Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Bilboko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, Itxaropen kaleko 4. zenbakiko orubeari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 231
  • Hurrenkera-zk.: 5594
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/11/18
  • Argitaratze-data: 2019/12/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko maiatzaren 31n, Bilboko Udalak bertako alde zaharreko Itxaropen kaleko 4. zenbakiko orubearen Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa puntualaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa puntualaren memoria eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, 2019ko irailaren 4an, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Bilboko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Bukatu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, eta zenbait erantzun jaso dira; espedientean jasota daude horien edukia eta emaitza.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Bilboko alde zaharreko Itxaropen kaleko 4. zenbakiko orubearen Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa puntuala da kasu horietako bat.

Aztertuta geratu dira aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren dokumentazio teknikoa eta espedienteko txostenak, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak aldaketa puntualean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Itxaropen kaleko 4. zenbakiko orubean Bilboko Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Bilboko Udalak sustatuta, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Aldaketa puntuala egin nahi den eremua, hiri-lurzoru finkatua da. Bilboko alde zaharrean dago, hiri-paisaia nagusiki antropogenikoan, eta 510 m2-ko azalera du.

    Aldaketa puntualaren xedea da Itxaropen kaleko 4. zenbakiko orubean ahalbidetutako kirol-ekipamenduaren eraikuntza handitzea, desagertutako pilota-lekua egoki kokatzeko, izapidetzen ari den HAPOaren aldibereko aldaketatik eratorritako antolamendu berriarekin bat.

    Zehazki, aldaketa puntualak atzeko edo hondoko lerrokadura zabaltzea proposatzen du, eraikina eta, zehazki, pilota-lekua San Nikolaseko geltoki berriaren gainean gera dadin.

    San Nikolaseko geltokiaren gainean kirol-ekipamendua handitzeak berekin dakar bi kalifikazio gainjartzea: toki-sareko kirol-ekipamendua eta sistema orokorren sareko ekipamendua. Alabaina, ez dute galduko kalifikaziorik, izaera publikoko bi kalifikazioren gainjarpena besterik ez baita.

    Pilota-lekuaren eraikuntza-bolumena Itxaropena kalearekiko zeharka egonda, San Nikolaseko geltokiaren estalkiaren pean geratzen den espazioa aprobetxatzen du, eta ez da sartzen Mallonako mendi-hegaleko berdeguneen sistema orokorrean.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, aldaketa puntualak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak.

      Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, aldaketa puntualak eraikin berriaren atzealdeko lerrokadura arautzen du Itxaropena kalearekiko, HAPOaren aldaketan proposatutako zehaztapenekin bat. Aldaketa puntualarekin ez da lurzoru artifizialdu gaberik okupatuko, eta ez da hauteman bateraezintasunik aipatu planaren eta hierarkian gorago duenaren artean.

      Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

    2. Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Bilboko alde zaharreko hiri-egituraren barnean dago eremua, eta ez dago natura-intereseko elementurik.

      Lurzatia Ibaizabal-Nerbioi unitate hidrologikoaren gainean kokatuta dago, eta akuiferoak kaltetzeko arrisku gutxi dago.

      Jarduera-esparruko soinu-mailaren egungo soinu-mailak kalitate akustikoko helburuez azpitik daude, EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan zehaztutako aldi bakoitzean, 2017ko Bilboko Zarataren Mapa Estrategikoaren arabera, eta etorkizunean helburuak betetzea gerta liteke.

      Espero diren inpaktu nagusiak eraikuntza-obrenak dira (lurzorua okupatzea, lur-mugimenduak, partikulen emisioa eta zarata-kutsadura, baliabideen kontsumoa, eragozpenak herritarrei, etab.), baita zaratak eta kultura-ondareak izan ditzakeen kalteak ere.

      Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta aldaketa puntualaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko da Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa, baita kultura-ondareari, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei eta zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planaren aldaketan bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin, hala nola monumentu multzoa ez kaltetzearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      1. Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      2. Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      3. Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      4. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.

      5. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      6. Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

      7. Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      8. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

        Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

        Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

        Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

        Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Bilboko (Bizkaia) alde zaharreko Itxaropena kaleko 4. zenbakiko orubearen Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa puntualak eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

        Hirugarrena. Bilboko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Bilboko alde zaharreko Itxaropen kaleko 4. zenbakiko orubearen Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 18a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik