Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Laudioko ZV17 «Bidebarrieta kalea» eremuaren Barne Berrikuntzarako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 29
  • Hurrenkera-zk.: 735
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/08
  • Argitaratze-data: 2020/02/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Laudioko Udalak, 2019ko uztailaren 30ean, Laudioko ZV17 «Bidebarrieta kalea» eremuaren Barne Berrikuntzarako Plan Bereziari (aurrerantzean, plana) buruzko ingumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura izapidetzen hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari,

Eskabide hura Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen esparruan egin zen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko ekainaren 30ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki ikusten zituzten oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarri hartuta. Zehazki hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari; Arabako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari; Arabako Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak aisialdiko elkarteari, interesduntzat hartu baitira.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Amaitu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, zenbait txosten jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Laudioko ZV17 «Bidebarrieta kalea» eremuaren Barne Berrikuntzarako Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2.c artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Planak ez du ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak baimentzeko esparrurik eta ezin die eragin Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Laudioko «Okin Zuri» 01. antolamendu geroratuko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Laudioko Udalak sustatuta, baldintza hauetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plan Bereziaren xedea da eremuaren antolamendu xehatua ezartzea, Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritakoarekin bat.

    Plan Berezian zedarritzen dira lurzati pribatuak, eta horien gehieneko azalera eta okupazioa, bolumetria eta kalerako gutxieneko aurrealdea, karga-banaketa ekitatiboa bermatzeko.

    ZV17 eremuak, batik bat, plan berezi honek finkatzen dituen lurzatiak hartzen ditu barnean. Lurzatiotan, dauden eraikinen solairuen sailkapen xehatuari eutsi zaio; merkataritza/aparkalekua/elkarte-erabilera beheko solairuan eta bizitegi-erabilera gainerakoetan.

    Gainerako lurzati pribatuetan, zuzkidurako hiru jarduera-eremu bereizi dira, eraikigarritasuna handitu denez:

    1. ZJ: eraikin bakarra proposatu da jatorrizko bi lurzatietarako (irisgarritasun-arazo handiak dituzte). Iturralde kalean egongo da sarbidea, eta ibilgailuen nahiz oinezkoen sarrera erraztuko da. Lurzatiotan malda handia dagoenez, eta lurzatien azalera kontuan hartuta (165 eta 149 m2), aparkaleku-solairua kale-mailan egotea proposatu da (10 lekukoa), eta, gainerakoan, lau etxebizitza-solairu eraikitzea.

    2. ZJ: lurzatietan handiena da (998 m2), eta eremu osorako aparkalekua har dezakeen bakarra (64 lekukoa). Sotoko aparkaleku-solairurako sarbidea Iturralde kalean egongo da. Erabilera publikoko espazio bat egongo da aparkalekuaren gainaldean, Iturralde kaletik datozen eskaileretatik iritsiko dena. Espazio publikoaren kotaren araberakoa izango da soto-solairuen eta etxebizitza-solairuen (lauen) kota.

    3. ZJ: Areta kaletik hurbilen dagoen lurzatia denez, merkataritza-erabilerako beheko solairua duen eraikina proposatzen den bakarra da. Kasu horretan, lurzatiaren azalera kontuan hartuta (198 m2), ez da aparkaleku-solairurik proposatuko.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak eremuaren hirigintza-antolamendu xehearen zehaztapenak ezartzen ditu, eta urbanizazio-, eraikuntza- eta eraispen-proiektuen bidez garatuko da. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Ez da bateraezintasunik aurkitu planaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.

      3. Planaren xedea egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzada eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

      4. Plana egokia da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arlokoa.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Plan Berezi honen aplikazio-esparrua Areta auzoan dago, Laudion, eta guztira 7.633,80 m2-ko azalera du. Eremu etena da; Iturralde kale urbanizatu berriak zeharkatzen du. Hegoaldean, auzoaren ardatz den Areta kalearekin du muga.

      Hiri-lurzoru finkatua da Laudioko inguru hori, eta hornidura-sareak jada eraikita daude (uren, eta saneamendu- eta euri-uren sareak). Gainera, ez da aldatuko egungo bide-sarea, urbanizazio-egoera ezin hobean dagoena; galtzada asfaltatuta eta espaloiak zintarriztatuta. Eraikiko diren eraikinetarako sarbidea bertan egongo da.

      Eremua ez dator bat inolako natura- edo ondare-balioko eremu edo elementu adierazgarrirekin, eta ez da hauteman ingurumen-arriskurik. Areta kaleko zaratak bakarrik erasaten dio, zarata-araudian ezarritako akustika-mugak gainditzen baitira.

      Ondorioz, eragin nagusiak giza habitataren kalitatearen gaineko afekzioarekin lotuta daude, afekzio hori eremuko antolamendu xehatuaren garapenari lotutako eraispen/eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak egitearen ondorioa baita (airearen kalitatearen gaineko afekzioak, kutsadura akustikoa).

      Ondoren, funtzionamendu-fasean, kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak gainditzea espero da, batik bat Areta kaletik hurbilen dagoen aldean eta eremuan hegoalderen kokatutako eraikinaren Areta kalerako aurrealdean.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Plana garatzeko proiektuak, alegia, urbanizazio- eta eraispen/eraikuntza-proiektuak, egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin.

      Besteak beste, planetik eratorritako urbanizazio- eta eraispen/eraikuntza-proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

      Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

      Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

      Horretaz gain, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

      Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko da biltegia.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

      Eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatu beharko da.

      Behar izanez gero, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, neurri tekniko eta ekonomiko beharrezkoak hartu beharko dira (antolamendu-aukerak; abiadura-murrizketa; etab.), lehenik eta behin, kanpoaldea babesteko (lurzorutik bi metrora inguru eraikigabeetan; eta aurrealdeko leiho guztietan, inguru eraikietan). Ezinezkoa balitz, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratu beharko dira neurriok, eraikineko gela zein den (egongela edo logela), eta eguneko faseak kontuan hartuta (goiza, arratsaldea eta gaua). Aurrealdearen isolamendua behar bezala justifikatuko da eraikuntza-proiektuan.

      Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatuko balitz, zonako planak hauek hartu beharko ditu barnean: proposatzen diren neurri guztiak betetzeko bideragarritasun ekonomiko nahikoari buruzko azterketa; onura akustikoaren eta neurrien kostua/etekina erlazioaren azterketa; exekuzio-proiektu bat, neurriak zehaztuta; identifikatu den neurri zuzentzaile bakoitza martxan jarriko den dataren zehaztapena; eta exekuzioaren pertsona edo erakunde arduradunen zerrenda, zarata-araudiari jarraikiz.

      Hala, Laudioko Udalak lehenengo okupaziorako edo bizigarritasunerako lizentzia jaso aurretik, barnealdeko espazioetako kalitate-helburuen betetze-mailari buruzko txostena aurkeztu beharko du. Horretarako, kanpoko fatxadaren isolamendu akustikoa neurtzeko kanpaina bat eskatu dezake. Neurketa horiek UNE-EN ISO 140-5:1999: arauak ezarritakoari jarraikiz egin beharko dira. Eraikinen eta eraikuntza-elementuen isolamendu akustikoa neurtzea. 5. zatia: fatxadako elementuen eta fatxaden airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa in situ neurtzea.

      Bestalde, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Gainera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, planak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, hauen bidez:

      Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Horretarako, eraikuntza-proiektuan, ahal den neurrian, kontuan hartu beharko dira Eraikuntza eta Birgaitze Jasangarriaren Gida, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetarako dena. Eusko Jaurlaritza. 3. argitaraldia, 2015eko abendua.

      Azken proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna kalifikatzeko etiketak, gidaren arabera, ahalbidetuko du hartutako ingurumen-neurri eta azpineurri jasangarriak bereiztea.

      Kasu honetan, neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

      Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

      Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Lurzoruaren okupazioa murriztea.

      Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur gris gutxiago sortzea.

      Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

      Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea.

      Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta haien mugikortasuna hobetzea.

      Barneko airearen kalitatea hobetzea.

      Konforta eta osasuna hobetzea.

      Lorategiak hornitzeko jarduketetan, tokiko biodibertsitatea areagotzeko jarduketak sustatuko dira, jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez. Horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuko da eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Bigarrena. Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan xedatutakoa, egin diren kontsulten emaitza eta V. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ondorioztatu da Laudioko ZV17 «Bidebarrieta kalea» eremuaren Barne Berrikuntzarako Plan Bereziak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean eta, horrenbestez, ez duela ingurumen-ebaluazio arruntik gainditu behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Laudioko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren Laudioko ZV17 «Bidebarrieta kalea» eremuaren Barne Berrikuntzarako Plan Berezia onartzen ez bada, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 8a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik