Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 22koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Udalek eta gainerako toki-erakundeek memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko dirulaguntzak deitzen dituena 2020. urterako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua; Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 107
  • Hurrenkera-zk.: 2147
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/04/22
  • Argitaratze-data: 2020/06/03

Testu legala

Aginpide publikoak memoria historikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.

Bestalde, abenduaren 26ko 52/2007 Legeak (gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituenak, eta haien aldeko neurriak ezartzen dituenak) zioen azalpenean dioenez, Gerra Zibilaren edo Diktaduraren oroimenezko ikur eta monumentuetan altxamendu militarraren, Gerra zibilaren eta Diktaduraren gorespena saihestu behar da, herritarrek horretarako hain zuzen ere ikurrak, liskarrerako, irainerako edo bidegabekeriarako aitzakia izan beharrean, jendea elkartzeko baliagarri izan daitezen eskubidea baitute. Horren harira, lege horren 15.1 artikuluak honela dio: «Administrazio publikoek, beren eskumenak betez, altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko berariazko neurriak hartuko dituzte. Neurri horien artean, dirulaguntza edo laguntza publikoak kentzea sartu ahal izango da.»

Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak, erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, horrenbestez, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea betirako. Eta haiekin batera, beren familiak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren gorespena saihestuko duen politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez. Helburu nagusia, izan ere, ikur publikoak liskarrerako, irainerako edo bidegabekeriarako aitzakia izan beharrean, jendea elkartzeko baliagarri izan daitezela.

Ildo beretik, memoriaren ibilbideen konfigurazioa eta garapena diruz laguntzea erabaki da. Ibilbide horiek espazioan bat egiten duten eta izaera historiko eta sinbolikoko interpretazio-irizpide komunak dituzten memoria historikoko bi lekuren edo gehiagoren multzoa dira. Eta hori guztia, kontuan hartuta Bilboko Burdin Hesia eta defentsak kontserbatzeko eta balioesteko metatutako esperientzia, zeinaren balorizazio-prozesuan Gogora Institutuak irudi eta seinale komun bat sortu baitu espazio guztietarako, orain memoriaren beste ibilbide batzuetara hedatzen dena, balio ukigarri zein ukiezin handia kontserbatzeko, balio demokratikoen defentsaren ikur gisa.

Ebazpen honen barruan dauden dirulaguntzak ondorengo arauetara lotuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III kapitulua (azaroaren 11ko 1/1977 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araubidea; eta 13/2019 Legea, abenduaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Institutuaren zuzendariaren 2017ko apirilaren 20ko Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Dirulaguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, 2020ko otsailaren 13ko zuzendariaren Ebazpenaren bidez eguneratua. Horren barruan, diruz lagundu daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau, eta memoria historikoaren egia argitzea du helburu.

Halaber, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bitartez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Institutuko zuzendariaren eginkizuna da laguntzak eta dirulaguntzak arautu, deitu eta ematea.

Hori dela eta, honako hau

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoa berreskuratzeko udal-ikerketak, zein 1936-1977 aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egindako lanaren ikerketa sustatzeko proiektu zehatzak, sinbologia frankista kentzeko jarduerak baita memoria historikoaren ibilbideak konfiguratzeko ere, diruz laguntzeko 2020ko laguntza-deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen bitartez.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2020ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

  1. Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraikiz eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:

    1. Gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak ezagutzeko eta dokumentatzeko udal ikerketa jarduerak.

    2. Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jarduerak.

    3. Hedapen-jarduerak: jardunaldiak, mintegiak, aldi baterako erakusketak, ikus-entzunezko produktuak eta ikerketen argitalpenak.

    4. Altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak, bustoak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko jarduerak. Baita ere, Etxebizitza Institutu iraungiaren (Instituto de la Vivienda delakoa) plakak etxeak eta geziak marraztuta dituztenak ezabatzeko jarduerak diruz lagunduko dira, oraindik ere ikus baitaitezke babes ofizialeko eraikin zahar batzuetan.

    5. Memoria historikoaren ibilbideak konfiguratzeko eta garatzeko jarduerak. Memoria historikoaren ibilbideak dira Euskadiko memoria historikoaren bi leku edo gehiagok osatutako multzoak, espazio berean badaude eta historikoki nahiz sinbolikoki antzera interpretatu badaitezke. Burdin Hesiaren inguruan garatutako memoria historikoaren ibilbideei dagokienez, horiek 195/2018 dekretua, abenduaren 26koa, Bilboko Burdin Hesia eta defentsak (Araba eta Bizkaia), monumentu-multzo kategoriarekin, kultura-ondasun kalifikatu izendatzeko dena, errespetatu behar dute. Era berean Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak gune guztietarako sortu duen irudia eta seinaletika jarraitu behar ditu. Gainerako ibilbideek, halaber, irudi eta seinaletika hori errespetatu beharko dute, guztiek komuna izan behar baitute. Erakunde onuradunek memoriaren ibilbidean sartutako espazioen jabetza edo edozein tituluren bidez lagatako erabilera izan beharko dute.

      Euskadiko memoria historikoaren lekuak dira autonomia-erkidegoarentzat interesgarriak diren gune, eraikin edo inguruak, berezko garrantzi historiko edo sinbolikoa izan duten edo memoria kolektiboan eragin nabaria izan duten gertakariak egon direlako bertan, balio eta askatasun demokratikoen defentsarekin lotuta.

  2. Oroimen historikoa berreskuratzea helburu ez duten beste batzuen artean, ebazpen honen xedetik kanpo geratzen dira sariak ematea baino ez duten proiektuak. Hezkuntza-arloan memoria historikoa zabaltzeari buruzko proiektuak ere kanpoan geratzen dira.

  1. Euskadiko Toki erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritako Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoen azpiko toki-erakundeek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetan agertzen diren laguntzak.

  2. Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko dituzte erakunde onuradunek, hauek eskaera egiterakoan edo honekin batera, ardurapeko adierazpenean akreditatuko dira. Zehazki, egunean izan beharko dituzte indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun hauek prozesu osoan zehar bete egin beharko dira.

  1. Deialdi honetara, hirurogei mila eta bostehun (137.500,00) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2020 eta 2021 ekitaldietarako aurreikusitako partidaren kontura.

  2. Dirulaguntzaren zenbateko eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera finkatuko da, kontuan izanda aurrekontuan erabilgarri dagoena eta oinarri hauetan definitutako dirulaguntzen balorazio eta kuantifikazio irizpideak. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du hamar mila (10.000) euroko kopurua gaindituko proiektu bakoitzeko.

  3. Deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gain finantzaketarik ez badago eta beste dirulaguntzaren araudiek kontrakoa xedatzen ez badute. Gain finantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

  1. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura aplikatuko da.

  2. Ondore horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu beharko dira, horien artean lehentasunak ezartzeko, deialdi honen 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Horrela, hautaketa-fasean deialdi honen 13. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten horien artean balorazio handiena dutenei emango zaie laguntza, deialdi honetara esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

  1. Laguntza bakoitzari hots, hautatutako proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoa zehazteko, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuari. Behin kreditua agortu denean, eskumena duen erakundeak dirulaguntzaren onuradunen artean prorrateoa egingo du. Eta hori guztia azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.6 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

  2. Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango.

  3. Diruz lagun daitezkeen gastuei dagokionez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Onartu egiten da hirugarrenekiko azpikontratazioa, lege horren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, azpikontratazio-ehunekoari dagokionez, eta, bereziki, artikulu horren 7. paragrafoan xedatutakoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoari dagokionez.

    Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan eskaintza horiek egiten dituzten erakundeen kopuru nahikorik ez badago.

    Mailegatzen edo hornitzen badute, edo gastua aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean, proposamen ekonomiko onuragarriena aukeratzen ez denean.

    Zehatz mehatz finkatu barik, diruz lagundu daitezkeen edo ez gastuen zerrenda hau ezartzen da:

    Ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko toki-erakundearen gastu-aurrekontuko 1. kapituluari egotzi beharreko gastuak (langile-gastuak) edo, hala badagokio, diruz lagundu daitezkeen jarduketetan esku har dezaketen erakunde autonomoen edo udal-sozietateen gastu-aurrekontuko 1. kapituluari egotzi beharreko gastuak. Ezta toki-erakundearen gastuen aurrekontuko 6. kapituluari egotzi beharreko kapital- edo inbertsio-gastuak ere, edo, hala badagokio, edozein erakunde autonomoren edo udal-sozietateren gastuen aurrekontukoak. Jarduera guztietarako, ez dira diruz lagunduko dietei eta lokomozioari dagozkien zenbatekoak, baldin eta zerbitzuengatiko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarrenez aldatzen duen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoa gainditzen badute. Hau da, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira, eta mantenuko 42 euro, dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta.

    1. Honako hauek hartuko dira tokiko ikerketa-jardueretarako diruz lagun daitezkeen gastutzat:

      Indarrean dagoen lan-legeriaren arabera, ikerketa-proiektua garatzeko lan-kontratuak formalizatuta dituzten langileen kontratuak.

      Bidaiak eta dietak, aurrekontuaren% 10 gainditu gabe.

    2. Oroimenezko edo omenezko jardueretarako, besteak beste, honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko gastutzat:

      Ekitaldi aurreko produkzioa.

      Ekitaldiaren zabalkundea, sustapena, publizitatea eta prentsaurrekoa.

      Gonbidapenak diseinatzea, inprimatzea eta bidaltzearen kostua.

      Ekitaldia egingo den lekuaren errentamenduari buruzko kostuak.

      Ekipamendu teknikoa, soinua, proiekzioa, dekorazioa, argazkigintza eta bideoa.

      Hizlari eta gonbidatu berezien bideak, garraioa eta ostatua.

      Ekitaldia irekitzeko eta ixteko protokolo-ekintzak.

      Itzultzaileak, beharrezkoa bada.

      Izena emateko eta egiaztatzeko sistema.

      Ikuskizunen edo jardueren kontratazioa, ekitaldiaz gain.

      Ekipamendu- eta langile-aseguruaren estaldura.

      Pleitak, zerbitzatzea, garraiatzea, muntatzea eta desmuntatzea.

      Egiaztatzeko materiala, kredentzialak, programak, liburuxkak, opariak edo souvenirak, diplomak, etab.

      Erakunde eskatzailetik kanpoko segurtasun- eta garbiketa-langileak.

    3. Hedapen-jardueretarako diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira aurreko atalean jasotakoak eta honako hauek: liburuxken edizioarekin zuzenean lotuta daudenak, hala nola diseinua, maketazioa, jatorrizkoaren eta proben zuzenketa, edizioaren koordinazioa, inprimaketa edo koadernaketa. Ikus-entzunezko produktuei dagokienez, film baten kostuaren aintzatespena eta ekoizlearen inbertsioa arautzen dituen abenduaren 18ko ECD/2784/2015 Aginduaren 2. artikuluan aurreikusitakoak. Ikerketen argitalpenen ediziorako, liburuxketarako ematen diren berberak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat.

    4. Sinbologia frankista kentzeko jardueretarako diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira erakundeak bere funtzionamendu normaletik eta udal-langileen gastuetatik eratorritakoak ez direnak.

    5. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat jotzen dira memoriaren ibilbideak konfiguratzeko jarduketetarako: ibilbidean dauden elementuetako lan arkeologikoa, seinaletika jarri aurreko proiektuaren diseinua eta hura osatzen duten elementuen fabrikazioa eta instalazioa.

  4. Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan diruz laguntzekoak ez diren gastuak sartuko balitu, edo diruz laguntzekoak izanik ezarritako muga gainditu balute, edo nabarmen gehiegizkoak izango balira, merkatu-balioa ikusita, kendu edo garbitu egingo dira, dirulaguntzaren muga zehazteko oinarri gisa erabiliko den gastu lagungarrien aurrekontua finkatzeko. Aurrekontuan ez dira sartuko, eskaera egin duten toki-erakundeetako langileen soldatak.

  1. Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte.

  2. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

    https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2020/memoria-historikoa-udalak/y22-izapide/eu

  3. Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nire-karpeta

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

  2. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

  1. Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenak.

  2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Proiektuaren memoria xehatua, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

      Jardueraren deskribapen laburra, deialdiaren 1. artikuluan zehaztutako helburuarekin duen lotura azalduz.

      Proiektuaren helburuak, helburu orokorra eta jardueraren helburu espezifikoak azalduta, eta 3. artikuluan zehaztutako helburuarekin duten lotura azalduta. Proiektuaren alderdi berritzaileak ere zehaztu.

      Erabili beharreko metodologia, proiektuaren bideragarritasuna eta jardueren edo jarduketen proiektua, hasiera- eta amaiera-datak eta proiektua egiteko lekua barne. 3.1.d) eta e) artikuluetan jasotako jardueretarako, proiektuaren ezaugarriei buruzko dokumentazio grafikoa eta/edo fotografikoa erantsiko dira, esku hartu nahi den espazioaren edo alderdi zehatzaren egungo egoera.

      Hartzaile potentzialak, lurralde-eremua, dibulgazio-gaitasuna eta herritarrengan eragiteko aukera, baita genero-ikuspegia nola txertatzea aurreikusten den ere. Jardueran parte hartuko duten pertsonen guztizko kopuruaren zenbatespena jasoko da.

      Memoriaren ibilbideak konfiguratzeko jarduketetarako, nahitaezkoa izango da berariazko memoria bat aurkeztea. Bertan, jarduketa seinaleztapena jartzea baino ez bada edota seinaleztapena barne balego, seinaleztatu beharreko puntuen ibilbidea eta informazio-panelen eta informazio- eta norabide-seinaleen behin-behineko diseinua zehaztuko dira.

    2. Proiektua gauzatzeak dakarren kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta, eta proiektua finantzatzeko gainerako bitartekoak, baleude, jasota, edo proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dutela dioen erantzukizunpeko adierazpena. Aurrekontua osoa eta zehatza izan beharko da, eta bertan adieraziko dira aurreikusitako gastu eta diru-sarrera guztiak, eskatutako laguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren kontura finantzatuko diren gastuak deskribatzen dituen memoria bat, gastu arruntak edo kapital-gastuak diren adierazita.

    3. Zerga betebeharrekin eguneratuta egoteko ziurtagiria eta Gizarte Segurantzako ziurtagiri positiboa, kudeatzeko erakundeari akreditazioa zuzenean lortzeko baimena ukatu ezkero.

    4. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

  3. Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

  4. Dagoeneko eginda dauden proiektuetan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.

  5. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

    Burua:

    Miren Aintzane Ezenarro Egurbide, Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

    Epaimahaikideak:

    Monika Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.

    1. ª del Mar Zabala Mardaras, Eudeleko zuzendari nagusia.

      Amaia Goenaga Sanchez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko memoria historikoko teknikaria.

      Idazkaria:

      Ainhoa Zugasti Bilbao, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko aholkularitza juridikoko teknikaria.

  2. Bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bermatuko da.

  1. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

    Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 30 puntu gehienez.

    Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. Proiektuaren azalpenean argitasuna baloratuko da, haren izaerari, metodologiari eta antolaketa-alderdiei dagokienez, proposatutako jarduerak dirulaguntzaren xedearekin bat datozen ala ez zehazteko (15 puntu).

    Orain arte jorratu ez diren gaiak lantzea, hala nola, gaiaren inguruko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna jasotzea. Puntuazio handienarekin baloratuko dira proposamenaren berrikuntza-mailari buruzko informazio nahikoa ematen duten proiektuak (15 puntu).

    Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 30 puntu gehienez.

    Proiektua aurrera eraman ahal izateko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea. Egiaztapen dokumentatua baloratuko da, egin beharreko proiekturako baliabide material egokiak izateari dagokionez, bai eta horretarako giza baliabide egokiak izateari dagokionez ere (10 puntu).

    Proiektuaren iraunkortasun ekonomikoa. Aurrekontua proposatutako jardueraren garapenera egokitzen den baloratuko da, xehakapen xehakatuaren bidez, diru-sarreren gastuen kontzeptuen zerrenda xehakatuan eta zalantzarik gabean oinarrituta. Erakunde eskatzaileak proiekturako erabilitako funts propioen edota beste laguntza batzuetatik datozen baliabide ekonomikoen ekarpena ere baloratuko da (10 puntu).

    Eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia antzerako proiektuak aurrera eramaterakoan. Dirulaguntzaren xedearekin lotutako jarduketen garapenean egiazta daitekeen esperientzia baloratuko da (10 puntu).

    Elkarteen eta udalen arteko harremana, sinergiak bilatuz, eta gizarte zibila proiektuan integratzeko gaitasuna. Beste erakunde batzuekin lankidetzan egindako jarduera horien garapenean izandako esperientzia baloratuko da. 20 puntu gehienez.

    Helburuak lortzeko eta gastuaren eraginkortasuna ebaluatzeko kontrol mekanismoak. Puntuazio handiagoa lortuko dute ebaluatzeko tresnak eta uneak behar bezala deskribatu dituzten proiektuek. Deskripzio orokorragoak eta hain espezifikoak ez direnei berriz, puntuazio murritzagoa egokituko zaizkie. 10 puntu gehienez.

    Zeharkako politikak (euskara eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna) prozesuan txertatzea. Puntuazio handiagoa lortuko dute egindako jarduketen genero-eragina memorian jasotzeko konpromisoa hartzen duten proiektuek eta emakumeen parte-hartzea bultzatuko duten ekintza positiboak egitea aurreikusten dutenak. Proposatutako jardueran euskara erabiltzea ere baloratuko da. 10 puntu gehienez.

    Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.

  2. Dirulaguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 55 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.

  1. Epaimahai kalifikatzaileak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak, 13. artikuluan ezarritako irizpideak ezarriz, eta, 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat eginez, dagokion ebazpen-proposamena egingo du. Bertan, eman nahi dituen dirulaguntzen zerrenda (proposatutako onuraduna, diruz lagunduko den jarduera eta laguntzaren zenbatekoa adieraziz) eta ukatu nahi dituenena (eskatzailea eta arrazoia adieraziz) jasoko ditu.

  2. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzako titularrak ebatziko du laguntzak esleitzeko prozedura, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamenari erreparatuta. Ebazpenak zehaztuko du eskatu diren dirulaguntzak eman edo ukatuko diren. Ematen badira, erakunde onuradunaren izen soziala, finantzatutako jarduera eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatuz gero, berriz, eskatzaileen izen soziala eta ukoa oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.

  3. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

  4. Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  5. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 24.2 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

  6. Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan komunikatzeko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako dirulaguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

  1. Erakunde onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte.

  2. Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Dirulaguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena 50.2 artikuluan.

  3. Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

  4. Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, eta Gizarte Segurantzarekikoak. Erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuz. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Dirulaguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.

  5. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute erakunde eskatzaileek.

  6. Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

  7. Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez sexistak erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

  8. Erakunde onuradunek publizitate egokia eman beharko diote programen, jardueren, inbertsioen edo dirulaguntzaren xede diren edonolako jardueren finantzaketaren izaera publikoari. Idatzizko hedapenaren edo hedapen grafikoaren kasuan, Idatzizko hedapenaren edo hedapen grafikoaren kasuan, Gogora Institutuaren logotipoa islatu beharko da. Logotipoak diruz lagundutako erakundearen tamaina eta ikuspen-baldintza berberak izan beharko ditu.

  9. Dirulaguntza hauen babesean egiten diren argitalpen eta ekoizpen guztien bi ale, Gogorari dohain ematea.

  1. Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

    1. Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

    2. Bigarren ordainketa 2021an egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

  2. Emandako dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

  1. Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2020ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan emandako dirulaguntzaren erabilera justifikatzen duten agiri hauek:

    1. Memoria txostena dirulaguntza ematean jarritako baldintzak bete izana frogatuko duena. Zer jarduera burutu den eta zer emaitza lortu den adierazi behar da, eskaeran aurkeztu diren helburuak zein neurritan lortu diren azalduz. Bereziki, jaso behar dira onuradunak sexuaren arabera bereizita eta genero-ikuspegia txertatzeko modua. Era berean, oroitzapenezko ekintzen eta hedapen-ekintzen kasuan, bertaratutakoen kopurua eta iraupena adieraziko dira. Azken hauek, ikus-produktuak eta ikerketen argitalpenak direnean, inprimatutako aleen kopurua edo egindako deskargen kopurua, Interneten eskuragarri badaude, idatziz jaso beharko dute. Sinbologia frankista kentzeko jardueretan material grafikoa aurkeztu beharko da, nola zegoen eta nola geratu den erakusten duena. Era berean, ibilbideak konfiguratzeko eta garatzeko jardueretako material grafikoa aurkeztu beharko da.

    2. Diruz lagundutako jardueraren gastuen fakturak eta jarduera finantzatzeko izan dituzten beste diru sarrerak. Superabitik egon bada, memoriarekin batera dirua itzuli beharko da.

    3. Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako ala ez gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak. Era berean, Gogora Institutuak jabetza intelektualeko eskubideen xede diren entregatutako materialen egin ditzakeen erabilera mugaturako baimenak zehaztuko dira.

  2. Administrazioak bere osotasunean edo laginketa-tekniken bidez beharrezkotzat jotzen duenean eskatu ahal izango da jatorrizko dokumentazioa, eta egoki iritzitako justifikazioak eskatu ahal izango dira, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko ebidentzia arrazoizkoak lortu ahal izateko.

    Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

  3. Edonola ere, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, justifikazioa justifikazio-kontu sinplifikatuaren forma hartzen du, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 75. artikuluan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) arautzen dena, eta informazio hau jasoko du:

    1. Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.

    2. Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioarekin, zenbatekoarekin, jaulkipen-datarekin eta ordainketa-datarekin. Dirulaguntza kalkulatutako aurrekontu baten arabera ematen denez, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira.

    3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

    4. Hala badagokio, itzulketa ordaintzeko gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta horien ondoriozko interesen kasuan ere.

  1. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

  2. Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.

  1. Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:

    1. Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako dirulaguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

    2. Hautatutako jardueran aldaketak egin direnean; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.

    3. Eskaeran, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.

  2. Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa osoa edo partziala itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze interesarekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

  3. Honako irizpide hauek ezarri dira dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea mailakatzeko, kasu bakoitzean itzuli beharreko ehunekoekin:

    1. Dirulaguntza lortzea, baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz. Itzuli beharreko ehunekoa:% 100.

    2. Eskaeraren xedeak erabat ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa:% 100.

    3. Eskaeraren xedeak partzialki ez betetzea. Bete gabeko helburuekiko proportzionala.

    4. Hedapen-neurriak ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa:% 40.

    5. Justifikatzeko betebeharra ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa:% 100.

    6. Nahikoa justifikazio ez izatea. Behar bezala justifikatu gabeko zatiarekiko proportzionala.

    7. Onuradun gisa ezarritako beste baldintza batzuk partzialki ez betetzea. Bete gabeko baldintzekiko proportzionala.

      Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak azkenean itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, eta proportzionaltasun-printzipioari erantzuten diote.

      Onuraduna erabat betetzera modu esanguratsuan hurbiltzen bada eta konpromiso horiek betetzera argi eta garbi bideratutako jarduera bat egiaztatzen badu, itzuli beharreko zenbatekoa gauzatu ez den gastuaren araberakoa izango da.

Diruz lagundutako ekoizpena argitaratuz gero, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren irudi instituzionala jaso beharko du.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da. Era berean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VII. tituluko VI. titulua eta III. kapitulua aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko erregulazioa ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eragina izango du.

Bilbao, 2020ko apirilaren 22a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik