Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2011ko uztailaren 28koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Zirianoko (Arrazua-Ubarrundia, Araba) San Joan Ebanjelariaren Eliza, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 163
  • Hurrenkera-zk.: 4116
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/28
  • Argitaratze-data: 2011/08/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Zirianoko (Arrazua-Ubarrundia, Araba) San Joan Ebanjelariaren Elizak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

Lehenengoa. Zirianoko (Arrazua-Ubarrundia, Araba) San Joan Ebanjelariaren Eliza Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin, II. eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat etorriz.

Bigarrena. Zirianoko (Arrazua-Ubarrundia, Araba) San Joan Ebanjelariaren Eliza Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena. Ebazpen hau interesdunei, Arrazua-Ubarrundiako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol eta Ingurumen eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 28a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

Mugaketa

  1. Mugaketaren deskripzioa.

    Hauek daude mugatutako eremuaren barnean: batetik, eraikina bera eta, bestetik, eraikinaren ingurua. Hauek dira mugak: iparraldean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena; ekialdean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena; mendebaldean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena; eta, hegoaldean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugak finkatzearen arrazoia da Zirianoko San Joan Ebanjelariaren elizaren balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai paisaiaren ikuspegitik; alegia, ondarea behar bezala babestu eta balioetsi behar dela. Mugak finkatzeak elizaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea dakar berekin, elizaren bereizgarritasunak kontserbatzeko, eta, hori dela eta, elizaren eraikina ez ezik, ingurua ere dago mugen barnean.

Deskripzioa

Zirianoko San Joan Ebanjelariaren eliza eraikin interesgarria da ikuspegi historiko eta arkitektonikotik, eta, gainera, gangetan eta erretaula nagusian dituen margolanak interesgarriak dira ikuspegi artistikotik. Gangak XVI. mendeko Arabako pintzeladuraren nahiko adierazle garbiak dira; San Joan Ebanjelariaren erretaula nagusia, berriz, bertan jartzeko diseinatu zuten berariaz, XVII. mendean, eta elizaren berezko elementutzat hartu behar da. Bestalde, gurutzadurako erretaula barrokoek (Andre Maria Arrosariokoarenak eta San Prudentziorenak) eta habeartearen alboetan daudenek (San Anton abadearenak eta San Isidrorenak) multzo esanguratsua osatzen dute elizaren barnean, eta, gainera, badira zenbait kalitatetako irudi higigarriak ere, deskripzio honetan zerrendatuko ditugunak. Elementu horiek guztiak direla medio, eliza oso interesgarria da ikuspegi historiko eta arkitektonikotik eta ikuspegi artistikotik.

  1. Eraikinaren deskripzioa.

    Kanpoaldean, eraikina harlangaitzezkoa da, baina, eskantzuetan, baoetan eta horma-bularretan, harlanduz eginda dago. Hegoaldean du ataria, nahiko xumea. Portada ateburuduna da, eta ateburuaren gaineko apaingarriek dobelen itxura dute. Portadak pilastrak ditu alboetan, baina harroinek eta kapitelek bakarrik iraun dute zutik. Atariko teilatuak taulamenduaren zati handi bat estaltzen du. Hegoaldean, elizak apaizetxea zuen atxikita, baina, egun, hondatuta dago apaizetxea. Dorrea elizaren hego-mendebaldean dago, oinplano karratukoa da eta, gainean, erdi-puntuko sei arku ditu, karilloia ixteko.

    Gurutze latindarraren formako oinplanoa du tenpluak. Habearteak, berriz, bi zati ditu, eta burualde zuzena. XVI. mendeko arku tertzelete eta kopatuko gangek estaltzen dute, zutabe erdietan zurkaiztuta. Epistola eratzen duen gurutzaduraren besoan, erdi-puntuko arkuaren formako leihate molduratu bat dago, arku trilobulatuko trazeriadun bao germinatu baten gainean. Gurutzaduraren besoak motzak dira, eta nerbiodun gangek estaltzen dituzte. Tenpluaren oinaldean bada koru garai bat, nahiko landugabea. Sakristia XVI. mendekoa da, eta arku tertzelete eta kopatuko ganga batek estaltzen du.

