Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-inpaktuaren txostena eta lantzen baita ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismen-dokumentua, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako Tuvisaren kotxetegien proiektuari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 229
  • Hurrenkera-zk.: 5561
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/11/11
  • Argitaratze-data: 2019/12/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria

Testu legala

2019ko ekainaren 7an, Vitoria-Gasteizko Udalak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua (aurrerantzean, IIES) abiatzeko eskabidea aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, aipatutako udalak Vitoria-Gasteizen sustatutako «Tuvisaren kotxetegien proiektuari» buruzkoa.

Eskaerarekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan aipatzen den ingurumen-dokumentua bidali zen, 2019ko ekaineko datarekin.

2019ko abuztuaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, horien eskura jarrita proiektuaren ingurumen-dokumentua, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zehazki, erakunde eta interesdun hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Arabako Lurralde Ordezkaritza) (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Kultura eta Kirol Saila, URA - Uraren Euskal Agentzia, Arabako Ekologistak Martxan eta Eguzkizaleak elkartea.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinetan sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei.

Natura 2000 Sareari erasan diezaioke, proiektua Zadorra ibaiaren KBE ES2110010 babes-eremu periferikoan kokatuta dagoenez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatzen dena betez, ingurumen-organoak ebatzi du Vitoria-Gasteizen Tuvisaren kotxetegien proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko beharrezkoa dena, eraginpean dauden administrazio publikoak eta interesa duten pertsonak galdekatuz.

Txostenak jasotzeko xedatutako epea igaro ondoren, nahikoa judizio-elementu dituela iritzita, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ingurumen-organoak osorik baloratu du proiektua, ingurumenaren gainean ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, aipatutako arauaren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaionean, arauaren 47.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-organoak kontuan hartu beharko ditu 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten emaitzak, eta ez da kontsulta gehiago egin beharko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua egiteko.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da, eta, hala badagokio, halaber, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismen-dokumentua idatzi behar den.

Hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskadiko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez,

Lehenengoa. Tuvisaren kotxetegien proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea eta proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar duela ebaztea, eragin nabariak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian azaltzen ditugun arrazoi hauengatik:

  1. Proiektuaren ezaugarriak.

    Proiektuaren xedea da Vitoria-Gasteizen udalaren hiri-autobusen kotxetegi berriak ezartzea. Egun, kotxetegiaren lurzatiak azalera oso mugatua dauka egungo ibilgailu flotari zerbitzu egokia emateko, eta ez du etorkizunean zabaltzeko aukerarik. Beharrizan horri erantzuteko, eta etorkizunean autobus elektriko adimenduna (AEA) ezarri ahal izateko, ezinbestekoa da kotxetegi berriak eraikitzeko proiektua definitzea; bertan ezarriko da AEAen karga motelerako sistema, Tuvisaren, Vitoria-Gasteizko hiri-garraioen udal-enpresaren, linea guztiak ustiatzeko behar diren autobus guztiak barne hartuko dituena.

    Laburbilduz, honako esku-hartze hauek aurreikusten dira proiektuan:

    Lehenagoko lanak:

    Egungo instalazioak kentzea (iturgintza, ureztatze-sistema, berokuntza, elektrizitatea, gasolioa, galdara, etab.).

    Egungo haztegi-eraikinak eraistea.

    Lur-mugimenduak: indusketa-bolumena 61.000 m3koa da gutxi gorabehera; kopuru horretatik 30.000 m3 lurzatian bertan berrerabili ahal izango lirateke. Gainerakoan, zenbait kokaleku proposatu dira, baina ez da azken helbidea zehaztu.

    Egiturak: kotxetegien egitura, tailerrak, biltegiak, administrazio-eraikina eta aldagelak.

    Zimenduak.

    Urbanizazioa, asfaltozko aglomeratuz egindako akaberarekin. Lurzatia lautu egingo da 500 urteko errepikatze-denborako uholdegunetik kanpo geratu arte.

    Saneamendua. Hiru sare bereizi ezarriko dira: estalkietako euri-urena, bideetako euri-urena (ur hidrokarburatuak), ur beltzen sarea.

    Ur- eta iturgintza-sareak.

    Suteen aurka babesteko instalazioa.

    Instalazio elektrikoa: erdi-tentsioko sarea eta behe-tentsioaren instalazioa.

    Instalazio fotovoltaikoa: kotxetegietako markesinen estalkietan instalazio fotovoltaikoa ezartzea aurreikusi da, etorkizunean hirugarren batek egitekoa.

    Klimatizazio, aireztapen eta ur bero sanitariorako instalazioak.

    Bulegoak eta aldagelak, biltegiak.

    Tailerrak eta garbiketa-gunea. Aire konprimatuko instalazioa.

    Ur bero sanitarioaren ekoizpena.

    Instalazio osagarriak. Instalazio osagarrien artean, honakoak aurreikusten dira:

    Pintura-kabina: konponketa puntualak egiteko.

    Gasolio hornidura, AdBlue, izotz-kontrakoa eta olioa.

    Autobusen karga-elektrikoko sistema.

    Garbiketa automatikoko sistema, ura birziklatzeko eta garbiketa-uren % 75 aprobetxatzeko sistema bat duena.

    Xurgatze-sistema: tailer-gunearen barnean huts altuko sistema bat instalatzea aurreikusten da, ibilgailuen zein karrozeria-guneko soldatze-, leuntze- eta lixatze-lanen keak xurgatzeko. Sortutako gasen erauzketa eta iragazpena barne.

  2. Proiektuaren kokapena.

    Proiektua Vitoria-Gasteiz udal-mugartean dago, hiri-nukleoaren ipar-muturrean, Forondako Atea eta Juan Crisostomo de Arriaga kaleek eta Zadorra Hiribideak mugatutako lurzati batean, Lakua-Arriaga auzoan. Hiriko gune eraikia mugatzen du inguru horrek; mugakide ditu, alde batetik, etxebizitza bilbe eraikia eta, bestetik (iparraldetik), Zadorra hiribidea eta, harago, Eraztun Berdea eta Zadorra ibaia. Udal-jabetzako lurzati honek 52.806 m2-ko azalera dauka eta sistema orokor (oinarrizko azpiegitura) gisa sailkatuta dago, udalerrian indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera. Egun, udal-haztegia dago bertan.

    Nabarmentzekoa da proiektuaren lurzatiaren zati bat Zadorra ibaiaren KBE ES 2110010 babes-eremu periferikoan dagoela; hala eta guztiz ere, adierazi beharra dago KBE horren eta proiektuaren lurzatiaren artean Zadorra hiribidetik dagoela, oso erabilera intentsiboa duen lau errei eta bi noranzkodun bide-ardatzetik. Noranzko bakoitzari dagozkion bideen artean zuhaizti erdibitzailea dago, proiektuaren lurzatiaren, Eraztun Berdearen eta Zadorra ibaiaren arteko pantaila bisual gisakoa dena.

    Ingurumen-arriskuei dagokienez, aipatzekoa da proiektuaren eraginpeko lurzatian dagoen akuiferoak kutsadura-arrisku handia duela, nahiz eta pitzaduragatik iragazkortasun baxua izan. Azpimarratu beharra dago, halaber, proiektua barne hartzen duen inguruak uholde-arrisku adierazgarria duela; izan ere, lurzatiaren zatirik handiena 500 urteko errepikatze-denborako uholdegunearen barnean dago, uholde-arrisku adierazgarria duen 08-Zadorra-Ayuda izeneko eremuari lotuta (UAHE), indarrean dagoen Ebroko Mugape Hidrografikoaren Uholde-arriskua Kudeatzeko Planaren arabera.

  3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

    Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik adierazgarrienak obra-fasean (aurretiko lanak, eraispenak, instalazioak kentzea, indusketa, zimendatzea, urbanizatzea, eraikuntza, zerbitzu-sareak, etab.), zein ustiaketa-fasean (autobusen joan-etorria, konponketak eta mantentze-lanak, ibilgailuen deposituak betetzea, emisio atmosferikoen kudeaketa, isuriak eta hondakinak) gertatuko dira; izan ere, jarduerek lurzoru naturalen galera (52.806 m2 inguruko azaleran) eta habitat naturalaren eta paisaiaren ezaugarrien aldaketa eragingo dituzte, honakoek bitartez: isuriak, emisio atmosferikoak (hautsa, zarata eta gasak, kutsatzaileak, CO, CO2, Nox eta konposatu organiko lurrunkorrak barne), etab.

    Ingurumen-arriskuei dagokienez, azpimarratzekoa da lupeko urak kutsatzeko arriskua; izan ere, akuiferoa kutsatzeko arrisku handia duen eremu batean kokatuta dago proiektua. Ondorioz, ezinbestekoa da prebentzio- eta zuzenketa-neurriak diseinatzea, tangetako isurien edo bestelako istripuen ondorioz lurzorua kutsa dadin saiheste aldera. Bestalde, aipatzekoak dira, halaber, lurzatiaren urpekortasunak jardueraren ustiaketa-fasean eragin ditzakeen ingurumen-arriskuak, nahiz eta, printzipioz, proiektuan ezarritako neurrien bidez minimizatuta egon. Izan ere, urbanizazio osoaren kota igotzea aurreikusten da, eta, horrela, lurzatia 500 urteko errepikatze-denborari dagokion uholdegunetik kanpo uztea, ingurumen-dokumentuan ezarritakoaren arabera, inguruaren urpekortasuna areagotu gabe.

    Simulazioetatik eskuratutako mapetan aldi osoaren (eguna, arratsaldea edo gaua) eta egungo agertokiaren arteko alderaketa egiten da. Zentzu horretan, ingurumen-dokumentuaren eranskin gisa aurkezten den inpaktu akustikoaren azterketek agerian uzten dute mapa horietan jardueraren ondoriozko inpaktu akustikoa 1 dB azpitik dagoela; hortaz, ez da inolako eraginik antzematen kotxetegietatik hurbil dauden hargailuetan, ezta sarbideetatik eta irtenbideetatik hurbil daudenetan ere.

    Ingurumen-dokumentuan, bateragarri edo ez-adierazgarri gisa sailkatuta daude inpaktu guztiak, proiektuaren eraginpeko eremuko fauna komunitateen gaineko inpaktua izan ezik. Kasu horretan, ingurumen-dokumentuan islatzen denez, proiektuak ez du inpaktu kritikorik izango, baina ez dago zehaztuta zein den haren nolakotasuna, ezta prebentzio- edo zuzenketa-neurriak aplikatzeko beharrik dagoen ere. Aipatu beharra dago, halaber, proiektuaren eraginpeko eremuko fauna komunitateak barne hartzen dituela Zadorra ibaiaren KBEan kontserbatu beharreko zenbait espezie, eta proiektua Natura 2000 Sareari dagokion babes-eremu periferikoan dagoela.

    Horrekin lotuta, espedientean jasota dago Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren txostena, zeinek agerian uzten duen beharrezkoa dela berrikuspen sakona egitea eta, hala, ondo aztertzea proiektuak KBE horren arabera kontserbatu beharreko ingurumen-balioetan eta, bereziki, fauna komunitatean izan ditzakeen ondorioak. Era berean, txostenak beharrezkotzat jotzen du KBEaren arabera kontserbatu beharreko fauna espezieek jasan ditzaketen kalteak minimizatzeko behar beste prebentzio- eta zuzenketa-neurriak zehaztea. Neurri horiek guztiak zehaztasun nahikoaz definitu behar dira, proiektuaren egikaritze-fasean ezarriko direla bermatuta, eta horien aurrekontua obraren egikaritze materialaren barnean jaso beharko da.

    Ingurumen-dokumentuak prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak jasotzen ditu, ingurune atmosferikoaren, hidrologiaren, lurzoruen, landarediaren eta faunaren gainean izan litzakeen kalteak saihestu eta minimizatzeko. Era berean, oso kontuan dauzka, halaber, erosioaren kontrako defentsa-neurriak, ingurumen-lehengoratzea eta instalazioen paisaia-integrazioa bideratzeko neurriak, zarataren prebentzioa eta hondakinen kudeaketa ahalbidetzeko. Diseinu jasangarrian oinarritutako irizpideak ere jasotzen ditu, instalazio berrien diseinuan aplikatu ahal izango direnak.

    Proposatutako prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak gainetik zerrendatzen aipatzen dira. Kasu jakin batzuetan, neurrien zehaztasuna eta horiek aplikatzearen egokitasuna eraikuntza-proiektua gauzatzen denera arte atzeratuko dira. Horixe gertatzen da proiektuaren eremuko fauna komunitateari kalteak saihesteko neurriei dagokienez, adibidez, edota Zadorra ibaiaren KBE horri kalteak saihestera bideratutako neurriei dagokienez.

    Adierazitako horretatik guztitik ondorioztatzen da behar-beharrezkoa dela proiektuak Zadorra ibaiaren (KBE)ES2110010 Kontserbazio Bereziko Eremuaren, Euskadiko Natura 2000 Sareko espazioaren, gainean izan lezakeen eraginaren azterketa xehatua egitea. Zentzu horretan, proiektuak aztergai dugun babes-eremuan kontserbatu beharreko fauna komunitate eta espezieen gainean izan lezakeen eragina aztertu behar da bereziki, eta, halaber, ezinbestekoa da behar besteko zehaztasunez adieraztea zein prebentzio- eta zuzenketa-neurri aplikatuko diren proiektuan, hala lanek iraun bitartean nola instalazioen ustiapenean zehar. Azterketa xehaturik gabe, hortaz, ezin izango dira Zadorra ibaiaren ES2110010 KBEan izan daitezkeen kalte adierazgarriak baztertu, ezta KBEaren arabera kontserbatu beharreko elementuetan izan daitezkeen kalteak saihestu ere.

    Bigarrena. Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko agiria prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten diren terminoetan.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 11.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    IVAN PEDREIRA LANCHAS.

  1. Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

    Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen dutena.

    Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

  1. Proiektuaren deskribapen orokorra eta denboran zehar lurzoruaren eta bestelako natura-baliabideen erabilerari buruzko aurreikuspenak. Materiaren edo energiaren isuri, emisio eta hondakin motak eta kopuruak balioestea.

  2. Aztertutako aukera nagusien azalpena, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia) eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.

  3. Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

  4. Ingurumen-inpaktuen identifikazioa eta balioespena: proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanleriaren, giza osasunaren, floraren, faunaren, biodibertsitatearen, geodibertsitatearen, lurzoruaren, zorupearen, airearen, uraren, faktore klimatikoen, klima-aldaketaren, paisaiaren eta ondasun materialen gainean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne) izan ditzakeen eraginen ebaluazioa. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

  5. Proiektuaren kalteberatasuna. Proiektuaren kalteberatasunaren ondorioz proiektuak ingurumenean eragingo dituen ondorio kaltegarri nagusiak zehaztea, istripu larriak edo/eta hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta.

  6. Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

  7. Ingurumena zaintzeko programa.

  8. Azterlanaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Beharrezkoa bada, azterketa egitean izandako zailtasun tekniko edo informatiboen berri emango da.

    Ondorengo ataletan xehetasun gehiagorekin garatu da ingurumen-inpaktuaren azterlanak izan behar duen irismena, proposatutako jarduerak eta horien eragina jasango duen ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, baita egin diren kontsulten emaitzak ere. Era berean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean zehazten da zein diren ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa garatzeko baldintzak.

  1. Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.

    Ingurumen-inpaktuaren azterlanak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, kalkulatu behar du jardueren ondorioz sortuko diren hondakinen, isurien eta igorpenen mota eta kopurua eta horiei loturiko materia- edo energia-emisioak. Halaber, zehazki, ingurumen-baldintzetan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu azterketa xehatu baten bitartez, bai gauzatze-fasea bai funtzionamendu-fasea aintzat hartuta.

    Ingurumen-inpakturen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, neurri babesgarri eta zuzentzaile egokienak hartzen direla bermatzea helburu.

    Saihestu eta zuzendu nahi diren eraginak proiektuan proposatutako jarduketetatik nahiz berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke (sarbideak, zerbitzuen hornidura, soberakinak kokatzea, obrarako instalazio lagungarriak, etab.). Beraz, antolamendu-eremuaren esparruan garatutako jarduketez gain, azpiegiturak eta zerbitzuak (saneamenduak, sare elektrikoa, etab.) sistema orokorrekin konektatzeko kanpoko lurretan gauzatzen diren jarduketak ere sartu beharko dira kotxetegien proiektuaren deskribapenean. Jarduketa hauek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuta.

    Aurrekoa kontuan hartuta, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira, besteak beste:

    Proiektuaren eremuaren kokalekua eta mugaketa.

    Jarduketa-esparruaren deskribapena. Instalazioen ezaugarriak eta deskribapen xehatua. Guztizko azalera-beharrak. Urbanizatu beharreko eremuaren oinplanoak eta sekzioak, urbanizatu beharreko eremua eta aurreikusitako erabileren banaketa zehaztuta, honakoak barne: eraikinen tipologia, sarbideak, bulegoak, aldagelak, biltegiak, instalazio osagarriak (pintura-kabina, konponketetarako tailerra, garbiketa automatikorako gunea), erregai-hornidurarako gunea (edukiera adierazita), karga elektrikorako gunea, lorategidun guneak, etab.

    Obrako instalazio laguntzaileen kokapena: makineria-parkeak, lurrak eta obrako materialak biltzeko guneak, hormigoi-makinak eta kamioien gurpilak garbitzeko eremuak, bulegoetarako eta langileentzako instalazioak, etab. Ezinbestekotzat jotzen da proiektuaren afekzio-eremuan dauden gune sentikorrenek baldintza espezifikoak izatea gune horiek kokatzeko.

    Obra zibileko beste premia batzuk: beharrezko egiturak, ezaugarriak.

    Zerbitzu-hornidura: estalkiko euri-urak drainatzeko sarea, bideetako euri-sarea (ur hidrokarburatuak) saneamendu-sarea, ur-hornidura, elektrizitatearena, gasarena, telefonia-sarea, argiteria, etab., xehetasun nahikoaz aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik, aurreikusten diren trazaduren egokitasuna eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak. Aurreikusitako trazaduren oinplanoak eta sekzioak, zehaztuz, gainera, non izango diren sare orokorrekiko harguneak.

    Lur-mugimendua.

    Sortuko den erliebearen ezaugarriak, egungo eta lur-mugimenduaren osteko egoeren profil topografikoak barne.

    Lurren mugimenduaren balantzea. Lurren balantzea kalkulatzea:

    Ekarpenak: hala badagokio, proiektua gauzatzeko behar diren ekarpeneko materialak zenbatzea. Obratik kanpoko materialaren bolumenaren zenbatekoa. Material horien jatorria eta ezaugarriak. Ekarpenak lortzeko guneak identifikatzea. Hala dagokionean, jarduketok eragindako afekzioak, neurri zuzentzaileak eta afekzio horiek minimizatzeko kontrolak, ekarpen-eremuen eta horiei loturiko azpiegituren kokapen-planoa (eskala honetan: 1:5.000).

    Soberakinak: obra-ingurunetik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinen zenbaketa. Materialon gaineko kudeaketa-proposamena, soberakindegiaren ordezko kokaguneak, erabakiaren justifikazioa, jarduketok eragindako afekzioak (soberakindegira bitarteko garraioaren arazoari buruzko azterlana barne, kamioien zirkulazioari lotutako inpaktua aztertuta), eta afekzioak minimizatzeko aurreikusitako neurri zuzentzaileak eta kontrolak. Soberakindegi(ar)en eta horiei loturiko azpiegituren kokapen-planoa (eskala honetan: 1:5.000). Soberakindegia non kokatu erabakitzeko, irizpide hauek hartu beharko dira kontuan:

    Lehentasuna emango zaio soberakinak obra honetan edo ingurukoetan, edo eremu degradatu hurbilekoen lehengoratze-obretan berrerabiltzeari.

    Ur-ibilgu iraunkorrak dituzten ibarbideak salbuetsita geratuko dira, baita natura-intereseko flora- eta fauna-komunitateak ere.

    Dauden bideak eta errepideak erabiliko dira ahal den guztietan.

    Soberakindegietarako sarbideek eragindako populazioaren gaineko afekzioa ahal den guztian minimizatuko da.

    Proiektuaren fase guztietan sortutako hondakinak eta haien helmuga, lur-mugimenduen soberakinak barne. Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira, eta dekretu horren 4. artikuluan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aipatutako Hondakin Kudeaketako Plana idatzi beharko da.

    Isurketak sortzea obra-fasean: isurketen izaera, arazketa-sistemak eta hondakinen azken helmugak.

    Emisio atmosferikoak (hautsa, zarata, bibrazioak, bestelako kutsatzaile atmosferikoak), hala lanek iraun bitartean nola instalazioaren funtzionamendu-aldian. Horien ezaugarriak, aurreikusitako tratamenduak, xurgatze-sistemak barne.

    Inguruko akustikaren ezaugarriak, hala lanek iraun bitartean nola instalazioaren funtzionamendu-aldian. Lanen faseari dagokionez, zarata eta bibrazio maila adierazgarriak eragin litzaketen ekintzak, proiektu-faseak edo makinak identifikatuko dira, dagokien azterketa akustikoan kontuan hartze aldera. Funtzionamendu-aldiari dagokionez, emisio akustikoen foku garrantzitsuenak identifikatuko dira, dagokion azterketa akustikoan kontuan hartze aldera.

    Argi-emisioak. Instalazio berriaren argiztapen-proposamenak kanpoko argiztapenaren erabilera eraginkorra egiten duela justifikatu beharko du, oinezkoei, ibilgailuei eta jabetzei eskaini behar zaien segurtasunari kalterik egin gabe. Horri gagozkiola, kanpoko argiztapenaren instalazioaren diseinuari, egikaritzeari eta mantentzeari dagokionez, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezartzen duena hartuko da kontuan. Dekretu horren bidez onartzen dira kanpoko argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko araudia eta horretarako jarraibide tekniko osagarriak (EA-01etik EA-07ra).

    Ingurumenerako, osasunerako eta ondasun materialetarako arriskutsuak diren bestelako jarduketak egoteko aukera zehaztea. Bereziki kontuan hartu beharko da proiektu-eremuaren uholde-arriskua; hartara, planteatutako esku-hartzeek proiektu-eremuaren zein inguruaren uholde-arriskua areagotuko ez dutela justifikatzeko behar besteko datuak aurkeztuko dira, bizitegi-guneari eta bide-sareari arreta berezia eskainita.

    Kalte litezkeen zerbitzuak (elektrizitatea, ur-hornidurarako eta -saneamendurako sistemak, bideak) etetea eta berriz jartzea.

    Obra-plana. Obra egikaritzeko epea. Jarduketarako zenbatesten den iraupena.

    Atal honetako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezkoak diren proiektuaren eskalako planoak emango dira, proiektatutako jarduketen oinplanoak, luzetarakoak eta zeharkakoak barne.

  2. Hautabideen azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa.

    Ingurumen-inpaktuaren azterlanak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne. Proposatutako irtenbidea justifikatu beharko da, proiektuaren kokapenari zein instalazio ezberdinek proiektuaren lurzatian duten antolamenduari erreferentzia eginda, eta irtenbide teknikoak adierazita. Zentzu horretan, irtenbide tekniko edota eraikuntza-arlokoak planteatu behar dira, helburu izanik zarata eta bibrazioen ondoriozko kalteak eta funtzionamendu-fasean isuri eta emisioak minimizatzea.

    Hautabideak aztertzeko prozesuan oso kontuan hartuko dira, besteak beste, bizitegi-eremuen hurbiltasuna, akuiferoen kutsatze-arriskua duten inguruen presentzia, Natura 2000 Sarearen babes-eremuen hurbiltasuna eta mehatxupean dauden fauna-espezieen presentzia. Era berean, azpiegiturak paisaian izango duen eragina ere baloratuko da.

    Aukera onenaren hautaketa irizpide anitzeko azterketa global batean oinarritu beharko da, alderdi ekonomikoak ez ezik gizarte- eta ingurumen-alorrak aintzat hartuta.

  1. Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

    Atal honetan eremua deskribatuko da, elementu baliotsuenak eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-ezaugarriak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

    Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).

    Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

    Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

    Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.

    Aurrekoa gorabehera, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak honako alderdi hauek hartuko ditu barne:

    Azterketaren eremuaren deskribapen orokorra.

    Mugaketa fisikoa.

    Lurzoruaren erabilerak.

    Jarduketa-eremuaren geologia eta geomorfologia.

    Eragin-eremuaren ezaugarri geologikoak. Unitate eta prozesu geomorfologikoak. Baldintza geoteknikoak.

    Interes geologikoko guneak eta puntuak.

    Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.

    Sare hidrografikoa, proiektuaren eragin-esparruan. Proiektuaren eraginpean egon daitezkeen arroaren eta ur ibilguen deskribapena.

    Proiektuaren eremuko ezaugarri hidrogeologikoak. Substratuaren material litologikoen iragazkortasuna. Akuiferoen kalteberatasuna.

    Ur-puntuen inbentarioa, puntu horien erabilera zein den adieraziz.

    Eragin-eremuan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.

    Eraginpean dauden landare- eta fauna-komunitateak: ezaugarriak, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna. Espezie katalogatuen eta babestuen presentzia.

    Korridore ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa.

    Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterlanak lurraldearen konektibitate ekologikoari dagokionez proiektuaren eragina aztertu beharko du, eta, hala badagokio, behar diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko ditu.

    Paisaia.

    Inguruko paisaia-baliabideei dagokienez, instalazioaren ikusizko irisgarritasunaren azterketa egingo da, proiektuaren eraginpean dauden paisaien kalitatea eta hauskortasuna kontuan hartuta.

    Arriskuak.

    Bereziki kontuan hartuko dira honakoak:

    Proiektuaren eraginpeko eremuan akuiferoak kutsatzeko arriskua.

    Gunearen egoera, uholde-arriskuari dagokionez.

    Lurralde-plangintza, sektore-plangintza barne.

    Indarreko udal-plangintzaz eta udalerriaz gaindiko lurralde-plangintzaz gain (Lurralde Plan Partziala), EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen arloko Planean (isurialde mediterraneoa) ezarritakoa hartuko da kontuan, bereziki uholdeen kontrako babesari dagokionez. Plan hori behin betiko onartu zen azaroaren 19ko 449/2013 Dekretuaren bitartez. Halaber, oso kontuan hartuko da Ebro Ibaiko Arroan Uholdeen Prebentziorako Plana, Vitoria-Gasteiz hiribilduaren eremuan.

    Dokumentazio grafikoa.

    Atal honetan jarduteko eremuko ingurumen inbentarioko alderdi garrantzitsuenei buruzko irudi kartografikoak jaso behar dira, eskala handian zein xehetasunez, eta kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazi beharko da.

    Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenak bertan jasoz.

  2. Jarduketak ingurune hartzailean izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta karakterizatzea.

    Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioko elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondorio dira. Afekzioaren munta zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragindako baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuak bereizi beharko dira.

    Inpaktuen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean; horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, honako hauek konparatuko dira: egungo egoera eta etorkizunekoa, neurri zuzentzaileak hartuta.

    Ingurumen-inpaktuaren azterlanean, baloratzeko erabilitako metodologiak eta estimazio-metodoak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

    Bestelakoen kalterik gabe, proiektuaren eta eraginpeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak bereziki azpimarratu beharko du, gutxienez, lurzoruaren okupazioarekin lotutako ingurumen-inpaktuen balorazioa eta mehatxupean dagoen faunak eta lurrazaleko zein lurpeko urek jasandako kalteek natura-baliabideei eragindako ondorioak. Baliabide estetiko-kulturalei dagokienez, azpiegitura hiri-paisaian sartzearen ondorioak baloratuko dira.

    Arriskuei erreparatuta, bereziki baloratuko da, besteak beste, proiektu-eremuan izan litezkeen uholde-eragileak areagotzeko arriskua; hartara, proiektuaren lurzatiko zein inguruko uholde-arriskuen azterketa xehatua aurkeztuko da, egungo egoera zein kotxetegiak ezarri ondorengo baldintzak kontuan hartuta. Proiektua egikaritzeko hautatutako lurzatia 500 urteko errepikatze-denborako uholdegunearen barnean dago, uholde-arrisku adierazgarria duen 08-Zadorra-Ayuda izeneko eremuari lotuta (UAHE), indarrean dagoen Ebroko Mugape Hidrografikoaren Uholde-arriskua Kudeatzeko Planaren arabera.

    Baloratu egin beharko da, hortaz, proiektuak, orobat, klima-aldaketari dagokionez izan dezakeen efektua, eta zer eragin izango duen proiektuak giza osasunaren eta lasaitasun publikoko baldintzen gainean. Zentzu horretan, hots-kutsadurak, bibrazioek eta hondakin, isuri zein emisioen kudeaketa egokiak eragin ditzakeen inpaktuak baloratuko dira, lanek iraun bitarteko epea zein ustiapen-aldia kontuan hartuta.

    Zaratari dagokionez, obren eragin akustikoaren balorazioa jasoko da. Horretarako, kontuan hartu beharko dira azaroaren 17ko Zaratari buruzko 37/2003 Legean zein urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan, EAEn hots-kutsadurari buruzkoan, obretako zaratari buruzko xedapen espezifikoak. Aintzat hartu beharko dira obrako makineriaren potentzia akustikoa, zonifikazio akustikoa eta gune bakoitzean kalitate akustikoari dagokionez ezarritako helburuak.

    Sei hile baino gehiagoko iraupena izango dutela aurreikusten den lanetan, eragin akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketak, halaber, barne hartu beharko ditu instalazioen funtzionamendu-aldirako zarata eta bibrazioen azterketa. Horretan, aintzat hartu beharko da proiektu-eremuaren sentikortasun akustikoa, bai kotxetegi berriak eraikitzeko aurreikusitako lurzatiaren inguruan bizitegi-erabilera nagusi delako, bai ingurumen-arloan sentikorrak diren eremuetatik hurbil dagoelako. Horregatik dago espedientean jasota Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren txostena, zeinek funtsezkotzat jotzen duen Zadorra KBEari eta kontserbatu beharreko fauna-espezieei eragingo dien inpaktu akustikoa mugatzeko neurri espezifikoak ezartzea.

    Dokumentu hauek ezarriko dute azterketa biak egiteko erreferentziazko metodologia: 1513/2005 Errege Dekretua, abenduaren 16koa, zaratari buruzko 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, garatzen duena, ingurumenaren zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez; eta 213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, EAEko Hots-kutsadurari buruzkoa.

    Azterketa bietan kalteak grafikoki adieraziko dituzten mapak barne hartu beharko dira, eta horien emaitzek aukera eman beharko dute eremuan hots-kutsadura mailen balorazioa egiteko.

  3. Natura 2000 Sareko guneen gaineko afekzioak.

    Ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 35. artikuluak adierazten duenez, berariazko atal bat sartuko da proiektuak bere afekzio-eremuan dauden Natura 2000 Sareko guneetan izango dituen eraginei buruz, eremu horien kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Ebaluazio horretan kontuan izan beharko dira espedientean jasota dagoen Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak igorritako txostenaren ondorioak. Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoaren arabera, atal horretan egongo da proiektuak aipatu eremuan izango dituen ondorioen ebaluazioa, kontserbazio-helburuak kontuan hartuta.

    Atal honetan informazio nahikoa eta zehatza aurkeztu beharko da, argudio egiaztatuez gain, proiektuak aipatu eremuetan kalterik egingo ez duela frogatzeko, kontserbazio-helburuak kontuan hartuta.

    Zentzu horretan, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatzen den kontsulta izapidetzeko, ezinbestekoa izango da Zadorra ibaiaren KBEaren kudeaketaz arduratzen den organoaren, hau da, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren, txostena eskuratzea (Natura Ondarearen Zerbitzua).

  4. Proiektuaren kalteberatasuna.

    Istripu larri edo hondamendi adierazgarriren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte adierazgarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuarena ere. Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazioa erabili ahal izango da.

    Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte adierazgarriak prebenitzeko eta leuntzeko aurreikusitako neurri guztiak jaso behar dira deskribapenean, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.

    Atal hau proiektuari aplikatu behar ez zaiola iriztekotan, justifikazio-txostena barne hartu beharko da.

  5. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak proposatzea.

    Ingurumen-inpaktuaren azterlanak ingurumen-eragin kaltegarri nagusiak ekiditeko, murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azalduko ditu inguruneko elementu bakoitzerako. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri horiek.

    Inpaktuak ekiditeko eta zuzentzeko pentsatutako ekintza bakoitza xehetasunez identifikatu eta deskribatuko da, bai ekintzaren diseinu eta kokapenari dagokionez, baita kutsaduraren aurkako prozedurei, arazketari eta ingurumenaren-babes generikoari dagokionez ere. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatzeko, exekuzio-proiektuek izan ohi dituzten atalak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko beharrezko kartografia ere. Neurri hauek obraren planean integratuko dira, eta neurriak gauzatzeko egutegi koordinatu bat proposatuko da.

    Aurrekoaren ondorioz eta azterketaren ondorioz hartu beharreko bestelako neurriak kaltetu gabe, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak barne hartzen dituen proiektuak ondorengo neurriak aintzat hartu eta garatu beharko ditu, besteak beste:

    Landaredia eta lurzorua babesteko neurriak: oro har, proiektuaren lurzatiaren inguruko lurzoruaren eta landaredia naturalaren gaineko afekzioa minimizatu behar da. Obra-gunea zedarritu egingo da, behar-beharrezkoa den azaleratik harago kalterik ez eragiteko.

    Fauna babesteko neurriak. Hala dagokionean, Zadorra KBEan kontserbazio-xede diren fauna-espezieei zuzendutako neurri espezifikoak proposatuko dira, espedientean jasota dagoen Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera.

    Obra-fasean eta instalazioaren funtzionamendu-aldian sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak. Irizpide orokor gisa, Zadorra KBE eta Gasteizko Uztai Berde gisa zedarritutako eremua babestu beharko da, eta horien artean barne hartu beharko dira jabari hidrauliko publikoko ibilgua eta babes-zorgunea, baita eraikuntza-jarduerari dagokiona ere. Egiteko horretan, gainera, bermatu egin beharko da eraikuntza-prozesuan zehar eta instalazioaren funtzionamendu-aldian ez zaiela inolako kalterik eragingo ur-ibilguari, ur-bazterrei eta uren kalitateari. Halaber, lurpeko urei inolako afekziorik ez eragiteko neurriak aplikatu beharko dira, aintzat hartuta proiektua akuiferoen kutsatze-arrisku handiko eremu batean dagoela.

    Uholde-arriskua eta istripu larri edo hondamendien ondoriozko beste arrisku batzuk prebenitzeko neurriak.

    Lanek iraun bitartean eta instalazioen funtzionamendu-aldian hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak. Instalazioetan sortutako hondakinak bildu, biltegiratu eta tratatzeko sistemen deskribapena.

    Urak bildu, araztu eta berrerabiltzeko gailuak, sortutako efluente mota ezberdinak kontuan hartuta (estalkietako urak, ur hidrokarburatuak, ur beltzak), isurtze-puntua adierazita.

    Emisio atmosferikoak tratatzeko neurriak (tailerrak, pintura-kabinak, etab.).

    Zerbitzu edo baliabide publikoen gaineko inpaktua minimizatu edo konpentsatzeko neurriak, bereziki aire zabaleko aisiarekin lotutakoei dagokienez (parkeak, atsedenlekuak, bidegorri-sarea, etab.).

    Lanek iraun bitartean zein instalazioen funtzionamendu-aldian zarata eta bibrazioen emisioak minimizatzeko neurriak, aurretik aipatu diren hots-kutsadurari buruzko azterketetatik eratorritakoak. Horien bidez lortu nahi diren ondorioak ere adierazi behar dira.

    Argi-kutsadura txikitzeko neurriak.

    Instalazioa hiri-inguruan txertatzera bideratutako neurriak, azpiegitura paisaian egokitu eta integratzera bideratutakoak barne.

  6. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena zaintzeko programa bat prestatuko da. Programa horren helburu nagusia izango da ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak, jarraibideak eta neurri zuzentzaileak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea.

    Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere bai.

    Kalitate-helburuak, hala behar denean, legeetatik edo oro har onartutako azterketa teknikoetatik hartutako muga-balioen edo gida-balioen arabera ezarriko dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira, beharrezkoak diren parametroetan.

    Era berean, dagokion aurrekontua aurkeztu beharko da, behar bezain banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako afekzioen jarraipen egokia egin ahal izateko.

    Proiektuari buruz eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren beste kontrol batzuez gain, programa horrek jarraian adieraziko diren kontrolak izan beharko ditu:

    Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

    Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen, zementu-esneen eta lur-mugimenduen ondorioz, eta biztanleei eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

    Hala dagokionean, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan indusketa kontrolatzea.

    Landarediaren gaineko afekzioak kontrolatzea.

    Intereseko faunaren gaineko afekzioak kontrolatzea.

    Ur-ibilguen eta uren kalitatearen gaineko afekzioak kontrolatzea.

    Zarata eta bibrazioak kontrolatzea obrak egiteko faseetan. Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako prozedurak erabiliz diseinatu eta gauzatuko dira kontrol horiek.

    Obretako hondakinen kudeaketa kontrolatzea, bereziki, eta hala dagokionean, kutsatuta egon litezkeen lurzoruetako lur-mugimenduetan azaleratu diren lurretan.

    Obren kontrol arkeologikoa.

    Obren eraginpeko gune guztietan lehengoratze-lanak eta horien arrakasta kontrolatzea.

    Aurreikusitako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

  7. Laburpen ez-teknikoa.

    Laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean ezarritako ezaugarriak izan beharko ditu. Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan jaso beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko eta/edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

  1. Dokumentazio teknikoaren aurkezpena.

    Atal honetan ezarritakoa betetze aldera, dokumentazioa aurkezteko gidaliburuaren arabera prestatuko da dokumentazioa. Gidaliburua ingurumen-organoaren web-orrian eskuratu daiteke, eta haren edukiak jarraian jaso dira:

  1. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, bai haien artean bai aurretik aurkeztutakoei dagokienez, halakorik bada, erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana errazteko eta ez eragozteko.

  2. Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira). Prozedura industrialek, ekipamenduek eta instalazio lagungarriek izen berberak eduki beharko dituzte aurkezten den dokumentazio guztian eta, behar izanez gero, kodetu egin beharko dira.

  3. Beharrezkoa izanez gero, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi beharko da.

  4. Dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da, behar bezala geoerreferentziatua, behar duten ataletan.

  5. Plano guztiak beren kodeekin eta edukia azaltzen duten izenburuekin identifikatu beharko dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta numerikoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den. Kodea eta izenburua sustatzaileak egoki deritzonak izango dira, baina geroago aipatuko dugun fitxategiaren izenarekin ez da nahasi behar hori.

    Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.

  6. Testuetan zehar aipatutako eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak aurkeztu beharko dira dokumentazioarekin batera. Aipamen hori dokumentuak erraz aurkitzeko moduan egingo da (kodea eta fitxategiaren izena, gutxienez).

  1. Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita (ikusi estekak amaieran).

  1. Dokumentuak .pdf formatuko fitxategietan aurkeztu beharko dira, fitxategi bakoitza gehienera 30 MB-koa dela eta bilaketak egitea zilegitzen dutela. Tamaina handiagoko fitxategiak zatitu egin behar dira sisteman txertatu ahal izateko.

    Logotipo, goiburu eta orri-oinetan kolorerik ez erabiltzea gomendatzen da; behar-beharrezkoa den kasuetan soilik erabiliko da planoak, diagramak, eta abar, alegia, koloreak informazio jakin bat ematen duenean.

  2. Oro har, fitxategiak «Dokumentu Administratiboak» deitutako atalean txertatu beharko dira IKS-eem sisteman. Nahitaezkoak ez diren dokumentuak direnean, edo fitxategi bat baino gehiago behar denean dokumentu bat aurkezteko, «Hautazko dokumentuak» deritzon fitxa erabili beharko da.

  3. IKS-eem sisteman txertatzen diren fitxategiak ondorengo tauletan azaltzen den kodifikazio-sistemaren arabera izendatu beharko dira (ez da nahasi behar sustatzaileak bere nahierara hauta ditzakeen kodeekin, esaterako, plano jakin bat izendatzeko darabilen kodearekin):

  1. taula. Dokumentuak eta horiei dagozkien fitxategien izenak.

    (Ikus .PDF)

  2. taula. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren atalen banakatzea eta dagozkien fitxategien izenak.

    (Ikus .PDF)

    Fitxategien izenak, edukiaren eta 1. eta 2. tauletan azaldu denaren arabera dagokien kodea eraman behar du soil-soilik. Horregatik, zenbakiak eta gidoi ertainak edukiko ditu izenak, baina ez du onartuko aipatutako hizki eta karaktere horietaz kanpoko besterik.

    Dokumentu edo atal batek 30 MB edo gutxiagoko tamaina duenean, fitxategi bakarrean aurkeztu beharko da, eta 000 izango dira haren izenaren azken hiru zenbakiak. Fitxategi hori IKS-eem sisteman txertatuko da «Dokumentu administratiboak» erlaitzean. Dokumentuak edo atalak hori baino tamaina handiagoa duenean, behar bezainbat fitxategitan zatituko da haietako ezeinek 30 MB-ko tamaina gainditu ez dezan. Kasu horretan, fitxategi horietako bakoitzak izen bat izango du, non azken hiru zenbakiak korrelatiboak izango baitira, 000 duenetik abiatuta. Fitxategi korrelatibo horiek, -001etik aurrerakoak, «Hautazko dokumentuak» erlaitzean txertatuko dira IKS-eem sisteman.

    Beraz, adibidez, «Proiektuaren dokumentu teknikoa» atalari dagozkion bi artxibo aurkezten badira, 206-000 eta 206-001 izena emango zaie; eta bi artxibo aurkezten badira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Sintesi-dokumentua» atalean, 207-07-000 eta 207-07-001 izena emango zaie. 206-000 eta 207-07-000 fitxategiak «Dokumentu administratiboak» erlaitzean txertatuko dira, eta 206-001 eta 207-07-001 fitxategiak aldiz «Hautazko dokumentuak» erlaitzean.

    1. taulako dokumentu bat edo 2. taulako atal bat fitxategi bat baino gehiagotan zatituta aurkeztu behar izaten denean, 000 fitxategiaren lehen orrialdean edo lehenengoetako batean, dokumentu edo atal horretan jasota dagoen informazio aipagarriaren aurkibide osoa joan behar du. Aurkibideak dokumentuaren edo atalaren epigrafeak jasoko ditu (epigrafearen deskribapen-izenburuarekin), eta fitxategiaren izena eta epigrafe bakoitzaren hasierako orrialdearen zenbakia dagokion .pdf fitxategian.

    Kontuan izan behar da IKS-eem sisteman txertatzen diren dokumentuak programa informatiko baten bidez erabiliko direla, eta ez direla inprimatzekoak; horregatik, aurkibidean agertzen den orrialde-zenbakiak bat etorri behar du haren irakurketa-programan orrialde horretara iristeko erabili behar den «Joan orrialdera» aginduan ipini behar denarekin.

  1. Ingurumen-inpaktuaren azterlaneko kartografia-plano guztiak, eta azterlanean sortzen diren tamaina handiko gainerako plano, figura eta irudi guztiak, IKS-eem sisteman txertatu beharko dira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak pdf formatuan» atalean. Plano, figura eta irudiak fitxategi bat edo gehiagotan jaso beharko dira 2. taulan atal horretarako azaldu den eran kodifikatuta. Horrek esan nahi du plano, figura edo irudi horietan jasotzen den informazioari dagokion aipamena egin beharko zaiola ingurumen-inpaktuaren azterketan atal horri dagokion memorian.

  2. Dokumentu kartografikoak pdf formatuan aurkeztu beharko dira, eta dokumentu horiek geoerreferentziatuta egongo dira UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema erabiliz. Era berean, dagokion proiekturako bereziki sortu diren .shp geruzak aurkeztu beharko dira, eta ez dago jada GeoEuskadi sisteman integratuta dauden .shp geruzak aurkeztu beharrik. Shp kapak daramatzaten artxiboak «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak shp formatuan» atalean sartuko dira sisteman.

  3. Isilpeko datuei dagokienez, haiei buruzko fitxategiak IKS-eem sisteman «Isilpeko datuak» izena daraman atalean txertatuko dira, eta haien izena honako kodifikazio-era honetan egin beharko da (ikus 1. taula):

    1. Lehen hiru zenbakiek 056 izan behar dute.

    2. Ondorengo hiru zenbakiak, dagokien dokumentu motarenak izan behar dute; esate baterako, proiektuaren dokumentu teknikoa bada 206 izango da, eta 207 ingurumen-inpaktuko azterlanekoa bada.

    3. Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren osagaietakoa bada artxiboa, bi zenbaki gehigarri erantsi beharko zaizkio, 2. taulan dagokion atalaren arabera.

    4. Azken hiru zenbakiak, dokumentu edo atal horretan bertan espedienteari atxikitako azken artxibo ez-isilpekoarekin korrelatiboa den zenbakiarenak izan behar dute. Behar bezainbeste zenbaki korrelatibo erabiliko dira artxiboek 30 MB baino gehiagokoak izanez gero.

    5. Artxibo-izenaren osagai ezberdinen zenbakiak gidoi ertain batez bereziturik joan behar dute.

      Isilpeko fitxategi baten izenaren adibidea, honako inguruabar hauek dituela suposatuz:

      Ingurumen-inpaktuko babes-neurriei buruzko informazioa.

      «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean sartutako azken fitxategiaren izena 207-05-003 da.

      Isilpekotasuna duten bi artxibo gehigarri sartu nahi dira.

      Adibide horretan, isilpeko bi fitxategi horien izena izango da, hurrenez hurren: 056-207-05-004 eta 056-207-05-005.

      Ahalegina egin behar da isilpeko artxiboak bere sortako azkenak izateko; hala, arestian azaldu dugun adibidean, ez litzateke artxibo gehigarririk sartu behar 207-05-006 izenarekin eta ondorengoekin «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean. Isilpeko fitxategiak «Hautazko dokumentuak» fitxan txertatu behar dira.

      Isilpeko informazioa behar adina identifikatuta eta bereizita egon behar da gainerako informaziotik. Beraz, 1. taulako «Isilpeko datuak» atalean ez dauden edo 056 zenbakiaz hasten ez diren fitxategietan ez datorren informazioa ezingo da isilpekotzat hartu.

  4. Informazio jakin bat aurkezten denean 1. taulako dokumenturen baten edo 2. taulako ataletako baten zuzenketa edo aldaketa moduan, IKS-eem sistemara ekarri beharko da informazio eraberritu hori jasotzen duen fitxategi osoa, eta horrek ordeztuko du aurretiaz izen berarekin dagoena. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Fitxategi berrian jasotzen den informazioaren eta eskabidean barnebilduta dauden gainerako dokumentu eta ataletan datorren informazioaren artean behar den koherentzia gorde beharko du sustatzaileak. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eskatu ahal izango da, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, eta horrek atzerapena eragin dezake prozeduraren ebazpenean.

  1. Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.

    Estekak

    IKS-eem sistema:

    http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-orokorra/eu/contenidos/informacion/ikseem/eu_ikseem/index.shtml

    Datuen fitxa:

    http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/tramitacion_eae/eu_def/adjuntos/2017-05-09%20EAEO-eus.pdf

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik