Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zamudio eta Lezama udalerrietako (Bizkaia) «La Cruz» eremuko P-1-3 eta P-1-4 lurzatiak Batzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 30
  • Hurrenkera-zk.: 777
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/15
  • Argitaratze-data: 2020/02/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko uztailaren 26an, Zamudioko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Zamudio eta Lezama udalerrietako (Bizkaia) «La Cruz» eremuko P-1-3 eta P-1-4 lurzatiak Batzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko urriaren 14an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki ikusten zituzten oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarri hartuta. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, Ekologistak Martxan elkarteari, eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.

Era berean, aipatutako datan, Zamudio eta Lezamako Udalei ere jakinarazi zitzaien izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

«La Cruz» eremuko P-1-3 eta P-1-4 lurzatiak Batzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Zamudio eta Lezama udalerrietako (Bizkaia) «La Cruz» eremuko P-1-3 eta P-1-4 lurzatiak Batzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Zamudioko Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planak 708 m2-ko eremu baten kalifikazioa aldatu asmo du; Silicatos de Malpica enpresaren jabetzako P-1-3 eta P-1-4 lurzatien artean kokatutako bide bat da. Jabari publikotik atera nahi da, eta irabazi-asmorik gabeko udal-ondareko lurzoru kalifikatu, aipatutako enpresak soilik, eta ez beste inork, erabili ahal izateko.

    Desafektazio horrekin, «La Cruz» industria sektorearen plan partzialeko artikuluetan aldaketak egin behar dira, zehazki, 11. artikuluan, eta artikulu arautzaile berri bat sartu behar da, kalifikazio berri horren baldintza espezifikoekin. Aipatutako artikuluan, erabilera baimenduen artean, ibilgailu- eta oinezko-komunikazio pribatuez gain, lurpeko zerbitzu-sareak eta, salbuespenetan, airekoak.

    Erabilera berriak baimenduta, jarduketa hauei emango litzaieke bide:

    Silikato solidoa kargatzeko ibilgailuen edo pala kargatzaileen zirkulazioa (planaren xede den) bidean, produktu amaitua ekoizpen-gunetik biltegira garraiatzeko. Matrikularik ez duten ibilgailuok (ezin daitezke bide publikoetan ibili) modu intentsiboan erabiliko lukete bide-tarte hori, eta hori erabilera publikoarekin bateraezina da.

    Oinezkoen joan-etorriak; enpresako langileak bidean.

    Erabilera pribaturako mugatuta egongo da bidea. Gaur egun, bide hori P-1-3 lurzatiaren jardueretarako soilik erabiltzen da, eta ez du zirkulazio publikorik. Irteera gabeko bidea da, eta P-1-3 eta P-1-4 lurzatietarako sarbidea izatea beste erabilerarik ez du. Antolamendu berria eta eremuaren erabileren araudia aplikatu eta bat, eremuaren erabilera mugatuta geratuko da.

    (Lurpeko) zerbitzu-sareak ezartzeko obretarako aukera egongo da. Bi lurzatiak konektatzeko zerbitzu-sareen ezarpen-obrak baimendu ahalko dira eremuan. Horrelakoetan, ezinbestean egingo dira lur-mugimenduak, eta material-metaketak, eta hondakinak sortuko dira.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak 708 m2-ko eremu baten kalifikazioa aldatu asmo du; aipatu enpresaren jabetzako P-1-3 eta P-1-4 lurzatien artean kokatutako bide bat da. Jabari publikotik atera nahi da, aipatu enpresak soilik, eta ez beste inork, erabili ahal izateko.

        Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

      3. Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren xedea bat dator garapen jasangarria bultzatzeko ingurumen-irizpideak txertatzearekin, batik bat lurzoru baliabidearen optimizazioari, ingurunearen kalitatea hobetzeari eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen erabilera eta kudeaketatik eratorritako arriskuen prebentzioari dagokienez.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-eragin adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, emisio atmosferikoen, zarataren eta lurzoru kutsatuen arloetakoa.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den eremua erabilera publikoko bide asfaltatu bat da. P-1-3 eta P-1-4 lurzati industrialen artean dago, «La Cruz» industrialdean, eta horietarako sarbidea da. 708 m2-ko azaleran izango du eragina Planak; horietatik, zati bat Zamudion dago (371,83 m2), eta bestea Lezaman (336,17 m2). Iparraldean, trenbidearen lursailekin egiten du muga; hegoaldean, bide publikoarekin; ekialdean, P-1-3 lurzatiarekin: eta mendebaldean, P-1-4 lurzatiarekin.

      Eremu erabat urbanizatu horretan ez dago bestelako ingurumen-balio aipagarririk. Ez dago interes geologikoko gunerik eta ur-punturik, ez eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroko elementurik ere. Lur-eremuak akuiferoaren kutsadurarekiko kalteberatasun-maila oso txikia du. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik, naturagune babesturik edo EAEko korridore ekologikoaren sareko elementurik.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua hartzen duten bi lurzatiak (48905-00015 eta 48081-00005) lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daude, eta lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura egina dute.

      Horiek horrela, inpaktu potentzial nagusiak pala kargatzaileen zirkulazioak sortutako emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenak izango dira. Lurpeko zerbitzu-sareak ezartzeko lanek ere, egiten badira, eragozpenak sor ditzakete (lur-mugimenduak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan lan egitea, hondakinak sortzea, solidoak herrestatzearen eta balizko isurien ondorioz uren kalitatea okertzea, etab.).

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriak.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak (lurpeko zerbitzu-sareak ezartzekoak barne, egiten badira) egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Behar diren neurriak hartuko dira ahalik eta hauts gutxien harrotu eta hedatzeko materialak ekoizpen-gunetik produktu amaituen biltegira eramatean (karga estaltzea, ureztatzea, makina mugikorrak eta bideak garbitzea, etab.).

      Lurzoruaren kalitatea babesteko neurriak.

      Planaren xede den eremua hartzen duten bi lurzatiak (48905-00015 eta 48081-00005) lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta daude, eta lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura egina dute. Horrenbestez, kasuan kasuko ebazpenetan ezarritako erabilera-mugak eta baldintzak bete beharko dira.

      Beraz, materialak induskatzen badira, indusketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharko duena. Planean zehaztuko da induskatuko diren materialak kudeatzeko modu egokia. Kanpo-kudeaketa bada, ezaugarriak zehaztu beharko dira, indarrean den legedian ezarritakoaren arabera.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

      Ingurumen-agirian jasota dauden neurri babesle eta zuzentzaileez gain, P-1-3 eta P-1-4 lurzatien artean zerbitzu-azpiegiturak ezartzeko behar diren obrak egingo balira, neurri hartu behar lirateke:

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, isurketak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Zamudio eta Lezama udalerrietako «La Cruz» eremuko P-1-3 eta P-1-4 lurzatiak Batzeko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Zamudio eta Lezamako udalei jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Zamudio eta Lezama udalerrietako «La Cruz» eremuko P-1-3 eta P-1-4 lurzatiak Batzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 15a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik