Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako eremu funtzionalaren (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 62
  • Hurrenkera-zk.: 1728
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/03/06
  • Argitaratze-data: 2020/03/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko uztailaren 9an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpen bat eman zuen, Donostialdeko Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismena zehazteko, paisaiaren zehaztapenei dagokienez.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak 2019ko otsailaren 27an eman zuen Aginduaren bidez, hasieran onartu zen Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketa-dokumentua, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

2019ko martxoaren 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarki baten bidez, onartu zen aldaketa-dokumentuaren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea abian jartzea, 45 egun baliodunez, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; horrela, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa bete zen.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa betez, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko uztailaren 9ko Ebazpenenean identifikatutako pertsona interesdunei, egokitzat jotako iradokizun eta oharrak egin zitzaten.

Behin jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideak amaituta, zenbait alegazio-idazki eta txosten jaso zirela ohartarazi zuen Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak; administrazio-espedientean jasota dago haien edukia eta emaitza. Alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren, paisaiaren zehaztapenei buruzkoaren, behin betiko bertsioaren idazketan.

2019ko abenduaren 19an, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategikorako eskaera egin du, Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezarritakoa betez.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa. 2019ko iraila.

Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa. 2019ko uztaila.

Ingurumen-irizpideak planean txertatu izanaren agiria. 2019ko uztaila.

Sintesi-dokumentua. 2019ko uztaila.

Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultetan jaso diren alegazio eta txostenen hitzez-hitzezko kopiak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea exijitzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legek 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, aipatu legearen I. eranskineko A. apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, Lurralde Plan Partzialak eta horien aldaketak, ingurumenari ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak, bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, beharrezko den guztia xedatu dute Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura egin ahal izateko, paisaia-zehaztapenei buruz, ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena lehenago zehaztu baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, paisaia-zehaztapenei dagokienez, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudira egokitzen dela, irismen-agirian jasotako alderdiak barne, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak organo eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren proposamenean sartzearen alde egiten da, paisaia-zehaztapenei dagokienez, eta aldaketa aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketan sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, paisaia-zehaztapenei dagokienez, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako hauek guztiak ikusi dira: Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

Lehenengoa. Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren (aurrerantzean, planaren aldaketaren), paisaiaren zehaztapenei buruzkoaren, ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartu zen uztailaren 27ko 121/2016 Dekretuaren bidez. Donostiako lurralde-plan partzial horrek eremu funtzional guztirako udal-mugarte hauek hartzen ditu: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil.

    Planaren aldaketaren xedea da eremu funtzionaleko lurralde-plan partzialean, gomendio-izaerako antolamendu-arau gisa erabiltzeko, paisaia-zehaztapenak txertatzea, zeinen helburu baita paisaia babestu, kudeatu eta antolatzea. Hala, paisaiaren berariazko dimentsioa LPParen beste titulu batean jasota dago «Paisaiaren zehaztapenak» epigrafean.

    Zehaztapenok, eta haien jatorri diren paisaia-kalitatearen helburuak, bi mailatan egituratu dira. Lehenengo sailkapen-mailak kudeaketarako baliabide ugarietan txertatzeko bide ematen du, lurralde-espazioen antolamenduaren eta erabileraren arabera eta jarduera ekonomiko eta sozialak lurraldean kokatzeko prozesu nagusien arabera:

    Eremu funtzional osorako zehaztapen orokorrak (G): etorkizuneko garapenen kokalekuak aztertzeko garaian, garrantzi handiagoa ematea paisaia-baliabideari; paisaia modu efizienteagoan txertatzea hirigintza-arauetan; Donostialdea eremu funtzionaleko paisaiaren balioa ezagutaraztea, kontserbaziorako eta hobekuntzarako bide eta ekonomiaren garapenaren eragile izan daitekeen aldetik; herritarrei paisaiaz gozatzeko aukera ematea; paisaiaren gaineko zeharkako kontrolak eta analisiak ugaritzea.

    Hiri-kokalekuei buruzko zehaztapenak (U): hirigune bereziak kontserbatzea; landako herriguneak kontserbatzea; hiri-kokalekuetako landare-paisaia balioduna kontserbatzea; ikuspegi-kalitate txarreko bizitegi-kokalekuak hobetzea; aldirien itxura hobetzea; herriguneetarako sarbideen itxura hobetzea; lurzoru urbanizatu eraiki gabea hobetzea; industrialdeen itxura hobetzea.

    Garraio-, energia- eta telekomunikazio-azpiegiturei buruzko zehaztapenak (T): garraio-azpiegiturak (elementuak eta bistak) hobetzea; energia-garraioko gordailuak eta azpiegiturak eta telekomunikazio-azpiegiturak paisaian integratzea; bigarren mailako errepideen itxura hobetzea.

    Erauzketa-jarduerei, zabortegiei eta hondakinen tratamendu-instalazioei buruzko zehaztapenak (EV): harrobien eta zabortegien itxura hobetzea; harrobi abandonatuen itxura hobetzea.

    Abeltzaintza- eta nekazaritza-erabilerei buruzko zehaztapenak (A): nekazaritza- eta abeltzaintza-paisaia adierazgarria kontserbatzea; nekazaritza- eta abeltzaintza-paisaia hobetzea.

    Basogintza-erabilerei buruzko zehaztapenak (F): ikusgarritasun handiko baso-landaketak hobetzea; formazio autoktonoak leheneratzea.

    Kultura-ondareari buruzko zehaztapenak (P): ondarea (militarra, erlijiosoa, industriala, zibila, etnografikoa) kontserbatzea eta zaintzea, eta bide historikoak, paisaia ardazten duten aldetik; paisaia-garrantziko kultura-ondarea hobetzea eta leheneratzea, eta balioa ematea.

    Natura-paisaiei buruzko zehaztapenak (N): baliabide fisiografikoak kontserbatzea; zuhaitz autoktonoen formazioak kontserbatzea; ur-gune nagusien paisaia eta loturiko landaredia kontserbatzea; kostako paisaia bikainak kontserbatzea; zuhaitz bereziak kontserbatzea; natura-paisaia leheneratzea eta hobetzea.

    Bigarren sailkapen-mailan idazpuru bakoitza hainbat kategoriatan banatzen da, paisaia-kalitateko helburuen nolakotasuna zein den, Paisaiaren Europako Hitzarmenetik eratorritako irizpideen arabera:

    Paisaia kontserbatzea eta zaintzea (C).

    Paisaia leheneratzea (R).

    Paisaia hobetzea (M).

    LPPa aldatzen duen zehaztapenak, oro har, paisaia-kalitatearen helburuak betetzeko ekintzak dira, izaera nabarmen positibokoak, lurraldeko paisaiak hobetzea eta kontserbatzea sustatzen dutenez. Beraz, horien emaitza eremu funtzionalaren ingurumen-kalitatearen onerako izango da. Hauek dira natura-ondarearekin bat datozen ekintzen bidez garatzen diren zehaztapen nagusiak:

    Ondarea kontserbatzea eta zaintzea (militarra, erlijiosoa, industriala, zibila, etnografikoa, baita bide historikoak ere, paisaia ardazten duten aldetik). Kontserbatzetik eta mantentzetik, eta balioak ezagutzera emanda balioa ematetik, eratorritako jarduerak babes-neurrietara mugatuko dira. Baliook identifikatzera bideratuta daude zehaztapenetan oinarrituta proposatutako jarduketak, antolamendu-tresnek paisaia babestea xede, baita paisaiaren balio kulturalak egungo kanalen bitartez ezagutzera ematera ere. Obra zibileko edo ingurumen-obrako ekintzarik behar duen jarduketarik batere ez da egingo, beraz, ez da espero natura-ondareak eraginik nozitzea.

    Paisaia-ondare adierazgarria hobetu edo leheneratzea, eta balioa ematea. Hobetzeko edo leheneratzeko lanetatik eta balioa ematetik eratorritako jarduketek obra zibileko ekintzak hartu ahalko dituzte barnean, eta horiek natura-ondarean eragina izan dezakete exekuzio-fasean, baina inola ere obrok amaitu eta martxan jarri ondoren. Oraindik zehaztu ez diren jarduketak dira, kultura-ondareko eraikinetan egitekoak zeinak natura-ondareko kokaguneetan dauden, guneok izendapen hori jaso baino lehenagotik, eta ez dakartenak ezaugarri-aldaketarik, birgaitzea baino baitute xede. Hala ere, adierazi behar da paisaiaren zehaztapenen aldetik elementuok birgaitzea paisaiaren kalitate-helburuetako bat den arren, jarduketa diseinatzeko garaian, kasuan kasuko sail eskudunek eginez gero, paisaia-irizpidea kontuan hartzea bakarrik aipatzen dela.

    Herritarren eskura jartzea paisaiarako irispidea eta gozatzeko aukera: egungo azpiegituren (errepideak, mendi-bideak, ibilbidea, bide berdeak, aisialdi-guneak, etab.) erabileran oinarritzen dira jarduketak, paisaia ezagutzera eman eta gozagai izateko. Natura-ondarean kokatuta dauden azpiegiturek gaur egun aukera ematen dute paisaia osoa eskura izateko, eta ez dira handitu behar. Proposatzen den ekintza nagusia ingurumen-, ekologia-, ondare- edo erabilera-intereseko puntuei buruz informazio gehiago ematean datza, paisaiari buruzko informazioa emanez, eta paisaia-interesaren araberako ibilbideen edo inguruneen sailkapena eginda. Kasu oso bakan batzuetan, gerta daiteke herritarrei paisaiarako irispidea eta gozatzeko aukera emateko jarduketek obra zibilak eta ingurumen-obrak egin behar izatea eragitea.

    Kontuan hartu behar da proposatu diren ekintzetako askotan, etorkizunean nahikoa zehaztuta, argi eta garbi ikusiko dela beroietatik eratorritako proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaiela.

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko uztailaren 9ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

    Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  3. Planaren aldaketa izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren aldaketaren jarduketarik.

  4. Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:

    Lurzorua ez okupatzen saiatuko da; horretarako, erabileren nahasketa sustatuko da eta espazio degradatuak leheneratu nahiz berrerabiliko dira. Lurraldea orokorrean hartuta berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzen duen hiri-berroneratzeari lehentasuna emango zaio, jadanik hirigintzak okupatuta dauzkan espazioetan erabilera berriak garatuz.

    Proposamenen garapenak behar diren neurriak ezarriko ditu lurraldeko konektibitate ekologikoa mantentzen dela ziurtatzeko. Lurzoru-erabileraren ikuspegi bateratua erabili beharko da, konektagarritasun globala hobetu eta azpiegitura «grisek» eragindako zatiketaren ondorioak arinduta, lurraldearen iragazkortasuna areagotuta eta zona funtzioanitzak identifikatuta, zeinetan lurzoruaren erabilera bateragarriak bultzatuko diren, ekosistema osasuntsu eta anitz batzuk lortzeko lagungarriak. Donostialdea eremu-funtzionalean, Aiako Harria-Jaizkibel igarobidearen funtzionaltasuna arriskuan jartzen duen gatazka-eremua identifikatu da. Aipatu gatazka arintzeko edo desagerrarazteko behar diren jarduketa- edo kudeaketa-neurriak hartu beharko dira, baita aipatu igarobidearen konektagarritasuna indartu eta babestekoak ere.

    Lurraldearen iragazkortasuna sustatzen duten neurriak aztertu beharko dira: zeharkako eta luzetarako drainatze-obrak egokitzea (bideen beheko pasabidea esaterako faunarentzako pasabideak, arrapalak, erlaitzak edo plataforma paraleloak...); era berean, ahal dela, bertako zuhaitz eta zuhaixkak era linealean taldekatuta ezarriko dira inguruan dagoen landaredi naturalarekin konektatzen saiatuz.

    Dibertsitate biologikoaren areagotzea edo, edozein kasutan, kontserbazioa sustatzen dela lehenetsiko da, habitaten eta espezieen funtzionamendua babestuta eta leheneratuta. Ezarri behar den edozein neurrik (besteak beste, ibilbideen sustapenak), gutxienez, ingurumen-egoera mantentzen dela bermatu beharko du.

    Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, babestutako naturagune babestuen barruan proposatutako jarduketek garatzeko baldintza gisa eduki beharko dute naturagune babestu horietan aplikatu beharreko araudia betetzea. Halaber, paisaia-intereseko eremuen Paisaiaren Ekintza Planak egokitu beharko dira naturagune babestu horietan agintzen duten antolatzeko eta kudeatzeko tresnetara.

    Landaredia kontserbatzen dela zaindu beharko da, bereziki bertako basoak, heskaiak eta ibaiertzetako landaredia. Hala behar izanez gero, mantendu eta kontserbatzeko interesgarria den landaredia duten eremuak mugatu eta balizatu beharko dira, gune ahulak markatu beharko dira, kontserbatu beharreko zuhaitzak babestu eta abar, jarduketek horiei ez eragiteko eran. Dauden eta egingo diren garapenak, jarduerak eta azpiegiturak paisaian integratzeko erabili beharreko landare-espezieak kontu handiz hautatu beharko dira. Erabili beharreko espezieak bertakoak izango dira, paisaian integratu beharreko eremuaren balizko landarediarekin bat etorrita, eta kanpoko espezieak pixkanaka gutxiagotuko dira. Gainera, hautatutako espezien ezaugarriak kontuan hartu beharko dira nahi diren helburuak bermatzearren (haien klima- eta edafologia-eskaerak, berezitasun fisiologikoak, egitura, kromatismoa, testurak eta abarrak).

    Lur azpiko nahiz azaleko ur kontinentaletan, ur azpietan, ibilguetan, ur-bazter edo -ertzetan, tarteko uretan eta itsasertzeko uretan eragina duten edo izan dezaketen jarduketetan, lehentasuna eman behar zaio ura eta haren ingurunea babestu, begiratu eta leheneratzeari.

    Behar diren neurriak jarriko dira eragingo zaien lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Ezponda eta landareztatu beharreko azaleretan landare-lurra erabiliko da ahal dela. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea. Diseinu-irizpideak jasoko dira higatzeko arriskuak gutxiagotzeko, eta horrez gain, oinezkoen ibilbideak, bizikleta-bideak eta BTT sareak eraikitzeko proiektuek haiek ustiatzeko aldian kontrolatzea ere hartu beharko dute barnean, higadura-prozesuak, horrelakorik sortzen bada, zuzentzeko.

    Kultur ondareari dagokionez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloko Gipuzkoako Foru Aldundiko sail eskudunari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark.

  5. Ingurumen-jarraipenaren plana.

    Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aldaketaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren aldaketaren esparrukoak diren proiektuen obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera egin beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

  6. Planaren aldaketaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

    Planaren aldaketaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko uztailaren 9an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak. Eragina izan behar du, besteak beste, jada artifizialdutako lurzoruen erabileraren lehenespenean, baliabideen erabilera jasangarrian eta lurraldearen gaineko esku-hartzeen paisaia-integrazio egokian.

    Planaren aldaketaren ondorengo garapen-faseetan (proiektu espezifikoak garatzen diren unean) balioetsi ahal izango dira aurreikusitako jarduerekin zerikusia izan dezaketen inpaktuak, eta egokiak diren neurri babesle eta zuzentzaileak proposatu, baina garapen-proiektuek bermatu beharko dute ingurumen-jardunbide egokiak aplikatzen direla jarduketak gauzatzen diren bitartean. Hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan, besteak beste: eragin beharreko gehieneko azalera, babestu beharreko landaredia, ibilguak alferrikako jarduketa guztietatik zaintzeko eta isuriak saihesteko beharra, ahalik eta hauts eta zarata gutxien egitea eta hondakinak behar bezala kudeatzea. Lanak garbi egingo dira, eta garbiketa zorrotza egingo da amaitu eta gero. Gainera, kutsadura kontrolatzeko sistemak izango dira nahi gabe isuritako makinen olio edo erregaientzat, eta hondakinen behar bezalako kudeaketa egingo da indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

    Bigarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari.

    Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 6a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    IVAN PEDREIRA LANCHAS.