Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Bilbao-Donostia lineako 68+000 K.P.-ko trenbideko zubiaren konponketa proiektua Deban» proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta titularrei deialdia egiten baitzaie okupazioaren aurreko aktak egingo diren ekitaldirako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 145
  • Hurrenkera-zk.: 2958
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/15
  • Argitaratze-data: 2020/07/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko apirilaren 24ko Ebazpenaren bidez, «Bilbao-Donostia lineako 68+000 K.P.-ko trenbideko zubiaren konponketa proiektua Deban» onetsi zen.

Deban dagoen zubiak (bertatik trenbideak, bide bakarrean eta trazadura bihurrian, N-634 errepidea zeharkatzen du) 36,38 m-ko luzera du eta 4 baoz osatuta dago. 1., 2. eta 4. baoak 2,40 m-ko zabalerako fabrika-arkuak dira, eta oinezkoentzat erabiltzen dira. 3. baoak, berriz, 7,85 m-ko argi librea du, errepidea gurutzatzen duen tokitik, eta fabrikako estribuen gainean bermatuta dagoen hormigoizko lauza batez osatuta dago.

Proiektuaren helburua 3. baoko lauza birgaitzea da, baita 1., 2. eta 4. baoetako gangak ere.

Lurzoruak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzen eranskinean lurzatien zerrenda eta planoak azaltzen ditu.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko maiatzaren 20ko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasunak eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrera ateratzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta zenbait lekutan argitaratu zen: 2020ko ekainaren 1ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Noticias de Gipuzkoa egunkarian, eta 2020ko ekainaren 2an El Diario Vasco egunkarian. Era berean, aipatutako ondasunen eta eskubideen zerrenda Debako udaletxeko iragarki-oholean jarri zen.

Tramite horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloan jarduerak betearazteko beharrezko desjabetze-espedienteak tramitatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera. Dekretu horrek indarrean dirau Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoarekin bat (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ziren eta horren egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren).

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten oinarrizko proiektuak edo trenbide-lineak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin dakar onura publikoaren edo gizarte-intereseko deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea ere, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru kopurua, ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da, eta, bidezko bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, eta ikusita aurrekariak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak, honako hau

Lehenengoa. «Bilbao-Donostia lineako 68+000 K.P.-ko trenbideko zubiaren konponketa proiektua Deban» proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda onartzea, eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.

Bigarrena. Zerrenda horretan agertzen diren ondasunen eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan Debako Udaletxera ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jokatzeko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiri-paperak (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri-paper aurkeztu beharko dute. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1 Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Honen berri eman da denak jakitun izan daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.