Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 22koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez Oiartzungo (Gipuzkoa) Urdinola Etxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko espedientea hasi eta jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 34
  • Hurrenkera-zk.: 941
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/22
  • Argitaratze-data: 2020/02/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen arloan. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Urdinola Etxeak dituen balio historikoa eta arkitektonikoa ikusirik eta EAEko Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen proposamena aintzat harturik,

Lehenengoa. Oiartzungo (Gipuzkoa) Urdinola Etxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko espedientea abiaraztea, ebazpen honen I. eranskinean finkatutako mugaketarekin, II. eranskineko deskribapenarekin bat etorriz, eta III. eranskinean jasotako berezko babes araubidea aintzat harturik.

Urdinola Etxeari buruzko espediente hau abiarazteak etxeari berezko babes araudia eta Euskal Kultura Ondareak babes ertaineko ondasunei begira maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitako babes araubide orokorra eta berezia behin-behinean aplikatzea dakar.

Bigarrena. Oiartzungo (Gipuzkoa) Urdinola Etxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta berezko babes araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena. Oiartzungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako sailei jakinaraztea jada abiarazitako prozedura honen izapidea egiteak eten egiten dituela eraginpeko aldeetan lur zatiketak, eraikuntzak edo eraispenak egiteko udal baimenak, baita jada eman diren baimenen ondorioak ere. Finkaren batean ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da derrigorrez.

Laugarrena. Espedientearen izapideekin aurrera egitea indarreko xedapenei jarraikiz.

Bosgarrena. Ebazpen honen berri ematea jabeei, Oiartzungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.

Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 22a.

Kulturako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketaren barruan sartzen da eraikuntza-unitate osoa, eraikinak berak eta eraikinari lotutako egungo partzelak osatzen dutena, eta planoaren mugaketaren barruan dagoen lorategiaren tamaina handiko zuhaiztia.

    Hala, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: ipar-ekialdean, Aialde kalearekiko eta etxearen ipar-ekialdeko fatxadarekiko banaketa-horma; hego-ekialdean, Ibargain etxearen zerkan dagoen horma-zatia; hegoaldean eta mendebaldean, Kontzejupe Plazaren mugarekiko lotura; eta iparraldean, Fermiñene etxearekiko mehelina eta Fermiñene Berri etxearen lurzatiaren muga.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatutako mugaketa Urdinola etxearen eta lorategiaren eraikuntzaren kultura- eta ingurumen-balioak zaintzeko beharrak justifikatzen du.

    Mugaketak lorategiaren eremua eta sarbidearen espazioa definitzen dituen lurzatia babestea dakar berekin, isolatutako bizitegi-eraikin mota horren berezko izaera babestu eta balioetsi ahal izateko.

    Hori dela eta, ezarritako mugaketak ez du eraikina bera bakarrik hartzen, baizik eta erantsitako planoan definitutako alboko eremua ere bai, eraikuntza osoa eta hari lotutako lorategi-partzela barne hartzen dituena.

    (Ikus .PDF)

Urdinola Etxea XVII. mendetik dokumentuetan jasota dagoen eraikin historikoa da, XVIII. mendean obretan esku-hartze handia izan zuena, eta XIX. eta XX. mendeetan gerora egindako egokitzapenak dituena.

Etxea Urdinola familiarena izan zen, Oiartzungo haraneko zaharrenetarikoa, eta familia horren jarduera ekonomiko eta sozialen erreferentzia dokumentalak XVI. mendearen erdialdetik daude.

Egungo egituran, oinplano angeluzuzeneko eraikina da, kaletik begiratuta, mehelina egiten du eskuinaldean, eta hiru isurkiko estalkia du, ekialdeko isurialdean txapitula duena.

Bolumena kalearen goiko aldean dago, eta eraikuntzarik gabeko 60 metro inguruko espazio bat uzten du, lotutako lorategiari dagokiona, gaur egun udal-jabetzakoa dena. Horri esker, etxearen balio formalak eta lorategitik eratorritako ingurumen-balioak hauteman daitezke.

Etxearen itxitura-hormen aparailua hareharrizko harlanduzkoa da, neurri onekoa, bai beheko solairuan, bai bao guztien izkina eta markoetan; markoetan, zurezko barneko arotzeria eta kontraleihoak jartzeko behar diren beherapenak sartzen dira; gainerakoan, itxitura luzitutako harlangaitzezkoa da.

Eraikinak hiru altuera eta teilatupeko espazioa ditu. Kalearen gaineko fatxada lauangeluarra da, eta hiru gorputz horizontaletan banatuta dago, platabandaz bananduta, solairu bakoitzeko bat; beheko atala harlanduzko aparailukoa da erabat. Fatxada horretan hiru ardatz bertikal bereizten dira, alboetan balkoi karelduna lehen solairuan eta erdi-irtena bigarrenean. Beheko solairuko leihoak burdin hesiz estalita daude. Fatxada horren erdiko ardatzari dagokionez, beheko aldean, etxearen ataria dago, tatxatutako egurrezko ate lodi bat duena, eta, goialdean, lauki urdinxka bat, sorospeneko Ama Birjinaren irudia duena. Aurrealdea, harburu landuak dituen hegal irtenaz errematatzen da.

Eta, lehenengo platabandan, «Emen sartzendana/bere etxeandago» inskripzio bat aurkezten du (hemen sartzen den oro bere etxean dago). Ezkerreko alboko fatxadak, lorategirantz, ez du platabanda horizontalik, eta isurialde horretako teilatu-hegaleko habeak ez daude zizelkatuta. Fatxada horretan lau bao ditu beheko solairuan, horietako bat garajerako sarrera da, eta bost bao goiko bi solairuetako bakoitzean, guztiak modu harmoniatsuan antolatuta. Fatxada osoan bao handiak, balkoi karelduna eta leiho karratuekin ixten diren bao txikiak tartekatzen dira. Lehenengo solairuan, balkoi luze batek, angeluan, fatxadaren ezkerraldeko hiru baoak zeharkatzen ditu atzeko fatxadan sukaldera sartzeko dagoen ate-leihoraino.

Atzeko fatxadak, bigarren solairuan, beste balkoi luze bat du fatxada horren luzera osoan. Fatxada horretan, lehen solairuko eta bigarren solairuko balkoiek, bi solairuetako gelekin eta korridore orokorrekin ez ezik, kanpoko bolumen bertikalarekin ere komunikatzen dute. Bolumen horrek ateak eta leihoak ditu, eta beheko solairutik estalkiraino harriz eraikia dago, solairu guztietarako zerbitzugunea dena. 6/2019 Legearen 16-g artikulua betetzeko, toki hori egokitzat jo daiteke eraikinean jasogailu bat sartzeko, aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloko printzipioak beteko dituena, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duenak, 5-g artikuluan kultura-ondareari buruzko legeriari buruz ezarritako baldintzetan; hori guztia, Xedapen horren 66.2 artikuluan ezarrita dagoen balorazioa ere kontuan hartuz; balorazio hori egitea kontrol-erakundeari dagokio.

Eraikinaren gauregungo egoera XVIII. mendearen erdialdean egin zitzaion birgaitzeari dagokio. Eraikinak garai hartako jatorrizko eraikuntza-ezaugarri guztiak mantentzen ditu, bai egituraren habeen, habexken eta zutabeen materialei, gauzatzeari eta eskuairei dagokienez, bai eta fatxadak egiteko erabilitako harrizko itxiturei dagokienez ere.

Eraikinaren antolaketa funtzionala segurua da, eta etxeak izan dituen jabeen eskakizunetara egokitu izan da; hala ere, etxeak bere tipologia-benetakotasunari eta eraikuntza-osotasunari eusten dio nabarmen.

Gaur egun, etxeak Arizmendi familiaren etxebizitzaren behar funtzionalei erantzuten die, 1920. urtean erosi baitzuen. Hala, beheko solairuan, etxera sartzeko sarrerako ezkaratza eta garajerako sarbidea, lorategiaren bidez, konpontzen dira; lehen solairuan, sukaldea, kale gaineko erdiko balkoia duen jangela eta lorategiaren gaineko balkoi jarraitua duten bi gela daude; bigarren solairuan, atzeko fatxadako balkoira irteera duen korridore bat, lau logela guztiak kanpoaldekoak, eta bainugela bat aldagela duena; eta teilatupean, korridore txiki bat, bi gela, kapera eta teilatu-hegalera sartzeko galeria bat daude.

  1. mendeko esku-hartzeek garai hartako dekorazio-arteei lotutako balioak ekarri dizkiote eraikinari. Hala, XIX. mendearen erdialdeko hiru gela ditu, paper margotuak dituztenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren testuinguruan duten garrantziagatik, antzinatasunagatik eta urritasunagatik, babestuta geratu behar dute gaur egun duten kokalekuan.

    Bestalde, XX. mendeko esku-hartzeek etxearen tipologia-balio formalak eta egiturazkoak errespetatu dituzte, eta etxearen tipologiarekin bateragarria den elementu bat gehitu dute, balio esanguratsuak eta historikoak eransten dituena, hala nola teilatupeko espazioaren hegoaldeko hegalean dagoen kapera. Elementu hori ere babestuta geratu behar da.

    Etxeko lorategiari dagokionez, XX. mendeko dekorazio-arteen elementu batzuk ere baditu, hala nola Aguraingo Cerámica Alavesa fabrikatik datozen azulejuak, tubatuaren teknikaren bidez eginak, kontserbatu beharrekoak.

    Lorategiak 1.450 metro karratu inguruko azalera du eta eraikin nagusia duintzeko eta bertako bizilagunen erosotasunerako balio du. Ibilbide bihurria duten bidezidorren bidez eta berrogeita hamar metro inguruko luzera duen gurdibide baten bidez egituratzen da. Bide horrek etxeko garajeko atea eta lorategiko itxitura-horman, kalearen ondoan, dagoen forjaketa-errementaritzako atetzarra lotzen ditu. Lorategiaren ingurumen-balioetan laguntzen du, eta horregatik lorategiaren parte da kontserbatu beharreko elementu gisa, lorategiaren tamaina handiko zuhaiztia guztia.

    Urdinola etxearen arkitektura- eta eraikuntza-ezaugarrien garrantzia zehazten duten kultura-balioak honako hauek dira: batetik, morfologikoa lorategiko lurzatiarekin batera unitate morfologiko interesgarria osatzen duen eraikinaren konposizio- eta forma-balioagatik, eta, bestetik, tipologikoa espazio funtzionalen antolaketagatik, sarrerako ataria eta garajearen espazioa barne; eskailera osoa, hasieratik bukaerara arte, estalkiaren azpian; gelek duten distribuziogatik, kapera ere barne, eta, azkenik, eraikuntza-izaerakoa, zurezko egituran lehen mailakoan bai eta bigarren mailakoan ere, itxituretan eta arotzerian erabiltzen diren sistema, soluzio eta eraikuntza-exekuziogatik.

    Lorategi-partzelaren balioei dagokienez, bidezidorren eta orga-bidearen trazaduratik datoz, zuhaitz handiek osatutako landare-masekin batera, bai eta eraikitako itxituratik ere, sarrerako atea barne.

    Aipatutako balio guztiek konkurrentzia-maila nahikoa dute ondasunaren osotasuna bermatzeko, eta, gainera, etxearen familia-erabileraren etengabeko presentziaren ondoriozko balio historikoaren eramaile dira, Urdinola familiarekin hasi zirenetik Arizmendi familiaren erabileraraino.

    Hori dela eta, Urdinola Etxea eta bere lorategia Euskal Kultura Ondarearen Erregistroan inskribatu behar dira Erregistro hori Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluan dago ezarrita, Monumentu kategorian eta babes ertaineko mailarekin.

    Bestalde, bizitegi-erabilera jarraituaren ondoriozko kontserbazio-egoera onaren ondorioz, jatorrizko balioak behar bezala mantendu dira eta transmititu ahal dira, eta, hala badagokio, berreskuratu eta balioetsi ahal izango dira, III. eranskinean zehazten diren obrako esku-hartzeen sistematikaren barruan.

  1. Baimendu daitekeen obra-esku-hartzearen helburua eraikina dagokion aprobetxamenduan eta bolumenean finkatzea izango da, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 34., 42. eta 43. artikuluetan ezarritako irizpideen barruan kokatu beharko da. Era berean, onargarriak dira A motako zaharberritze zientifikoko eta/edo zaharberritze kontserbatzaileko esku-hartzeak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan definitzen denaren arabera.

  2. Lorategi-ingurunean egiten diren esku-hartzeek gune hori osatzen duten alderdiak aztertu beharko dituzte, eta bateragarriak izan beharko dute haren kontserbazioarekin eta balioespenarekin. Mantentzeko, indartzeko eta berreskuratzeko esku-hartzeek elementu kulturalei zein naturalei eragingo diete.

  3. Deskribapenaren eranskinean aipatutako dekorazio-elementuak, hau da, geletako paper margotuak bai eta azulejuak, ondasun kultural higiezinaren zati dira, eta in situ kontserbatu behar dira, prebentziozko kontserbazio-estrategiak aplikatuta, eta, hala badagokio, kontserbazio sendagarriaren eta zaharberritzearen estrategiak aplikatuta. Horretarako, esku-hartzean jarraitu beharreko laneko irizpideak eta metodologia ezartzeko behar den ikerketa egingo da. Kontrol-agintaritzak egindako esku-hartzearen txostena eskatu beharko du.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik