Arautegia

Inprimatu

33/2020 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez akordio bat argitaratzen baita. Akordio horren bidez baimena ematen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoaren zerbitzura dauden langileak badira, estatuko aurrekontu orokorretan zuzendari nagusiaren kargurako ezarrita dagoen soldataren ordainsari-muga gainditzeko, haien jarduna unibertsitateko irakasle elkartuen jarduerarekin bateragarri egiteko baimenen kasuan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 62
  • Hurrenkera-zk.: 1727
  • Xedapen-zk.: 33
  • Xedapen-data: 2020/03/17
  • Argitaratze-data: 2020/03/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 17ko bileran onartu du akordio hori, zeinaren bidez baimena ematen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoaren zerbitzura dauden langileeak badira, estatuko aurrekontu orokorretan zuzendari nagusiaren kargurako ezarrita dagoen soldataren ordainsari-muga gainditzeko, haien jarduna unibertsitateko irakasle elkartuen jarduerarekin bateragarri egiteko baimenen kasuan. Beraz, eman behar zaion publikotasuna emate aldera, honako hau

ERABAKIA, 2020ko MARTXOAREN 17KOA, GOBERNU-KONTSEILUARENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN SEKTORE PUBLIKOAREN ZERBITZURA DAUDEN LANGILEENTZAKO BAIMENA EMATEKO DENA ESTATUKO AURREKONTU OROKORRETAN ZUZENDARI NAGUSIAREN KARGUARENTZAT EZARRITA DAGOEN SOLDATAREN ORDAINSARI-MUGA GAINDITZEKO, HAIEN JARDUNA UNIBERTSITATEKO IRAKASLE ELKARTUEN JARDUERAREKIN BATERAGARRI EGITEKO BAIMENEN KASUAN

Herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legeak 1. artikuluan ezartzen du lege horren aplikazio-esparruko langileek sektore publikoan ezin dituztela bateragarri egin haien kabuz edo ordezkapen bidez beraien jarduerak eta bigarren lanpostu, kargu edo jarduera bat, salbu eta lege horren artikuluetan aurreikusten diren kasuetan. 4.1 artikuluan aipatzen da salbuespenezko kasuetako bat; alegia, gehienez denbora partzialeko dedikazioarekin eta iraupen jakinerako jardun diren unibertsitateko irakasle elkartuen kasua.

Abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 7.1 artikuluak bi baldintza jartzen ditu bateragarritasun-baimena eskuratzeko: egiaztatu egin behar dela bi lanpostu edo jarduera publikoekin guztira jasotzen den zenbatekoak ez duela gainditzen estatuaren aurrekontu orokorretan zuzendari nagusiaren karguarentzat aurreikusita dagoen soldata, ezta jarduera nagusiari dagokion soldata ere, azken hau lanbide-sailkapeneko taldeen araberako portzentaje aldagarrian gehitutako dedikazio arrunteko erregimenean zenbatetsita dagoena, hain zuzen.

Xedapen hori aplikatzen hasi zenetik denbora asko pasatu da, gaur eguneko antolamendu-beharrizanak desberdinak dira eta funtzionario publikoen ordainsari-egoerak aldatu egin dira. Horren guztiaren eraginez, gaur egun autonomia-erkidegoko enplegatu publiko askok gainditzen dituzte aipatutako artikuluan ezarritako mugak.

Gobernuaren, autonomia-erkidegoetako organo eskudunaren edo toki-korporazioetako osoko bilkuraren berariazko erabakiaren bidez muga horiek gainditzeko aukera ematen du abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 7.1 artikuluak berak; horretarako, hori bai, zerbitzuarentzako interes berezia izan behar dute erabaki horietan adierazten diren kasuek.

Erabaki honek estatuaren aurrekontu orokorretan zuzendari nagusiaren karguarentzat aurreikusitako soldata gainditzeagatik ezarritako muga gainditzea onartzen du, eta ez dio eragiten bi jarduerengatiko jasotako ordainketak soldata nagusiari dagokion portzentaje jakin batean gainditzeari dagokionez abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 7.1 artikuluak ezartzen duen beste mugari.

Ildo horretan, unibertsitateak irakasle elkartuak erabiltzen ditu irakaskuntzako hainbat arlotan laguntzeko, ikasleei ikasketen ikuspegi praktikoa erakusteko helburuarekin. Enplegatu publiko asko dira unibertsitatekoak izan gabe, irakasle elkartu gisa lan eginez, haien lanbide-esperientzia irakasten dutenak.

Interes bereziko arrazoiak kasu horietan justifikatuta geratzen dira, unibertsitateko ikasleei kalitatezko prestakuntza bermatzen zaielako prestakuntza teoriko hutsaz gain prestakuntza praktikoa ere emanda.

Unibertsitateko prestakuntza horretan, enplegatu publikoak funtzionario, estatutupeko langile nahiz langile lan-kontratudun izan prestakuntza akademikoaren ikuskera osagarri bat ematen du, esparru horretan berak bakarrik eman dezakeena; eta hortaz, ia-ia ezinezkoa da profesional mota hori beste langile batzuekin ordeztea unibertsitate-ikasketa askotako ikasleen prestakuntza teoriko eta praktikoan kalitate-galerarik gertatu gabe.

Alabaina, abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 7.1 artikuluak ezarritako ordainsari-mugak aplikatu beharrak galarazi egiten du enplegatu publikoei baimena ematea haien jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan daukatena eta unibertsitateko irakasle elkartuaren jarduera bateragarri egiteko.

Baimena ezin emate horrek argi eta garbi kalte egiten dio unibertsitateko ikasleen zeharkako prestakuntzari. Hori dela-eta, bistakoak dira erabaki hau hartzea justifikatzen duten interes bereziko arrazoiak; izan ere, erabaki honen bidez zera ziurtatu nahi baita: eutsi egingo zaiola unibertsitateko ikasleek jasotzen duten prestakuntza nabarmen hobetzen duen lan horri.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, honako hau erabaki du gaia eztabaidatu ondoren:

ERABAKIA

«Lehenengoa. Herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 7.1 artikuluan aurreikusitako ordainsari-muga gainditzeko baimena ematea. Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoaren zerbitzura dauden langileei, Unibertsitateari buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak ezarritako erregimenean, gehienez denbora partzialeko dedikazioarekin eta iraupen jakinerako unibertsitateko irakasle elkartu izateko, ematen zitzaien bateragarritasun-baimenetan bi lanpostuengatik jasotzen zen zenbateko osoak ezin zuen gainditu estatuaren aurrekontu orokorretan zuzendari nagusiaren karguarentzat ezarrita zegoen ordainsaria. Erabaki honen bidez, ordea, zerbitzu publikoarentzako interes berezia dagoenean, gainditu ahal izango da muga hori, betiere abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusita dauden gainontzeko mugei eutsiz.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak erabaki honek».

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik