Arautegia

Inprimatu

17/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Otxandioko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, alokatzeko babes sozialeko etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien sustapena Otxandioko udal-mugartean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 29
  • Hurrenkera-zk.: 734
  • Xedapen-zk.: 17
  • Xedapen-data: 2020/01/23
  • Argitaratze-data: 2020/02/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Instituzional; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Akordioa sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

Lankidetza Hitzarmena, Euskal Autonomia erkidegoko administrazio orokorra, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saila eta Otxandioko udalaren artekoa alokatzeko babes sozialeko etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien sustapena otxandioko udal-mugartean

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 8a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Eta bestetik, Egoiz Garmendia Vera jauna, Otxandioko Alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Otxandioko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2019ko abenduaren 12an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa. Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Bigarrena. Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

  1. Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

  2. Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

  3. Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

  4. Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

  5. Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

  6. Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

  7. Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

  8. Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

  9. Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

  10. Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

    Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Otxandioko Udalak elkarrekin esku hartu behar dute are gehiago, horretara behartuta daude, babes publikoko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.

    Zentzu honetan, Otxandioko udalak ongi ezagutzen du alokairuzko etxebizitza parkearen beharra, zeinak bertako biztanleen beharrak asetu beharko dituen, baina baita ere badu buruan eskaintza eskariari egokitua izan behar duela, honela eman daitekeen populazio hazkundea bat etorri behar da udalak hau xurgatzeko edo era egokian hartzeko eta oinarrizko zerbitzuak emateko gaitasunarekin.

    Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

    Hirugarrena. Garraio eta Hirigintza Sailaren uztailaren 6ko 727/2009 Foru Aginduaren bidez Otxandioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartu zen. 2013ko otsailaren 19ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren aipatutako Plan Orokorraren testu arauemailea.

    Hiri-lurzorua esparru desberdinetan kalifikatzen da. «Egikaritze-unitateak» izeneko eremua hogeita bat (21) eremu bizitegi-eraikineterako, industriarako 3 eremu eta eremu misto bat (bizitegi-eraikinak eta industria). Egikaritze- unitateen bitartez kudeatzen dira, eta araudi berezia dute; zenbait kasutan, araudi hori bat etor daiteke Hirigunea, Gune Historikoa edo Ciudad Jardín eremuetako araudiekin.

    Aipatutako Egikaritze-unitate horien artean hurrengoak daude:

    Hirigintzako 2.1. egikaritze-unitatea. 2.802,00 m2 azalera totala du. Erabilera bereizgarria Bizitegia-Ekipamendua da. Bertan 10 etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten da.

    Egikaritze Unitatearen Jarduketa-sistema Lankidetzakoa da.

    Plan Orokorrean jasotakoaren arabera, Unitatearen garapena bultzatzeko hurrengo dokumentuak prestatu behar dira: Urbanizatzeko jarduketen programa, Birpartzelazio-proiektua eta Urbanizazio-proiektua.

    Hirigintzako 9.1. egikaritze-unitatea. 1.163,00 m2 azalera totala du. Erabilera bereizgarria Bizitegia da. Bertan 15 etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten da.

    Egikaritze Unitatearen Jarduketa-sistema Lankidetzakoa da.

    Aipatutako Plan Orokorrean jasotakoaren arabera, Unitatearen garapena bultzatzeko hurrengo dokumentuak prestatu behar dira: urbanizatzeko jarduketen programa, Birpartzelazio-proiektua eta Urbanizazio-proiektua.

    Hirigintza 12 egikaritze unitatea (Behin behineko onarpen dokumentuan horrela izendatuta eta Otxandioko Hirigintza Plan Orokorraren behin betiko dokumentuan 86 artikuluan jasota), herritarrentzako ekipamendu publikoen eremua.

    Udaletxe kaleko 2. zk. hartzen duen partzela da. Partzelaren azalera totala: 344 m2, eta erabilera bereizgarria: ekipamendua da.

    Otxandioko Udala da hiru egikaritze horiek osatzen dituzten lurzoruen jabea.

    Laugarrena. Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 16. artikuluak adierazten duenez, Udalaren hirigintza-plangintzaren bidez, etxebizitzak babes publikoko araubide bati atxikita eraikitzeko kalifikatu ahal izango dira lursailak. Betiere, legearen 80. artikuluan aurreikusita dauden gutxieneko estandarrak eta kopuruak betetzeko behar den lurzoru-kalifikazioa egin beharko da gutxienez.

    Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 19. artikuluak adierazten duenez, Administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, sustatu egingo dituzte babes publikoko etxebizitzak, halako jarduketak bultzatzeko neurri ekonomiko, fiskal, hirigintzako eta bestelakoen bidez.

    Bosgarrena. Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:

    1. Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

    2. Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

      Helburu horiek betetzeko, Otxandioko Udalak doan lagako dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari lehen deskribatu diren Otxandioko 2.1, 9.1 eta 12 Hirigintzako egikaritze-unitateen lurzoruak.

      Etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duenez aurreikusten aipatu Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak onartutakoa) horretarako xedatutakoa beteko da.

      Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, onarpena haien titulartasuna izango duen sailak erabaki beharko du, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.

      Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

      KLAUSULAK

      Lehenengoa. Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Otxandioko udal-mugartean alokatzeko babes sozialeko etxebizitzen sustapen bi eta zuzkidura bizitokien sustapen bat ahalbidetzea.

      Bigarrena. Otxandioko Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dute Otxandioko 2.1 eta 9.1 egikaritze-unitateak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak alokatzeko babes publikoko etxebizitzen sustapenerako erabiltzea. Berriz, 12 egikaritze-unitatean zuzkidura bizitokien sustapen bat burutuko da.

      Otxandioko Udalak Otxandioko 2.1, 9.1 eta 12 E.U. lurzoruak kargarik gabeko lagapena egiteko hitza ematen du, doako lagapena egiteko dagokion akordioaren bidez.

      Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketa burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.

      Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere aldetik, hitz ematen du lagapen hori Gobernu Kontseiluak onartzeko tramitazioa egingo duela.

      Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena baimentzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.

      Lagapen hauek era mailakatuan egingo dira, honela behin Otxandioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak gauzatu beharreko unitatea zein den, edukiak, etxebizitza programa eta Etxebizitza sailburuak etxebizitzen esleipen prozedura arautu eta hasiera ematen dion agindua adostu ondoren, honen lagapena egingo da. Edonola ere, lagapen horiek 9.1 eta 12 E.U. lurzoruetan aurreikusten diren sustapenak aldi berean garatzea ahalbidetuko dute.

      Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

      Plan Orokorrean 2.1, 9.1 eta 12 egikaritze-unitateak garatzeko aurreikusten diren eta beharrezkoak diren agiri urbanistikoak idaztea.

      Alokatzeko babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura bizitokiak eraikitzeko beharrezkoak diren agiri teknikoak idaztea.

      Aipatutako agiriak idazteko 2.1 Egikaritze unitatearen zehar Urkiola ibaia doala eta bertan mediku-kontsultategia dagoela hartuko da kontuan. Halaber, hiru sustapenen diseinuan eguzkialdia kontuan hartuko da.

      Babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura bizitokiak eraikitzeko eta eremu bakoitzeko urbanizazio orokorra egiteko obrak kontratatzea eta exekutatzea.

      Ez zaie hasiera emango Egikaritze Unitate bateko obrei aurreko edo aurrekoen Egikaritze Unitateko obrak amaitu ez diren bitartean.

      Edonola ere, gauzatze bakoitza aldez aurretik Otxandioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu beharko dute.

      Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du zuzkidura-bizitokiekin lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak 4 urteko epean amaituko dituela, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik aurrera, lagatako gauzatzen unitateari dagokionean.

      Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, betiere Hitzarmenaren indarraldia gainditu gabe.

      Eraikuntza eta urbanizazio obrak amaitu ondoren, Udalari lagako zaizkio Hitzarmen honetako gai diren Egikaritze Unitate bakoitzean sorrarazten diren erabilera eta jabetza publikoko lurzoruak.

      Udalari doan eta egokitu gabe lagako zaizkio Hirigintzako 2.1 Egikaritze Unitatean sortuko diren ekipamendurako lokalen erabilera.

      1. Egikaritze Unitateko zuzkidura bizitokien eraikinaren beheko solairuan ez da ezer egingo, herriko anbulategia bertan jarri ahal izateko, eskudun diren organoek erabakitzen badute. Hala ere, portalerako beharrezkoa den espazioa, zuzkidura bizitokien instalazio komunentzako beharrezkoa den espazioa eta district-heatinga sotoan instalatzeko beharrezkoa den espazioa bai erabiliko da.

        Hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatzea, hau da, horiek baloratzeari emango diola lehentasuna (ezabatzeari bainoago).

        Neurri egokiak hartuko dituela obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran utziko dituela bermatzeko.

        Aipatutako jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordainduko ditu.

        Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordaindu beharko ditu aipatutako lurzoruak doan lagatzearen ziozko eskuraketari lotutako ondare-eragiketa Jabetza Erregistroan inskribatzearen eta eskriturak egitearen ondoriozko gastuak, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga salbu.

        Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.

        Laugarrena. Otxandioko Udalak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

        Obrak exekutatzeko beharrezkoak diren hirigintza agiriak sei hilabeteko epearen barruan izapidetu eta onartzea, etxebizitzaren arloan eskumena duen organoak aurkeztu duenetik.

        Obrak burutzeko beharrezkoak diren udal lizentziak lau hilabeteko epearen barruan izapidetzea, etxebizitza arloan eskumena duen organoak aurkeztu duenetik hasita.

        Lurzoruei dagozkien segurtasun eta mantentze neurriak hartzea, babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko lanei hasiera ematen zaien bitartean.

        Agiri honetan aurreikusten diren etxebizitzak eraikitzeko obrei eta urbanizazio lanei dagokien karga-tasari Eraikuntza, instalazio eta lanen gaineko zerga arautzeko den udal ordenantzan ezarritako % 95eko hobaria aplikatuko dio. Hobari hori babes publikoko etxebizitzei aplikatzen zaie etxebizitza sozialen sailkapena dutenean.

        Eraikuntza, instalazio eta lanen gaineko zerga arautzeko den udal ordenantzaren 10.a) artikuluaren efektuetarako, dokumentu honetan agertzen diren zuzkidura bizitoki eta urbanizazio lanei dagozkien karga tasari dagokionez txandakako alojamendu iraunkorra sustatu beharra dela eta interes berezikotzat edo udalerrien onurakotzat hartuko direla aldarrikatzea eta % 95ko hobaria aplikatzea ebaztea.

        Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra salbuetsi egingo du Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 207. artikuluan araututa datozen hirigintza-lizentziengatik dagozkion tasak ordaindu beharretik (horien artean daude lokalak irekitzeagatiko lizentzia, garajeak, erregaiak biltegiratzea, galdara-aretoak, informazioaren tratamendu eta komunikazio zerbitzuak eta abar), betiere Hitzarmen honen helburu diren babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura bizitokiak sustatzeko beharrezko direnak.

        Ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, administrazio publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak ordezkatzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.

        Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du alokatzeko babes sozialeko etxebizitzen sustapenean eta zuzkidura bizitokien sustapenean interesa duen udalerri bakarra Otxandio dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

        Hala ere Otxandioko Udalak hurrengoa proposatu ahal izango dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailari: programa horretan barne hartutako babes sozialeko etxebizitza zehatzen hautaketa-prozedura horretatik salbu egotea, gehien jota bi, Udalak premiazko ordezko etxebizitza beharra sortzen duten emergentziako gertaerei aurre egin dezan, hala nola hondamendi naturalak gertatzean, suteak, genero indarkeria edo familia esparrukoa. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak etxebizitza horien erabilera lagatuko dio Udalari, doan eta denboraldi baterako, beti ere toki agintaritzak eskatu eta gero.

        Esleitu ez dela-eta, etxebizitzaren bat edo zuzkidura bizitokiren bat soberan geratzen bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko du dagokion Eginkizun-Arloko zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako Aginduaren bidez.

        Seigarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, zuzkidura-bizitoki hauen sustapena egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

        Aipatutako Jarraipen Batzorde hori lau kidez osotuko da. Alderdi bakoitzak bi proposatuko ditu.

        Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, Jarraipen Batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. Kapituluko 3. Sekzioan ezarritakoari jarraituko dio.

        Zazpigarrena. Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

        Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) 6. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

        Zortzigarrena. Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek espreski adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

        Bederatzigarrena. Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

        Hamargarrena. Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.

        Halaber, hitzarmen hau bertan behera uzteko arrazoiak izango dira bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian aurreikusten direnak.

        Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz), hori gauzatzea bidera ezina bada.

        Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

        Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

        IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

        Otxandioko alkate-udalburua,

        EGOIZ GARMENDIA VERA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik