Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat. Erabaki horren bitartez, baliabide ekonomikoak handitzen dira Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2019ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horren bidez, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 224
  • Hurrenkera-zk.: 5457
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/11/13
  • Argitaratze-data: 2019/11/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Ekonomia; Gizarte Gaiak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko azaroaren 13ko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, zenbait baliabide ekonomiko handitu ditu, zehazki Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2019an finantzatzera bideratzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Gauzak horrela, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoarekin bat (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.

Azaldutakoa dela bide, honako hau

Lehenengoa. Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2019ko azaroaren 13ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez baliabide ekonomikoak handitzen baitira Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2019an finantzatzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Erabakia ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena. Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabaki horrek ondorioak izango dituela onartzen den egunetik.

Hirugarrena. Aditzera ematea argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daitekeela, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 13a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusia,

JUAN JOSÉ BORJA BELANDIA FRADEJAS.

2019ko martxoaren 5ean eman zen argitara (EHAA, 45. zk.), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariaren 2019ko otsailaren 28ko Ebazpenaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2019ko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez esleitzen baitira zenbait baliabide ekonomiko Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2019an finantzatzeko (agindu horren bidez ezartzen dira desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak). Horren zenbatekoa 33.700.000 eurokoa da, eta 32110-Enplegua programaren kontura finantzatuko da.

Baliabide ekonomiko horien xedea da, argitaratutako Administrazio Kontseiluaren erabakian adierazi bezala, agindu arautzailearen 4.B) artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako dirulaguntzak finantzatzea, desgaitasuna duten pertsonek betetako lanpostuen soldata-kostuak estaltzeko, betiere enplegu-zentro berezietako lanpostuak ez suntsitzeko helburua duen laguntza-lerroaren barruan, eta, horrela, saihestu egingo da enplegua suntsitzea, krisi-garaian gehienbat talde eta sektore ahulenei eragiten baitie.

Halaber, aurreikusita dago zenbateko hori, hala badagokio, handitu egin ahal izango dela, horretarako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, indarreko legeen arabera, eta aldaketa horiek iragarri egin beharko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Gaur egun, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren ,urritasun larria duten pertsonentzako dirulaguntzen eta lanpostuen gehiketak direla eta, kreditu erabilgarria ez da nahikoa soldata-kostu horietarako dirulaguntzak finantzatzeko; izan ere, 2019ko ekitaldian eman beharrekoa kontuan hartzen badugu, ezin izango da guztiz gauzatu desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dauzkaten lanpostuetarako euskarria.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2019ko azaroaren 13an egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Baliabide ekonomikoak handitzea Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduaren 4.B) artikuluko 2. paragrafoan ezarritako laguntzak finantzatzeko. Agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 22.750.000 eurokoak izango dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokion 32110-Enplegua Programaren 2019ko ordainketa-kredituaren kargura finantzatuko dira.

Horren ondorioz, 56.450.000 eurokoa da aipatutako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kredituaren zenbateko osoa.

Bigarrena. Zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dezala.