  2. Horma-irudiak eta erretaulak.

    Elizaren barnealdean, erdiko habearteko gangak (bai burualdekoa, burualdea bera eta presbiterioa estaltzen dituena, bai habeartearen bi zatiak estaltzen dituztenak) tenpera-pinturaz apainduta daude, eta margolan horietatik asko XVI. mendeko pintzeladuraren barnean daude. XVI. mendeko pintzeladura mende horretako eraikin erlijiosoetako paramentuetan eta gangetan landu zen, eta oso erabilia izan zen Araban.

    Polikromia finak dira, lehen zatikoak (burualdekoak) batez ere, eta horma-atalak apaintzen dituzte, gangetako arku tertzeleteetako nerbioen artean. Lehen zatian zenbait motibo plateresko ageri dira: kupidoak, haur biluziak loreontzietatik irteten, girlandak eta zurtoin okerrak, baita motibo geometrikoak ere. Muturretan, Elizako lau doktoreak daude, eta, giltzarrietan, San Joan Ebanjelaria ageri da erdikoan, eta loreak eta izarrak gainerakoetan.

    Erdiko zatiaren dekorazioa antzeko estilokoa da: emakumezkoen irudiak, gizon hegaldunak, hegaztiak eta alegiazko animalien buruak ageri dira. Erdiko giltzarrian, Aita Betikoa ageri da, eta gainerako giltzarrien dekorazioa lehen zatikoenaren antzekoa da.

    Oinaldeko zatia (korua estaltzen duena) XVII. mendeko polikromia eskasagoez apainduta dago, eta motibo geometrikoak ageri dira, kasetoi moduko laukiez eratutakoak. Muturretan, lau apostoluen margolanak daude, marko kiribilduen barnean, eta, gangaren erdiko giltzarrian, kaliza bat ageri da, latinezko idazkun baten barnean.

    Gurutzadurako gangetako giltzarriak askotariko motiboez apainduta daude, hala nola errosetez, armarriez, motibo sinbolikoez eta pasioko tresnez, eta sakristiakoak, berriz, loreez eta errosetez.

    Elizari atxikitako ondasun higigarrien multzoaren barnean, nabarmentzekoa da erretaula nagusia, San Joan Ebanjelariarena eta XVII. mendearen bigarren erdialdekoa. Elizaren burualde osoa betetzen du, urre-koloreko egur polikromatuzkoa da eta basamentuak, hiru kaleko bi gorputzek eta atikoak eratzen dute; kaleen artean, korintoar zutabeak daude, binaka, eta, atikoan, frontoi kurbatu bat. Zenbait eskultore aritu ziren erretaulako eskulturan lanean, eta, tartean, Antonio Alloitiz ibili zen. Eskultura batzuetan Gregorio Fernándezen eskolaren eragina nabari da argi eta garbi.

    Basamentuaren erdialdean, sagrarioa dago, baina haren ateak ez erliebeek ez dute iraun. Lehen gorputzean, erdiko kalean, San Joan Ebanjelariaren irudia dago, hari sagaratu baitzioten eliza, eta, haren gainean, bigarren gorputzean, Maria Sortzez Garbiaren eskultura. Atikoan, kalbarioa ageri da, boluta handien artean. Alboko kaleetan, lehen gorputzean, San Joanen zigorraldiaren eta martirioaren erliebeak daude, eta, bigarrenean, Deikundea eta Ikustaldia.

    Gurutzaduraren besoetan, Andre Maria Arrosariokoaren eta San Prudentzioren XVIII. mendeko erretaula barrokoak daude. Egitura nagusiak Martin Luzuriagak egin zituen, eta basamentuak, gorputz batek eta atikoak eratzen dituzte; gorputzek salomondar zutabeak dituzte alboetan Andre Maria Arrosariokoaren erretaulan, Andre Mariaren beraren eskultura bat dago erdian, eta, San Prudentziorenean, santuaren margolan bat, eta atikoak pinturaz eta landare-motibo ugariz apainduta daude eta lore handi bana dute gainean.

    Bestalde, habeartearen albo bietan, San Anton abadearen eta San Isidroren erretaulak daude, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoak. Arrokaiaz apaindutako marko laukizuzenak dira, eta frontoi zatitu bana dute gainean, eta murko bat haren erdian. Hurrenez hurren, San Anton abadearen eta San Isidroren beren margolanak dituzte barnean. Elizaren barnealdean, eskuineko aldean, pulpitua dago. Burdinazko baranda eta egurrezko ahots-islagailua ditu pulpituak, eta eskultura bat du gainean.

    Gainera, badira zenbait kalitatetako olio-pintura batzuk, XVII. eta XVIII. mendeetakoak gehienak:

    Bi hirutasunak

    San Jeronimo

    San Jose eta haurra

    Santa Koleta

    Santa Maria Magdalena bere bitxiei uko egiten

    San Agustin

    San Anbrosio

    San Gregorio

    Andre Mariaren heziketa

    San Ignazio Loiolakoaren alegoria

Horma-irudietan eta erretauletan lan egiteko araubidea

  1. Horma-irudietan eta erretauletan egiten diren zuzeneko eta zeharkako lan guztien helburuak izan behar du haiek babestea eta gerora begira osorik transmititzea. Horma-irudiak eta erretaulak kontserbatzeko prebentzio-lanek lehentasun handiagoa dute zuzeneko lanek baino, eta ondarea ez aldatzeko eta kalteak geldiarazteko beharrezko baldintzak prestatu behar dira.

  2. Ondarean lanik egitekotan, hura egoera onean kontserbatzeko beharrezkoa dena baino ez da egin behar, edo, egoera txarrean badago, hura ulertzeko eta gerora begira transmititzeko beharrezkoa dena baino ez. Horrenbestez, ezinbestekoak diren lanak baino ez dira egin behar, margolanen edo erretaulen ezaugarriak errespetatu behar dira eta ez da erabili behar tratamendu sakonegirik, ezta irudimena gehiegi erabili eta interpretazio bitxirik egin ere. Aitzitik, ondasunaren historikotasuna errespetatu behar da.

  3. Margolanetan edota erretauletan egiten diren zuzeneko lan guztiek adituek nabaritzeko modukoak izan behar dute, baita elkarrekin bateragarriak eta egonkorrak ere, eta deuseztatzeko modukoak izan behar dute. Margolanak eta erretaulak kontserbatzeko edo zaharberritzeko tratamendu edo metodoren bat aplikatu aurretik, saioak egin behar dira, hura kaltegarria ez dela eta eraginkorra dela egiaztatzeko. Proba analitikoek ahalik eta mugatuenak izan behar dute, eta lanetan gutxien ikusten diren aldeetan egin behar dira.

  4. Eraikina egoera onean mantendu behar da ahal den neurrian, aldiro-aldiro, eta, edozein lan mota egiteko, kontuan hartu behar dira horma-irudien berezitasunak, haiek babesteko. Ildo horretan, horma-irudien kontserbazioan eta zaharberritzean adituak diren teknikarien laguntza eta aholkularitza finkatu behar du lanak egiteko proiektuak, margolanak babesteko neurri egokiak hartzen direla ziurtatzeko eta haiei kalterik egiteko arriskua ahalik eta txikiena izateko. Gainera, erretaulei kalte ez egiteko beharrezko neurriak hartu behar dira.

  5. Margolanetan edota erretauletan zuzeneko lanen bat egin aurretik, hari buruzko proiektu teknikoa egin behar dute horretan adituak diren profesionalek. Lanak amaitu ondoren, berriz, egindako lanen txostena egin behar da, haiei buruzko informazioa idatziz jasotzeko.

  6. Horma-irudiek in situ gelditu behar dute, eta muturreko egoeretan bakarrik ken eta lekualda daitezke, tratamenduak in situ aplikatzea bideraezina denean. Egoera horietan, horma-irudiak kentzen eta lekualdatzen adituak diren profesionalen talde batek erabaki behar du hori egitea, eta, ezer egin aurretik, proiektu teknikoa egin behar da.

    Erretaulen eta margolan higigarrien kasuan, berriz, egoera hauetan bakarrik onar daiteke osorik edo zatika lekualdatzea: dauden lekuan haiek babesteko gutxieneko baldintzak betetzen ez direnean; erretauletan eta margolanetan egin beharreko lanek horretara behartzen dutenean; eta aldi bateko erakusketaren baterako lagatzen direnean, betiere, haiek kontserbatzeko, mugitzeko eta erakusteko baldintza egokiak betetzen badira.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik