Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko urriaren 25ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baitzaie Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioei, Brigada Mugikorrean espezializatzeko ikastaroetarako hautaketa-prozeduran parte har dezaten.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 215
  • Hurrenkera-zk.: 5204
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/10/25
  • Argitaratze-data: 2019/11/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Herrizaingoa

Testu legala

Deialdia egiteko, honako hauetan xedatutakoa hartu da aintzat: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea; Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea; Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua, eta horren gainean maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuak eta otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak egindako aldaketak.

Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak ere onartu du deialdia, eta, hartara, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskabideari erantzun zaio.

Horretan guztian oinarrituta, zuzendari honek erabaki du deialdia egitea, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioek Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroetarako hautaketa-prozesuetan parte har dezaten, honako oinarri hauekin bat etorriz.

OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

  1. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako Karrerako funtzionarioentzat, oposizio bitartez, Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroetan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten da.

  2. Deitutako plazak 60 dira guztira.

  3. Hautaketa-prozedura horren fase bat gehiago gisa osatuko da prestakuntza-ikastaro batekin batera.

  4. Deitutako plaza kopurua handitu daiteke sortzen diren plaza hutsen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

    Lanpostu-gehikuntza hori 10. oinarriaren 3. zenbakian aurreikusitako izapidea gauzatu aurretik ezarri beharko da.

    Bigarrena. Izangaien betekizunak.

  1. Hautaketa-prozeduran onartuak izateko honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Aldez aurretik eskaera egitea.

    2. Ertzaintzaren karrerako funtzionario izaera edukitzea.

    3. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian jarduneko zerbitzu administrazio-egoeran izatea.

    4. Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 artikuluaren arabera, lanean gutxieneko aldia egon beharra ezarriko duen lanpostuari atxikita ez egotea izangaia.

    5. Brigada Mugikorreko Espezializazioan hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbakarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

    6. Deialdi honen I. eranskinean aipatutako baztertzeko osasun-kasuen taulan ez egotea.

  2. Hautaketa-prozeduran parte hartzeko aurreko atalean ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.

  3. Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea, beti ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Bi aldeok ziurtatzea deitzen duen organoaren eginkizuna izango da eta ofizioz ziurtatuko du dagokionean Segurtasun Sailak eskatuz.

    Horren kaltetan izan barik, hautaketa-prozeduran zehar, prozedura horretan parte hartzen duenari, ebazpen honen 2. oinarriaren 1.f) puntuan adierazitako baztertze medikuen taularen barruan dagoela egiaztatzeari begira, beharrezkotzat jotzen diren azterketa medikoak egingo zaizkio. Egiaztatze hori horretarako izendatutako Epaimahai medikoak egingo du.

  4. Hautaketa-prozeduraren edota uneren batean, onartutako eta baztertzeko zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa prozesutik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, beti ere, interesatuari entzun ondoren.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, sailen arteko intraneten bitartez Gurenet eta horretan azaltzen den eskabide eredua erabiliz egin beharko dute eskaria.

  2. Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita 20 egun baliodunekoa izango da.

  3. Eskabidean zehaztu egin beharko dute oposizioko probak zein hizkuntzatan egin nahi dituzten, gazteleraz edo euskaraz.

  4. Izangaiak eskabidean aipatu egin beharko du eskatutako betekizun guztiak dituela eskabidea aurkezteko epe-mugarako.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak, onartu eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartuko du eta zerrenda hori 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz argitaratuko da.

  2. Behin-behineko zerrendan baztertuta agertzen diren izangaiei dagozkien arrazoiak adieraziko zaizkie, eta interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabideak izan ditzakeen hutsak zuzentzeko.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenean izango dira onartuak edo baztertuak eta horren bitartez, 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz, argitaratuta agertuko den onartutako eta baztertutakoen zerrenda behin betikoa izango da.

    Bosgarrena. Epaimahai Kalifikatzailea.

  1. Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, oposizio-probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute. Epaimahaia osatzen duten kideek inpartzialtasun, profesionaltasun eta espezialitate printzipioei atxikita izango dira, baita ere emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuari.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena 15. oinarriaren hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

    Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideei Sektore Publikoko Araubide Juridikoko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan bildutako abstentzio- eta errefusatze-kausak ezarriko zaizkie.

    Epaimahai kalifikatzailean parte hartzeagatik legez ezarritako kalte-ordainak jasoko dira.

  3. Hautaketa-sistema osatzen duten proben garapena eta ebaluaketa, Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, eta horrek, jarduteko autonomia osoa izango du. Prozeduraren objektibotasunaz Epaimahai Kalifikatzailea arduratuko da baita deialdiaren oinarriak betetzea bermatu ere.

  4. Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun printzipioei lotuta izango da.

  5. Epaimahai Kalifikatzaileak autonomia osoz jokatuko du eta prozeduraren objektibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Hautaketa prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

  6. Epaimahaiak ezingo ditu hautagai gehiago hautatu, deialdiko lanpostu kopurua baino. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

  7. Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz argitaratuko dira.

  8. Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idatziak honako posta-elektronikora bidali beharko dira:

    2019brigadamugikorra@seg.euskadi.eus

    Epaimahaiak bide horretatik erantzungo die jasotako idatziei, beti ere, Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzendutakoei.

    Seigarrena. Hautatzeko sistema.

  1. Hautaketa prozesua oposizio bitartez izango da. Oposizio horretan izangaien gaitasuna eta beraien arteko lehentasun hurrenkera zehaztuko dira.

  2. Oposizioko guztirako puntuazioa hori osatzen duten ariketa edo proba desberdinetan lortutako gehiketatik lortutakoa izango da, eta hala dagokionean, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatuko da. Puntuazio horrek zehaztuko du izangaien lehentasun ordena.

    Zazpigarrena. Oposizioa.

    Oposizioan, honako proba hauek egin beharko dira segidan:

  1. Lehenengo proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Gaitasun fisikoa neurtzeko proba, 0tik 40ra bitartean baloratuko da. Ebazpen honen II. eranskinean adierazten diren ariketa fisikoak egingo dira.

    Izangaiek euren ardurapean bakarrik egingo dituzte ariketa fisikoak eta horretarako egokia den kirol ekipoaz horniturik bertaratu beharko dute.

    Lehenengo proba honetan bi ataletan banaturiko lau (4) ariketa egin beharko dira.

    Lehen atalean hiru ariketa egin beharko dira, indarra neurtzekoak. Atal hau osatzen duten hiru ariketok 0tik 10 puntura bitartean baloratuko dira. Atal hau gainditzeko gutxienez 18 puntu lortu beharko dira. Era berean, hiru ariketotatik bitan gutxieneko bost puntuak ez lortzea ere proba ez gainditutzat joko da. Betekizun horietako bat ez gainditzea atal hori ere ez gainditzea adieraziko luke.

    Bigarren atalean ariketa bakarra egin beharko da, erresistentzia aerobikoa neurtzeko izango dena. Ariketa hau 0tik 10 puntura bitartean baloratuko da. Atal hau ez gainditutzat joko da ariketa honetan gutxienez bost puntu lortzen ez badira.

    Gaitasun fisikoaren proba gainditzeko proba hori osatzen duten atal bakoitza gainditu beharko da.

  2. Bigarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Test psikoteknikoa Brigada mugikorreko Polizia eginkizunak modu egokian betetzeko hautaketa prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko izango da. Proba hori test erakoa izango da, honakoak izanik proban: ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, atentzio-pertzepzio gaitasunak eta espazio-gaitasunak.

    Test-erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

    Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

    Proba hori, edonola ere, hautaketa prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko egingo da, baita ere, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei modu egokian egokitzen den jakiteko.

    Proba hau, derrigorrezkoa izango da, gehienez 20 punturekin baloratuko da eta gutxienez 10 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa prozesutik.

  3. Hirugarren proba. Derrigorrezkoa eta baztertze izaerakoa. Proba honetan, nortasun ezaugarriak eta orekarik ez izatearen beste adierazle batzuk ebaluatuko dira eta izangaiaren jokaera eta izaera egokitasunak zehaztuko dira deitutako lanpostuaren profilera egokitzen den ikusteko. Proba hau honako bi ariketek osatuko dute:

    1. Nortasun-testa: ariketa honen helburua da ebaluatzea hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen nortasun-ezaugarri nagusiak eta asaldura eta moldatu ezina neurtzeko adierazleak. Proba honetan, 0 puntutik 10era emango dira, eta kanpoan utziko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak.

      Nortasun testa aurrez aurreko elkarrizketa baino lehen egingo eta zuzenduko da.

    2. Aurrez aurreko elkarrizketa, deitutako lanpostuaren profilari dagozkion eginkizunak betetzeko izangaien jarrera eta konpetentzia zehazteko dena. Ariketa 0 puntutik 10era baloratuko da, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez duena modu automatikoan baztertuta geratuko da.

      Elkarrizketaren ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute, eskuratuko zaien eredu normalizatuaren arabera. Curriculum hori ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.

      Zortzigarrena. Oposizioko proben garapena.

      1. Lehenengo azterketa noiz, zein ordutan eta non egingo den gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean. Ondorengo azterketak noiz, zein ordutan eta non egingo diren gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago iragarriko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean.

      2. Epaimahai Kalifikatzaileak deialdi honetan ezarritakoa ez bezala egin ahal izango ditu proba edo oposizioa osatzen duten ariketa desberdinak; hau da, ordena desberdinean eta egun berean proba bat baino gehiago egin edo ez egin. Azken honetan, emaitzak agertuko dira aurreko proba gainditu duten neurrian.

      3. Epaimahaiak derrigorrezko probak edota ariketak egiteko finkatutako tokian, datan eta orduan agertzen ez diren izangaiak hautaketa prozeduratik baztertuta utziko ditu behin betiko, baztertzearen arrazoia ezinbestekoa izan arren. Arau bera aplikatuko zaie edozein derrigorrezko probetara edo ariketetara berandu bertaratzen diren izangaiei.

      4. Oposiziogileek identitatea egiaztatzen duten agiria eraman beharko dute proba guztietara, Epaimahai Kalifikatzaileak noizbait eska baitiezaieke hori erakusteko.

      5. Proben emaitzak, Epaimahai Kalifikatzailearen Erabaki baten bidez argitaratuko dira, 15. oinarrian aurreikusitakoaren bat etorriz.

        Bederatzigarrena. Euskararen ezagutza baloratzea.

      1. Eskabideak aurkezteko epe-mugan Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukatenei 8,00 puntu aitortuko zaizkie.

      2. Hautaketa-prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.

      3. Aipatutako egiaztagiriak Epaimahai kalifikatzaileak konprobatu eta baloratuko ditu ofizioz.

        Hamargarrena. Azken kalifikazioa.

      1. Oposizioko guztirako kalifikazioa, proba edo ariketa desberdinetan lortutako puntuaketaren batuketa izango da, eta hala dagokionean euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik gehitzen dena, guzti horrek zehaztuko duelarik izangaien lehentasun-hurrenkera.

      2. Lehentasun-hurrenkerako puntuazioen berdinketa honako irizpideekin bat etorriz ebatziko dira eta honako ordena jarraituz:

        1. Emakumeen eta Gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

        2. Euskararen ezagutzan lortutako puntuazio altuena.

        3. Gaitasun fisikoaren proban (oposizioko lehen proba) lortutako puntuazio altuena.

      3. Hautaketa sistemaren kalifikazioa amaitzen denean, 5. oinarrian aurreikusitako Epaimahai kalifikatzaileak, 15. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hauek onartu eta argitaratuko ditu eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari igorriko dizkio:

        1. Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda. Puntu gehien lortu dituenetik gutxien lortu dituenera antolatuta egongo da.

        2. Hautaketa sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plaza kopuruan sartzen diren pertsonen zerrenda.

        3. Hautaketa sistema gainditu ondoren eta sailkapen hurrenkerari jarraituz, deitutako plaza kopuruan sartzen ez direnen zerrenda.

      4. Eraginkortasun-printzipioa aplikatuz, hautatutako izangaien zerrendetan edozein arrazoirengatik sor daitezkeen bete gabeko lanpostuak bete ahal izango dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez, hurrengo dauden izangaiekin deitutako plaza guztiak bete arte, aurreko puntuko c atalean ezarritako lehentasun-hurrenkera jarraituz. Erabaki horiek 16. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko dira.

        Hamaikagarrena. Brigada Mugikorreko Espezializazio ikastaroak.

      1. Hautatuek 10. oinarrian dioenaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deituko ditu Ebazpenaren bidez, Brigada Mugikorrean Espezializatzeko Ikastaroak egiteko.

      2. Ikastaro desberdinetan atxikitzeko 10.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-hurrenkera izango da kontuan.

      3. Interesdunei ikastaroetan sartzeko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko die Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

        Prestakuntza-ikastaroa hasten denean, ikastaroa egitera ez aurkezteak ikastaroa egitetik bazter utziko du hautagaia eta baja adieraziko zaio; interesdun-eragileak ezinbesteko arrazoiarengatik eragindako ausentzia behar bezala jakinarazten ez badio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari. Ezinbesteko arrazoitzat joko da, lanerako ezintasun iragankorraren ondorioz, hautagaia ikastaroan sartzen ez bada eta gaixotasunagatiko edo istripuarengatiko baja bitartez justifikatzen ez bada.

      4. Prestakuntza-ikastaroak horien Ikasketa Planarekin bat etorriz garatuko dira.

      5. Brigada Mugikorreko Espezializazio Ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira edo zuzendari nagusiak erabakitzen duen egoitzan.

      6. Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezarriz aldagarria izango da prestakuntza-ikastaroetan sartzeko eskubidea; ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak izango dira kontuan. Inguruabar horiek aintzat hartzeko eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako zuzendari nagusiari igorri beharko dizkiote halako alegazioak 10.3 oinarrian aurreikusitako argitalpenetik kontatzen hasita hamar egun naturaleko epean.

        Familia- eta Lan-bizitza uztartzeari buruzko Legea ezartzetik sortutako inguruabarren ezarpenean ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak ikastaro batera atxikitako prestakuntza-ikastaroa egingo duen izangaiari dagokionez, 10.3.a) oinarrian ezarritakoaren lehentasun-hurrenkeraren arabera, ez da bere azken kalifikaziorik argitaratuko eta aurreko postuko izangaiaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte bertan behera geratuko da.

      7. Prestakuntza ikastaroa egin bitartean, eskoletara joatetik salbu geratzeko edozein lizentzia edo baimena emateko eskudun organoa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da.

        Prestakuntza ikastaroan zehar emango diren eskoletarako asistentzia ezinbestekoa izango da, eta edozein baimen zerbitzu-betebehartzat joko da.

      8. Prestakuntza ikastaro bakoitzeko azken kalifikazioa 15. oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

      9. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenen baztertzea.

      10. Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusiko balitz ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere, interesdunari entzun ondoren.

        Hamabigarrena. Baztertzeko osasun-kasuen taula.

      1. Hautaketa-prozeduran zehar, bere osotasunean hartuta, izendatutakoei beharrezko jotzen diren proba medikoak egin ahal izango zaizkie, ebazpen honen 2. oinarriaren 1.f) atalean aurreikusitako baztertzeko osasun-kasuetan ez daudela egiaztatze aldera.

      2. Aurreko zenbakian aurreikusitakoaren xedeetarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak epaimahai mediko bat izendatuko du eta izendapen hori 15. oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

      3. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

      4. Hautaketa-prozesutik eta prozeduratik baztertzeko motiboren bat aurkitu bada, epaimahai medikoak ematen dituen txostenak arrazoituak izango dira, eta jarraitzen den prozeduran betiere bermatuko da eragindako pertsonak entzuna izateko duen eskubidea.

      5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio baztertzeko osasun-kasuen taulako kasuren bat dela-eta hautagai bat kanporatzeko agintzeko eskumena.

      6. Oinarri honetan aurreikusitako Epaimahai medikoari aplikagarri zaizkio 5. oinarriaren 2. eta 7. paragrafoetan bildutako arauak.

        Hamahirugarrena. Araubide juridikoa.

      1. Izangaiak prestakuntza-ikastaroetan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Erregimenaren Araudian ezarritako diziplinazko erregimenaren arauak begiratu beharko dituzte eta gertatutakoaren inguruan irakaskuntza arloko diziplinazko Polizia kidegoen diziplinazko erregimena izango da aplikagarri.

        Euskal Herriko Poliziaren hautapen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, dena dela, haustespen-prozesutik baztertzeko arrazoia izango da aurreko azpiatalean adierazitako bi arauetako batean larritzat edo oso larritzat jotzen denean.

        Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskoletan ez egoteko edozein lizentzia edo baimena eman ahal izango duen eskudun organoa.

        Prestakuntza-aldian zehar eskoletara joatea ezinbestekoa da, eta baimen-eskaera bat egiteko zerbitzu-eginkizunetarako ondoriotzat hartuko da.

      2. Izangaiei ikastaroen zehar lizentzia bat emango zaie, lanean diren lanpostuari dagokionez.

      3. Brigada Mugikorrean Espezializatzeko ikastaroa gainditzeak bere horretan ez du aitortuko halako lanpostu baterako atxikipena edota espezialitate hori betekizun moduan duten lanpostuei esleitutako betekizunak burutzera. Hala ere, gainditzen duten pertsonek behartuta izango dira gainditze hori gertatzen denetik lanpostuak betetzeko lehen prozedurara aurkeztera eta espezializazio hori eskatzen den lanpostu huts guztietara lehentasunez aurkeztera; hala egin ezean, prestakuntza eta jasotako ezagutzak eskatzen dituzten lanpostu huts guztietara atxikituak izan baitaitezke ezinbestean. Azken kasu horretan ez da inolako diru-konpentsaziorik izango.

        Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak behin-behinekotasunez atxikituko ditu Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Brigada Mugikorreko espezialitatearekin betetzeko plazetara.

      4. Prestakuntza ikastaroak derrigorrezkoak eta baztertzekoak dira, eta eurotara ez bertaratzeak edo ez gainditzeak ondorio hauek izango ditu izangaientzako: hautaketa-prozesutik berehalakoan bazter uztea eta kategorian sartzeko lituzkeen eskubide guztiak galtzea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du bazter uzteko den deklarazioa.

        Aurreko lerroaldean xedatutakoa kontutan izanda ere, gaindiezinezko kausaren bat dela-eta, pertsona batzuk ez badira agertzen ikastarora edo amaitzen ez badute, hauek egin daitezen hurrengoren batean egin ditzakete izangaiok: baldin eta aurrekoa ezinezko egiten zituzten zirkunstantziak desagertuz gero, eta interesdunaren aldez aurretiko eskaririk bada. Baztertzearen adierazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du, berak hartuko baitu bidezko erabakia.

        Hamalaugarrena. Pertsonen identifikazioa hautaketa prozeduran.

        Hautaketa prozedura honetan parte hartuko duten pertsonak, prozeduran (hautaketa prozesua, ikastaroaren prestakuntza-aldia eta praktika-aldia), eskaerako identifikaziorako lanbide zenbakiaren bitartez identifikatuko dira.

        Hamabosgarrena. Argitalpenak.

        Hala adierazten den kasuetan izan ezik, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean egingo dira, Gurenet korporazioko intranetean kontsultatu ahal izango direnaren kaltetan izan gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholeko argitalpen datak mugatzaileak izango dira epe-konputuetarako.

        Hamaseigarrena. Deialdiaren zenbaketa.

        Euskal Herriko Poliziari buruzko hautapen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, deialdia agortutzat joko da eta kontagarria izango da funtzionarioa horretan parte hartzera onartuta dagoenean, hautaketa prozesuan ez agertzea edo prozesua ez amaitzea borondatez kontrakoa ez bada eta behar bezala justifikatutakoa bada. Halakoetan prozesurako deia egiten duen organoak hartuko du erabakia era askean.

        Azken kasu horretan, eragindako pertsonak, 10.3.a) oinarrian aurreikusitakoa baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari eskatuko dio deialdia konputagarria ez izatea, zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bitartez.

        Hamazazpigarrena. Kalte-ordainak.

        Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa prozesutako deialdietara aurkeztea borondatezkoa denez gero, izangaiek ez dute inolako eskubiderik izango hautaketa aldian, ikastaroaren prestakuntza-aldian eta praktika-aldian sor daitezkeen bidaia gastuen edo beste batzuen gainean, eta, beraz, Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik izango.

        Hemezortzigarrena. Errekurtsoak.

        Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzari, edo administrazioarekiko auzietako jurisdikzio-ordenaren aurrean zuzen-zuzenean aurkaratu ahal izango dute, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuta agertu eta hurrengo egunetik hasita. Interesdunak bide jurisdikzionala aukeratuz gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998ko Legearen 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

        Deialdi honetan, Epaimahai kalifikatzailearen jardunean edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardunean eman daitezen egintza-administratiboei aurka egiteko, interesdunek administrazio-prozedura erkidearen araubidean ezarritako kasuak eta erak erabili behar izango dituzte.

        Arkauti, 2019ko urriaren 25a.

        Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

        MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

        (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik