Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 21ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez hezkuntzaren esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2020ko deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 107
  • Hurrenkera-zk.: 2149
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/05/21
  • Argitaratze-data: 2020/06/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Justizia; Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru esparru hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Horren haritik, dekretu horren 5. artikuluan hiru dirulaguntza-lerro biltzen dira, eta horietako bat hezkuntzaren esparruan garatzen diren proiektuak finantzatzera bideratuta dago.

Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020rako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa Lehendakaritzaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Plan Estrategikoa Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2020ko otsailaren 5eko Ebazpenaren bitartez onartu zen.

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntza-lerro bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Hori dela eta, honako hau

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2020ko deialdia egitea, hezkuntzaren esparruan.

2020ko ekitaldian garatu beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2020ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

Programa honetarako, 350.000 euro bideratuko dira. Funts hori osatzeko, Hezkuntza Sailak 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Lehendakaritzak, 250.000 eurokoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.

  1. Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.

  2. Hezkuntzaren esparruko proiektuen hartzaileak ikastetxeak izango dira.

  1. Hezkuntzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

  2. Proiektuen erakunde hartzaileek gutxienez onartutako bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari.

  3. Ikastetxe batek ezingo ditu 5.000 eurotik gorako bonuak metatu.

  4. Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

  1. Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatzeko, kontsultatzeko edo egiteko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

  2. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2020/elkarrekin-bonuak-hezkuntza/y22-izapide/eu

    Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nire-karpeta

Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2020ko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak eta ez da onartuko beste eskabiderik.

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Horretarako, ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:

Mónica Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.

Goizargi Cano Ormazabal, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

Marian Sanchez Amado, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

José Manuel Palacios Navarro, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako zerbitzuburua, batzordekide.

Peio Bilbao Sanz, Berritzegune Nagusiaren bizikidetza-aholkularia, batzordekide.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

  1. Dirulaguntzaren justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 31n bukatuko da.

  2. Dirulaguntzaren erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

    1. Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

    2. Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona hartzaileak sexuaren arabera bereizita, nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.

    3. Ikastetxearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta zentro hartzaileak zenbat ordaindu duen.

  3. Justifikazio-agiriak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, URL honetan: https://euskadi.eus/nire-karpeta. Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Prozedurari dagokionez, ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 21a.

    Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

    MÓNICA HERNANDO PORRES.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.