Arautegia

Inprimatu

118/2019 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; horren bidez xedatu da honako erabaki hau argitaratzea: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei, 2019ko abenduaren 1etik aurrerako ondorioekin, Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundera 2019ko ekitaldiko pertsonal-gastuetarako daukaten zuzkiduraren % 1,5eko ekarpena egitea baimentzen duen erabakia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 239
  • Hurrenkera-zk.: 5756
  • Xedapen-zk.: 118
  • Xedapen-data: 2019/11/26
  • Argitaratze-data: 2019/12/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ekonomia; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 2019ko azaroaren 26an egindako bilkuran, erabaki hau onartu du: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei, 2019ko abenduaren 1etik aurrerako ondorioekin, Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundera 2019ko ekitaldiko pertsonal-gastuetarako daukaten zuzkiduraren % 1,5eko ekarpena egin dezaten baimentzea. Erabaki horri dagokion publikotasuna emateko, honako hau

Gobernu Kontseiluak, 2018ko azaroaren 13ko erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei baimena eman zien, 2018ko azaroaren 1etik aurrerako ondorioekin, Itzarri-BGAEra 2018ko ekitaldiko pertsonal-gastuetarako daukaten zuzkiduraren % 1eko ekarpena egiteko, honetarako erabil dezan: enpleguko pentsio-planetarako edo erretiro-kontingentzia estaltzeko aseguru-kontratu kolektiboetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituen legearen aplikazio-eremuan sartzen diren langileentzat.

Otsailaren 14ko 2/2019 Legearen (lansarien arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei eta luzapenaren beste alderdi batzuei buruzkoa) 2. artikuluko 4. apartatuan Gobernu Kontseiluari baimena ematen zaio Ogasun eta Ekonomia Sailak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsari-araubidea egokitzeko eta garatzeko, 2019ko ekitaldian sektore publikoko langileen gastuei dagokienez indarrean dauden oinarrizko baldintzen arabera.

Abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege-Dekretuaren (sektore publikoaren eremuko ordainsarien arloan presako neurriak onartzen dituena) 3. artikuluko bigarren apartatuan ezartzen da BPGd barne-produktu gordinaren 2018ko igoera prezio konstanteetan ehuneko 2,5 edo handiagoa balitz, ehuneko 0,25eko soldata-igoera gehituko litzatekeela. 2018ko ekitaldian aurrekontu-superabita izan duten administrazio eta artikulu honetan definitutako sektore publikoko gainerako erakundeetan, igoera gehigarri hori ehuneko 0,3raino iritsi ahal izango da, besteak beste, pentsio-planetara ekarpenak egiteko.

2018ko ekitaldian aurrekontu-superabita egon dela egiaztatu da; orduan, erabaki honen bidez baimena ematen da 2019ko abenduaren 1etik aurrera Itzarri-BGAEaren bazkide babesleei dagozkien ekarpenak gehitzeko, gehienez ere % 1,5eraino.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuek proposatuta, eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

«Lehena. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei baimena ematen zaie, 2019ko abenduaren 1etik aurrerako ondorioekin, Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundera 2019ko ekitaldiko pertsonal-gastuetarako daukaten zuzkiduraren % 1,5eko ekarpena egiteko, honetarako erabil dezan: enpleguko pentsio-planetarako edo erretiro-kontingentzia estaltzeko aseguru-kontratu kolektiboetarako, 2/2019 Legearen (otsailaren 14koa, lansarien arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei eta luzapenaren beste alderdi batzuei buruzkoa) aplikazio-eremuan sartzen diren langileentzat.

Bigarrena. Ekarpenak bazkide osoei egotziko zaizkie, Itzarriren estatutuetan eta prestazioen erregelamenduan jasotako irizpideen arabera.

Hirugarrena. Erabaki hau gauzatzeko beharrezkoak diren eragiketak egiteko agintzea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eta Ogasun eta Ekonomia Sailean eskudunak diren organoei.

Laugarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.»