Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingumen-txosten estrategikoa egiten baita Irungo Colon pasealekuaren 23 zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 43
  • Hurrenkera-zk.: 1293
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/30
  • Argitaratze-data: 2020/03/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Irungo Udalak, 2019ko irailaren 25ean, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko Irungo Colon pasealekuaren 23 zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, jasotako txostenak aztertu dira, eta egiaztatu da ingurumen-organoak baduela nahiko judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, aipatutako artikuluari jarraituz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Kasu horietako bat da, hain zuzen ere, Irungo Colon pasealekuaren 23 zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketa.

Aztertuta geratu dira xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak judizio-elementu nahikoa dauka ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Irungo Colon pasealekuaren 23 zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketari buruz, jarraian zehazten den eran:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena.

    Xedea.

    Xehetasun-azterketaren helburua da zehaztea zer eraikigarritasun-baldintza bete behar dituzten Irungo Colon pasealekuaren 23 zenbakiko eraikinean aurreikusitako birgatze- eta handitze-lanek; izan ere, aurreikusita dagoenez, eraikin hori partez eraitsi, eta, ondoren, jasoko egingo da. Halaber, proposatutako eraikinaren lerrokadurak eta sestrak definitzen dira.

    Egungo lurzatiaren dimentsioei eusten zaie, zeinak bat datozen egun beheko solairuak okupatzen duen eremuarekin. Orobat, setrapeko eraikigarritasunari eusten zaio. Irungo HAPOn ezarritakora egokitzen dira eraikinaren, lerrokaduren, hegalen, atzeraemanguneen eta estalduren profila.

    Aurreikusitako ekintzak.

    Partez eraitsiko da egun Irungo Colon pasealekuaren 23 zenbakian dagoen eraikina, eta beheko solairuak eta erdisotoak egun dituzten lerrokadurei eutsiko zaie. Erakin horren beheko solairuak eta erdisotoak egun duten merkataritza-erabilerari eutsi nahi zaio.

    • Egungo eraikina jasotzea: bost solairu eta atikoa; guztira 11 etxebizitza izango ditu, bina solairuko, lehenengo solairuan izan ezik, han etxebizitza bakarra egingo baita. Eraikigarritasuna handituko da, egungoaren aldean: 538,74 m2/t-tik (lau solairu eta estalkipeko solairua), 992,08 m2/t-ra (bost solairu, atikoa eta estalkipeko solairua).

      Eremua.

      Irungo erldialde-erdialdean dagoen lurzati bat da, non egun higiezin bat dagoen, 1940an eraikia, atal hauek dituena: erdisotoa, beheko solairua, goiko lau solairu eta estalkipeko solairu bat. Eremuaren azalera 189,97 m2-koa da.

      Jarduketaren xede den lurzatian ez dago ingurumen- edo kultura-interes bereziko elementurik.

      Ez dago uholde-arriskurik, eta eraginpeko eremuan ez da hauteman kalteberatasun-arriskurik.

      Obra-faseko efektu moderatuak izan litezke hondakin-sorrera edo paisaian izandako eragina, lurzoruaren okupazioagatik eta eraikina eraisteak eta handitzeak eragindako lur-mugimenduengatik. Nabarmentzekoak izan daitezke, halaber, giza-habitataren gaineko eraginak (hautsa eta zarata sortzea, etab.).

      Egun, eremuan, bete egiten dira kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak, baina litekeena da gerora ez betetzea, zorrotzagoak izango baitira. Alde horretatik zarataren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoa bete beharko da.

  2. Xehetasun-azterketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, xedatu egin da xehetasun-azterketak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta xehetasun-azterketan bertan jasotakoarekin bat etorriz.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

    Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen (http://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=EC1F62B8-A941-4C9A-9280-E4202E656A69&Idioma=eu-ES).

    Bigarrena. Bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez da aurreikusten Colon pasealekuaren 23 zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Irungo Udalari.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Irungo Colon pasealekuaren 23 zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 30a.

    Ingurumen Administrazioko zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

    Ingurumeneko sailburuordea,

    MARÍA ELENA MORENO ZALDIBAR.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik