Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2013ko ekainaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinen bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bat. Erabaki horren bitartez, zenbait diru-baliabide esleitzen dira 2001eko martxoaren 8ko 76/2000 eta 2001eko uztailaren 31ko 25/2001 enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileentzako laguntza bereziak 2013an finantzatzeko, betiere laguntza horiek emateko prozedura arautzen duen Enplegu
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 126
- Hurrenkera-zk.: 3022
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/06/19
- Argitaratze-data: 2013/07/03
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko ekainaren 17ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu otsailaren 26ko 196/2010 Errege Dekretuan ezarritako diru-laguntzak 2013an finantzatzeko, betiere Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko apirilaren 18ko Aginduan araututako prozedurari jarraituz. Errege dekretu horren bitartez, 2001eko martxoaren 8ko 76/2000 eta 2001eko uztailaren 31ko 25/2001 enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileentzako laguntza bereziak eta laneratzea errazteko neurriak ezartzen dira. Hala, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.
Horregatik guztiagatik, honako hau
Lehenengoa. Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2013ko ekainaren 17ko bilkuran hartutako erabakia, zeinen bitartez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira otsailaren 26ko 196/2010 Errege Dekretuan ezarritako diru-laguntzak 2013an finantzatzeko, betiere Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko apirilaren 18ko Aginduan araututako prozedurari jarraituz. Errege dekretu horren bitartez, 2001eko martxoaren 8ko 76/2000 eta 2001eko uztailaren 31ko 25/2001 enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileentzako laguntza bereziak eta laneratzea errazteko neurriak ezartzen dira (erabakia ebazpen honi atxikitako eranskinean dago jasota).
Bigarrena. Ebazpen honen bidez jakinarazten den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNANDEZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko apirilaren 18ko Aginduaren helburua da otsailaren 26ko 196/2010 Errege Dekretuan ezarritako diru-laguntzak emateko prozedura arautzea. Errege dekretu horren bitartez, 2001eko martxoaren 8ko 76/2000 eta 2001eko uztailaren 31ko 25/2001 enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langile langabeentzako laguntza bereziak eta laneratzea errazteko neurriak ezartzen dira (196/2010 Errege Dekretua abenduaren 16ko 1783/2011 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen). Sintel Sistemas de Instalaciones de Telecomunicaciones, S.A. enpresari eman zitzaion enplegu-erregulazioko espediente horiek ezartzeko baimena.
Diru-laguntzak emateko arau horren indarraldia mugagabea da. Hala ere, arauaren 6.1 artikuluan honako hau ezartzen da: aginduan aipatzen diren laguntzak emateko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira; kreditu horiek aldatu ahal izango dira indarrean dagoen aurrekontu-legeriarekin bat etorriz; hasierako kreditua eta izan litezkeen aldaketak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez iragarriko dira.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko ekainaren 17ko bilkuran proposamena aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa. 245.242 euro esleitzea otsailaren 26ko 196/2010 Errege Dekretuan ezarritako diru-laguntzak finantzatzeko, betiere Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko apirilaren 18ko Aginduan araututako prozedurari jarraituz. Errege dekretu horren bitartez, 2001eko martxoaren 8ko 76/2000 eta 2001eko uztailaren 31ko 25/2001 enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileentzako laguntza bereziak eta laneratzea errazteko neurriak ezartzen dira. Zenbateko horretatik, 32.022 euro 2013ko ordainketa-kredituari dagozkio; gainerako guztia, berriz, hurrengo ekitaldietako konpromiso-kredituari: 2014tik 2023ra. Diru-esleipen hori 3211 programaren kargura egingo da (Enplegua, 41. sekzioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua).
Kopuru hori handitu egin daiteke, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri jakinaraziko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Bigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari agintzea erabaki honen berri jakinarazi dezan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.