Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo (Gipuzkoa) Otieta parkean tirolina eta via ferrata egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 632
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/02
  • Argitaratze-data: 2020/02/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko uztailaren 9an, Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskabidea osatu zuen, Otieta parkean, Leitzaran ibaian, tirolina eta via ferrata egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz. Proiektuak adierazitako prozedura jarraitu behar du, aipatutako arauaren 7.2.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarri bezala, 2019ko abuztuaren 27an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion ala ez zehazte aldera.

Kontsulten izapidea amaitu ondoren, zenbait txosten jaso dira; horien emaitza espedientean jasota dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua jarraituko dute arau horren I. eranskinean edo II. eranskinean jasota ez dauden proiektuek, baldin eta modu nabarmenean, zuzenean edo zeharka, kalteak eragin badiezazkiekete Natura 2000 Sareko Babesguneei. Horrenbestez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura jarraitu behar du Andoaingo Otieta parkean tirolina eta via ferrata egiteko proiektuak; prozedura horren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko efektu adierazgarririk duen, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura jarraitu behar duen.

Dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Dokumentu honen helburua da aipatutako proiektuak ingurumenean inpaktu esanguratsuak izan ditzakeen baloratzea, eta, hala balitz, ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehaztea.

Honako hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Andoaingo udal-mugartean dagoen Otieta parkean tirolina eta via ferrata egiteko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, ondoren adierazitakoaren arabera:

  1. Proiektuaren helburua da tirolina bat jartzea Leitzaran ibaiaren bi ertzetan, eta via ferrata bat ezkerreko ertzean. Instalazioa Unanibia zubitik ibaian gora egingo da, Otieta parkearen inguruan (Leitzarango landa-parkea), Leitzaran ibaiaren KBE eremuan (kodea: ES2120013).

  2. Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak:

      Proiektuak jarduketa hauek jasoko ditu:

      1. Ibaiaren eskuineko ertzean bidexka bat irekiko da, landa-parkeko komun publikoen ingurutik tirolina hasten den plataformaraino. Guztira 1,44 metro karratuko azalera izango du, eta errepideko euskarrian finkatuko da.

      2. Tirolinak ibaia zeharkatuko du, Unanibia zubiaren (edo Sorginen zubia) inguruan. Ibilguaren ohearekiko 16 metroko altueran egongo da, eta 25 metro luze izango da, gutxi gorabehera.

      3. Tirolinaren helmuga ezkerreko ertzean egongo da; lurrez eta belar artifizialez egindako gune bat izango da, 2 metro karratukoa, eta euskarriak jarriko dira lurzoruan, bisitariak seguru egon daitezen.

      4. Via ferrata bertikala ibaiaren ezkerreko ertzean jarriko da, eta 110 metroko luzera izango du. Bidea tirolinaren helmugako plataformatik hasten da, eta harrizko muino batetik gora doa, ainguraketa anitzeko sistema duen bilgune batera heldu arte. Ondoren, bidexka batetik doa, Sorginen basotik, eta kareharrizko beste azaleratze txiki bat zeharkatu ondoren amaitzen da. Paretan gora joateko, U edo C formako pieza metalikoak (edo mailak) erabiliko dira. Altzairuzko barra galbanizatu eta tolestuarekin eginak egongo dira, eta ainguraketa kimikoaren bidez finkatuko dira paretan.

      5. Itzultzeko, baso-pista bat eta landa-bide bat erabiliko dira. Azkenik, erabiltzaileek Unanibia zubia erabiliko dute jardueraren hasiera-puntura itzultzeko (ibaiaren eskuineko ertzean).

        Obra-faseak 35 egun inguru iraungo du.

        Ustiapen-fasean, Andoaingo Udalak kudeatuko du jarduera, eta urte osoan zehar egin ahalko da. Jarduera gehien izango duten garaiak uda eta udazkena izango dira. Tirolinak egitura mota horietan erabiltzen den segurtasun-sistema espezifiko bat izango du, baimenik gabe ez erabiltzeko. Hasteko, karga-ahalmena eguneko 30 lagunekoa izango da, 5 laguneko taldetan banatuta (lau bisitari eta gida bat). Dena den, urtero aztertuko da zifra hori, eta handitu egin liteke, jardueraren ingurumen-jarraipenaren emaitzen arabera. Jarduera Leitzaran ibaiaren KBEren kontserbazio-helburuei buruzko informazioa emateko eta ingurumenean hezteko ere pentsatuta dago.

        Jarduera uzteko fasea erraza da; plataformak, belar artifizialaren puskak, kableak eta beste segurtasun-sistema batzuk kendu beharko lirateke.

    2. Proiektuaren kokapena:

      Jarduketa Leitzaran ibaiaren beheko zatian kokatzen da, Andoaingo hirigunetik 2 kilometrora, ibaian gora, eta Leitzaran ibaiaren KBE eremuan (ES2120013). Ibaiaren eskuineko ertzean, Otieta parkea eta Leitzarango bisitarien etxea aurkitzen dira.

      Proiektua Leitzaran ibaiaren bi ertzetan egingo da, izen bereko KBEko zati batean, Otieta landa-parkearen inguruan.

      Proiektuaren eraginpeko eremuan Batasunaren intereseko bi habitat daude: bi ertzetan, lehentasunezko 91E0* habitata (haltzadiak eta lizardiak), eta ezkerreko ertzean, via ferrata igaroko den tokian, alegia, 8220 habitata (landaredi kasmofitoa duten malda arrokatsu silizeoak). Halaber, harizti-masak (Quercus robur) aurkitu dira eskuineko ertzeko hegaletan, eta, maila txikiagoan, baso misto atlantikoa ezkerreko ertzean.

      Ezkerreko ertzeko hegalean Soldanella villosa eta Vandenboschia speciosa (Trichomanes speciosum) flora-espezieak egon litezke (Habitaten Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan biltzen dira, eta kalteberen kategorian daude sailkatuta Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan), baita interes bereziko beste espezie batzuk ere, hala nola Ruscus aculeatus eta Ilex aquifolium; baina, egin diren azterketetan, ez dira aurkitu ez espezie horiek ezta basoko flora-espezie babestu edo interesgarririk ere.

      Faunari dagokionez, basoko fauna-espezie babestu ugari aurkitzen dira Leitzarango KBEn. Horien artean, bisoi europarra eta desmana nabarmendu behar dira (galzorian daude biak). Leitzaran ibaia bi espezientzako babes bereziko eremuen barruan dago, Gipuzkoako kudeaketa-planen arabera. Leitzaran ibaiaren goiko zatietan, igarabak eta desmanak erregistratu dira administrazio eskudunek 2012. eta 2018. urteen artean egindako azken jarraipenetan.

      Ibai-inguruneei lotutako hegaztiei dagokienez, azpimarra daiteke martin arrantzalea dagoela (Alcedo atthis), Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean jasoa, baita ur-zozoa ere (Cinclus cinclus). Bi espezieak interes berezikotzat katalogatuta daude Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

      Bestalde, Leitzaran ibaiak rol garrantzitsua betetzen du igarobide ekologiko gisa bere isurialde guztietan (ibaikoan, lurrekoan eta airekoan). Halaber, ibaiaren bi ertzek dituzten ezaugarriak azpimarratu behar dira. Ibaiaren eskuineko ertzeko zatia bertan hasiko da tirolina erabilera publikorako egokituta dagoen gune batean kokatzen da; hau da, Otieta parkean, GI-3091 errepidearen ondoan. Iritsiera gunea, ezkerreko ertzean kokatuta, malkartsuagoa eta iritsezina da. Ertz horretan, harrizko muino bat dago, basoz eta sastrakaz inguratuta, eta bertatik igaroko da via ferrata. Gune horretara iristeko, Unanibia zubia igaro behar da, Otieta parketik, edo bestela, baso-pistatik joan behar da, Goiburu auzotik atera (iparraldean) eta onura publikoko mendia zeharkatuta (2009.1).

      Unanibia zubia, «Sorginen zubia» izenez ere ezaguna, Andoaingo HAPOko Hirigintza Ondarearen Katalogoan dago sartuta, eta «II.a. maila. Udal-intereseko ondasun higiezinak 1» babes-maila dauka.

      Tirolinaren lurreratze-gunea eta itzultzeko bidea 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremuan daude.

    3. Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

      Honako hauek dira inpaktuak ekar ditzaketen proiektuaren ekintzak:

      1. Sarbide berriak irekitzea langileentzat, eta bi ertzetako bidexkak egokitzea. Noizean behin, belar-sastrakak kenduko dira oihanpeko 300 metro karratutan. Kalte egingo dio erabilera publikoko EPM 2009.1 mendiari, hau da, Belabi mendiari.

      2. Tirolinaren hasiera- eta amaiera-plataformak kokatzea eta segurtasun-sistemetako kableak eta ainguraketak jartzea. Eragina izango du oihanpean, jarduera egiten duten pertsonak biltzeko guneak egokitzeko.

      3. Via ferratako mailak finkatzea. Ezkerreko ertzeko harrizko muinoan, zati bateko landareak kenduko dira; zatiak 130 metro luze eta 550 metro karratu ditu. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, kalte egingo dio «8220-Landaredi kasmofitoa duten malda arrokatsu silizeoak» izeneko Batasunaren intereseko habitatari.

      4. Instalazioak hartzen duen korridoreko zuhaitzak kendu, eta adarrak moztuko dira. Jarduketa horrek kalte egin diezaieke Leitzaran ibaiaren ertzeko Batasunaren lehentasunezko intereseko 91E0* habitatari (haltzadiak eta lizardiak) eta KBEko urbazterreko korridoreari. Aurreikusita dago Robinia pseudoacacia espezie aloktonoaren ale bat kentzea eta bi haltzen adarrak moztea.

      5. Etengabe ikusten dira kableak ibaia zeharkatzen. Eragina du paisaian, eta eragina izan dezake bai KBEko aireko korridorean bai hegazti-faunan.

      6. Obrako beste ekintza batzuk. Obra-materialen hondakinak sortzea (egur puskak eta ziriak edota kable zatiak, zirgak edo beste metal batzuk) eta makinen ustekabeko isuriak eta olio-isuriak eragitea. Halaber, obrak egiten ari direnean, zarata areagotuko da, eta, horren ondorioz, inguruko espezieen portaera alda daiteke.

      7. Jendetza eta pertsonen joan-etorriak instalazioaren inguruan. Eragina izan dezake egokitutako eremuetatik kanpo dagoen landaredian, lurzorua trinkotu daiteke, eremuan aurkitzen diren fauna-espezieak asalda daitezke (bisoi europarra, martin arrantzalea, ur-zozoa, etab.) eta zarata eta zaborra sor daitezke.

        Eragina izan dezake Leitzaran ibaiaren KBEn:

        Ingurumen-dokumentu estrategikoko apartatu batean, proiektuak Leitzaran ibaiaren KBEn izan dezakeen eragina ebaluatzen da, aintzat hartuta espazioa Natura 2000 Sarean sartzera eraman duten habitatak eta espazioak, bai eta urriaren 16ko 215/2012 Dekretuan eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan ezarritako kontserbazio-neurriak eta helburuak ere. Lehenengo dekretuaren bidez, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzen dira; bigarrenaren bidez, ordea, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak.

        Ibai-korridore ekologikoari dagokionez, proiektuak ez die ez korridoreari ez arrain-faunari kalte egingo zuzenean, baina aurreikusi behar da obra-fasean jarioak edo isurketak sor daitezkeela ustekabean.

        Urbazterreko korridoreari dagokionez, egon daitekeen faunak (bisoi europarra eta igaraba) eta 91E0* habitatak (haltzadiak eta lizardiak) ez dute eragin nabarmenik izango obra- eta ustiapen-fasean. Tirolinaren irteera- eta iritsiera-puntuak ibaiertzetatik urrun daude, eta haltz-aleen adar batzuk moztea besterik ez da aurreikusten.

        Aireko korridoreari dagokionez, tirolinaren kablea oztopo eta arrisku izan daiteke KBEn kontserbatzen den hegazti-faunarentzat (martin arrantzalea, ur-zozoa eta bertan aurkitzen diren beste espezie batzuk). Ingurumen-dokumentu estrategikoaren egileek, ibaiaren ertzean egin dituzten prospekzioetan, ez dute aurkitu martin arrantzaleek habiak egiteko toki egokirik. Beraz, dirudienez, ez dio kalterik egingo espeziaren ugalketari. Bestalde, Sorginen zubiaren begietan, ur-zozoentzako habia-kutxak daude. Aranzadi Zientzia Elkarteak egiten du ur-zozoaren jarraipena. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren egileek aipatu jarraipenaren emaitzen inguruan galdetu diote erakundeari, eta azaldu dute espezie horretako indibiduoek erregularki erabiltzen dituztela kutxa horiek. Hortaz, neurriak hartu beharko dira, kableak hegazti-faunan izan dezakeen eragina zuzentzeko.

        Jarduera abian jarri ondoren ingurunera etorriko den bisitari kopuruaren hazkundea ez da handia; gainera, jardueraren kudeatzaileek kontrolatu eta gainbegiratuko dituzte taldeak. Hala ere, tirolinak eta via ferratak ezkerreko ertzeko hegaletan jende gehiago sartzea ekarriko dute, eta, ondorioz, harkaitza eta basoa habia egiteko, atseden hartzeko edo elikagaia bilatzeko erabiltzen duten fauna-espezieak asalda daitezke. Era berean, tirolinak jarduera egiten ari ez diren pertsonek ez erabiltzeko segurtasun-elementuak dituen arren, ezin da esan via ferrata ez dela irisgarria izango. Hori dela eta, ezkerreko ertzean dabiltzan pertsonentzako prebentzio- eta jarraipen-neurriak hartu beharko dira.

        Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako Baso Fauna eta Flora Zerbitzuak, KBEren organo kudeatzaileak, txostena egin zuen eragindako administrazio publikoei 2019ko urriaren 17an egindako kontsulten izapidean. Honako ondorio hau ateratzen du txostenean: «Jarduketak ez die kalte egiten ez habitatei ez espezie mehatxatuei, eta bateragarria da tokiaren kudeaketarekin». Hala ere, gauzatzeko hainbat baldintza ezartzen dira.

        Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, espazio babestuak aitortzeaz eta Natura 2000 Sareko tokiak babesteko arauak eta helburuak ezartzeaz arduratzen den organoak, zera ondorioztatu zuen 2019ko irailaren 30eko txostenean: «Ingurumen-dokumentuan proposatutako neurriak zorrotz hartzen badira eta txoriak babesteko balizak jartzea erabakitzen bada, ez da aurreikusten eragin nabarmena izango duenik KBEren kontserbazio-helburuetan».

        Bigarrena. Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira baldintza hauek:

        Proiektua gauzatzeko, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko urtarrilaren 9ko Ebazpenean xedatutakoa errespetatu beharko da. Ebazpen horren bidez, ingurumen-txosten estrategikoa egiten da Andoaingo N.U.02 «Leitzarango Landa Parkea» eremuko Antolamenduko Plan Bereziaren 1. aldaketari buruz. Hori horrela, ebazpen horretan ezarritako neurriak, tirolina eta via ferrata egiteko proiektuari buruzkoak, alegia, honako ebazpen honetan ezarritako baldintzen artean sartu dira.

        Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

        Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarriko dira.

        Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

        1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

        1. Otieta parkeko tirolinako eta via ferratako jarduerek urriaren 16ko 212/2015 Dekretuan eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan ezarritako helburuak, jarraibideak eta erregulazioak bete beharko dituzte. Lehenengo dekretuaren bidez, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzen dira; bigarrenak, ordea, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen ditu. Era berean, Leitzaran ibaia biotopo babestu izendatzen duen araudia errespetatu beharko da (honek onartua: 416/1995 Dekretua, irailaren 29koa, Leitzaran ibaia babestutako biotopo deklaratzen duena), bai eta Gipuzkoan Pirinioetako desmana eta bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duten 2004ko maiatzaren 12ko bi foru-aginduetan ezarritakoa ere.

        2. Jarduerak espazio babestuak kudeatzeaz arduratzen diren zerbitzuen onespena, basoko flora eta fauna kudeatzeaz arduratzen direnena eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzarena behar ditu. Azken horrek, hala badagokio, jardueraren debekualdiak ezarri ahalko ditu.

          9. apartatuko ingurumen-aholkularitzak prospekzioak egin behar ditu flora mehatxatua eta fauna-babeslekuak edo habiak dauden ikusteko. Prospekzio horiek obrak hasi aurretik egingo dira, udaberrian eta udan. Bisita kopuru egokia planifikatuko da, eta 9. apartatuko lan-programan adieraziko da. Txosten bat egingo da prospekzioen emaitzekin, eta aurkikuntza esanguratsurik badago, Gipuzkoako Foru Aldundiko Baso Fauna eta Flora Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

    4. Obrak irailean eta urrian egingo dira, baldin eta lehen aipatutako Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzuek edo zuzendaritzak beste data batean egiteko baimena ematen badute.

    5. Tirolinaren haria jartzeko, ibaiertzeko landaredi autoktonoari kalte txikien egiten dion trazadura bilatuko da. Landaredia bota, moztu eta eskokatzen hasi baino bost egun lehenago, Gipuzkoako Foru Aldundiko Baso Fauna eta Flora Zerbitzuari jakinaraziko zaio.

    6. Obrak egiten direnean, ahalik eta gehien errespetatuko da bertan dagoen landaredi naturala. Horretarako, edozein ekintza egin aurretik, eta, ahal dela, obraren behin betiko zuinketa egin bitartean, lanetarako zehaztutako guneak zedarritu beharko dira.

    7. Orain dauden bideetatik plataformetara joateko lotura zehatzez gain ingurumen-dokumentuaren M6 kodeko neurrian daude azalduta, ez da beste biderik irekiko.

    8. Bi kable osagarri jarriko dira, tirolina eusten duten kableen kanpotik eta txoriak babesteko balizekin. Kanpoko kable horiek atal egoki bat izan behar dute, hegazti-faunak ikusi ahal ditzan. Tirolinak kableak igo eta tenkatu ondoren eta martxan jarri baino lehen seinaleztatuko dira. Kableak jartzen direnetik balizatu arte, gehienez, 7 egun igaroko dira. Instalazioaren bizitza baliagarrian, titularrak behar bezala erabiltzeko moduan mantenduko ditu txoriak babesteko balizak, eta hegazti-faunarentzako arriskuak saihesten dituzten ezaugarriak galtzen dituztenean, berritu egin beharko dira.

    1. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    1. Ez da egingo proiektuaren ingurumen-dokumentuan zehaztutakoez bestelako lanik, ez lurrak mugitzeko ezta lursailak berdintzeko ere. Eta ez da inola ere egingo ez lur-erauzketarik ez betelanik.

    2. Instalazio osagarriak, material-bilketak eta makinak azalera zolatu eta iragazgaitzen gainean jarri beharko dira, jabari publikotik kanpo eta drainatze-saretik isolatuta. Ezin izango da erregairik kargatu ezta deskargatu ere, ezta oliorik aldatu ere, adierazitako eremutik kanpo.

    3. Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

    4. Ezingo dira lurrak, hondakinak eta obra-materialak bildu uholde-arriskuko zaintza-eremuan.

    1. Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

    1. Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako.

    1. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    1. Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko; bereziki, erabilitako makinariaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean.

    2. Zaratari buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora.

    1. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    2. Proiektua gauzatzerakoan «eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak» sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituzten otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu. Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, hala badagokio, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Apartatu honetako 10. zenbakian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

    3. Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utzita ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    4. Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

    5. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

    6. Erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz, ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

    7. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

    1. Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.

    1. Obrak amaitu ondoren, behar bezala berrezarri beharko da eremu kaltetua.

    2. Obrak egiten diren tokira iristeko egokitutako guneak lehengoratuko dira, jarduera gauzatzeko beharrezkoak ez badira. Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz aldatu badira. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landare-berritzea ere.

    3. Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

    4. Lehengoratze edafikoko lanak egiten diren bitartean, landare aloktonoak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabiliko diren lurren jatorria eta, inola ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieekin kutsatuta egon daitekeen lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

    5. Obra amaitu ondoko bi urteetan, lehengoratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

    1. Jarduera etetea.

      Jarduera eten nahi izanez gero, espazioa kudeatzen duen organoari jakinaraziko zaio, instalazioak desegiteko eta eremu kaltetua berrezartzeko prozesuak gainbegira ditzan.

    2. Ingurumen-aholkularitza.

      Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Obren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura- eta kultura-ondarea babestea.

    3. Lan-programa diseinatzea.

      Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gai hauei buruz, gutxienez. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu programak:

      Kontratistaren instalazio-eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

      Eraikuntzako eta eraispeneko lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauetan ezarritakoa errespetatuta: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituzten otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

      Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileek eta bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik sortuko denik. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Andoaingo Otieta parkean tirolina eta via ferrata egiteko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

      Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 2a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik