Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «08.AE Ondarreta HE Ertzain-etxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 50
  • Hurrenkera-zk.: 1515
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/02/21
  • Argitaratze-data: 2020/03/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko azaroaren 7an, Donostiako Udalak «08.AE Ondarreta HE Ertzain-etxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapidearen hasieraren berri.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Donostiako «08.AE Ondarreta HE Ertzain-etxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako «08.AE Ondarreta HE Ertzain-etxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena.

    Plan Bereziaren xedea da Ondarretako ertzain-etxearen lurzatiko eraikigarritasuna handitzea, solairuetako bat handitzeko eta bulegoa, aldagelak eta herritarren arretarako gelak, batik bat genero-indarkeriako kasuetarakoak, handitzearen ondoriozko premiei erantzutera bideratutako beste bi solairu eraikitzeko, baita energiaren efizientzia hobetzera bideratutako jarduketak egiteko ere (hegalak handitzea, itxituren altuera handitzea, etab.).

    2012ko HAPBak 1.872,42 m2(s)-ko eraikigarritasun fisikoa zehazten zuen; oraingo Plan Bereziak 2.663,42 m2(s)-koa. Eraikigarritasuna areagotzeko, ekintza hauek gauzatuko dira:

    Beheko solairua 110 m2-an handitzea.

    Solairu bat gehitzea +4 (egun eraikina B+3 erakoa da), beheko hiru solairuen azalera berdinekoa (478 m2).

    Solairu bat gehitzea +5, hego-mendebaldeko blokean, 173 m2-koa.

    16 cm-ko perimetroa handitzea eraikin osoan, fatxaden energia-efizientzia hobetzeko. Vitoria-Gasteiz kaleko fatxadaren beheko solairuan, ordea, ez da aipatu perimetroa handituko.

    Gainera, hegalak handitu nahi dira, eta itxitura altuagoak jarri, etab.

    1. AE Ondarreta hirigintza-eremua Vitoria-Gasteiz eta Kristina infanta kaleek bat egiten duten lekuan dago, Donostiako Antigua-Ondarreta auzoan. Beraz, udalerriko hiri-egituraren barnean dago.

      Lurzati horretan, ertzain-etxea dago, eta inguru erabat urbanizatua da. Beraz, ez dago natura-elementu aipagarririk. Hauek dira eragindako ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

      Eremu erabat urbanizatu eta eraikia da, udalerriko bizitegi-egituran txertatua. Ez dago landaredirik.

      Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoak kutsatzearekiko urrakortasuna txikia da, baina interes hidrogeologikoko Zumaia-Irun gunearen barnean dago. Gainera, Plan Berezia 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuaren barnean dago, eta Igara (Kod.: ES017-GIP-URU-02), uholde-arrisku handiko eremuari (UAHE) lotuta dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko 2015-2021 aldirako uholde-arriskua kudeatzeko planaren arabera.

      Plan Bereziaren eremuak hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) interes bereziko eremuari eragiten dio, eta espezie horrek kudeaketa-plana du, Foru-agindu bidez onartu zena 199ko azaroaren 10ean. Hori horrela, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroan jasota dago. Planaren eremuan (lurzati erabat urbanizatuan) egiten diren erabilerak ez dira bateragarriak aipatu espeziearen habitatarekin.

      Eremua hiri-paisaian txertatuta dago, Ondarreta ikus-eremuaren barnean, eta Oso arrunta motakoa da, EAEko Paisaia Berezi eta Bikainen Katalogoaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 2005): Paisaia ez dago katalogatuta. Ikus-eremuaren paisaia-balorazioa Oso baxua da.

    Plan Bereziaren eremuan dauden zarata-iturri nagusiak hauek dira: Zumalakarregi etorbidea, eremuarekin muga egiten duen hego-mendebaldean, eta Vitoria-Gasteiz eta Kristina infanta kaleak, Plan Bereziaren xedeko eremua zedarritzen dutenak. Edonola ere, eraiki edo birgaitu asmo dagoen eraikin orok barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzeko beharrezko diren isolamendu-eskakizunak bete beharko ditu.

  2. Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

  3. Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

    Hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

    Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

    Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

    Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

    Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

    Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitza arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan» (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

    Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Bigarrena. Donostiako «08.AE Ondarreta HE Ertzain-etxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Donostiako «08.AE Ondarreta HE Ertzain-etxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 21a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik