Arautegia

Inprimatu

67/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatutako hitzarmena; hitzarmen horren bidez, EAEren esku uzten da esku-hartze publikoko zenbait jarduketaren kudeaketa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 154
  • Hurrenkera-zk.: 3179
  • Xedapen-zk.: 67
  • Xedapen-data: 2020/07/21
  • Argitaratze-data: 2020/08/07

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

Madrilen, 2020ko uztailaren 13a.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Miguel Ángel Riesgo Pablo jauna, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa (aurrerantzean, NBEF) organismo autonomoko presidentea. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren mendeko organismo bat da, eta ekainaren 29ko 767/2018 Errege Dekretuaren bidez egin zen presidentearen izendapena (ekainaren 30eko BOE, 158. zk.). NBEFren Estatutuaren (abenduaren 21eko 1441/2001 Errege Dekretuak onetsia) 4.2 artikuluak eman dizkion eskumenak betez jardun du.

Eta, bestetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuz (aurrerantzean, autonomia-erkidegoa). Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu gisa hartzen du parte, kargu horretarako izendatua izan baitzen Lehendakariaren azaroaren 26ko 27/2016 Dekretuaren bidez (Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua izendatzeko dena; 2016ko azaroaren 28ko EHAA, 226. zk.). Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren 144/2017 Dekretuaren 62. artikuluak esleitzen dion hitzarmenak sinatzeko ahalmena gauzatuz jardun du, horretarako gobernu-kontseiluak 2020ko apirilaren 21ean emandako baimena baliatuz.

Bi alderdiek kudeaketa-mandatu baterako hitzarmen hau izenpetzeko behar besteko gaitasuna aitortu diote elkarri, eta, ados jarrita, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. Nekazaritza-produktuen merkatuen antolaketa bateratua sortzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduak (EB) esku-hartze publikoaren araubidea eta produktu horien biltegiratze pribaturako laguntza ezartzen ditu, Europako Nekazaritza Funtsen finantzaketarekin. Araubide horren osagarri dira 2016/1238 Erregelamendu Eskuordetua (EB) eta 2016/1240 Exekuzio Erregelamenduan (EB) jasotako aplikazio-xedapenak, biak ala biak Batzordeak 2016ko maiatzaren 18an emanak.

Bigarrena. Araudi horrek ezartzen ditu Europar Batasuneko estatu guztientzako erosketa- eta salmenta-baldintzak esku-hartze publikoaren esparruan, eskaintzak edo lizitazioak onartzeko baldintzak, produktua entregatu edo erretiratzeko eta garraiatzeko baldintzak, ikuskapenak eta salgaiak errefusatzeko aukera, bai eta esku-hartze publikoaren prozeduran egin beharreko jakinarazpenak ere.

Hirugarrena. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 Erregelamenduak (EB) Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko arauak ezartzen ditu, eta Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 907/2014 Erregelamendu Eskuordetuak (EB) xedapen horiek osatzen ditu. Arau horiek arautzen dituzte Batzordearen eta Europako funtsekin finantzatutako laguntzen organismo ordaintzaileen arteko harremanak, finantza-kudeaketa, kontuen likidazioa eta esku-hartze publikoari eta biltegiratze pribatuari eragiten dioten beste alderdi batzuk.

Laugarrena. Espainian, NBEF da jarduketen organismo ordaintzailea, Estatuaren eskumena denean Europako nekazaritza-funtsen kargura ordaindutako gastuen kudeaketa eta kontrola (adibidez, esku-hartze publikoa edo merkatuak arautzea), martxoaren 2ko 92/2018 Errege Dekretuaren 2.1 artikuluaren arabera (horren bidez, organismo ordaintzaileen eta funtsen koordinazioaren araubidea erregulatzen da). Gainera, NBEFk bere ardurapeko biltegiratze publikoko esku-hartzeekin lotutako eragiketak kudeatu eta gainbegiratu behar ditu, Batzordearen 907/2014 Erregelamendu Eskuordetuaren (EB) 3.1 artikuluaren arabera.

Bosgarrena. NBEFk ez du lurraldean hedatutako egiturarik eta, ondorioz, ez ditu behar diren baliabide pertsonal eta teknikoak merkatuen esku-hartzearekin eta arautzearekin lotutako funtzio batzuk betetzeko. Biltegiratzeak autonomia-erkidegoetan egiten dira, eta erakunde horiek badituzte aipatutako bitartekoak. Ondorioz, Europar Batasuneko eta Espainiako araudia nahitaez bete behar denez eta efikazia eta operagarritasuna direla eta, gomendagarria da jarduera material eta tekniko jakin batzuk esku-hartze publikoari eta merkatuen arautzeari buruzko kudeaketa-mandatu baten bidez egitea.

Seigarrena. NBEFk agindutako funtzioak autonomia-erkidegoak gauzatzeko baldintzak ezarri behar dira eta, horretarako, alderdi bakoitzaren obligazioak eta agindutako jarduerei buruzko gainerako terminoak zehaztu behar dira.

Aurrekari horiekin bat eginez, alde biek kudeaketa-mandatuko hitzarmen hau sinatu dute, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uztea, kudeaketa-mandatu bidez, esku-hartze publikoaren kudeaketari buruzko jarduketa jakin batzuk, 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 eta 1308/2016 Erregelamenduetan (EB) ezarritakoa betez, bai eta esleitutako funtzioak gauzatzeko baldintzak ezartzea ere.

Bigarrena. Autonomia-erkidegoaren esku utzitako jarduketak.

  1. Autonomia-erkidegoak kudeaketa-mandatu honetan aurreikusitako jarduketak gauzatuko ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 7. artikuluak aipatutako organismo ordaintzailearen bidez, eta martxoaren 2ko 92/2018 Errege Dekretuaren arabera.

  2. Autonomia-erkidegoari dagokio bere lurraldean egiten diren esku-hartze publikoko eragiketa jakin batzuk egitea, kontrolak gauzatzea eta indarreko araudia aplikatzeko behar diren dokumentu eta txostenak idaztea. Hauek dira jarduketa horiek:

    1. Esne-hauts gaingabetua edo gurina ekoizteko enpresa baimenduak baimentzeko eta erregistratzeko prestaketa-jarduerak egitea, esku-hartze publikoaren araubidean, horretarako beharrezko diren kontrolak egitea barne.

    2. NBEFk onartutako eskaintza edo lizitazioetarako entrega- edo erretiratze-agiriak ematea, araudiak ezarritako epean.

    3. Autonomia-erkidegoan NBEFk kontratatutako sagaiak jasotzea, NBEFk eskaintzak edo lizitazioak onartu ostean. Horretarako, kontrol egokia egingo dute, NBEFri partida onartzeko edo errefusatzeko gomendatuko diote salgaien ezaugarrien arabera eta, errefusatzen denean, salgaiak biltegitik aterako dituzte, baita beste autonomia-erkidego batzuetako produktuak direnean ere.

    4. Salgaiak NBEFk kontratatutako biltegietatik erretiratzea lekualdatu behar direnean edo saltzen direnean (ordainketa egin dela egiaztatu ondoren), NBEFk baimendu ondoren eta beharrezko diren kontrolak eginda.

    5. Araudiaren arabera ezarritako edo NBEFk eskatutako beste edozein kontrol egitea esku-hartze publikoko produktuei bere lurraldean dauden biltegietan edo enpresetan, besteak beste: biltegiratze puntuen kontrol periodikoak, inbentario-kontrolak, etab.

    6. NBEFk egindako kontratazio posibleen esparruan, eskaintzaileek beren eskaintza ekonomikoetan sartutako edozein elementu egiaztatzea, baldin eta autonomia-erkidegoan bertan jarduketaren bat egitea badakarte.

    7. Biltegiratutako produktuen kontabilitatea eramatea, kontserbazio-egoera zainduta eta NBEFri kontserbazio egokirako beharrezkoak diren neurriak proposatuta.

    8. Komunikazio guztiak egitea eta beharrezkoak diren txosten eta akta guztiak idaztea, NBEFren jarraibideen arabera eta epeak errespetatuz.

    9. Europar Batasuneko edo Espainiako araudia betetzeko sortzen diren gainerako jarduketa beharrezkoak egitea.

  3. Autonomia-erkidegoari dagozkio, halaber, beste autonomia-erkidego batzuen lurraldean eginiko eragiketen ondorioz beharrezkoak diren jarduketak, baldin eta horien lehengaiak, jasotzaileak, biltegiratzea edo helmuga lehen autonomia-erkidegoaren lurraldean badaude.

  4. Deskribatutako jarduketak NBEFk emandako jarraibideen arabera egingo dira.

    Hirugarrena. NBEFri dagozkion jarduketak.

    Hitzarmen honen bidez autonomia-erkidegoaren esku utzitako jarduketak ongi gauzatzen direla bermatzeko, NBEFk jarduketa hauek egingo ditu:

    1. Dagokion jarduketa mota ezartzeko jarraibide orokor zehatzak idatziko ditu. Jarraibide horiek autonomia-erkidegoari jakinaraziko zaizkio onartu aurretik, oharrak egiteko aukera izan dezan.

    2. Esne-hauts gaingabetua edo gurina ekoizteko enpresa baimenduak baimendu eta erregistratuko ditu, esku-hartze publikoko araubiderako.

    3. Esku-hartzeko produktuak erosi eta saltzeko eskaintza eta lizitazioak jasoko ditu eta horien onargarritasuna egiaztatuko du. Autonomia-erkidegoari bere lurraldearen barruan onartu direnak jakinaraziko dizkio, entregatze- edo erretiratze-agiria prestatu ahal izan dezaten ezarritako epeen barruan.

    4. Sistemak behar bezala funtzionatzeko eta produktuak ondo kontserbatzeko beharrezkoak diren kontratuak izapidetuko ditu.

    5. Dagozkion ordainketak egingo ditu. Era berean, diru-sarrerak jasoko ditu, produktua saltzen bada.

    6. Interesdunek aurkeztutako bermeak itzuli edo exekutatuko ditu, bai salerosketa-eragiketekin lotutakoak bai NBEFk eginiko kontratazioei buruzkoak.

    7. Esku-hartzeko produktuen mugimendu eta izakinen kontabilitatea eramango du eskualde zein estatu mailan, autonomia-erkidegoak eginiko komunikazioetatik abiatuta.

    8. Europako Batzordearen mintzakide bakarra izango da esku-hartze publikoko neurrien esparruan; hortaz, araudian ezarritako edozein komunikazio egiteaz arduratuko da eta, dagokionean, autonomia-erkidegoak bidalitako informazio guztia bilduko du.

    9. Kontuak emango dizkio Europako Batzordeari, nekazaritzako merkatuen esku-hartze publikoko eragiketei dagozkien bigarren mailako gastuei dagokienez.

      Laugarrena. Lantaldeak.

      Autonomia-erkidegoak NBEFn eratzen diren lantaldeetan parte hartuko du, organismo ordaintzaileak bere lurralde-esparruan kudeatzen dituen eta kudeaketa-mandatu honen xede diren jarduketak koordinatzeko.

      Bosgarrena. Kontrol-misioak.

      NBEFk araudia zuzen aplikatzen dela egiaztatu ahal izango du autonomia-erkidegoko organismo ordaintzailearen instalazioetan eta, dagokionean, haren lurraldean kokatutako biltegi edo enpresetan. Azken kasu horretan, egiaztapenak autonomia-erkidegoko funtzionarioek egingo dituzte, NBEFk xede horretarako izendatuko dituen funtzionarioek lagunduta.

      Era berean, bi organismoetako funtzionarioek Europar Batasuneko erakundeetakoei lagundu ahalko diete autonomia-erkidegoko lurraldean egin behar dituzten kontrol-misioetan.

      Seigarrena. Finantzaketa eta erantzunkidetasun finantzarioa.

      Kudeaketa-mandatu baterako hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketek ez dute kosturik eragingo edo kontraprestaziorik sortuko alderdi sinatzaileen artean.

      Zazpigarrena. Indarraldia eta luzapenak.

      Hitzarmen honen bidez antolatutako kudeaketa-mandatuak lau urteko indarraldia izango du. Alabaina, epe hori amaitu aurreko edozein unetan, alderdi sinatzaileek adostu ahalko dute beste lau urtera arteko luzapen bat egitea edo kudeaketa-mandatua azkentzea.

      Kudeaketa-mandaturako hitzarmena indarrean dagoen bitartean alderdietako batek uste badu dokumentua indargabetu behar dela, beste alderdiari jakinarazi beharko dio bi hilabeteko aurrerapenarekin, gutxienez, eta asmo horren berri eman beharko dio bederatzigarren klausulan deskribatutako jarraipen-batzorde mistoari.

      Zortzigarrena. Hitzarmena aldatzea.

      NBEFk eta autonomia-erkidegoak hitzarmen honen klausulak aldatu ahal izango dituzte, eta jarduera osagarriak gauzatu ahalko dituzte, jarduketa hauek beste autonomia-erkidego batzuetakoekin integratzeko. Hitzarmenaren edukia aldatzeko bi aldeek espresuki eman beharko dute adostasuna, dagokion gehigarria sinatuta.

      Bederatzigarrena. Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak. Gatazkak konpontzea.

      Kudeaketa-mandaturako hitzarmen hau aplikatzean sor litezkeen gatazkak konpontzeko jarraipen-batzorde misto bat sortuko da. Sinatzaileek hartutako konpromisoak betetzen dituztela zaintzeaz eta kontrolatzeaz gain, interpretazioarekin eta betetzearekin lotuta ager litezkeen arazoak ebatziko ditu. Batzordea NBEFren eta autonomia-erkidegoaren hiruna ordezkarik osatuko dute eta, antolamendu- eta funtzionamendu-araubideari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzat xedatutakoaren arabera jokatuko du.

      Hamargarrena. Ez-betetzeak.

      Alderdietako batek bere gain hartutako obligazio eta konpromisoak beteko ez balitu, besteak jarraipen-batzorde mistoari emango dio horren berri. Gainera, konpromisoak bete ez dituen alderdiari eskatu ahal izango dio hilabeteko epean, gehienez ere, dagozkion jarduketak gauzatzeko, hitzarmen honen bidez antolatutako kudeaketa-mandatuaren arabera. Epe hori igarota ez-betetzeak bere horretan badirau, hitzarmena indargabetu ahalko da.

      Hamaikagarrena. Informazioaren babesa eta segurtasuna.

      Kudeaketa-mandatu baterako hitzarmen honen garapenean, alderdiek honako arau hauetan jasotako segurtasun-neurriak aplikatuko dituzte: 2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege dekretuaren bidez ezarritako Segurtasun Eskema Nazionalean eta haren aldaketetan ezarritakoa; eta hitzarmenaren indarraldian aplikatu beharreko datu pertsonalak babesteko beste edozein arau.

      Alderdiek konpromisoa hartzen dute informazioaren segurtasun- eta konfidentzialtasun-politika betetzeko eta administrazioek ezarritako egiaztapen-sistemei men egiteko, kasu bakoitzean aplikatu beharreko estatuko edo autonomia-erkidegoko legeriaren arabera.

      Hamabigarrena. Hitzarmenaren publizitatea.

      Kudeaketa-mandatu baterako hitzarmen hau Estatuko sektore publikoaren hitzarmenen eta kudeaketa-mandatuen erregistroan (RCESPE) erregistratuko da, bai eta autonomia-erkidegoko legeriaren arabera dagokion erregistroan ere.

      Ere berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratuko da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluaren eta autonomia-erkidegoko legeriaren arabera.

      Alderdiek baimena ematen diote elkarri hitzarmen honetan jaso diren eta aplikatu beharreko Estatuko edo autonomia-erkidegoko legeriaren arabera publiko egin behar diren datu pertsonalak eta gainerako zehaztapenak argitara emateko kudeaketa-mandatuen erregistroetan eta administrazioen gardentasuneko edo gobernu irekiko atarietan edo baliokideetan.

      Hamahirugarrena. Izaera juridikoa eta lege-araubidea.

      Kudeaketa-mandatu hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritakoari jarraituz formalizatu da.

      Jarraipen-batzorde mistoaren bidez ebatzi ezin izan diren auzigaiak, administrazio-bidea agortu ostean, administrazioarekiko auzien jurisdikziora bideratuko dira, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

      Kudeaketa-mandatuak ez dakar eskumenen titulartasunaren edota horiek gauzatzeko funtsezko elementuen lagapenik, eta NBEFren ardura izango da kudeaketa-mandatu honen xede diren jarduera materialen oinarri diren edo integratzen dituzten ekintza edo ebazpen juridikoak ematea.

      Ados daudela adierazteko eta hitzartutakoa behar bezala idatziz jasotzeko, alderdiek kudeaketa-mandatu baterako hitzarmen hau sinatzen dute, goiburuan adierazitako lekuan eta sinadura elektronikoan agertzen den egunean.

      Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa OAren aldetik

      Presidentea,

      MIGUEL ÁNGEL RIESGO PABLO.

      Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik

      Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

      MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik