Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 29koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez hautaketa-prozedurarako deialdia egiten baita, oposizio-sistemaren bidez. Prozedura horren osagarri, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, Udaltzaingoko bitarteko agenteen lan-poltsa sortzeko (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea), kidego horretan aldi baterako zerbitzua emateko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 236
  • Hurrenkera-zk.: 5687
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/11/29
  • Argitaratze-data: 2019/12/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa; Herrizaingoa

Testu legala

Bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, bai Euskal Autonomia Erkidegoko udalak jakitun dira toki-eremuan arazo larriak sortzen dituela Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agenteen plazak bitarteko erregimenean betetzeak, bai lanpostu horietan dauden hutsuneak presaz eta aldi baterako betetzeko edo bai eginkizunei buruzko funtzio publikoaren legerian jasotako kasuetan dituzten funtzioak betetzeko.

Aipatutako arazoari aurre egiteko, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 120.3 artikuluan ezartzen den bezala, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa berri bat sortzea bultzatu behar du, behar duten udalei hura osatzen duten pertsonak arin eta eraginkortasunez izendatzeko aukera emango diena. Aldez aurretik aukeratuak, prestatuak eta gaituak izan behar dute, jarduera horietan jarduteko.

Deialdi hau Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean xedatutakoaren arabera egiten da.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek Udaltzaingoko bitarteko agenteen lan-poltsa sortzeko (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea) hautaketa-prozedurarako deialdia egitea erabaki du, honako oinarri hauen arabera:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea. Bete beharreko eginkizunak.

Hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, oposizio-sistemaren bidez. Prozedura horren osagarri, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa sortzeko (Oinarrizko Eskala eta C-1 sailkapen-taldea).

Egin beharreko zereginak Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 27. artikuluan ezarritakoak izango dira:

  1. Udalerrietako agintariak babestea eta haien eraikinak eta instalazioak zaintzea.

  2. Hiriguneko trafikoa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera.

  3. Hirigunean gertatutako zirkulazio-istripuen atestatuak instruitzea.

  4. Administrazio-polizia, ordenantzei, bandoei eta gainerako udal-xedapen eta -egintzei dagokienez, bere eskumen-esparruaren barruan, bai eta ingurumenaren arloan eta ingurunea babestearen arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea ere, gai horietan tokiko eskumenen esparruan.

  5. Polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea, polizia judizialaren unitateekin lankidetzan arituz.

  6. Istripu, hondamendi edo zorigaitz publikoetan laguntza ematea, legeetan aurreikusitako moduan, babes zibileko planak gauzatzen parte hartuz.

  7. Prebentzio-eginbideak eta delitu-egintzak saihesteko jarduketa guztiak egitea.

  8. Espazio publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten eta giza kontzentrazio handietan ordena mantentzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.

  9. Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.

    Deialdi honen bidez hautatutako pertsonek Udaltzaingoko bitarteko agenteak aldi baterako kontratatzeko poltsa osatuko dute (Oinarrizko Eskala eta C-1 sailkapen-taldea).

    Bigarrena. Parte hartzeko betekizunak.

    1. Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

      1. Aurretiazko eskabidea egitea.

      2. Espainiako nazionalitatea izatea.

      3. Gutxienez 1,65 metroko altuera izatea gizonek, eta 1,60 metrokoa emakumeek.

        Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, hautatutako pertsonak zerbitzua eman behar duen tokiko korporazioko zerbitzu medikoek egin beharko dute egiaztapena, hasi baino lehen.

      4. 18 urte izatea eta 38 urte bete ez izana.

      5. Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, edo goragoko beste edozein.

      6. Turismoetarako B motako gidabaimenaren titularra izatea.

      7. Euskararen ezagutza egiaztatuta izatea Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailan; edo hizkuntza-eskakizunak edo titulu baliokideak egiaztatuta izatea, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.).

        Agiri bidezko egiaztapena baino ez da onartuko. Hautaketa-prozeduran ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

        Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan jasota dauden datuak egiaztatzea (ETZEB). Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari zalantzarik gabeko baimena ematea datu horiek erregistro horretan kontsultatzeko.

        Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB)) jasota ez dauden titulazioak; egiaztatu eta eskabidean aurkeztu beharko dira, eta pdf formatuko artxibo baten bidez sartu.

      8. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan agertzen den osasun-bazterketen taulan sartuta ez egotea.

        Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, hautatutako pertsonak zerbitzua eman behar duen tokiko korporazioko zerbitzu medikoek egin beharko dute egiaztapena, hasi baino lehen.

      9. Konpromisoa ematea, eskatzailearen deklarazioaren bidez, armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko.

      10. Dolozko delituagatik kondenatua ez izatea (birgaitzearen onura aplikagarria izanik), Administrazio Publikoaren zerbitzutik bereizita ez egotea, eta funtzio publikoak betetzeko desgaituta ez egotea.

        Hala ere, birgaitzearen onura aplikatuko da, arau penalen eta administratiboen arabera, baldin eta izangaiak dagokion agiri ofizialaren bidez egiaztatzen badu.

      11. Hutsegite larria edo oso larria egiteagatik Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoren batean sartzeko hautaketa-prozeduratik baztertua ez izatea, salbu eta baztertzeko adierazpenaren datatik zenbatzen hasita preskripzio-epearen baliokidea den aldia igaro bada.

      12. Indarrean dagoen araudiaren arabera ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta ez egotea.

      1. Eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa ordainduta izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legean adierazitakoaren arabera, 3.2 oinarrian xedatutakoaren arabera.

    2. Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dituzte aurreko atalean eskatzen diren baldintzak, eta Udaltzaingoko bitarteko agente (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea) izendatu arte mantendu beharko dituzte, horiek egiaztatzeko prozedura-fasea alde batera utzi gabe.

      Hirugarrena. Eskabideak aurkeztea.

    1. Aurkezpena eta epea.

      Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean eskuragarri egongo den eredu ofizial eta normalizatura egokituko dira:

      www.arkauteakademia.eus

      Bertan parte hartu nahi dutenek adierazi beharko dute deialdiaren bigarren oinarriko 1. atalean eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna kontuan izanik.

      Eskabidean, oposizioko ariketak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren adieraziko da.

      Eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, oinarri hauek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta berekin ekarriko du izangai bakoitzak eskabidean berariazko eta zalantzarik gabeko baimena ematea probak eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabiltzea onartzea, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

      Parte-hartzaileek emandako datuak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko. Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori hautaketa-prozedura hau kudeatzera eta prozedura horretatik erator daitekeen aldi baterako kontratazio-poltsa kudeatzera mugatuko da.

      Datuen tratamendua, hirugarrenei lagatzea, eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.).

      Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua aipatutako Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean aurreikusitakora egokituko da.

      Fitxategi horren arduraduna Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusia da, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak aipatutako erakunde autonomoaren zuzendari nagusiaren aurrean baliatuko dira, N-104 errepidea, Km. 356 01192 Arkauti (Araba).

      Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak aurkezten dituztenek onartzen dute beren datu pertsonalak oinarri hauetan adierazitako moduan eta xederako erabiltzea.

      Pertsona interesdunak deialdian aurreikusitako Udaltzaingoko laguntzailearen zereginak normaltasunez betetzeko behar diren gaitasun psikofisikoko baldintzetara egokitzen direla egiaztatzeko, fitxategi hori legez aurreikusitako baldintzetan tratatu eta laga ahal izango da.

    2. Tasa ordaintzea.

      Deialdi honetako 2.1.j) oinarrian aurreikusitako baldintza betetzeko, eta eskabideak aurkezteko epearen barruan, 15,26 euro ordaindu beharko dira eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa gisa. Ordainketa erakunde hauetako edozein sukurtsaletan egin ahal izango da: Kutxabank (BBK, Vital, Kutxa Gipuzkoa), Laboral Kutxa, La Caixa, Banco Santander, BBVA, Sabadell/Guipuzcoano, Bankia, Bankoa eta Iparkutxa.

      1. Tasa ordaintzetik salbuestea.

      Tasa ordaintzeari buruz legez ezarritako salbuespenak aplikatuko dira. Salbuespenaren justifikazioa eskabidean egiaztatu beharko da.

      2. Tasa ordaintzea.

      Tasa ordaintzeko bi aukera daude:

      1. Off-line ordainketa: kasu horretan, aipatutako finantza-erakunde laguntzaileen bulego-sareko edozein puntutara joan beharko da, eta sistemak emandako hartu-agiria edo bertan jasotako datuak aurkeztu beharko dira. Hartu-agirietan barra-kodea dagoenez, irakurketa optikoa duen kutxazain automatikoaren edo datuak eskuz hartzeko kutxazainaren bidez ordain daiteke.

      2. On-line ordainketa: banka elektronikoko sistemaren bidez egin ahal izango da ordainketa.

        Eskabideak aurkezteko epearen barruan tasa ordaintzen ez bada, edo ordaindutako kopurua oker ordaintzen bada, prozeduratik kanpo geratuko da, deialdi honetako 2.1.j) oinarriko baldintza ez betetzeagatik. Tasa aurkezteak eta ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea, Hirugarren Oinarriko 1. puntuan adierazitakoarekin bat etorriz.

    3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio gehigarria.

      Hautaketa-prozesuko ariketak eta probak egiteko denboren eta bitartekoen arrazoizko egokitzapenak edo doikuntzak eskatzen dituzten izangaiek, hala egiaztatzen duen ziurtagiri medikoa aurkeztu beharko dute.

      Laugarrena. Izangaiak onartzea.

    1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartuko du, eta Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

    2. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendan, baztertutako pertsona bakoitza aipatuz, baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira.

      Bosgarrena. Epaimahai kalifikatzailea.

    1. Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen aurreikuspenen arabera. Presidente batek, lau kidek eta idazkari batek osatuko dute epaimahaia. Kideen osaera inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituko da, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipiora ere.

      Epaimahai Kalifikatzailearen eginkizunak dira oposizio-fasea osatzen duten probak zehaztea, garatzea eta ebaluatzea, eta prestakuntza-ikastaroan parte hartuko duten pertsonak zehaztea.

      Kalifikazio-epaimahaia osatzen duten pertsonen eta haien ordezkoen izendapena Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen bidez.

      Epaimahai kalifikatzaileko kide izatea bakarka izango da beti, eta ezin izango da inoren ordezkari edo kontura izan.

      Ezin izango dira epaimahai kalifikatzaileko kide izan hautaketa edo izendapen politikoko langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratudunak, ezta azken bost urteetan enplegu publikora sartzeko izangaiak prestatzen aritu diren pertsonak ere.

      Epaimahai kalifikatzaileko kideak abstenitu egin beharko dira arrazoi pertsonalak, profesionalak edo beste edozein motatakoak direla-eta beren inpartzialtasuna zalantzan jar daitekeen egoeretan, bai eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.

      Espezialitatearen printzipioaren arabera, botoa emateko eskubidea duten kide guztiek sartzeko eskatzen den maila akademiko bereko edo handiagoko titulazioa izan beharko dute, eta horien erdiek, gutxienez, jakintza-arlo berari dagokion titulazio bat.

      Ordezkaritza orekatuaren printzipioaren arabera, justifikatutako ezintasunik ezean, kalifikazio-epaimahaiaren osaera orekatua izango da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen artean. Sexu bakoitzak gutxienez% 40ko ordezkaritza duenean, ordezkaritza orekatutzat joko da.

      Epaimahai kalifikatzaileak bere lanetan aholkulari espezialistak sartzea erabaki ahal izango du, beren espezialitateak gauzatzean aholkularitza eta lankidetza teknikoa ematera mugatuko direnak. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta konfidentzialtasun-printzipioen mende egongo da.

    2. Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duten arauen araberakoa izango da.

    3. Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea ekarriko du.

    4. Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Era berean, hautaketa-prozedura garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gai guztiak ebatzi ahal izango ditu, baita bere eginkizunak betetzeko ere.

    5. Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioak Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

    6. Epaimahai Kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:

      2019bitartekoudaltzainak@seg.euskadi.eus

      Epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotzen dituen idazkiei.

      Seigarrena. Hautaketa-sistema.

    1. Hautaketa-sistema oposizio-sistema izango da, izangaien gaitasuna zehaztuko duena eta haien arteko lehentasun-ordena finkatuko duena.

      Oposizioaren guztizko puntuazioa oposizioaren bi probetan lortutako puntuazioen batura izango da, eta lehentasun-ordena zehaztuko du.

    2. Oposizioa honako proba hauek egitean datza:

      1. Lehen proba. Proba psikoteknikoa. Nahitaezkoa eta baztertzailea.

        Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako zereginak behar bezala betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehaztera zuzenduta dago. Prozedura hori test-erako galdetegi formatuan egingo da. Ebaluatutako gaitasunak Udaltzaingoko oinarrizko Eskalako funtzio eta zereginei buruzkoak izango dira, eta honako hauek izango dira: ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, arreta- eta pertzepzio-gaitasunak eta espazio-gaitasunak.

        Galdetegiko galdera bakoitzak lau erantzun aukera izango ditu, eta horietako bat bakarrik izango da zuzena.

        Erantzun oker bakoitza erantzun egoki bakoitzaren balioaren herenaren arabera zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (bikoitzak) ez dira zigortuko.

        Proba hori behar bezala egingo da beti, hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko eta merezimendu- eta gaitasun-printzipioetara egokitzen dela bermatzeko.

        Proba hori nahitaezkoa izango da, eta gehienez ere 60 puntu emango dira. Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

      2. Bigarren proba. Nortasun-proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea.

        Izaera orokorreko ezaugarriak ebaluatzera zuzenduta dago, bai eta Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako agente eginkizunak eta zereginak betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen desegokitasun- edo egokitzapen-adierazleak ebaluatzera ere.

        Proba hori nahitaezkoa izango da, eta gehienez ere 40 puntu emango dira. Gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

        Zazpigarrena. Oposizioko probak garatzea.

        1. Probak ezingo dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.

        2. Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan iragarriko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen bidez, gutxienez zazpi egun natural lehenago. Gainerako probak egiteko iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko ditu Epaimahai Kalifikatzaileak.

        3. Epaimahai Kalifikatzaileak probak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, bai eta proba batzuk egun berean egitea ere. Kasu horretan, proben emaitzen argitalpenek deialdiko oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba bakoitzaren emaitzak bakarrik argitaratuko dira, edo seigarren oinarriko ordenari jarraituz aurrekoa gainditu dutenei dagokienez.

        4. Nahitaezko probak egiteko deialdira agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, adierazitako egunean, orduan eta tokian, baita ezinbesteko arrazoiengatik ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko proben bat egiten hasten diren pertsonei.

          Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago baditu, ariketa horietara ez agertzetzat joko da berandu agertzea edo ez agertzea.

        5. Deialdietara nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, eta Epaimahai Kalifikatzaileak uneoro eskatu ahal izango die.

        6. Proben emaitzak Epaimahai Kalifikatzailearen erabaki bidez argitaratuko dira, Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

          Zortzigarrena. Oposizioaren azken kalifikazioa.

          Oposizioaren guztizko puntuazioa oposizioa osatzen duten ariketa edo probetan lortutako puntuazioen batura izango da, eta parte-hartzaileen lehentasun-ordena zehaztuko du.

          Puntuazio-berdinketak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideen arabera ebatziko dira. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, oposizioko lehen proban puntuazio altuena lortu duenaren alde egingo da.

          Epaimahai Kalifikatzaileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean eta webgunean onartu eta argitaratuko du oposizioa gainditu duten pertsonen zerrenda, lortutako guztizko puntuazioa handienetik txikienera ordenatuta.

          Bederatzigarrena. Prestakuntza Ikastaroa.

          Oposizio-fasea gainditu duten pertsonak Udaltzaingoko oinarrizko eskalako bitarteko agenteen Prestakuntza-ikastaroa egiteko onartuko dira.

          Prestakuntza-ikastaroak hiru fase izango ditu; lehenengoa eduki teorikoei dagokio, eta «on line» egingo da; bigarrenak hautagaiek jarrera zein gaitasun egokiak dituzten erabakitzeko balio izango du. Hirugarrena, berriz, fase praktikoari dagokio. Azken biak presentzialak izango dira.

          Horretarako, ikastaroan sartzen den pertsona bakoitza plataforman sartu ahal izango da, eta plataforman sartzeko gako bat jasoko du.

          Oposizio-faseko azken kalifikazioa argitaratu eta gehienez ere 45 egun naturaleko epean osatu beharko da ikastaroa.

          Ikastaroa gainditu duten pertsonei gutxienez 48 ordu lehenago deituko die Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ikastaroaren edukiei buruzko azterketa egiteko.

          Azterketa hori Gai edo Ez Gai gisa kalifikatuko da. Azterketara ez agertzeak hautaketa-prozesua ezabatzea ekarriko du.

          Prestakuntza-ikastaroa amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ikastaroa gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du.

          Gai kalifikazioa lortzen ez duten pertsonak prozesu honetatik kanpo geratuko dira.

          Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, gutxienez 48 ordu lehenago, deituko die fase teorikoaren azterketa gainditu duten hautagaiei elkarrizketa pertsonala eta/edo talde-dinamika bat egiteko; horrela, deitutako lanpostuaren eginkizunetarako gaitasun nahiz jarrera egokiak dituzten erabakiko da. Beste batzuen artean, hautagaien honako gaitasunak ebaluatuko dira: erakundearekin bat egiten duten ala ez, etikotasuna, oreka emozionala eta asertibitatea.

          Elkarrizketa pertsonal eta/edo talde-dinamika horrek Gai edo Ez Gai kalifikazioa izango du. Ez bertaratzeak hautaketa-prozesutik kanporatzea ekarriko du.

          Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bigarren fasea gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du.

          Ez Gai diren pertsona guztiak prozesu honetatik kanpo geratuko dira.

          Bigarren fasea gainditu duten pertsonak aurrez aurreko prestakuntza praktikoa egiteko deialdia egingo zaie. Prestakuntza hori ez da baztertzailea izango. Fase hori egiteko deialdiak zorrotz jarraituko du oposizio-fasean lortutako sailkapen-ordena. Prestakuntza praktikoaren fasera deialdia egin zaion egunean, orduan eta lekuan agertzen ez bada, hautaketa-prozesua ezabatu egingo da.

          Prestakuntza praktikoaren fasea egin ondoren, prozesuan parte hartzen duten pertsonak Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsan sartuko dira, euskal toki-korporazioetan aldi baterako zerbitzua emateko, oposizioaren azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira aipatutako kontratazio-poltsaren osaera eta haren aldaketak eta eguneratzeak, Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako moduan.

          Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Udaltzaingoentzako emandako prestakuntza-ikastaroa egin eta gainditu duten pertsonek udaltzaingo Oinarrizko Eskalako bitarteko agente izateko ikastaroa baliozkotzea eskatu ahal izango dute. Eragindako pertsonak ikastarora deitzen diren unean egin beharko da eskaera hori, horretarako ezarritako legezko baldintzak betez. Eskabidearekin batera, baliozkotze-tasa ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa. Ikastaroa gai gisa kalifikatuko zaie, eta zuzenean sartuko dira Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsan.

          Hala ere, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako lan-poltsa oposizioaren azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenaren arabera ordenatuko da uneoro.

          Hamargarrena. Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsaren funtzionamendua eta kudeaketa.

          Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa formalki eratu ondoren, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian txanda irekian sartzeko deialdi bateratuetan parte hartu duten edo parte hartu duten toki-korporazioen eskura jarriko da. Deialdi horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egingo ditu.

          Era berean, deialdi bateratu horietan parte hartu ez duten baina Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari horretarako berariazko eskaera egiten dioten eta lan-poltsa propiorik ez duten toki-korporazioek ere erabili ahal izango dituzte. Eskaera hori Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bidez bideratuko da.

          Lan-poltsaren kudeaketa Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio, eta honako xedapen hauen arabera arautuko da:

        1. Lan-poltsa osatzen duten pertsonen egoerak:

          Lan-poltsa osatzen duten pertsonak egoera hauetakoren batean egongo dira:

          1. Okupatua: lan-poltsa honen aplikazio-eremuan lanean ari diren hautagaien zerrendako langileak okupatuta daude.

          2. Lan egiteko egoera: lanerako prest dago eta, ondorioz, lan-eskaintzak jaso ahal izango ditu poltsa honen aplikazio-eremuan zerbitzuak ematen ari ez den eta aldi baterako bajan ez dagoen hautagaiak.

          3. Aldi baterako baja-egoera: lan-poltsa osatzen duten pertsonak egoera horretara igaroko dira honako egoera hauetakoren batean daudela egiaztatzen dutenean:

            1. Gaixotasun arruntaren edo lanbide-gaixotasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasuneko egoerak, edo lanekoa ez den istripu baten edo laneko istripu baten ondoriozkoak.

            2. Haurdunaldi, erditze, edoskitze eta antzekoengatiko lizentziak eta/edo adopzio edo harreragatiko lizentziak hartzeko gaitzen duten egoerak.

            3. 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzea. Behin bakarrik emango da seme-alaba bakoitzeko.

            4. Odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara arteko senide bat ardurapean izatea, dela gaixotasunagatik, dela adinagatik, eta senide hori etengabe zaindu behar izatea, eta senide hori agiri bidez egiaztatzea.

            5. Edozein lan-kontratu mota sinatu izana; administrazio publiko batean izendatuta egotea, edo Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta emanda egotea.

              Aldi baterako baja-egoera horretara igarotzeko arrazoiak agiri bidez egiaztatu beharko dira, deia egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 3 egun naturaleko epean.

              Aldi baterako baja-egoerara igarotzeko arrazoia amaitu ondoren, edo egoera hori baino lehen, borondatezko kasua bada, interesdunak Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, posta elektronikoz, udaltzaingoak@seg.euskadi.eus helbidera, 3 egun naturaleko epean, justifikazio-dokumentazioa erantsita.

              Aldi baterako bajan dauden langileek ez dute lan-eskaintzarik jasoko egoera horretan dauden bitartean.

        2. Lanpostuak betetzeko deialdiak.

          Koordinazio eta Segurtasun Zuzendaritzak, lan-poltsaren kudeaketa esleituta duen organoa den aldetik, eta toki-korporazioek emandako udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen beharrak jaso ondoren, lan-poltsaren lehentasun-hurrenkerari jarraituz lanerako prest daudenei eskainiko dizkie.

        3. Eskaintzen jakinarazpena.

        1. Egindako ahalegina eta, hala badagokio, komunikazioa benetan ezarri izana jasota utz dezakeen edozein bitartekoren bidez jakinaraziko dira lan-eskaintzak.

          1. Hasiera batean telefonoz egingo da; deia jasotzen duen pertsonak deiari erantzuten badio, eskaintza zehatzaren berri emango zaio, eta une horretatik aurrera ordubete izango du eskaintza onartu duen edo ez baieztatzeko.

          2. Lehenengo telefono-deia egin ondoren ezin izan bada eskaintzaren esleipendunarekin harremanetan jarri, SMS bat bidaliko zaio telefono mugikorrera, eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza harremanetan jartzen saiatzen ari da lan-eskaintza baten berri emateko.

          Pertsona Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzarekin harremanetan jartzen bada SMSa bidali ondoren, 3.1.1 puntuan xedatutakoaren arabera jardungo da.

          3. SMSa eman zenetik ordubete igaro eta pertsonaren batek deirik jaso ez badu, harremanetarako beste saiakera bat egingo da telefono-dei baten bidez.

          Erantzunik jasoz gero, 3.1.1 puntuan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

          Aitzitik, erantzunik jasotzen ez badu, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak mezu elektroniko bat bidaliko du hautagaiaren helbidera, jaso eta irakurri izanaren agiriarekin, eta berariaz adieraziko dio ezen, ordubeteko epean Koordinazio Zuzendaritzarekin harremanetan jarri ez bada, lan-poltsan lehentasun-hurrenkeraren arabera agertzen den hurrengo pertsonari egingo diola zegokion eskaintza.

          4. Ezin izan bada pertsonarekin komunikaziorik egin SMSa eta posta elektronikoa jaso eta irakurri izanaren agiriarekin bidali ondoren, pertsona hori ezin izango da lokalizatu, eta, beraz, poltsatik kanpo geratuko da.

        1. Zerbitzuak emateko derrigortasuna.

        1. Eskaintza bat egiten zaion pertsonak dagokion zerbitzua eman behar du, non eta ez dagoen okupatuta edo aldi baterako bajan.

        2. Era berean, egindako lanpostuaren eskaintzari uko egiteko aukera onartuko da, eta uko egite justifikatutzat joko da eskaintza ukatzea 120 kilometro baino gehiagoko distantzia badago zerbitzua eman behar den udalerriaren eta hautagaia bizi den udalerriaren artean, eta zirkunstantzia hori errolda-ziurtagiri baten bidez egiaztatu beharko da.

          Eragindako pertsonaren ohiko bizilekuaren udalerriaren eta zerbitzua eman behar den udalerriaren arteko distantziarik laburrena kalkulatzeko, Google Maps tresna erabiliko da, web-helbide honetan: https://maps.google.es/. Autoz egiten den distantziarik laburrenaren kalkulua izeneko aukera erabiliko da, autobideak edo bidesariak saihestu gabe.

          Uko egite justifikatua behin bakarrik egin ahal izango da; hala eskatzen duenak prest jarraituko du, baina poltsaren lehentasun-hurrenkerako azken postuan geratuko da.

        1. Hautagaia lan-poltsatik kanpo uztea.

          Hauek dira lan-poltsatik baztertzeko arrazoiak:

          1. Hautagaiak bere borondatez uko egitea.

          2. Lanerako prest dagoen lan-eskaintza bati uko egitea, 4.2 puntuan ezarritakoa salbu.

          3. Euskal Administrazio Publikoen mendeko Polizia-kidegoren batean praktiketako edo karrerako funtzionario izendatzea.

          4. Aipatutako epean, 3 egun naturaleko epean, aldi baterako baja-egoerara igarotzeko arrazoia egiaztatzen duen dokumentazioa ez aurkeztea.

          5. Arau-hauste penal bat egiteagatik kondena jaso izana.

          6. Diziplina-espediente bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kenduta egotea, edo funtzio publikoak betetzeko desgaituta egotea. Hala ere, birgaitzearen onura aplikatu ahal izango da, arau penalen eta administratiboen arabera, baldin eta hori dagokion agiri ofizialaren bidez egiaztatzen badu lan-poltsako kideak.

          7. Udalak kargutik kentzea, kontraesaneko administrazio-espediente bat ireki ondoren. Espediente horretan, lanpostua betetzeko gaitasunik eza egiaztatu beharko da, inhibiziorik ez dakarren eta lanpostuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten duen errendimendu eskasak eraginda.

          8. Lokalizatu ezineko egoeran egotea, posta ziurtatuaren bidez egindako jakinarazpenetik ezarritako epea igarota.

          9. Otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duena) agertzen den osasun-bazterketen taulan sartuta egotea, gerora sortutako kausagatik bada ere.

            Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez baztertuko da lan-poltsatik, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak proposatuta.

        2. Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsaren publikotasuna, EAEko Toki-korporazioetan aldi baterako zerbitzua emateko.

          Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen kontratazio-poltsa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean argitaratuko da.

          www.arkauteakademia.eus

          Informazioa emateko, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da.

          www.udaltzaingoak.eus

          Batzorde hori osatzen duten pertsonak (datuak anonimizatuta, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak emandako jarraibideen arabera), oposizio-fasean lortutako puntuazioa, lehentasun-hurrenkeraren araberakoa, justifikatutako uko egiteari buruz ezarritakoa alde batera utzi gabe, eta hautagaiaren egoera.

          Lan-poltsaren kudeaketan gerta daitezkeen gorabeheren arabera, aldizka eguneratuko da argitalpen horren edukia.

          Hamaikagarrena. Lan-poltsaren indarraldia.

          Lan-poltsa honek bi urteko iraupena izango du, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

          Epe hori igarotakoan, poltsa iraungi egingo da, eta kide guztiek galdu egingo dituzte poltsako kide izatearen ondoriozko eskubideak.

          Hamabigarrena. Dokumentazioa aurkeztea.

          Oposizioko probak eta prestakuntza-ikastaroa gainditu dituzten pertsonek zerbitzua emateko eskatzen zaien toki-korporazioetan aurkeztu beharko dituzte deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak.

          Hamahirugarrena. Datu pertsonalen babesa.

          Hautaketa-prozesuan bildutako edo sortutako datu pertsonalak datuak babestearen arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

          Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori prozesua kudeatzera eta polizia-laguntzaileak aldi baterako kontratatzeko eta izendatzeko sortuko den lan-poltsa kudeatzera eta bitarteko polizia-agenteak izendatzera mugatuko da.

          Eskabidea aurkezten duten pertsonek berariaz onartuko dute aurkeztutako datuak tratatzea, baldin eta segurtasun-neurriak behar badituzte eta hautaketa-prozedurarako beharrezkoak badira.

          Prozesuan zehar emandako datuak beste administrazio publiko batzuei laga ahal zaizkie, hala eskatzen badute. Titular diren datu pertsonalei dagokienez, lagapen hori egitea nahi duten hautagaiek berariaz onartu beharko dute.

          Hautaketa-prozesuan parte hartzen duten pertsonen informazio-eskubideak bermatzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian kontsultatu ahal izango dira prozesuko zerrendak.

          Eskabidean ageri diren helbidea, telefonoak eta posta elektronikoa baliozkotzat joko dira. Eskabidea egin duenaren erantzukizun esklusiboa da kontsignazioan akatsik badago, edo auzitegiari horren berri ematea.

          Jakinarazpenak egin ahal izateko, eskabidean adierazitakoa hartuko da egoitzatzat, salbu eta ondoren berariaz eta modu sinesgarrian jakinarazten bazaio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari.

          Hamalaugarrena. Argitalpenak.

          Kontaketan berariaz xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-taulan egingo dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-taulan argitaratutako data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko. Hala ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean ere kontsultatu ahal izango dira.

          Hamabosgarrena. Errekurtsoak.

          Deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

          Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da jurisdikzio-bidera jo, harik eta errekurtsoa berariaz ebatzi arte edo presuntziozko ezespena isiltasunez gertatu arte.

          Interesdunak jurisdikzio-aurkaratzea aukeratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

          Deialdi honetatik, auzitegien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideak arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

          Arkauti, 2019ko azaroaren 29a.

          Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

          MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik