Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2014ko irailaren 8koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Donostiako (Gipuzkoa) «Bellas Artes» Jauregia, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 3842
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/09/08
  • Argitaratze-data: 2014/09/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Donostiako (Gipuzkoa) «Bellas Artes» Jauregiak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

Lehena. Donostiako «Bellas Artes» Jauregia, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskinean zehazten den Mugarekin, II. eranskinean ezarritako Deskribapena eta III. eranskinean gaineratzen den baimendutako esku-hartzeen Erregimena kontuan izanda.

Bigarrena. Donostiako «Bellas Artes» Jauregia Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendeaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena. Ebazpen hau interesdunei, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 8a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

  1. Mugaketaren eremua.

    Mugaketak barruan hartzen ditu, batetik, «Bellas Artes» Jauregia eraikina, eta bestetik, eraikinaren bere aurreko ingurua. Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: Ekialdera, Prim kalean, eraikinaren ondoko espaloiaren kanpoko ertza; Mendebaldera, Urbieta kalean, eraikinaren ondoko espaloiaren kanpoko ertza; Hegoaldera, aipatutako bi ertzen jarraipenek sortzen duten puntua; eta, Iparraldera aldameneko lurzatiekin jabetza mugatzen duten bi lerroak.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Eraikina Prim eta Urbieta kaleak elkartzen diren tokian dago, eta perfekzioz egokitzen da kale horiek sortzen duten hiri-trazadurara. Bai kokapenagatik, bai eta konposizioagatik ere eraikinaren pertzepzioa garrantzi handikoa da hiriaren forman, zabalgunearen ateetako bat sortzen baitu. Horregatik, kultura ondasunaren babes-eremuaren mugaketari dagokionez, nahikotzat jotzen da aipatutako kaleen espaloien jarraipenek mugatzen duten eremua.

Eraikina Prim eta Urbieta kaleek sortutako izkinan dago, kale horiek eratzen duten hiri-trazadurari egokitua. Garrantzi handikoa da hiriaren forman, zeinetan kokapenagatik eta konposizioagatik bolumen bereziki esanguratsua sortzen duen deituriko Cortázar zabalguneko ate bihurturik.

Proiektua Ramón Cortázar Urruzola arkitekto donostiarraren lana da. Arkitekto hau Donostian jaio zen 1867. urtean eta Euskadiko arkitektura garaikidearen sortzaile signifikatua da. Eraikin kopuru handia diseinatu eta eraiki zuen Gipuzkoan. Eraikiotan, bere ibilbide profesionaleko garai bakoitzeko joera espresibo nagusiak erabili zituen. 1891 eta 1945 urteen artean egin zuen lan.

Hala ere, Ramón Cortázarrek arkitekturari egin zion ekarpena ez zen soilik estilistikoa izan; izan ere, bere ibilbide profesionalean erabilitako estiloak eklektizismoa, modernismoa, euskal estilo berria, art-déco eta arrazionalismoa maixuki erabiliz aparte, eraikuntzari buruzko ekarpenak ere egin zituen, garaiko teknologiarik aurreratuenak baliatuz eta Euskal Herrian hormigoi armatuaren erabileran aitzindari izanik.

«Bellas Artes» Jauregia arkitekto honen lan apartaren adibide bikaina da, bai estetikaren alorrean bai eta eraikuntzaren alorrean ere.

Enkargu hau aurrera eramateko Pariseko ereduetatik hartu zuen inspirazioa, garaiko famatuenak baitziren, baina irakurketa berritzaile bat eginez. Horrela, Frantziako Bigarren Inperio edota Beaux-arts tankerako diseinua egin zuen, baina ez interpretazio mimetiko bat eginez ezpada ze interpretazio esentzializatu bat proposatuz. Nahi hori arkitektura berri batentzako lengoaia bilatzeko nahia erabakigarria da eraikin honen ekarpena aintzat hartu eta eraikin-sistema berrietatik etorriko den modernitatea bideratzeko transizio-eraikintzat hartzeko.

Eraikinak Urbieta kalerantz bolumen bat osatzen du, zeinetan bi atal bereizten diren: bat aldameneko bizitetxearen ondoan dagoena; eta beste bat kupuladuna, kaleak elkartzen diren lekuaren aurrean dagoena.

Urbieta kalerantz, beheko solairuan, sei hutsarte daude, zeintzuetatik hiru nagusiak eraikinaren sarrera nagusiak diren. Hiru hutsarte hauen gainean, hiru idi-begi leiho daude, girlandaz apainduak. Gorago, lehengo hiru hutsarteen erdiko ardatzak jarraituz, pilastren arteko leiho-zabalak daude; eta egaletan, ardatz bakoitzeko pilastren arteko bi leiho daude, goikoa puntu-erdiko arkuduna da. Eskubiko eta ezkerreko aldeak ez dira berdinak: eskubiko ardatzak ezkerrekoaren tamaina bikoitza duen horma-atal baitu. Goiko aldean berriz, bost bao daude, zeinetatik erdiko hirurek, kaxeatutako pilastren artean, beheko solairuko sarrera-ate nagusiek seinalatutako ardatzak jarraitzen dituzte, eta fatxadan hormigoizko balaustre eta zorua dituen balkoi irten eta jarrai batek komunikatzen ditu. Kupula gainean duen atalari dagokionez, Urbieta kaleko fatxadaren aldean, beheko solairuan hutsarte bat du, eta lehendabiziko solairuan arku karpanel xarmanta duen leiho zabal bat. Gainean karatula bat dago eta, aurrean balkoi irten bat, balaustreekin. Ardatz horren gainean, leiho zabal handi bat dago, erdi-puntuko arkuduna eta, bere gainean, kupula dago.

Bi kaleek bat egiten duten puntuaren aurrean dagoen fatxadan eraikinak elementu hauek ditu: beheko solairuan bi sarbide; lehendabiziko solairuan, leiho-zabala, arku karpanel luzeduna, balaustredun balkoi irtena duena, eta arkuaren gainean karatula duena; bigarren solairuan, beste leiho-zabala, zeinaren leihoburua erdi-puntuko arku batekin kupularen oinarrian sartuta dagoen.

Prim kaleko fatxadak Urbieta kaleko fatxadak jarraitzen dituen konposizio- eta dekorazio-lerro berdinak jarraitzen ditu. Era berean, bi ataletan banatzen da, hau da, ondoko eraikinarekin tarte-horma duena eta bi kaleen bidegurutzearen aurrean kupula duen atala.

Nahiz eta material garaikideak erabili, eraikinaren konposizio dekoratiboa nabarmena da. Fatxada alaitzen du pilastrek, girnaldek, idi-begiek eta abarrek osaturiko dekorazioak, bai eta, eraikin osoan, zerrendaka, kolore arre eta zuriaren alternantziak.

Nahiz eta hiri-presentzia nabarmena izan eta hiriko ikono bezala agertu, inguruan dituen bizitetxeen eskalan egindako eraikina da eta horiekin batera armoniaz txertatzen da.

Azkenik, elementurik bereizgarriena angelua estaltzen duen kupula da. Orain ez du jatorrizko eraketa, baina, hala ere, eraikuntzaren monumentalitate borobila mantentzen du. Horrekin batera, ornamentazio-errepertorio neurritsua du: gruteskoak, orden erraldoiko pilastrak, kartelak, dentikuluak, inposta zabalak eta kromatismo fina, harlandua eta hainbat koloretako errebokoak erabiliaz lortua.

Halaber, erakina berreskuratze aldera, nabarmentzekoa da puntu-erdiko arku itzelez burututako hiru leiho-zabal handien jatorrizko arotzeria. Burdinezkoak dira eta bigarren eta hirugarren solairuak komunikatzen dituen hutsartea ixten dute. Beirateetan baranda atala dago sartua burdinezkoa hori ere hirugarren solairuko forjatuaren mailan jarria. Beiratearen goiko aldean, abaniko forma jarraituz jarritako kristalen gainean, burdinazko greka zegoen, eta, erdian, eraikinaren «PBA» logotipo ederra zeraman girlanda.

Eraikina egilearen borondate argiaren emaitza izan zen, funtzioarekin bat datorren arkitekturaren forma lortu nahian, kanpoko lenguaia barruko modernitatera egokituz eta beharrezkoak ez ziren dekoraziozko gehiegikeriak saihestuz. Maixutasunez lortu zuen, dekorazio mugatu batek leundutako bolumen soil bat sortuz eta bolumen hori bizitegi-zabalgunean perfekzioz txertatuz.

Eraikuntzaren alderditik, garaiko teknologiarik puntakoena erabili zuen, hormigoi armatua, horrela era eraginkorrenean egokitu zen eraikinaren zinema-erabilerara. Erantzun horrek eraikineko leku guztietatik ikuspegi garbia ahalbidetu zuen eta, horrela, beste eraikuntza-sistemen gabeziak gaineratu zituen. Hori ez ezik, suaren aurkako laguntza eraginkorra ere bazen eta, horregatik, ikusleentzako segurtasun handiagoa lortu zuen. Egitura hau zutik gelditzen diren Mugimendu Modernoaren aurreko egitura historiko bikainenetako bat da duen modernotasunari dagokionez , halaber, momentuko ausartietako bat ere izan zen, zeren eta ahalbidetu baitzuen entsegu-gela zabal eta argitsu bat besaulki-patioaren gain-gainean.

Dena den, urbanismoaren aldetik ere asmatu zuen eta «Bellas Artes» Jauregia ikono monumentala bihurtu zuen, ez Amarako zabalgunekoa bakarrik Donostiakoa baino. Hori, angeludun kokapen batean konposizio egokia asmatzearen ondorioa da. Horretarako kantoia nabarmendu zuen kupula akaberarekin, eta foyerraren kokapena egoki ezarriz. Horrela, funtzionalki ere asmatu zuen, gainontzeko orubea zinema-erabilerarako gelditu baitzen, eta, ondoren, kaxa-eszenikoa ere gehitu ahal izan zen, instalazioaren erabilera optimizatuz.

1943. urteko erreformak ez ditu eraikinaren balioak gutxitu, zeren eta arrazionalismo-expresionista estiloan egindako obra bikaina baita, euskal arkitekturan gelditzen den bakarrenetakoa, non nabarmentzekoak diren tribunen kurbadura dotorea eta hegal nabariak.

  1. «Bellas Artes» Jauregiarentzat baimendutako birgaitze esku-hartze mota, orokorrean, B motako Zaharberritze Kontserbatzailea izango da, 317/2002 Dekretuan (Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa) zehaztutako lehendabiziko esku-hartze moten azpitaldearen barruan dagoena.

  2. Eraikinean, babes berezidun elementuak honako hauek izango dira:

    Kanpoko horma-egituraren multzoa, harrizko eta adreiluzko fabrikaz egina, bere jatorrizko estaldurak eta koloreak barne, bai eta fatxaden konposizioa osatzen duten elementu guztiak ere, hala nola: beheko, lehendabiziko, bigarren eta hirugarren solairuetako jatorrizko hutsarteak, jatorrizko arotzeriaren ataltze eta errementeriazko karelak barne; eta fatxadetako dekorazioak, inpostak, gruteskoak eta balaustradak barne.

    Barruko egituraren multzoa, hormigoi armatuzkoa, bere zapata, zutabe eta habeekin, jatorrizko forma eta antolamenduarekin, entseguetako gelako zutabeen dekorazioa eta sortutako barruko bi espazio nagusiak barne, hau da, proiekzio aretoaren espazioa eta entseguetako gelaren espazioa.

    Estalkiaren egituraren estaltze-sistema, hormigoizko lauzaz eta arbelezko estalduraz egina, eta, hala badagokio, teilatupeko espazioko aireztatze-hutsarteak berreskuratuz.

  3. Eraikuntza esku-hartzeak bideratuko dira aipatutako elementuak zaintzera eta bateragarria den edozein erabileraren funtzionaltasuna bermatzera. Edonola ere, obrek eraikinaren elementu tipologiko, formal edota egiturazkoak errespetatu beharko dituzte eta ez dira horiekiko egokiak ez diren erabilerak onartuko.

    Eraikinaren balioekin bateragarria den edozein berrerabilpenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    Eraikina finkatu: kanpoko bolumena, ontzat jo daitekeen estalkiaren gaineko aprobetxamendua ere gehituz; estalkiaren tipologia, pizarraz estalia jatorrizko akaberak eta formak berreskuratuz; kanpoko horma-egituraren itxiturak; leihoen hutsarteak bere moldura, arotzeria eta errementariarekin; eta barruko hormigoi armatuzko egitura guztia, jatorrizko material, forma eta egitura-tipoarekin.

    Eskaileretako errementeriazko elementu guztiak finkatu.

    Kontserbatu, ahal den neurrian eraikinean bertan, bai galdara-gelako eta bai proiekzio kabinako jatorrizko instalazio elektrikoaren makineria eta bere aginte-taulak, bai eta proiekzio-makineria eta suteen aurkako segurtasuneko garaiko instalazioak ere.

  4. Eraikinarekin hobesten diren erabilera bateragarriak jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerekin zerikusia duten erabilerak dira. Halaber, bateragarritzat jotzen dira:

    Hirugarren sektoreko erabilerak, hala nola: merkataritza eta ostalaritza erabilerak.

    Erabilera publikoak eta ekipamenduzkoak, hala nola, kultura eta gizarte ekipamendua eta instituzio-ekipamendua.

    Hala badagokio eta eraikinaren leku egokian, erabilera administratiboak edota bulegoak.

    Hala badagokio eta eraikinaren leku egokian, etxebizitza erabilera.

    (Ikus .PDF)