Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 11koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, Horizonte 2020 Europako ikerketa esparru programaren bigarren fasean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren agenteak buru direla ikerketa proiektuak aurkez daitezen bultzatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia jendaurrean jartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 247
  • Hurrenkera-zk.: 5893
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/12/11
  • Argitaratze-data: 2019/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

2019ko ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuak, Horizonte 2020 Europako Ikerketa Esparru Programaren bigarren fasean (aurrerantzean H2020 programa), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren agenteak buru direla ikerketa proiektuak aurkez daitezen bultzatzeko dirulaguntzak arautzen ditu.

Dekretu horren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2020. urterako ezarritako laguntzen deialdi publikoa egin behar da, horretarako beharrezko arauak emanez. Deialdia egiteko ardura Lehendakaritzako idazkari nagusiari dagokio.

Deialdia aldez aurretik izapidetzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoaren arabera.

Hori dela eta, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak emandako eskumenak kontuan hartuz,

Ebazpen honen xedea da, Europako 2020 ikerketa esparru programaren bigarren fasean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren agenteak buru direla, ikerketa proiektuak aurkez daitezen bultzatzea helburu duen ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuan aurreikusitako 2020ko ekitaldiko laguntzen deialdia egitea.

Ekainaren 25eko 92/2019 dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, diruz lagundu litezkeen proiektuek honako betebeharrak bete behar dituzte:

  1. Aurrez proiektua aurkeztu izana H2020 programaren ikerkuntza eta berrikuntza ekintza (RIA) edo berrikuntza ekintza (IA) tresna-modalitateetako batera.

  2. Europako Batzordearen lehen ebaluazio-fasea gainditzea.

  3. Bigarren fasea aurkezteko azken eguna laguntzaren eskaera egin ondorengoa eta hurrengo urteko abenduaren 1a baino lehenagokoa izatea.

  4. Europar proiektua erakunde eskatzaileak koordinatuta izatea.

  5. Kostu guztiak kontuan izanda, europar proiektuak 4 milioi eurotik gorako dimentsioa izatea.

  6. Gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean EAE) kokatutako enpresaren baten parte-hartzea edukitzea, bai egoitza soziala EAEn dagoelako, bai H2020 programaren dirulaguntza objektu den proiektua EAEn kokatutako instalazio batean egingo delako.

Eskaera eragin duten proiektuak 2019 edo 2020 urtean hasi eta 2020. urtean zehar garatu beharko dira, eta 2020ko abenduaren 31rako burutuak egon beharko dira beti.

Deialdi honetarako laguntzak finantzatzeko, 600.000 euroko zenbatekoa jaso da Lehendakaritzako Berrikuntza Funtsetik.

Hala eta gutiz ere, ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 8. artikuluan zehaztutakoari jarraiki, helburu honetarako kreditu osagarririk balego, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpen bidez, eta nahitaezkoak diren baimen guztiak jaso ondoren, hornidura hau handitu ahal izango da. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Ebazpen honetan aipatzen den deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aldez aurreko izapidetzeari lotzen zaio, Ogasun eta Herri Administrazioaren sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Agindu horren arabera, kreditu egokia edo nahikoa egotearen baldintza bete arte ez dira laguntzok emango.

  1. Ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 3. artikuluan araututakoarekin bat etorriz, laguntza horiek elkarren segidan emateko prozeduraren arabera emango dira. Behin aurreko artikuluan aipatutako zenbatekoa agortuta, eta dagokion kasuan horniduraren handitzea agortuta, egoera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  2. Funtsen agortzea eskaerak ezesteko zio izango da, nahiz eta eskaerak funtsak agortu izanaren argitalpenaren aurretikoak izan, eta, era berean, eskaera berriak ez dira onartuko.

Ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, horretarako egiaztatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile zientifiko-teknologikoek eskuratu ahal izango dituzte laguntza horiek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera, honako kategoria hauetako batean, edota, aipatutako dekretu horren balizko aldaketetan ezarri daitezkeen kategorietan, eta 109/2015 Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen irailaren 24ko 147/2019 Dekretuan ezarritakoarekin bat eginez, hauek dira laguntza horiek jaso ditzaketen kategoriak:

  1. Unibertsitateen ikerketa-egiturak.

  2. Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak.

  3. Ikerketa Sanitarioko Zentroak (ISZ).

  4. Osasun-arloko I+G erakundeak.

  5. Zentro teknologikoak.

  6. Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).

  1. Dekretu arautzailearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza gastuen aurrekontuaren % 100ekoa izatera irits daiteke.

  2. Dirulaguntza gehienez 30.000 eurokoa izango da, eskaeraren xede den proiektu bakoitzeko.

  1. Eskaera bitarteko elektronikoen bidez egin beharko da, eta eskatzaileek aurkeztu beharko duten dokumentazioa ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa izango da.

  2. Eskaerarako sarbidea ondoren adierazten den helbide elektronikoen bidez egingo da:

    http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/horizonte-2020-europako-ikerketa-esparru-programa/web01-tramite/eu

  3. Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta, salbu eta ebazpen honen 5.2 artikuluan ezarritakoa betetzen bada, 2020ko azaroaren 27ko 24:00etan amaituko da.

  1. Erakunde interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Eskaera egin ondorengo izapideak https://www.euskadi.eus/nire-karpeta bidez egingo dira, baita eskaera onesten edo ezesten duen ebazpenaren jakinarazpena ere, jakinarazpen hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da.

  1. Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko gehienezko epea 10 lanegunekoa izango da, Europako Batzordeak, dagokion deialdian, proiektuaren bigarren fasea aurkezteko ezarritako epemuga den egunetik aurrera.

  2. Dirulaguntza jaso duten erakundeek, organo eskudunaren aurrean, emandako dirulaguntza nola erabili den frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, ekainaren 25eko, 92/2019 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta honako hauek barne hartuta:

    1. Europako Batzordearen jakinarazpena, dagokion epean ikerketa-proiektua behar bezala aurkeztu dela egiaztatzen duena, bigarren fase honetan aurkeztutako memoria teknikoarekin batera.

    2. Ikerketa-proiektuaren lehenengo eta bigarren faseak egiteko egindako gastuen ziurtagiria, 2020ko urtarrilaren 1etik proiektua aurkeztu arte. Gastu horiek deialdien xede diren urte ezberdinen artean banaturik, eta honako kategoria hauetan banakatuta:

      1. Langileen barne-kostua.

      2. Kanpoko aholkularitza-gastuak.

      3. Proposamena prestatzeko beste gastu osagarri batzuk.

        Aurreko 2) eta 3) puntuetan jasotako gastuak jatorrizko fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten gainerako dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak erabilita egiaztatuko dira. Faktura elektronikoek ere balioko dute egiaztapena egiteko.

    3. Ardurapeko adierazpena, non erakundearen legezko ordezkaritza duen pertsonak adierazi beharko baitu bete dituela proiektuaren proposamena egiteko beharrezkoak diren gastuen justifikazioa erakundearen kontabilitate-arauei jarraikiz egin dela eta laguntza arautzen duen dekretuan ezarritako arauak.

    4. Erantzukizunpeko adierazpena, non erakundeak aurkeztu beharko baitu beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek helburu berberarako emandako laguntzen edo dirulaguntzen zerrenda.

  3. Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira euskadi.net atarian dagoen https://www.euskadi.eus/nire-karpeta egoitza elektronikoan, eta era elektronikoan sinatuta egon beharko dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Ebazpen honen aurka, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Lehendakaritzako idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan, bi hileko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 11.

    Lehendakaritzako idazkari nagusia,

    JESÚS MARÍA PEÑA MARTÍNEZ.