Arautegia

Inprimatu

14/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Eibarko Udalarekin eta Eibar Kirol Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Ipuruako udal Estadioaren birmoldaketa lanak diruz laguntzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 630
  • Xedapen-zk.: 14
  • Xedapen-data: 2020/01/17
  • Argitaratze-data: 2020/02/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; EAEko udalak; Sailak; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 21a.

BILDU DIRA:

Alde batetik:

Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Eae-ko Administrazio Orokorra ordezkatuz (Ifz: S-4833001-C; helbidea: Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz, 01010).

Beste batetik:

Miguel de los Toyos Nazabal jauna, Eibarko Udaleko Alkatea (Ifz: P2003100A; egoitza soziala: Untzaga plaza 1, Eibar, 20600).

Eta beste batetik:

Amaia Gorostiza Telleria andrea, Sociedad Deportiva Eibar Sad-en presidentea (Ifz: A20039533; egoitza soziala: Ipurua kalea 2, Eibar, 20600).

Alderdiek, dituzten eskumenen alorrean eta eskumen horiek elkarri aitortuz, honako hau

AZALTZEN DUTE:

  1. Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak hainbat mandatu ezarri dizkie bere 2. artikuluan Euskadin kirol-arloan eskumenak dituzten botere publikoei. Haien artean, nabarmentzekoak dira, hitzarmen honi dagokionez, kirol-jarduera sustatzea, dituen alderdi guztietan, eta eskumenak garatzea eta horrela «lankidetza arduratsua izatea kirol arloan Administrazio publikoen artean eta Administrazio publikoen eta kirol-federazioen eta/edo beste edozein kirol-erakunderen artean» [Legearen 2.3 m) artikulua].

    Ildo beretik, aipatutako lege horrek Euskadiko kirolaren antolamendu instituzionala inspiratzen duten printzipioak aipatzen ditu: administrazio publikoen deszentralizazio-, koordinazio- eta efikazia-printzipioak, bakoitzari dagozkion eskumenak erabiltzerakoan, kirol-federazioen, kluben eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturen lankidetzarekin eta parte-hartzearekin (3. artikulua).

  2. Erakunde sinatzaileek kirol-arloko eskumenak dituzte, aipatu legean xedatzen denarekin bat. Eaeko administrazio orokorrak, lege horren 91. artikuluaren arabera, eskumena du «kirol-ekipamenduen gaineko kirol-politikaren esparru orokorra zehazteko»; hain zuzen ere, 24/2016 Dekretuak, azaroaren 26koak, Eaeko administrazio orokorraren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien jardun-arloak eta egitekoak zehazten dituenak, 14.1 e) artikuluan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitzen dizkio kirolen gaineko egitekoak eta jardun-arloa. Bestalde, aipatu legearen 6.b) artikuluak xedatzen duenaren arabera, Eibarko Udalari dagozkio eskumen hauek: udalerriko kirol-ekipamenduak eraiki, handitu eta hobetzea, eta haiei loturiko kudeaketa- eta mantentze-lanak egitea.

  3. Ipurua Udal Estadioa Eibarko Udalaren jabetzakoa da.

  4. Sociedad Deportiva Eibar Sad (Eibar KS) da estadioaren instalazioak esklusibotasunez erabiltzen dituen kirol-erakundea, Eibarko Udalarekin hitzartutakoaren arabera.

  5. Ipurua 1947. urtean inauguratu zen, eta hainbatetan birmoldatu dute, kirol-premiei erantzuteko.

    Eibar KEk lehen mailan estreinako denboraldia egin ostean, estadioa birmoldatzeko beste fase bati ekin zitzaion, modernizatu eta jarleku kopurua handitzeko, kategoria gorenaren mailako zerbitzuak eskaintzea xede. Gaur arte, hauek egin dira:

    Obrak iparraldeko harmailan, jarleku kopurua handitzeko, eta ostalaritza-eremua zein prestakuntza-zentrorako modulu-ikasgelak kokatzeko. Gaur egun, aipatu harmailaren behealdea handitzen ari dira.

    Obrak ekialdeko harmailan, jarleku kopurua handitzeko eta espazio berriak diseinatzeko. Bazkideei arreta egiteko bulego berria, denda ofiziala eta klubaren museoa hartuko dituen espazioan ari dira lanean egun.

    Aipatu birmoldaketak direla medio, estadioaren instalazioen zati bat modernizatu da, eta 7.168 pertsonarentzako lekua dago egun.

  6. Ipuruak, gaur egun, 7.168 pertsonarentzako lekua du, eta, birmoldaketaren ondoren, 8.050 pertsona hartu ahal izango ditu.

  7. Ipuruak beharrezkoa du jarleku kopurua handitzea Eibar KSren premiak asetzeko, hala nola erabilera komertzial eta administratiboko espazioa eta aparkalekua izatea.

  8. Ekipamenduaren ondoz ondoko birmoldaketak gorabehera, gaur-gaurkoz ez dago aukera teknikorik espazioa eta estadioaren jarleku kopurua handitzeko, ez bada egiturazko birmoldaketa baten bitartez.

  9. Hauek dira Ipurua hobetzeko jarduketak:

    Ipurua futbol-zelaia eta futbol-zelai atxikia handitzea, mendebaldeko harmaila eta futbol-zelai atxikia berreraikita. Jarduketak fase hauetan banatuko dira:

    Obraren hasierako fasea: Iberdrolaren transformazio-zentroa birkokatzea, eta futbol-zelai atxikian indusketak egitea eta zimenduak jartzea. Hasierako jarleku kopurua bere horretan geratuko da (7.168 jarleku).

    1. fasea: mendebaldeko harmaila eraistea; 5.955 pertsonarentzako lekua geratuko da.

    2. fasea: mendebaldeko harmaila berria eraikitzea (komunak eta ebakuazio-bideak barne). Harmaila berria behin-behinean gaituko da; 7.731 pertsonarentzako lekua egongo da.

    3. fasea: aurreikusitako obra guztiak egingo dira, iparraldeko eta hegoaldeko harmailetako birdoikuntzak barne. Ipuruak, azkenean, jarleku kopuru hau izango du:

      Hegoaldeko harmaila: 2.532.

      Iparraldeko harmaila: 2.040.

      Ekialdeko harmaila: 1.793.

      Mendebaldeko harmaila: 1.685.

      Azken Kopurua, Guztira: 8.050 pertsonarentzako lekua.

  10. Aipatu berritze-lanak egiteko behar den inbertsioa 10.000.000,00 euro ingurukoa da.

  11. Eibarko Udala aipatu birmoldaketa egiten ari denez, ordezkatutako erakundeek eta Eibar KSk, nork bere prozedura formalak aurretiaz betez, hitzarmen hau egitea erabaki dute, arau hauek ezarritakoaren arabera: Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2017 Legearen 47. eta 48. artikuluak. Hitzarmenak, horrenbestez, xedapen horiek izango ditu arau, baita klausula hauek ere:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmen honen xedea da Eaeko administrazio orokorraren, Eibarko Udalaren eta Eibar KSren arteko lankidetza-ildo nagusiak finkatzea, Ipurua estadioaren birmoldaketa-obrak finantzatzeko.

    Bigarrena. Ipurua birmoldatzeko obrak, oro har, hauek dira:

    Estadioa zeharkatzen duen Iberdrolaren eroanbidea desbideratzea.

    Ipuruari atxikitako futbol-zelaia eraistea eta indusketak egitea.

    Behin-behineko eskailera bat ipintzea iparraldeko harmailan.

    Eragiketen kontrol-unitate behin-behinekoa eraikitzea hegoaldeko harmailako mendebaldeko komunetan.

    Mendebaldeko harmaila eraistea.

    Mendebaldeko harmaila berreraikitzea (komunak eta ebakuazio-bideak barne).

    Gainerako obrak egitea: agintari-palkoa lerrokatzeko obrak (hegoaldeko harmaila), eta Vip palkoen gunea aldatzekoak eta lerrokatzekoak (iparraldeko harmaila).

    Hirugarrena. Hitzarmen honen xede diren birmoldaketa-jarduketen garapena eta erantzukizuna Eibarko Udalari eta Eibar KSri egokituko zaizkie.

    Funtzio horietan dihardutela, Eibarko Udalak eta Eibar KSk aplikatzen zaizkien indarreko araudiak beteko dituzte; bereziki, kontratazioaren publikotasunaren eta lehiaren printzipioei buruzkoak, bai eta lehiari buruzko Europako arauak ere.

    Adjudikaziodunari obrak adjudikatu aurretik, Euskadiko Administrazio Orokorrari eman beharko zaio adjudikazio-prozeduraren berri. Nolanahi ere den, obrak gauzatzeko erritmoaren berri eman beharko zaio Administrazioari. Era berean, gonbita luzatuko zaio Administrazioaren ordezkaritza bati, obren harrera-ekitaldietara joan dadin.

    Laugarrena. Ipurua estadioan egingo diren obren guztizko kostu zenbatetsiak hamar milioi (10.000.000) euro inguru jotzen du.

    Bosgarrena. Eaeko administrazio orokorrak, bere aurrekontuen kontura, milioi bat (1.000.000) euro ekarriko ditu, ordainketa bakarra eginda obren % 20 gauzatuta egotearen egiaztagiriak jaso ondoren.

    Kopuru hori, ordea, kreditu egoki eta nahikoa egotearen mende egongo da; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kontsignatzearen mende.

    Aipatu ekarpenak ez du erakunde horren inolako subrogaziorik eragingo hitzarmen honetako instalazioen udal-titulartasunetik eratortzen diren eskubideei edo obligazioei dagokienez.

    Seigarrena. Eibar KSk obren gainerako kostuak ordainduko ditu, bederatzi milioi (9.000.000) euro inguruko ekarpena eginda, eta obrak egiteko faseak amaitu ahala egingo ditu ordainketak.

    Zazpigarrena. Obrak egiteko kostua hasieran adostutako zifra baino handiagoa bada, Eusko Jaurlaritza salbuetsita geratuko da gainkostua ordaintzetik.

    Zortzigarrena. Eibar KSk ez baditu bere konpromiso ekonomikoak betetzen, eta, ondorioz, ezin badira aipatu obrak egin, Eibarko Udalak erantzungo die, eta bere gain hartuko du kasuan kasuko kopuruaren ordainketa, estadioa behar bezala birmoldatuko dela bermatzeko. Hala badagokio, Eibar KSk eta Eibarko Udalak Eusko Jaurlaritzari itzuliko diote hitzarmen honetan oinarrituta aitortu eta ordaindutako kopurua.

    Bederatzigarrena. Hitzarmen honetan aipatu obren xedeko instalazioen kudeaketa eta ustiaketa Eibarko Udalak eta Eibar KSk adostutakoaren araberakoak izango dira, hargatik eragotzi gabe bi horiek bestelako erakunde publiko edo pribatuekin hitzarmenak edo kontratuak egitea ondorio horietarako.

    Hamargarrena. Sinatzen denean hasiko zaio indarraldia hitzarmen honi, eta amaitu, berriz, proiektuaren xede diren obren behin betiko harrera gertatzen denean, hitzartutako zenbatekoak ordaintzen direnean eta alderdiek dokumentu honen bidez hartzen dituzten konpromisoak gauzatzen direnean. Inoiz ez da gaindituko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 49. artikuluan xedatutako epea: lau urte (beste lau urte ere luza daiteke).

    Hamaikagarrena. Eibar KSk, eta haren faltan Eibarko Udalak, hitzematen du dokumentu hauek bidaliko dituela: proiektuaren betearazpenaren kontuen egoera eta azalpen-memoria bat, gorabehera edo intzidentzia esanguratsuak jasoko dituena Ipurua estadioaren birmoldaketa dela eta; batez ere, edozein inguruabar, baldin eta atzerapenik edo kostu-handitzerik ekar badezake dokumentu honetan jasotakoarekiko.

    Hamabigarrena. Eusko Jaurlaritzak bere konpromiso ekonomiko dokumentu honetan jasoak guztiz bete baino lehen, Eibarko Udalak eta Eibar KSk hitzematen dute nahitaezkoak diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak formalizatuko dituztela erabilera hauek bermatze aldera dokumentu honetan aipatzen diren instalazioen barruan:

    Espazioa eskaintzea (aretoak, bulegoak, lokalak, etab.), prestakuntza-ekitaldietarako eta bileretarako.

    Kirol-instalazioak eskaintzea, kirol-erabileretarako.

    Erabilera horiek Eusko Jaurlaritzarentzat eta Basque Team fundazioarentzat izango dira, eta, Eusko Jaurlaritzaren diru ekarpenaren kontraprestazio direnez, inoiz ez dute ekarriko erabiltzaileek ordaindu beharra.

    Hamahirugarrena. Hitzarmena azkenduko da bere edukiak betetzen direnean edo alderdietako edozeinek bere hitzarmen-betebeharrak bete ez dituelako aldebakarreko salaketa dagoenean; azken kasu horretan, alderdi salatuari komunikatu beharko zaio aldez aurretik.

    Hitzarmen honek izaera juridiko-administratiboa du, eta batzorde bat arduratuko da hitzarmenaren jarraipena eta interpretazioa egiteaz. Batzorde horrek alderdi bakoitzaren ordezkari bana izango du: Eibarko alkateak izendatua, udalari dagokionez; Eibar KSrena, hala badagokio, eta kirolaren arloko ardura duen saileko organo titularrek izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik.

    Adierazitako guztiarekin ados daudela erakusteko, alderdiek hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte, goian adierazitako toki-egunetan.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra,

    BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

    Eibarko udala,

    MIGUEL DE LOS TOYOS NAZABAL.

    Sociedad Deportiva Eibar SAD,

    AMAIA GOROSTIZA TELLERÍA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik