Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako HAPOaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, «AY.03 Pintore» hirigintza-eremuan dagoen «Villa Belén» lurzatirako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 25
  • Hurrenkera-zk.: 598
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/08
  • Argitaratze-data: 2020/02/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko martxoaren 5ean, Donostiako Udalak eskatu zuen hasiera emateko ingurumen-txosten estrategiko sinplifikatuaren prozedurari Donostiako HAPO aldatzeko «AY.03 Pintore» hirigintza-eremuan dagoen «Villa Belén» lurzatian, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako HAPO aldatzea «AY.03 Pintore» hirigintza-eremuan dagoen «Villa Belén» lurzatian (aurrerantzean, Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan sartzen da; artikulu horretan, aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar duten planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Donostiako HAPO aldatzeko «AY.03 Pintore» hirigintza-eremuan dagoen «Villa Belén» lurzatian (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatuta, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Donostian indarrean den HAPOn mugatzen eta antolatzen diren hirigintza-eremuetako bat da «AY.03 Pintore», 48.731,00 m2-koa; eremuko lurzoru gehienak «a.40 Garapen txikiko bizitegia» dira, bide-sistema orokorreko 2.654 m2 izan ezik.

    Aipatu eremuan dago «Villa Belén» lurzatia, Belen ikastetxea eta ikastetxean irakasle diren lekaimeen bizitegia; 4.207 m2 ditu, eta «b.20 Tertziarioa» motakoa da.

    Planaren xedea da «Villa Belén» lurzatiaren hirigintza-araubidea birdoitzea. Horretarako, egungo hiru eraikinak eraitsiko dira, eta bi etxebizitza bloke eraiki (guztira 38 etxebizitza, 19na, eta sestra gaineko eraikigarritasuna 4.840 m2(t)-koa izango da. Bloke bakoitzak bi soto-solairu, beheko solairua, hiru solairu eta atiko atzeraemana izango ditu. Sestrapeko eraikigarritasunari dagokionez (garajeak eta bestelako erabilera osagarriak), 4.380 m2-ko sabai eraikigarria aurreikusi da. Halaber, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira Planaren xede den eremuan.

    Planaren xede den antolamendu-eremua Aiete auzoan dago, Donostiako hirigunearen iparraldean. Hiri-lurzoru finkatua da, eta ez du natura- eta geologia-intereseko elementurik, ez gune babesturik, ezta kultura-ondasun izendatu diren kultura-ondarearen elementurik ere.

    Horrenbestez, ziurtzat jo daiteke inpaktu adierazgarrienak giza habitataren kalitatearen gainekoak izango direla, Planaren garapenari loturiko hirigintza-proiektua gauzatzearen ondorioz: egungo eraikinak eraistea eta bi etxebizitza bloke eraikitzea. Fase horretan, adierazgarrienak hondakinak sortzea, airearen kalitateari erasatea eta kutsadura akustikoa eragitea izango dira.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak ez du eraginik izango bestelako planetan edo programetan.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren garapena berrerabilera-eragiketetan oinarrituko denez, hiri-lurzoruaren okupazio jasangarria bultzatuko da. Halaber, aurkeztu den dokumentazioan, obran ingurumen-jardunbide egokiak egiteko eskuliburua aipatzen da. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko alderdiak integratzeko.

      4. Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: ingurumen-inpaktu nagusiak eraikin berrien eraikuntzari eta, ondoren, eremua urbanizatzeari lotutako proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoa areagotuko dutelako, bai partikulen igortzeagatik, bai zarata-mailak handitzeagatik.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

    2. Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

      Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik ere.

      Halaber, Planaren eremua «Erdialdea-Aiete-Igeldo-Zubieta» izeneko babes akustiko bereziko gunean dago. Donostiako Udalak deklaratu zuen horrela, eta behar den Plan Zonala du. Aurkeztu den dokumentazioan adierazten denaren arabera, ez oraingo egoeran, ez hogei urte barru, ez dira erabat betetzen kalitate akustikoko helburuak kanpoaldean.

      Hala bada, ingurumen-efektuen ezaugarriak eta Planak eragindako eremuarenak kontuan hartuta, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-efektu adierazgarririk, baldin eta ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera. Honako hauek dira Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak:

      Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakindegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez onartzen da Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektatutako eraikuntzen kanpoaldean erabat gainditzen dira kalitate akustikoaren helburuak (KAH). Alabaina, aztertu den eremua babes akustiko bereziko gune baten barnean dagoela kontuan hartuta, eta dagokion zonako plana egin dela (EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutako edukiaren arabera), kalitate akustikoaren helburuak gainditzen badira eta ezin badaiteke kanpoaldea babestu aipatu KAH-ak ez gainditzeko, neurri osagarriak hartu beharko dira, gutxienez eraikinen barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak bete ahal izateko.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

      1. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen [2017rako lehentasuna] eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

        Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

        Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

        Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

        Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

        Hondakin solido gutxiago sortzea.

        Lurzoruaren okupazioa murriztea.

        Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur gris gutxiago sortzea.

        Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

        Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

        Barneko airearen kalitatea hobetzea.

        Konforta eta osasuna hobetzea.

        Bigarrena. Zehaztea, ebazpen honetan ezarritako baldintzei jarraikiz eta haiek betez, ez dela aurreikusten ingurumenaren gainean eragin nabarmenik izango duenik Donostiako HAPO aldatzeak «AY.03 Pintore» hirigintza-eremuan dagoen «Villa Belén» lurzatian, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartuko ez balitz Donostiako HAPO aldatzea «AY.03 Pintore» hirigintza-eremuko «Villa Belén» lurzatian. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 8a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik