Aipatu ebazpenaren III. eranskin modura ematen dira ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri gehigarriak.

    Bigarrena. Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakiokeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabete bateko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Donostia, 2020ko uztailaren 24a.

    HABEko zuzendaria,

    JOKIN AZKUE ARRASTOA.

Lehenengoa. 2020ko bigarren deialdi irekian HEOCaren C1 eta C2 mailak egiaztatu nahi dituzten pertsonek egiaztatze-probak egiteko baliatu ahal izango dute HOBE, HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza, mintzameneko proba egiteko izan ezik, eta betiere, matrikula egiterakoan aukera hori egin eta deialdi honetan parte hartzeko onartuak badira.

Bigarrena. HOBE sistemaren bidez egiaztatzeko eskainiko den gehienezko plaza-kopurua ondorengoa izango da:

C1 maila: 1.379 plaza.

C2 maila: 394 plaza.

Probak ordenagailu bidez egiteko egokiarazitako plaza horiek guztiak Barakaldoko BEC eraikinean izango dira, horretarako egokitako aztergune jakinean. Mintzameneko probak, berriz, hiru lurraldeetako HABEren ohiko azterlekuetan izango dira.

Hirugarrena. HOBE sistemaren bidez parte hartzeko eskariak matrikulazioa egiteko ordenaren arabera onartuko dira, eskainitako plaza-kopurua agortu arte. Plazak betetzen direnean, sistemak berak atzera botako ditu automatikoki eskaera berriak eta egiaztatze-probetan maila horietan parte hartu nahi duten pertsonek paperezko euskarrian egin beharko dituzte probak nahitaez.

Laugarrena. Partaide bakoitzak maila bakarrean parte hartzeko izena eman ahal izango du HOBE sistema erabiliz. Sistema honetan maila egiaztatzeko aukera bateraezina da bai euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei zuzendutako 2020ko bigarren deialdian edozein mailatan parte hartzearekin, baita 2020ko bigarren deialdi irekiko edozein mailatan paperezko euskarrian egingo diren egiaztatzegintza-probetan parte hartzearekin ere.

Bosgarrena. HOBE sistema aukeratzeak berekin dakar, batetik, hautatuko euskarri horretan egitea probak; bestetik, sistemak berak automatikoki eskainiko duen probak egiteko txanda (eguna, ordua, lekua) onartzea.

Seigarrena. Ezingo dute HOBE sistemaren bidezko probetan parte hartu 2020ko lehen deialdian C1 mailako irakurmeneko eta idazmeneko probak gainditu dituzten azterketariek.

Zazpigarrena. HOBE sistemaren bidezko probak bi alditan gauzatuko dira: lehenengoan, egun bakar batean, irakurmeneko, entzumeneko eta idazmeneko probak egingo dira ordenagailu bidez; bigarrenean, mintzameneko proba egingo da mailako epaimahaiaren aurrean, parte-hartzaile bakoitzari esleituko zaion egun eta orduan.

Zortzigarrena. Aipatutako HOBE sistemaren bidezko deialdiaren garapenak deialdiaren egutegiaren egokitzapenak ekarriko ditu. Egokitzapen horiek www.habe.euskadi.eus web-orrian emango dira argitara.

Bederatzigarrena. HOBE sistemaren bidezko egiaztatze-probak egiteko HABEk eskainiko ditu behar diren baliabideak. Parte-hartzaileek ezingo dituzte euren gailu elektronikoak erabili probak egiteko (telefonoa, ordenagailua, argazki-kamera, MP3 grabagailua, haririk gabeko entzungailuak, irakurgailudun erlojuak edo ikus-entzunekoetarako sarbidea duten betaurrekoak).

Hamargarrena. Idazmeneko probei esleitutako hitz-kopurua maila bakoitzeko Epaimahaiak ebatzitakoa izango da, deialdi-ebazpenera bildutako irizpideen baitan. Izan ere, HOBE sistemaren hitz-kontagailuak automatikoki adierazitako hitz-kopurua gutxi gorabeherakoa da eta, ondorioz, izaera orientagarria baino ez du.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik