Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka; a.500.69, a.500.70 eta a.500.71 lurzatiak batzea» xehetasun-azterketari buruzko ingumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 631
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/12/12
  • Argitaratze-data: 2020/02/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Donostiako Udalak, 2019ko uztailaren 11n, Añorga auzoan sustatzen duen «AÑ.01 Atotxa Erreka; a.500.69, a.500.70 eta a.500.71 lurzatiak batzea» xehetasun-azterketari buruzko ingumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura sinplifikatua izapidetzen hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari. Eskaerarekin batera, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Era berean, aipatu datan, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka; a.500.69, a.500.70 eta a.500.71 lurzatiak batzea» xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako Añorga auzoan Udalak sustatzen duen «AÑ.01 Atotxa Erreka; a.500.69, a.500.70 eta a.500.71 lurzatiak batzea» xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Xehetasun-azterketak Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka» hirigintza-eremuko hiru lurzati mugakide (a.500.69, a.500.70 eta a.500.71) batzea proposatzen du. Dagokion plan partzialak arautzen du eremua. Donostiako Udalak onartu zuen 2004 urtean.

    Lurzatiok batuta, «a.40.69» lurzatia sortuko litzateke. Horren azalera, alegia, aipatu hiru lurzatien batura, 5.039,72 m2 da. Azken batean, xehetasun-azterketaren xedea lurzatiok batzea da, eta sortuko den lurzatiaren lerrokadurak eta sestrak seinalatu, zuzendu eta osatzea. Hala, etxebizitza bloke bakarrean 12 etxebizitza eraiki ahalko dira, eta solairu bat sestrapean, garajeetarako. Eraikinak ibilgailuen sarbide bakarra izango du, Atotxaerreka bidean, baita oinezkoentzako sarbideak eta erabilera komunitarioko gune bat ere (lorategiak eta padel-pista).

    Xehetasun-azterketaren arabera, lurzatiak batzeak aukera gehiago ematen du eraikinak antolatzeko garaian. Gainera, sarbidea modu arrazionalagoan antola daitezke. Kasu honetan, garapen txikiko bizitegia izatetik (lurzati bakoitzean, gehienez, lau etxebizitza isolatu, indarreko HAPOaren arabera) etxebizitza bloke bakarreko lurzati izatera igaroko da. Beraz, sarbide indibidualak beharrean, sarbide komuna egongo da, eta ibilgailuek eta oinezkoek elkarri enbarazu egiten dioten puntuak murriztuko dira. Gainera, espazio libre gehiago egongo da lurzatiak batuta, erabilera komunitariora bideratu ahalko dena.

    Aipatu dokumentu teknikoen arabera, proposatutako antolamenduarekin ez da aldatuko lurzoruaren xedea, ezta hirigintza-eraikigarritasuna areagotuko ere. Halaber, ez da zuzkidura publikorik kenduko plan partzialean jasotako antolamendu xehatuan zehaztuetatik.

    Bestalde, xehetasun-azterketaren arabera, «AÑ.01. Atotxa Erreka» hirigintza-azpieremuaren urbanizazio-obrak erabat gauzatuta daude. Horrenbestez, hiri-lurzoru finkatuaren izaera du azpieremu horrek. Lurzatiek hiri-zerbitzu guztiak dituzte.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: planak zehazki antolatzen du eremua eta partzelako eraikigarritasun-baldintzak sendotzen ditu. Hori onartu ondoren, Birpartzelazio Proiektuaren egokitzapena eta Eraikuntzako eta Urbanizazioko Obra Osagarrien Proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen da planean, indarreko plan partzialaren hirigintza- eta ingurumen-bideragarritasuna hobetzeko irizpideen arabera. Kasu honetan, garapen txikiko bizitegien ordez (lurzati bakoitzean lau etxebizitza) etxebizitza bloke bakarra eraikiko da lurzati eratorrian. Hala, eraikin-dentsitatea hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa izango da. Hala, gurpildun ibilgailuen eta oinezkoen irisgarritasuna handitu nahi da. Era berean, eraikigarritasuna etxebizitza-bloke bakarrera bideratuta, eraikina are trinkoagoa da, eta energia-galerak, aldiz, txikiagoak. Gainera, guztizko espazio librea handituko da lurzatietan, eta erabilera komunitarioa eman dakioke.

        Planak jasangarritasun-memoria bat hartzen du barnean. Besteak beste, hauek ezartzen ditu: etxebizitzak eraikitzeko irizpideak, eraikinek kalifikazio energetiko gorena lortzeko estrategiak eta irizpideak; biztanleen osasun- eta ongizate-baldintzak hobetzeko irizpideak; energia- eta ur-kontsumoa optimizatzeko irizpideak, materialak eta hondakinak kudeatzeko irizpideak; lurzoru-erabileraren kalteak gutxitzeko irizpideak; argi-kutsadura murrizteko irizpideak; eta aerotermia-sistema bat ezartzea, iturri berriztagarrietako energia berreskuratu eta etxebizitzen berokuntza-zirkuitura bideratzeko.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Esan bezala, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-eragin adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legedia Europakoa nahiz Estatukoa txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Ez dago naturagune babesturik Planaren eremuan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik. Hizpide dugun esparrua lurzoru naturala da, plan partziala dela-eta egindako urbanizazio-obrekin eraldatuta dagoena; obra horiek nabarmen eraldatu zituzten lurzoruaren eta bertako landarediaren ezaugarriak.

      Testuinguru honetan, Planaren garapenetik etorriko diren ondorioak eremuko eraikinen eta urbanizazioaren eraikitze-obrei lotuta egongo dira; izan ere, baliabide naturalak kontsumituko dira, lurzoru naturalen azalerak artifizialduko dira, lur-mugimenduak izango dira eta eraikuntzako hondakinak sortu dira, urak kutsa daitezke lurrak herrestan joateagatik eta giza habitataren kalitatea murriztuko da ibilgailuen eta makinerien joan-etorriek, eta urbanizatzeko eta eraikinak eraikitzeko behar diren lur-mugimenduek sortuko dituzten eragozpenengatik: zarata, hautsa, bibrazioak, etab.

      Behin, hirigintza-garapena osatuta, inguruan mugimendu gehiago egotea espero da, eta, ondorioz, zarata-mailak eta, sortutako hondakin eta etxeko efluente kopuruek gora egingo dute. Eremua erabat urbanizatuta dago eta zerbitzu-sare funtzionalak ditu. Inpaktu akustikoari buruzko ikerlanaren arabera, ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, eremu akustikoaren mota kontuan hartuta (batik bat bizileku-lurzorua duten lurraldeko esparru/sektoreen etorkizuneko hiri-garapena).

      Ingurumen-ondorioak baloratuko dira indarrean dagoen plan partzialean xedatutako egoerarekin alderatuta. Kontuan izanda hori eta eremuaren gaur egungo egoera, eta Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, baita aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentua Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

      Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak:

      Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, eta neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

      Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan.

      Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek.

      Proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landaketa ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

      Landare-estaldura leheneratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Eraikuntzen eta urbanizazio obren proiektuak lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko ditu; adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Jardunbide egokien eskuliburua. Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

      Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

      Natura-intereseko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

      Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

      Planaren eraginpeko urbanizazio mugakideko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria.

      1. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, kontuan izan beharko dira etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren EAEko gidan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

        Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

        Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

        Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

        Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

        Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Donostiako Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka; a.500.69, a.500.70 eta a.500.71 lurzatiak batzea» xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako Añorga auzoko «AÑ.01 Atotxa Erreka; a.500.69, a.500.70 eta a.500.71 lurzatiak batzea» xehetasun-azterketa gehienez ere lau urteko epean onartzen ez bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 12a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik