Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Obras Públicas Onaindia SA enpresa Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 219
  • Hurrenkera-zk.: 5309
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/11/05
  • Argitaratze-data: 2019/11/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Ekonomia; Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko uztailaren 18an, Vitoria-Gasteizko Udalak Obras Públicas Onaindia SA enpresa Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren arabera. Proiektuak adierazitako prozedurari jarraitu behar dio aipatutako arauaren 7.2.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, 2019ko abuztuaren 6an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Hauei egin zien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Osasun Publiko eta Adikzioen Zuzendaritzari; Ihobe SAri; Uraren Euskal Agentziari; Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola Zuzendaritzari eta Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari; Vitoria-Gasteizko Udalari; Arabako Ekologistak Martxani; eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.

Kontsulta-izapidea amaituta, administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau egiteko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Obras Públicas Onaindia SA enpresa Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.

Hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Obras Públicas Onaindia SA enpresa Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako, ondoren adierazitakoaren arabera:

  1. Aztergai den proiektuaren xedea da martxan jartzea eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioa. 15.000 t/urte-ko tratamendu-ahalmena izango luke eta 9.900 m2-ko azalera, Arriaga industrialdeko lurzati batean (Artapadura kalea 7, Vitoria-Gasteiz). Garatuko diren jarduera nagusiak izango dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatu, hautatu, biltegiratu eta kudeatzea.

  2. Ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak:

      Obras Públicas Onaindia SA enpresak, jardueraren sustatzaileak, agregakin birziklatuak ekoitzi nahi ditu, eraikuntzan (obra zibilean eta etxegintzan) erabiltzen diren agregakin naturalen ordezko izan daitezen, eta ahalik eta material berrerabilgarri eta birziklagarri berreskuratu, obra berriko, eraispeneko, birgaikuntzako, azpiegituretako, etab., eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik (gehienbat HEZ 17). Gehienean hondakin geldoak dira, lurrak eta agregakinak nahastuta, baita harriak, hormigoi hondarrak, zoladura asfaltikoen hondarrak, material erregogorrak, adreiluak, kristala, plastikoak, igeltsuak, errefortzu-altzaria, beste metal batzuk, zura eta, oro har, lur-mugimenduetan, eraikuntza berrietan eta azpiegitura-lanetan sortzen diren hondakin guztiak nahiz eraikin zaharrak eraistetik edo konpontzetik datozenak ere.

      Kudeatu nahi diren materialen HEZ kodeak hauek dira:

      0104: 08, 09, 13, 99.

      0201: 03, 04, 07, 10.

      0301: 01, 05, 09.

      0303: 01, 08.

      0702: 13.

      1009: 03, 06, 08, 10, 99.

      1012: 01, 06, 08.

      1013: 01, 11, 14, 99.

      1201: 01, 03, 05.

      1501: 01, 02, 03, 04, 05, 06, 07, 09.

      1601: 03, 17, 18, 19, 20.

      1611: 02, 04, 06.

      1701: 01, 02, 03, 07.

      1702: 01, 02, 03.

      1703:02.

      1704: 01, 02, 03, 04, 05, 06, 07, 11.

      1705: 04, 08.

      1706:04.

      1708: 02.

      1709: 04.

      1904:01.

      1910: 01, 02.

      1912: 01, 02, 03, 04, 05, 07, 08, 09, 12.

      2001:01, 02, 10, 11, 38, 39, 40, 99.

      2003: 03, 07.

      Proiektatu den jarduerak 15.000 t/urte-ko tratamendu-ahalmena izango du. Lehorreko tratamendu mekanikoa izango da, etapa hauekin:

      Hondakinak hartu, deskargatu eta pilatzea: hondakinak kamioiz iritsiko dira, edukiontzietan; pisatu, eta motaren arabera pilatuko dira. Gainera, material handienak erretiratuko dira.

      Hondakinak sailkatu eta biltegiratzea: makina mugikorren bidez, harri-frakzioa edo zeramika, plastikoa, metala, papera-kartoia, pneumatiko erabiliak, etab., diren arabera. Harri-frakzioa pabiloiaren barnean gordeko da eta gainerako hondakin ez-arriskutsuak aire zabalean, kanpoaldeko zabaltzan. Plastikoak, metalak, papera, kartoia eta gainerako hondakin ez-arriskutsuak, edukiontzietan, eta pilotan, pneumatiko erabiliak eta harrizko material berreskuratuak.

      Harri-frakzioa/zeramika birrintzea (hormigoia, morteroa, arroka): prozesu mekaniko lehorra, pabiloiaren barnean birrinduta.

      Agregakin birziklatu eta harri-agregakin berreskuratuak pilatzea: birrinketan lortutako produktua granulometria bidez sailkatuko da eta pala kargatzailearekin garraiatuko da pilatuko den lekura, pisatuta eta erregistratuta, eta errepideen azpi-oinarrietarako, zanga-betelanetarako, hormigoi pobreak fabrikatzeko, etab., saldu ahalko dira. Harri-agregakin berreskuratuak, pisatuta eta erregistratuta, beste obra batzuetarako saltzeko biltegiratuko dira.

      Gainerako materialak (egurra, papera, kartoia, plastikoa, altzairua, aluminioa, kobrea, beste metal batzuk), pisatuta eta erregistratuta, bildu eta kudeatzaile baimendu batera bidaltzeko prest utziko dira.

      Beste hondakin ez-arriskutsu batzuk (errefusa): kudeatzaile baimenduak biltegiratu eta kudeatuko ditu.

      Hondakin arriskutsuak: geldoekin nahastuta sartzen direnak nahiz instalazioan sortzen direnak, pabiloiaren barnealdean gordeko dira, hormigoizko zoladuraren gainean; likidoak, itxitura hermetikoa duten metalezko bidoitan, euste-erretilutan. Hormigoizko oinetan bermatutako metalezko hesi mugikorrez inguratuta dago. Kudeatzaile bidez kudeatuko dira.

      Biltegiratuko diren hondakin arriskutsuak: urtean 200 kg metalezko eta plastikozko ontzi (HEZ 150110) eta urtean 50 kg aerosol huts (HEZ 160504).

      Lortutako emaitzak honela bidaliko dira:

      Agregakin birziklatuak: dumper-kamioitan edo iraulki-kamioitan, kasuan kasuko helmuga zein den, toldoak zabalduta eta korapiloz lotuta.

      Metalak, plastikoa eta papera-kartoia, edukiontzitan.

      Egurra: iraulki-kamioitan.

      Beste material berreskuratu batzuk: dumper-kamioitan edo iraulki-kamioitan, kasuan kasuko helmuga zein den.

      Hondakin ez-arriskutsuak (errefusa): iraulki-kamioitan.

      Hondakin arriskutsuak: ibilgailu baimenduetan. Helmugan zamalanak egiteko prozedurak ezarriko dira eta behar den prestakuntza emango zaie ibilgailuon gidariei.

      Pabiloia egitura prefabrikatukoa da; zutabeak, delta-habeak eta petralak, guztiaz hormigoizkoak, bi isuriko estalkiarekin. Itxitura hormigoizkoa da eta aireztapen naturala du goihabean, iparreko erdian. Obra txikiak egingo dira pabiloia egokitzeko.

      Euri-urak hustubide-saretik bideratuko da lurzatiko dekantazio-putzura. Koipeen eta hidrokarburoen bereizgailua ipiniko da, 150 l/s-ko ahalmenekoa, urak udal-estolderiatik Zadorra hiribidean zeharreko biltodi nagusira isuri aurretik. Kontrol-laginketarako kutxatila bat izango du. Aldageletako komunen hondakin-urek tratamendu kimikoa jasoko dute, eta ez dira udal-sarera konektatuta egongo.

      Bi igorpen lauso ez-sistematikoko foku hauteman dira; birringailua eta hondakinak eta materialak deskargatzeko zabaltza.

      Zaratari dagokionez, aurkeztu den zaratari buruzko ikerlanaren arabera, Obras Públicas Onaindía SAren instalazioko birringailuak kanpora igorriko duen zaratak eta kamioien zirkulazioak Artapadura kaleko 7an eragingo duenak egungo araudia betetzen dute, hala egunez nola gauez.

    2. Proiektuaren kokapena:

      Proiektatu den jarduera sustatzailearen jabetzako lurzati batean egingo da (44.838 m2), lurzoru industrialean, Arriaga industrialdean (Artapadura kalea 7, Vitoria-Gasteiz), lurzatiaren hego-ekialdean. Bi pabiloien arteko zabaltzaren zati bat ere erabiliko da. Lehenagoko jarduerak direla eta, aurrez eraldatutako gune bat da; hortaz, erabilera berriak sartzeak ez du esan nahi lurzoru berririk galduko denik, ezta habitat naturalik ere.

      Zadorra ibaiaren KBEtik (ES2110010) gertu dago lurzatia, eremu horretatik eta babes-eremu periferikotik kanpo, baina 100 eta 500 urte arteko errepikatze-denborako 0,25 eta 0,50 m-ko sakonerako uraldien, hurrenez hurren, eremuaren barnean. Industrialdea kokatuta dagoen inguruko lurzorua oso iragazkorra denez, lurpeko akuiferoa kaltetzeko arriskua oso handia da. Industrialde finkatua denez, ez da ingurumen- eta natura-elementu interesgarririk hauteman.

      Lurzoruak kutsatuta egon daitezkeen zenbati gune dauden industrialdean, baina ez diote eragiten instalazioa egongo den pabiloiari, ezta hondakinak pilatu eta gordeko diren zabaltzari ere. Hidrokarburoen bereizgailua kokatu nahi den eremua kutsatuta egon daitekeen lurzorua da, inbentarioko 01059-00185 kodea duenez.

      Halaber, aipagarria da tokiko babes-proposamena duen «910.01 Granitos Bolumburu» elementu arkitektonikoa (pabiloiaren barnean dago, baina ez du instalazioak erabiliko) eta «202. San Sebastián ermita. Hilerria» (Balizko Arkeologia Guneen Adierazpena, EHAA, 129. zk., 1997ko uztailekoa) elementu arkeologikoa daudela eremuan. Azken hori dekantazio-putzutik hurbil dago, hidrokarburoen bereizgailua instalatuko den eremuan.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, inpakturik nabarmenenak instalazioaren ustiapenetik beretik etorriko dira, eta garrantzitsuenak hauek izango dira: kutsadura atmosferikoa, zarata eta hondakinak sortzea. Nolanahi ere, jardueraren ondore aurreikusgarriak hauek dira:

      Airean: atmosferara igorriko diren partikulak izango dira ondorio nagusia, baita ingurumen-zarata areagotzea ere.

      Lurzoruan: gainazalen, dekantazio-putzuaren eta hidrokarburoen bereizgailuaren iragazgaiztea dela eta, ez da espero eragin nabarmenik. URA-Uraren Euskal Agentziak dioenez, UAKPan jasotako xedapenak kontuan hartuta, Zadorra ibaian uholdeak prebenitzeko Gamarra eta Abetxuko artean egindako proiektuaren 11. faseko neurriak hartuta, aztergai den lurzati industrialak ez du uholde-arriskurik gehiago izango.

      Urean: era berean, eremuaren ezaugarri hidrologikoak eta jardueraren deskribapena ikusita, ez da aurreikusten balizko inpakturik izango denik lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatean.

      Biztanlerian eta gizakien osasunean: espero da hala zarata areagotzeak nola jarduerari lotutako partikula esekiak areagotzeak ondorio negatibo esanguratsurik ez izatea biztanlerian.

      Bigarrena. Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatzen diren neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

      Pabiloia eta euri-urak biltzeko eta tratatzeko sistema egokitzeko, jardunbide egokien eskuliburuari jarraituko zaio.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Eta adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokienak aplikatuko dira.

      Obra-fasean, ahalik eta gehien murriztu behar da finduak drainatze naturaleko sarera isurtzea, uren kalitateak kalterik ez izatea bermatuta. Obra-makinak paratzeko eta mantentze-lanak egiteko zabaltza drainatze naturaleko saretik isolatu beharko da. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

      Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik.

      Harrizko materiala ureztatzearen ur-soberakina drainatze-sare batetik eroango da dekantazio-putzuraino, solido esekien kontzentrazioa murrizteko biltodi nagusira isuri aurretik.

      Jarduerari loturiko isuriek betiere bete beharko dute etxekoak ez diren isurien udal-ordenantza.

      01059-00185 kodea duen lurzatia dagoenez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean kasu horietarako ezarritakoari jarraikiz jardungo da. Euri-uren sarea egokitzeko lanetan, baita hidrokarburoen bereizgailuaren instalazioan eta laginketa-kutxatilan ere, aipatu legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen da, tartean, lur-mugimenduen proiektuak, lurzoru-kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da.

      Inbentarioan jasotako kokagunean esku-hartzearen bat egin behar balitz, aurretik lurzoru-kalitatea aztertu beharko da nahitaez, bermatuta egon dadin ez dagoela lurzoruko kutsadurari loturiko arriskurik instalazioko langile nahiz erabiltzaileentzat, eta, bestetik, jarduketari loturiko hondakinak egoki kudeatuko direla.

      Aldageletako lohi sanitario kimikoak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da.

      Lurrazpiko uren kalitateari jarraipena egiteko kontrolak ezarri beharko dira.

      Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

      Beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Kutsadura akustikoari dagokionez: kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, teknika erabilgarri onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.

      Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.

      Sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

      Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isuriren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

      Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

      Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

      Ezingo da pilatu material solidorik lurzatiaren mugetan; piloaren altueraren adinako zabalera izango duen zerrenda bat utzi beharko da perimetro osoan (gutxienez 5 m-koa).

      Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

      Airearen kutsadura murrizteko neurriak. Igorpen atmosferikoen arloko organo eskudunak ezartzen dituen baldintzei kalterik egin gabe, hautsik ahalik eta gutxien sortzean egingo da ahalegina. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:

      Balorizatuko den materiala busti egingo da lehenago alde kritikoenetan eta behar besteko maiztasunarekin. Piloek gehienez 3 metroko altuera izango dute, aire-korronteek ez dezaten hauts-lainorik hedatu.

      Materialak kanpoaldean pilatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin garbiak txikitzeko eta bahetzeko lanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

      Ur-difusoreen sare bat instalatuko da pabiloi barruan, hauts esekia gutxitzeko. Halaber, birringailuaren inguruan pilatutako hautsa erretiratuko da astean behin.

      Kanpoaldeko pilaketetan, ur-aspertsio bidezko ureztatze-sare bat instalatuko da (bide bustia) eta 20 km/h-ko gehieneko abiadura aginduko da, lurzoruan pausatu hautsa ez dadin harrotu.

      Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin.

      Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.

      Era berean, pistak aldian behin ureztatuko dira, bai zisterna mugikor bidez, bai pistotan zehar sakabanatutako aspertsoreen bidez, gutxienez egunean hirutan.

      Garraioko ibilgailuek bide publikoa zikindu dezaketenez, ibilgailuon gurpilak garbitzeko sistema bat instalatu beharko da bide publikorako irteeran.

      Erabiliko diren ibilgailuetan derrigorrean egon beharko dira karga barreiatzea ekiditeko behar diren elementu guztiak. Bide publikoa berehala garbituko beharko da, garraio-lanetan zikindu bada.

      Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Tokiko babes-maila proposatua duen «910.1 Granitos Bolumburu» elementu arkitektonikoa eta «202 San Sebastian ermita. Hilerria» elementu arkeologikoa (Balizko Arkeologia Guneen Adierazpena, 1997ko uztaileko EHAA, 129. zk.) daudenez eremuan, EAEko Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 65. artikuluan xedatzen denaren arabera, balizko arkeologia-guneen jabeak edo obren sustatzaileak orubearen edo eraikinaren balio arkeologikoaren eta horrek obra-proiektuan izan dezakeen eraginaren gaineko azterlan bat aurkeztu beharko du.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik sortuko denik. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea Obras Públicas Onaindia SA enpresak Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren proiektua.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ebazpen honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) Obras Públicas Onaindia SA enpresak sustatzen duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren baimena onartzen ez bada. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 5a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik