Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Debako (Gipuzkoa) 06.HE Amillaga eremuaren Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 43
  • Hurrenkera-zk.: 1292
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/28
  • Argitaratze-data: 2020/03/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko irailaren 20an, Debako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Debako (Gipuzkoa) 06.HE Amillaga eremuaren Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Era berean, Debako Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Debako (Gipuzkoa) 06.HE Amillaga eremuaren Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Txostenak Planaren aldaketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Debako (Gipuzkoa) 06.HE Amillaga eremuaren Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Debako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    1. HE Amillaga eremuaren mugapena Debako arau subsidiarioen berrikuspenean dago jasota, hiri-bilbeko hutsuneak bete, eta bilbea berau egituratzeko. Hiri-lurzorua denez, Barne Eraldaketarako Plan Berezi bat onartu zen (aurrerantzean, BEPB), eremuaren erabilera eta aprobetxamendu berriak ezarri zirena.

      Planaren aldaketaren xedea da 06.HE Amillaga eremuaren antolamendu xehatu berria zehaztea, bizitegi-erabilerak eta erabilera tertziarioak garatu eta ezarri ahal izateko, eta errepide berria eta egin nahi diren blokeak egokituago egoteko. Plana aldatuta, Amillaga eremua 506 m2 handiagoa izango da, Elizburu esparruari kenduko baitzaizkio.

      Hauek dira BEPB onartuari egin nahi zaizkio aldaketa nagusiak:

      Bizitegi-erabilerako eraikinak goialdean kokatuko dira, trenbidetik urrunago. Erabilera tertziarioko eraikin bat altxa nahi da (hotela) egin nahi den biribilgunearen hego-ekialdean dagoen lurzatian. BEPBan aurreikusita zeuden familia bakarreko etxebizitzak kendu egingo dira.

      1. 634 errepidearekiko loturaren ordez biribilgune bat egingo da. Oinezkoen irisgarritasun hobetuko da, zutikako mugikortasuneko elementuak birkokatuta.

        Bidearen ibilbidea aldatuko da, malda gutxiago izateko. Hala, lurzatiak doitu daitezke, antolamendua hobetuz. Elizbururekin egingo den lotura aldatuta, Elizburuko plan partzialari aldaketa puntual bat egin behar zaio, lotura doitzeko.

        Eraikinen profila doituko da, inpaktu bisuala gutxitzeko (BS+III, erabilera tertziarioko eraikinean, eta BS+V, bizitegi-erabilerako eraikinetan).

        Erreka 95 metrotan lurperatu beharrean (BEPB), planaren aldaketarekin, desbideratzea proposatzen da, ibilgua aire zabalean utzita. Ertzak babestea proposatzen da, bioingeniaritzako teknikak erabilita (Krainer egitura eta adar-estaldura).

  2. Planaren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: planaren aldaketak zehazki antolatzen du eremua eta eraikigarritasun-baldintzak finkatzen ditu. Hori onartu eta gero, dagozkion Hirigintzako Ekintzen Programak, Birpartzelazio Proiektuak eta Urbanizazio eta Eraikuntza Proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren aldaketaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Planaren aldaketak lurzatian garatzen duen antolamendu xehatua HAPOan ezarritakoarekin bateragarria izateko baldintzarekin garatu da. Gainera, Planaren aldaketak dentsitate txikiko garapena dakar, indarrean den BEPBean proposatzen ziren familia bakarreko etxebizitzak baztertuta. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. Horri dagokionez, Planaren aldaketak kontuan hartu beharko ditu, haren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, dagokion Eraikuntza Jasangarrirako Gidan bildutako gomendioak, proposatutako eraikuntzen energia-aurreztea eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, ebazpen honen aurreragoko apartatuetan xehatuko den bezala.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren aldaketaren ingurumen-efektu nabarmenenak hauek dira: Amillaga errekari erasatea, kultura-ondareari erasateko arriskua, esplotazio-faseko zarata eta natura-baliabideen kontsumoa eta lurzoru naturalak artifizialtzea (belardia eta ekialdean dagoen zuhaizti txiki bat). Planaren aldaketaren xede den eremuak 22.980 m2-ko azalera badu ere, eraikinen azalera 8.112,32 m2-koa izango da, eta espazio libreena 6.981,11 m2-koa. Horrenbestez, lurzoru natural gutxiago artifizialduko da eta natura-baliabide gutxiago kontsumituko dira.

      5. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Planaren aldaketa egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia), ondarearen eta biodibertsitatearen arloetakoak.

    2. Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren aldaketaren xede den eremua hiri-lurzorua da erabat; eraikin batzuk, udal hilerria eta okupatu gabeko orubeak daude. Ekialdean, zuhaizti txiki bat dago.

      Ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman eremuan. Eremua ez dator bat naturagune babestuekin eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin, ez da hauteman flora- eta fauna-espezie katalogaturik, ezta interes geologikoko lekurik ere.

      Amillaga errekak zeharkatzen du eremua (hego-ekialdetik ipar-mendebaldera), bideratuta eta lurpean, eta beste errekasto txiki batek ere bai, hegoaldetik iparraldera.

      Kultura-ondarearen ikuspegitik, Amillaga Ospitalearen eta Amillaga etxearen balizko arkeologia-gunea aipatu behar da, toki-babeserako proposatuta dago EAEko Kultura Ondarearen zentroaren arkitektura-ondarearen inbentarioan. Ondare eraikitik, udal-hilerria aipatu behar da.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak urrakortasun handia du eremuaren iparraldeko akuiferoen kutsaduraren aurrean. Eremuak ez du uholdeak jasateko arriskurik 500 urteko errepikatze-denboran. Ez da hauteman Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruak kutsa ditzaketen jardueren kokapenen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik.

      Zarata-iturri nagusiak N-634 errepidea eta trenbidea dira. Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, egungo egoerarekin, gainditu egingo dira eremuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak zorutik bi metrora. Etorkizunean, eremuaren zati batean eta eraikin tertziarioko fatxaden zati batean eta bizitegi-erabilerako eraikinetako batzuetan aplikatu behar diren KAHak betetzen ez badira, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikulua urratuko da. Proposatu diren zuzenketa-neurriekin ere ez dira betetzen KAHak fatxadetan, eta azterketan ez da zehazten zein emaitza duten aipatu neurriok eraiki gabeko eremuetan, kanpoaldean lurzorutik bi metrora.

      Horiek horrela, Planaren aldaketa garatzearen inpaktu nagusiak hauek izango dira: Amillaga erreka desbideratzea, kultura-ondareari erasateko arriskua eta urbanizazio-zein eraikuntza-obren ondorioz natura-baliabideak kontsumitzea eta lurzoru naturalak artifizialtzea. Gainera, lur-mugimenduek eta eraispenek eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortuko dituzte, eta urak kutsatzeko arriskua egongo da, lurrak arrastatzeagatik. Gainera, giza habitataren kalitateak behera egingo du, ibilgailuen eta makinen zirkulazioarengatik (zarata, hautsak, bibrazioak, etab.).

      Funtzionamendu-fasean, egin nahi diren jardueren izaera eta irismena kontuan hartuta, inpaktu nagusia zarata izango da. Aurkeztu den inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, ez dira beteko kalitate akustikoaren helburuak etorkizuneko hirigintza-garapenean, ez egungo egoeran, ezta etorkizunean ere.

      Kontuan hartu beharreko beste inpaktu batzuk dira mugikortasuna handitzea eta hondakinen sorrera eta emisioak handitzea, etxebizitza berrien ondorioz.

      Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen BEPBn aurreikusitako egoera. Horrela, Planaren aldaketak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea HAPOan ezarritakoaren aldean, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, betiere, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak. Antolamendu berriaren alderdi positiboen artean, hauek aipatu behar dira: Planaren aldaketak BEPBan aurreikusitako etxebizitza isolatuak kentzea eta Amillaga erreka desbideratzea (indarreko BEPBan lurperatzea proposatzen da; aldaketan, aire zabaleko ibilgua sortzea bioingeniaritzako teknikekin).

      Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

      1. Lurrazaleko uren ingurumen-egoera hobetzeko neurriak, eta horien funtzio ekologikoak lehengoratzeko neurriak.

        Hargatik eragotzi gabe arroan eskumena duen organoak xedatutakoa, jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasunetan eragina duten obretarako, zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:

        Espazio erabilgarria kontuan hartuta, errekaren sekzioan, goraldietako ibilguaren ezpondak etzanagoak izan behar dira.

        Ibilguaren amaierako proiektuan, malda handia dagoenez, aipatu ibilgua eratuko duten ezponden behealdea egonkorra izatea bermatu beharko da.

        Ertzak bioingeniaritzako tekniken bidez babesteko proposamena landaketa-proposamenarekin osatu beharko da, gutxienez erriberako lehen bost metrotan. Erriberako zuhaizti eta zuhaixkak erabiliko dira horretarako (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Crataegus monogyna, etab.).

        Amillaga errekaren ibilgu berrian, ibai-ohe zimurtsu eta irregularra osatuko da, uda-garaian ura kontzentratu dadin eta uretako flora eta faunarentzako mikrohabitat desberdinak sor daitezen. Edonola ere, aire zabaleko erreka-tartean erreka-ohea lehengoratzeko, tarte horri jatorrian dagokion granulometria bera emango zaio.

      2. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

        Planaren aldaketaren dokumentazio grafikoan Amillagako Ospitalearen balizko arkeologia-gunea txertatu beharko da, mugak zehaztuta eta EAEko Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluak ematen dion babes-maila berariaz adierazita.

        Gainera, espedientean jasota dagoen Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena kontuan hartuta, Debako Udalak Amillaga etxea kontserbatzeko aukera aztertu beharko du, toki-babesa emateko EAEko Kultura Ondarearen zentroaren arkitektura-ondarean.

      3. Zaratari buruzko neurriak

        Planaren aldaketan aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

        Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      4. Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk

        Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Planaren aldaketa gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurzoruaren okupazioan, landarediaren babesean, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, airearen kalitatearen babesean eta kalitate akustikoaren babesean hartu beharrekoak, tartean, hauek:

        Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

        Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, akuiferoen kutsaduraren aurrean urrakortasun handia duen eremuari eta espezie autoktonoetako zuhaitz aleei eragitea saihestuko da. Iraun ahalko duten zuhaitz aleak behar bezala markatu eta babestuko dira, istripuzko kalteak ekiditeko.

        Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

        Eraikuntza-eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza-eta eraispen-hondakinak. Amiantoa duen hondakinik sortzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzeko denak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira.

        Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

        Debako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

        Osasun publikoaren eta adikzioen Gipuzkoako zuzendariordetzaren txostenaren arabera, hilerria itxi eta lekualdatzeari dagokionez, 202/2004 Dekretuan, urriaren 19koan, EAEko Hilondoko Sanitatearen Erregelamendua onartzekoan, ezarritakoa bete beharko da.

        Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

        Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

        Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, gurpilak garbitzeko plataformak barne, lohia edo hautsa barreiatzea ekiditeko. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

        Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira,

        kendutako landaredia birjarrita, hala badagokio. Espezie autoktonoak landatuko dira, ahalik eta lasterren, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

        Landare-eta lore-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gida, aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

        Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

        Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpenean gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea

        Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

        Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

        Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea

        Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

        Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Debako (Gipuzkoa) 06.HE Amillaga eremuaren Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketak kontrako eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Debako Udalari jakinaraztea.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Debako (Gipuzkoa) 06.HE Amillaga eremuaren Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren aldaketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 28a.

        Ingurumen Administrazioko zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria).

        Ingurumeneko sailburuordea,

        MARÍA ELENA MORENO ZALDIBAR.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik