Arautegia

Inprimatu

6/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Valle de Trápaga-Trapagaran eta Zierbenako udalekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan Mugiment kirol txartela (Mugiment KTX) ezarriko da, 2019-2020 aldian.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 486
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2020/01/13
  • Argitaratze-data: 2020/01/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EUSKO JAURLARITZAKO KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILAREN ETA Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, BARAKALDO, MUSKIZ, ORTUELLA, PORTUGALETE, SANTURTZI, SESTAO, Valle de Trápaga-Trapagaran ETA ZIERBENAKO UDALEN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, EAE-N MUGIMENT KIROL TXARTELA (MUGIMENT KTX) EZARTZEKOA

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 20a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatuz.

Bestetik, Maite Etxebarria Azpiolea andrea, Abanto-Zierbenako Udaleko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Bestetik, Amaia del Campo Berasategui andrea, Barakaldoko Udaleko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Borja Liaño Abarrategi jauna, Muskizko Udaleko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Saulo Nebreda Trevejo jauna, Ortuellako alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Mikel Torres Lorenzo jauna, Portugaleteko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Bestetik, Aintzane Urkijo Sagredo andrea, Santurtziko Udaleko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Bestetik, Josu Bergara López jauna, Sestaoko Udaleko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Xabier Cuellar Cuadra jauna, Trapagarango Udaleko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Iñigo de Loyola Ortuzar Angulo jauna, Zierbenako Udaleko alkatea, udal horren ordezkari gisa.

Alderdi guztiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau gauzatzeko legitimotasun eta gaitasun nahikoak aitortzen dizkiote elkarri eta, horretarako,

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta hitzarmena sinatzen duten toki-erakundeek euren betebeharren artean daukate herritarrentzako kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta baliabide publikoak esleitzean efizientzia bilatzea, parte-hartzearen, objektibotasunaren, gardentasunaren eta elkarlanaren printzipioen arabera, gainerako administrazio publikoetan xede komunak lortzeko jardutean.

    Erakunde arteko lankidetza hori, besteak beste, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 3. artikuluan dago ezarrita. Halaber, Euskadiko toki-erakundeei buruzko Legearen (apirilaren 7ko 2/2016 Legea) 100. artikuluak arautzen duenaren arabera, kudeaketa publikorako tresna efizienteena da lankidetza-hitzarmena.

    Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da administrazio publikoen artean administrazioarteko lankidetza areagotzea, 40/2015 Legearen 114.1 artikuluak eta hurrengo artikuluek xedatzen duten eran.

  2. Alderdi guztiek eskumenak dituzte kirolaren alorrean, eta, kirol-azpiegitura publikoen erabilera arrazionalizatzeko eta, hala, herritarren zerbitzu gehiago eta hobeak emateko helburuarekin formalizatu da lankidetza-hitzarmen hau.

    EAEk kirolaren alorreko eskumen esklusiboa dauka, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.36 artikuluaren arabera.

    Bestalde, 2/2016 Legearen 17.1.19) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, toki-erakundeen berezko eskumena da «kirola eta kirol-jarduerak antolatzeko eta sustatzea, eta erabilera publikoko kirol-ekipamenduak kudeatzea».

    Era berean, botere publiko guztiek bermatu behar dute behar bezala gauzatzen dela kirola egiteko eskubidea. Horretarako, herri-administrazioen arteko lankidetzak arduratsua izan beharko du, kirolaren arloan, eta kirol-instalazioen ahalik eta sarerik onena planifikatu eta sustatu beharko da; hori xedatzen dute, hain zuzen ere, Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 2.3, 2.3.m) eta 2.3.p) artikuluek, hurrenez hurren.

  3. Mugiment Kirol Txartela txartel birtual bat da, eta aukera ematen die udalerri bateko udal kirol-zerbitzura abonatutako pertsonei Euskal Autonomia Erkidego osoan atxikita dauden kirol-instalazioetan sartzeko. Ekimen honekin, instalazio eta kirol mota gehiago eskaini nahi zaizkie herritarrei, eta baliabide publikoak hobeto kudeatu, orain dauden kirol-azpiegituren erabilera optimizatuta.

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Xedea eta helburua.

    Hitzarmen honen xedea da parte hartzen duten erakundeen eta Eusko Jaurlaritzako Administrazioaren arteko lankidetzaren bidez Mugiment Kirol Txartela ezartzeko zehaztapen eta baldintza orokorrak jartzea.

    Hitzarmenak helburutzat du jarduera fisikoa sustatzea, sedentarismoa murriztea eta euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, orain dauden instalazioak ahalik eta hoberen erabiltzeko aukera ematen zaie herritarrei, eta kirola egitea erraztu.

    Bigarrena. Txartelaren funtzionamendua.

    Mugiment Kirol Txartela txartel birtual bat da. Ahalik eta hoberen erabiltzeko, gomendatzen da gailu mugikor bat izatea, Interneteko konexioarekin. Gailu mugikorrik ez badauka, erabiltzailea abonamendu-txartela eta NANa aurkeztuta sartu ahalko da instalazioetan.

    Jarraian azalduko da zer urrats jarraitu behar dituzten gailu mugikorra eta Interneteko konexioa dutenek txartel birtuala erabiltzean:

    1. Mugiment Kirol Txartela aplikazioa instalatzea.

    2. Datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa sartuta erregistratzea, eta zer erakundetako bazkide edo abonatu diren adieraztea.

    3. Erregistroa egin eta dagokien erakundeko kide direla balioztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko dute.

    4. Txartel digitala eta NANa erakustea kirol-instalazioan sartzerakoan.

    5. Instalazioko langileak sarbidea erregistratuko du, erabiltzailearen gailuan instalazioaren egiaztapen-kodea sartuta.

      Pertsona aplikazioan erabiltzaile gisa erregistratzen denean, zer udal kirol-zerbitzutan dagoen abonatuta adierazi beharko du. Horrela, parte hartzen duten erakunde guztiei jakinarazi ahalko zaizkie erregistro berriak. Zerbitzu bakoitzaren arduradunek aginte-koadrora jo beharko dute, erregistro bakoitza eskuz baliozkotzeko eta erabiltzaileei parte hartzen duten gainerako zerbitzuetan txartel birtuala erabiltzeko aukera emateko.

      Erabiltzaileak txartel birtuala erakusten duenean beste instalazio batzuetan sartzeko, bertako arduradunak sarrera baliozkotu beharko du, sartzen den pertsonaren gailuan kode bat sartuta. Hala, sistemak informazio guztia artxibatuko du: Mugiment Kirol Txartelaren erabiltzailearen datuak, zer zerbitzutara dagoen abonatua, zer instalaziotan sartu den eta zer zerbitzu erabiltzeko edo zer jarduera gauzatzeko.

      Hitzarmena sinatzen duten erakunde guztiek aginte-koadro bat izango dute. Webgune baten bidez sartuko dira, eta, bertan, erakunde horietako arduradunek, instalazioak kudeatzeaz gain, txartelaren erabilera-txostenak eta datu estatistikoak lortu ahalko dituzte.

      Hirugarrena. Hitzarmena betetzeko norberak egin behar dituen jarduketak.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gehienez, 20.000 euro emango ditu 2019an, 2018ko ekitaldia konpentsatzeko; eta 40.000 euro 2020. urterako, 2019ko ekitaldia konpentsatzeko. Kopuru horiek, ordea, kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende egongo dira; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kontsignatzearen mende.

      Hitzarmenari atxikitzen zaizkion eta Mugiment KTX ezartzeko finantzatzen lagunduko duten erakunde publikoek eman duten diru kantitatea adierazi beharko dute, baita iraupena ere.

      Hitzarmena sinatzen duten toki-erakundeek konpromisoa hartzen dute Mugiment Kirol Txartelaren erabiltzaileen esku jartzeko adosten dituzten instalazioak, zerbitzuak eta jarduerak. Era berean, txartela ezagutzera emateko, eskuragarri dituzten komunikabide guztiak (udalaren webgunea nahiz aplikazioak, iragarkiak udaletako kirol-instalazioetan, prentsaurrekoak, etab.) erabiltzera konprometitu dira.

      Toki-erakundeek baja eman ahalko dute edozein momentutan. Batzorde Teknikoari jakinarazi beharko diote, eta hark erabakiko ditu bajarekin zerikusia duten alderdi guztiak, hitzarmenetik aterako den erakundearentzako konpentsazio-poltsaren banaketa proportzionala barne.

      Laugarrena. Konpentsazio-poltsa.

      Batzorde Teknikoak konpentsazio-poltsa banatzeko irizpideak ezarriko ditu. Hitzarmena sinatzen duten toki-erakunde guztien artean egingo da banaketa, instalazioen erabilerari buruzko datuak oinarri hartuta.

      Hitzarmena finantzatzen duten erakunde publikoek Batzorde Teknikoak sinatutako txostena jaso ondoren ordainduko dira zenbatekoak. Txosten horretan, ordainketa egiteko behar diren datuak bilduko dira. Dagokion ekitaldia amaitu ondoren egingo da txostena, aurreko urteko datu guztiak lortu ondoren, eta, gutxienez, honako hauek barne hartuko ditu:

      Toki-erakunde bakoitzak zer kobratu behar duen adierazten duen zerrenda.

      Toki-erakunde bakoitzak zer ordaindu behar duen adierazten duen zerrenda.

      Mugiment Kirol Txarteleko toki-erakunde bakoitzari buruzko datuak.

      Balioztatu diren erabiltzaileen datuak.

      Toki-erakunde batekoak diren pertsonek beste toki-erakunde baten instalazio batzuetan egiten dituzten erabilerak.

      Konpentsazio-poltsaren ondorioz sortutako diru-sarrerak.

      Toki-erakunde batera abonatuta dauden pertsonek parte hartzen duten beste erakunde batzuen instalazioetan egiten dituzten erabilerak.

      Konpentsazio-poltsaren ondorioz sortutako ordainketak.

      Konpentsazio-poltsaren laburpena, hilabeteka, eta guztizkoa.

      Bosgarrena. Batzorde teknikoa.

      Hitzarmenak batzorde tekniko bat izango du; erakunde sinatzaile bakoitzeko teknikari bana egongo da batzordean. Erabakiak bertako kideen gehiengoz hartuko dira.

      Lehendakaria eta idazkaria Batzordeko kideen artean hautatuko dira, kideen gehiengoak hala erabakita.

      Besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:

      Gehiengoz hartuko ditu hitzarmenari atxikitzeko eskaeren inguruko erabakiak; bai finantzatzen laguntzeko eskaeren ingurukoak bai instalazioak, zerbitzuak eta/edo jarduerak eskaintzeko eskaeren ingurukoak.

      Parte hartzen duten erakundeen artean konpentsazio-poltsa banatzeko modua erabakitzeko irizpide teknikoak ezarriko ditu.

      Hitzarmenaren indarraldian sortzen diren arazoak ebatziko ditu.

      Seigarrena. Hitzarmenaren indarraldi-epea.

      Hitzarmen honen iraupena bi urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, lau urteko aldi baterako, gehienez, edo hura azkentzea.

      Zazpigarrena. Hitzarmena aldatzea.

      Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko. Hitzarmenaren edukia aldatu aurretik, alderdi sinatzaileek aho batez onartu beharko dute.

      Klausulak berrikusten badira, eranskina hitzarmenari erantsiko zaio, alderdiek sinatutako gehigarri batean.

      Zortzigarrena. Araubide juridikoa.

      Hitzarmenak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 47. artikulutik 53. artikulura xedatutakoari jarraituko dio, baita aplikagarria den gainerako araudiari ere.

      Bederatzigarrena. Gatazkak ebaztea.

      Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartzen dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkarrekin ados jarrita konpontzeko, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Horretarako, Batzorde Teknikoa erabiliko dute.

      Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean alderdien artean auziren bat sortzen bada, eta bosgarren klausulan aipatutako batzorde teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegitea jarri ahal izango da, jurisdikzio hori araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

      Hamargarrena. Komunikazioa.

      Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren beste sinatzaileak aipatzeko bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

      Hamaikagarrena. Erakunde berriak atxikitzea.

      1. edo II. eranskina sinatuta egingo da, hitzarmenari atxikitzeko helburuaren arabera.

Hitzarmenari atxikitzeko eskaeraren eranskinak eta Batzorde Teknikoaren onarpena jaso ondoren, eskatzaileak hitzarmenaren kide sinatzaile izango dira, eta dagozkien eskubideak eta betebeharrak izango dituzte.

Edonola ere, erakunde sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmenean ezarritako klausulak betetzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udaleko alkatea,

MAITE ETXEBARRIA AZPIOLEA.

Barakaldoko Udaleko alkatea,

AMAIA DEL CAMPO BERASATEGUI.

Muskizko Udaleko alkatea,

BORJA LIAÑO ABARRATEGI.

Ortuellako alkatea,

SAULO NEBREDA TREVEJO.

Portugaleteko alkatea,

MIKEL TORRES LORENZO.

Santurtziko Udaleko alkatea,

AINTZANE URKIJO SAGREDO.

Sestaoko Udaleko alkatea,

JOSU BERGARA LÓPEZ.

Valle de Trápaga-Trapagarango Udaleko alkatea,

XABIER CUELLAR CUADRA.

Zierbenako Udaleko alkatea,

IÑIGO DE LOYOLA ORTUZAR ANGULO.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik