Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Altzagarateko (Altzaga) UE-2 lurzatiaren xehetasun-azterketari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 151
  • Hurrenkera-zk.: 3123
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/02
  • Argitaratze-data: 2020/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko azaroaren 5ean, Altzagako Udalak eskabidea osatu zuen Altzagarateko UE-2 lurzatiaren Xehetasun Azterketaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko urtarrilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapideari hasiera eman zion. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Altzagarateko (Altzaga) UE-2 lurzatiaren xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Altzagarateko (Altzaga) UE-2 lurzatiaren Xehetasun Azterketari buruz, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Altzagarateko Altzagako Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen (hemendik aurrera, AS) Aldaketa Puntualak 2002ko uztailaren 30ean behin betiko onetsitakoak (68. GAO, 2002ko irailaren 6koa) Altzagarateko 22. eremuaren antolamendu xehatua ezartzen du; antolamendu horretan, Xehetasun Azterketaren (aurrerantzean, Plana) xede den UE-2 lurzatia barne hartzen da. Aldaketa horrek UE-2 lurzatiaren hirigintza-parametroak konfiguratzen ditu, eta dagokion Xehetasun Azterketa idaztea aurreikusten du.

    Planaren xedea da UE-2 lurzatian indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako lerrokadura aldatzea, egungo beharretara egokitutako eraikin bat eraikitzeko; horrela, proposatutako eraikin berria lurzatian erdirago egongo da, eta iparraldean kokatutako baserritik apur bat urrunago. Gainera, aldatu egiten da Altzagarateko 22 eremuko ASen aldaketan arestian aipatutakoan ezarritako UE-2 lurzatiaren fitxa. Zehazki, lurzatiaren hirigintza-eraikigarritasuna bere horretan geratuko da; eraikinaren okupazioa apur bat murriztuko da, eta haren profila ere aldatuko da, BS+1 izatetik ES+BS+1 izatera aldatuko da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak Altzagan indarrean den plangintzaren zehaztapenak garatzen ditu, baina Altzagarateko 22. eremuko UE-2 lurzatian eraikitzeko aurreikusitako lerrokadurak aldatzen ditu. Gainerakoan, ez du lurzoruaren erabilera aldatzen. Hori onartu eta gero, dagokion eraikuntza-proiektuaren bidez garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak indarrean dagoen hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak garatzen ditu, baina lurzatian eraikuntzari buruz aurreikusitako hirigintza-parametroetako batzuk apur bat aldatzen ditu. Plana zuzenean garatuko da eraikuntza-proiektu baten bidez eta, horrenbestez, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste ezein plan edo programatan.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, bereziki, erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez; horrek isolamendu hobea ahalbidetuko du, baita energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoak izatea eta eraikinak inguruneko paisaian integratzea eragin ere, ahaztu gabe beste ingurumen-helburu batzuk ere beteko dituela.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren eraginpeko eremua Altzaga udalerriko landa-ingurune txiki batean dago kokatuta. Planaren eraginpeko lursailean baserri bat zegoen, gaur egun eraitsita dagoena. Planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak eraikinaren eraikuntza-faseari lotuta daude eta ez dute garrantzi handirik.

        Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planean proposatutako jarduketek, indarreko ASetan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo efektuak larriagoak izatea, arau horietan aurreikusitakoaren aldean. Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

      5. Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, bereziki, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari, airearen kalitateari eta biodibertsitateari buruzko legeak.

    2. Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren eraginpeko lurzatia UE-2 Altzagarateko guneko hiri-lurzoru finkatuan dago, Altzagako gunearen iparraldean, eta bertan amaitzen da Aramatik gora doan eta Altzaga bidetik igarotzen den errepidea. Eremua gune horren hegoaldeko mugan dago, eta 1.146 m2-ko azalera du guztira. Lurzatia tokiko arkitektura-interesa zuen baserri batek Mendiola Barrena izenekoak hartzen zuen, eta eraitsi egin da.

      Planaren eraginpeko eremua ez dator bat ez naturagune babestuekin, ez ibai-ibilgu edo hezeguneekin. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Lurzatiaren eremuan, landare erruderal nitrofiloz osatutako zatiak daude, eta inguruan, baratzeguneak, larreak, laboreak eta landazabal atlantikoko paisaian ohikoak diren zuhaiztiak.

      Lurzatia ez dator bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan bildutako ezein kokalekurekin eta ingurumen-arrisku nabarmenik ere ez da atzeman.

      Zaratari dagokionez, zirkulazioa auzotarren joan-etorrietara mugatzen da.

      Aurreikus daitezkeen ondorioak lur-mugimenduekin lotutakoak eta urbanizazio- eta eraikuntza-obrak gauzatzeak eragindakoak izango dira; esaterako, zarata sortzea eta partikula esekiak eta beste kutsatzaile atmosferiko batzuk areagotzea makineriaren funtzionamenduaren ondorioz, ibilgailuen zirkulazioa eta eraikuntza-jarduera bera, baliabideak kontsumitzea eta hondakinak sortzea. Ondorio horiek aldi baterakoak eta txikiak izango dira.

      Beraz, Xehetasun Azterketak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Altzagarateko UE-2 lurzatiko Xehetasun Azterketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Plana gauzatzeko proiektuen neurriak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, gurpilak garbitzeko plataformak barne, lohia edo hautsa barreiatzea ekiditeko. Kamioiek obran sartu eta obratik irteteko erabili beharreko bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Altzagarateko UE-2 lurzatiko Xehetasun Azterketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Altzagako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Altzagarateko (Altzaga) UE-2 lurzatiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 2a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik