Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2011ko abenduaren 13koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Artxuako (Kuartango, Araba) San Sebastian Eliza, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 27
  • Hurrenkera-zk.: 617
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/12/13
  • Argitaratze-data: 2012/02/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Artxuako (Kuartango, Araba) San Sebastian Elizak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau

Lehenengoa. Artxuako San Sebastian Eliza, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena. Artxuako San Sebastian Eliza Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena. Ebazpen hau interesdunei, Kuartangoko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Ingurumen eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 13a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

  1. Mugen deskripzioa.

    Hauek daude mugatutako eremuaren barnean: batetik, eraikina bera eta, bestetik, eraikinaren ingurua. Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: iparraldean, 10 metroko zerrenda, fatxada honekiko paraleloan; ekialdean, fatxadatik 15 metrora doan sestraren pare doan lerroa; mendebaldean, alde honetan doan bide publikoaren urruneneko ertza; eta, azkenik, hegoaldean, elizaren fatxadarekiko paralelo doan lerroa, 25 metrora.

  1. Mugen justifikazioa.

    Proposatutako mugatzearen arrazoia da San Sebastian de Artxua elizaren inguruaren balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren aldetik eta baita bistaren aldetik ere. Ingurua mugatu behar da, ondarea babesteko eta balioesteko, horretarako, elizaren inguruko eremua (lurra eta elizarako sarbidea) zaindu behar da, elizaren berezko izaera babestearren. Beraz, ez da soilik eraikina mugatuko, elizaren ingurua ere aintzat hartuko da.

    PLANOA

Parrokiaren tenploa, estilo erromaniko kuartangoarraren konfigurazioz taxututa, sala-oinplanoko eraikina da. Nabea bera baino estuagoko abside zuzena du, puntadun kanoi erdiko bi bobeda zatiz estalia, bi bobeda zatien artean arku fajoi handia daukala, puntaduna hau ere, zutabe lana egiten duten barruko kontra-hormetan bermatua. Bobeden aparejoa entokatua eta luzitua dagoen arren, azaleraren zati handi batean entokatua hondatuta dago, eta bistan geratzen da. Murruetan, luzetara, apaindu gabeko erlaitza doa.

Murruetan, iparraldean, sakristia dauka; bai eta kapera, arkupea eta hilerria ere, hegoaldean, eta mendebaldean, kanpai-horma. Ekialdean, goialdeari itsatsia, gaur egun bizitzeko erabiltzen den eraikina dago, garai batean herriko eskola izana.

Kapera Erdi Aroko tenploaren murruetatik kanpora ateratzen da; tenploaren hegoaldean kokatutako hilerrira zabaltzen zela eraiki zen bere garaian. Juan Ruiz apeza izan zen kapera eraiki zuena, eta bertan eman zioten lur, 1553. urtean. Alabaina, 1580. urtean, beste apez batek, Pedro Ruiz de Xarte-k, mezatarako agindu zuen kapera, ordurako elizara zabaldurik zegoela.

Hegoaldeko fatxadan, estalkiaren hegal azpian, harrian landutako irudi batzuk ikusten dira, Erdi Aroko hargin-lanez eginak.

Multzoa biribiltzeko, kanpai-horma baxu-baxua dago, aldi berean, arkupearen mendebaldeko horma ere badena. Frontisa mendebaldeko hormapikoaren luzapena balitz moduan dago proiektatuta, puntu erdiko kanpai-arku bi dituela, bi isuriko teilatutxoaz estalia.

Arkupetik dauka sarrera tenploak, isuri bateko egurrezko estalkiaren azpitik (gaur egun estalkia erabat hondatuta dago). Hegoaldeko alboan zabaltzen den aitzinalde urritik ere sar daiteke. Hegoaldeko sarrera puntadun arkua da, ertza bistan dutela ebakitako hiru arkibolta eta guzti; atezangoa ere halaxe dauka ebakita, eta inposta alakatua du.

Koroaren gainean jarritako leiho altu baten bidez eta baho txiki estuen bidez lortzen da tenploa argitzea. Argibide denak dinteldunak dira.

Tenploaren barruan, harrizko harlauza handiz dago estalia zorua, eta gaur egun hondatu samartuta badaude ere, hor diraute egurrezko erretaula batek (ez urreztatu eta ez pintatua), dinteldun koroak, zutabeen buruak apurtxo bat landuta dituena, eta balaustrada bihurrituak.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik