Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Trapagaranen (Bizkaia) Discusland SL enpresak sustatutako akuikultura apaingarriko instalazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 40
  • Hurrenkera-zk.: 1173
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/02/04
  • Argitaratze-data: 2020/02/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Ingurumena; Ekonomia; Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko uztailaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak jendaurreko informazioaren izapiderako ipini zituen Trapagaranen (Bizkaia) Discusland SL enpresak sustatutako akuikultura apaingarriko instalazio-proiektua eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 36. artikuluan xedatzen duenari men eginez, egoki ikusten ziren alegazio guztiak aurkez zitezen; izapide horri zegokion iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (132. zk.). Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso. Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Hori dela eta, sustatzaileak kontuan hartu ditu administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapide horretan jasotako txostenak.

2019ko abenduaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Trapagaranen (Bizkaia) Discusland SL enpresak sustatutako akuikultura apaingarriko instalazio-proiektuari buruz.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

Proiektuaren dokumentu teknikoa.

Ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2019ko urrian egina.

Jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazioei eta norbanako interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak bana-banako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arautzen du, abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotzen den ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntaren baliokidea dena.

Horiek horrela, aipatu behar da Trapagaranen (Bizkaia) Discusland SL enpresak sustatutako akuikultura apaingarriko instalazio-proiektua EAEko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren IB eranskinaren 5.1 epigrafean jasotako kasuetarik bat dela: «Arrain-hazkuntza intentsiboa».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, akuikulturako instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterlan bat gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Discusland SL enpresak Trapagaran udalerrian (Bizkaia) sustatzen duen akuikultura apaingarriko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena formulatzea.

Proiektuaren xedea da Discusland SL enpresa akuikulturako enpresen direktorioan sartzea. Enpresa 2010az geroztik ari da jardunean egungo instalazioan. Jarduera 170 m2-ko azaleran egiten da, Trapagarango El Juncal industrialdeko 5. pabiloian.

Enpresa akuikultura apaingarrirako disko-arrainen hazkuntzan jarduten da. Horretarako, instalazio hauek dituzte:

Hatchery: 84 hazkuntza-tanga, eta arrainkumeak loditzeko 120 tanga. Hilean 1.000 bat arrainkume ekoizten dira.

Bikoteak sortzeko eremua: 600 litroko tangak.

Salmenta-gunea: 300 eta 500 litroko tangak, salmentarako arrainak daudenak. 300 litroko tangak, beste hatchery batzuetatik inportatutako arrainen berrogeialdietarako.

Ur-tratamenduen instalazioa: bi kalitateko uren ekoizpena; bata, salmenta-guneko arrainen uretarako, eta bestea, hazkuntza-guneko uretarako.

Ur-saneamenduaren sareko ura erabiltzen da jardueran, batez beste, gehienez 1.200 litro egunean. Hondakin-urak (ur sanitarioak eta tangatan berrerabili ez den ura) estolderia orokorrera isurtzen dira (700 m3 urtean). Disko-arraina hazteko instalazioetan ura birzirkulatzeko sistemak erabiltzen dira.

Energia elektrikoa baliatzen da. Instalazioak sortzen dituen hondakin nagusiak zerbitzu orokorretakoak dira.

Bigarrena. Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko; baldintza lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera.

  1. Proiektua garatzeko baldintzak bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin eta ebazpen honen apartatu hauetan ezarritakoarekin, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, bat etorriko dira proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak Ingurumeneko Sailburuordetza honen aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denarekin.

  2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatuari men egingo zaio.

    Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, eta aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa badute eta obrak egiteko falta diren gainerako izapideetan sortu badira, ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

  3. Neurri babesle eta zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

    Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    1. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    1.1. Ustiapenean sortzen diren efluente-isuriek isurketarako baimenean organo eskudunak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

    1.2. Jarduera Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako leku batean gauzatuko da. Aldaketaren batean lur-mugimendurik egin behar izanez gero, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean kasu horietarako ezarritakoari jarraikiz jardungo da.

    2. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    2.1. Jarduerak behar diren neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

    3. Hondakinak kudeatzeko neurriak:

    3.1. Sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

    Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

    Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    3.2. Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

    3.3. Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen.

    3.4. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

    3.5. Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

    3.6. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

    Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

    4. Instalazioaren mantentze-lanetarako neurriak:

    4.1. Instalazioak garbitzeko, konpontzeko eta mantentzeko lanak ahalik eta hondakin, isurketa eta emisio gutxien sortuko den eran egingo dira.

    4.2. Arazteko eta kutsadura prebenitzeko ekipamenduen eta instalazioen egoera ona bermatzeko, titularrak programa batean zehaztuta izan beharko ditu mantentze-eragiketak, ikuskapenak eta kontrolak, eta horiek egiteko maiztasunak. Eragiketon erregistroa izan beharko da, izandako gorabeherak eta horiei emandako konponbideak zehaztuta.

    Hirugarrena. Jakinaraztea, otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorreko (Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa) 47.3 artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek jarduteko lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileei buruzko txostena ordezten duela ondore guztietarako.

    Laugarrena. Lau urteko epea ezartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Epe hori igaro eta artean ez bada proiektua egikaritzen hasi, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

    Bosgarrena. Ebazpen honen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari eta Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari.

    Seigarrena. Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 4a.

    Ingurumen Administrazioko zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

    Ingurumeneko sailburuordea,

    MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik